EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2017238

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko urriaren 26ko bilkuran hartua, EJIE, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteari buruzko txostena behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-10-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201706024
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko urriaren 26an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
EJIE, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteari buruzko txostena behin-betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak ezartzen duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 26a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA.
EJIE, EUSKO JAURLARITZAREN INFORMATIKA ELKARTEA, 2016
Laburdurak.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAEHONALTB: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
EAETB: 1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko aurrekontu araubidearen gaietan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartu eta EAEren Fundazio eta Partzuergoei ezargarria zaien aurrekontuko araubidea arautzen duena.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
KBA: Kontrataziorako barne jarraibideak.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 1/1988 Legean eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onartutako Lanerako Planean ezarritakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SAren (aurrerantzean, EJIE) 2016ko ekitaldiari dagozkion Urteko Kontuak fiskalizatu ditu.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: aurrekontu, langileria eta ondasun eta zerbitzu kontratuetan ezargarria den arautegia bete dela egiaztatzea.
– Kontularitzakoak: urteko kontuak ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datozela egiaztatzea. Sozietatea urtero auditatzen da; honenbestez, gure lana auditoreen lan paperak berrikustera mugatu da eta hala behar izan denean, egoki iritzitako proba osagarriak egin ditugu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efikaziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi dela ere, azaleratutako hutsak «Barne kontrolerako sistemari eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
EJIEko akzio guztiak EAEren Administrazio Orokorraren jabetzakoak dira eta honenbestez, sozietate publiko izaera du. EJIE sozietate anonimo modura sortu zen 60/1982 Dekretu bidez, iraupen mugagabearekin. Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, EAEren Administrazioko Sailak sortu, desegin eta aldarazten dituenak eta horien egiteko eta jarduera atalak bereizten dituenak, EJIE Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailera atxikitzen du. Aurrez, 20/2012 Dekretu bidez Ogasun eta Finantza Sailera atxikia zegoen.
EJIEk EAEren sozietate publiko den aldetik nortasun juridiko propioa du eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei dagokienez, berariaz aplikagarri zaizkion xedapenek arautzen dute eta horiei aurka egiten ez dietenetan, zuzenbide pribatuak arautzen du, EAEHONALTBren III. Idazpuruaren IV. Kapituluan agindutakoari jarraikiz.
Sozietatearen helburua honakoa da:
– Datuak prozesatzeko teknikak aztertu eta garatzea.
– Zerbitzu informatikoak eta segurtasun-zerbitzuak, teknikoak eta administraziokoak ematea komunikazioetan baliabide tekniko eta elektronikoak, informatikoak eta telematikoak baliatuta EAEko administrazio zentralari, ingurukoari edo erakundeen administrazioari, edota EAEz besteko beste pertsona edo erakunde publiko zein pribaturi, betiere sozietatearen Administrazio Kontseiluak hala erabakitzen badu.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Langileria.
1.– Hutsik dauden lanpostuak betetzeko bederatzi pertsonaren barne hautaketa egiteko eta txanda-kontratu bidez aldi baterako sei langile kontratatzeko ardura duen kanpoko enpresa adituak ez du bi prozesuei dagokien dokumentazioa gordetzen eta honenbestez, ezin egiaztatu izan dugu berdintasun eta merezimendu printzipioak bete diren.
Kontratazioa.
2.– EJIEk «Hizkuntzen plataformarako lizentzia eta azpiegiturak» eta «EJren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko zenbait aplikazioren egokitzapen teknikoak» zerbitzuak erosi ditu, hurrenez hurren 97.000 eta 87.535 euroren zenbatekoan prozedura erraztua baliatuta; ordea, Kontrataziorako Barne Aginpideen arabera, prozedura irekia baliatu behar zukeen.
Epaitegi honen ustetan, EJIEk, 1. paragrafoan aipatutako alkantzearen muga eta 2. paragrafoan aipatutako ez-betetzea alde batera, zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, EJIEren 2016ko ekitaldiaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Langileria.
– 2016an etekinagatiko ordainsari aldakor kontzeptuan 29.334 euro ordaindu dira, langileen artean zati berdinetan banatu dena, hitzarmenak berak jasotzen dituen ebaluazioak egin gabe.
III.2.– Ondasun eta zerbitzuen erosketa.
2016an guztira 13,8 milioi euroan esleitutako 10 kontratazio espediente aztertu ditugu eta zera azaleratu da:
– Aztertutako kontratuetatik hirutan (1, 2 eta 4 zk. espedienteak), 9,6 milioi euroan esleitutakoetan, proposamenak aurkezteko epea SPKLTBren 159. artikuluan finkatutako gutxienekoa baino laburragoa da.
– CPDentzat azpiegiturak hornitzeko kontratua (5. espedientea) prozedura negoziatu bitartez esleitu zen 461.111 euroren zenbatekoan; ordea, pleguek badute negoziatzeko atal bat eta aurkeztutako eskaintzak balioztatzeko zenbait irizpide ere, baina ez dute negoziatzeko aukera emango duen esleipen prozedurarik bereizten. Izatez, negoziazio aurretik esleitu da, balorazio irizpideak aplikatuta.
– Aztertutako bi kontratutan (5 eta 8. espedienteak), 704.943 euroan esleitu zirenetan, esleipendun izan ez diren lehiatzaileei igorritako jakinarazpenak ez du esleipena justifikatuko duen behar hainbat informazio jasotzen.
Ondotik zehaztutako erosketak eskaintza bakar bat eskatuta egin direla ikusi dugu; ordea, Kontrataziorako Barne Aginpideek prozedura erraztu B modura definitzen duten moldea baliatuta esleitu behar ziratekeen, zeinak hiru eskaintza eskatzea eta ekonomikoki onuragarrien den eskaintzari esleitzea barne hartzen duen:
III.3.– Beste alderdi batzuk.
– EJIEren aurrekontuak ez du etorkizuneko konpromisoen egoera barne hartzen eta aldiz, etorkizuneko ekitaldietarako 1,5 milioi euroren konpromisoak zorpetu ditu (EAETBren 8.2 artikulua).
– 2016ko ekitaldian EJIEk 11,4 milioi euro 60 eguneko gehienezko epea gaindituta ordaindu ditu (ordainketa guztien gainean % 16), merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legearen 4.3 artikuluak agintzen duena. Gainera, 2016ko abenduaren 31n ordaintzeke dagoen saldotik 313.675 euroren zenbatekoak (guztiaren gainean % 2 egiten duenak) 60 egunetik gorako antzinatasuna du.
– EJIEk azpikontratazioa baliatu du mandatuak egikaritzeko. Aztertu diren 14 mandatu berariazkoetatik 6tan azpikontratatzeagatiko kostuak mandatuaren 2016ko urtekoaren zenbatekoaren % 60 baino gehiago egiten du. Azpikontratatzea modu osagarrian soilik egin daiteke, molde honen oinarria desitxuratu gabe, hau da, mandatu hartzaileak berezko baliabideak izan ditzala. EJIEk aztertu egin behar luke agintzen zaizkion egitekoak zein ehunekotan egiten dituen eskura dituen baliabideekin eta zein azpikontratazio bidez, mandatuaren oreka betetzen dela justifikatzearren.
IV.– Urteko Kontuak.
A) Egoeraren Balantzeak 2016 eta 2015eko abenduaren 31n.
B) 2016 eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako urteko ekitaldiei dagozkien Galera eta Irabazien Kontuak.
C) 2016 eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako urteko ekitaldiei dagozkien Ondare Garbian Aldaketen Egoerak.
D) 2016 eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako urteko ekitaldiei dagozkien Eskudiruzko Fluxuen Egoerak.
EUSKO JAURLARITZAREN INFORMATIKA ELKARTEA / SOCIEDAD INFORMÁTICA DEL GOBIERNO VASCO SA-REN 2016KO EKITALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEN INGURUKO ALEGAZIOAK.
I.– Sarrera.
EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea / Sociedad Informática del Gobierno Vasco SAren 2016ko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko, txosten honetan, sozietateak erreferentziazko gaiaren inguruan egin dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkezten dira.
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
II.1.1.– Langileak.
«Kanpoko enpresa espezializatuak, hutsik dauden lanpostuak betetzeko bederatzi pertsonaren eta txandakako lan-kontratupeko aldi baterako sei langileren barne-hautaketaren arduradunak, ez du gorde prozesu horiei dagokien dokumentazioa; beraz, ezin izan dugu egiaztatu berdintasun- eta meritu-printzipioak bete diren».
EJIEk 2016. urtean egindako barne-hautaketako 9 prozesuetako bakoitzari buruzko honako dokumentazio hau jarri du Herri Kontuen Euskal Epaitegiko ikuskatzaile taldearen eskura:
– Hautaketa-prozesuaren oinarriak.
– Lan-profilak deskribatzen dituzten fitxak.
– Hautaketa-prozesua egin duen enpresak, langileak hautatzeko prozesuetan espezializatuak, egindako txostenaren kopia. Txosten horrek honako informazioa biltzen du:
* Jasotako hautagaitza kopurua.
* Lehen hautaketa gainditu eta probak –elkarrizketa pertsonala, nortasunari buruzko galdetegia eta galdera teknikoak– egin dituzten pertsonen kopurua, gizon edo emakume izatearen arabera banatuta.
* Hautaketa-prozesuko azken emaitza, prozesura hobeto egokitu diren pertsonei buruzko txostenekin batera, emakume edo gizon izatearen arabera banatuta, honakoa berariaz adierazita:
– Baloratu diren konpetentziak, horietako bakoitzaren haztapena adierazita.
– Hautagaitza finalista bakoitzari baloratutako konpetentzia bakoitzean esleitutako puntuazioa.
– Hautagaitza finalista bakoitzari buruzko laburpen-txostena, curriculuma eta horren inguruko oharrak zehaztuta.
EJIEk aipatutako taldeak, 2016an plantillan izandako alta guztien artetik –6 izan ziren, guztiak ere txandakako lan-kontratuaren modalitatean–, aukeratutako 4 kanpo-hautaketa prozesuetako bakoitzari buruzko honako dokumentazioa jarri du Herri Kontuen Euskal Epaitegiko ikuskatzaile taldearen esku:
– Kanpo-hautaketa prozesuaren aurretik egindako barne-hautaketa prozesuaren oinarriak.
– Hautaketa-prozesua egin duen enpresak, langileak hautatzeko prozesuetan espezializatuak, egindako txostenaren kopia. Txosten horrek honako informazioa biltzen du:
* Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzietan hedapen handieneko bi egunkaritako (El Correo eta El Diario Vasco) igandeko argitalpenetan argitaratutako iragarkien kopia, baita hautaketa-enpresaren beraren webgunean eta Infojobs lan-atarian iragarkia argitaratu zela jakinarazteko agertutako oharra ere.
* Iragarkiaren aktibazio-data.
* Erabilitako hedapen-bitarteko bakoitzeko jasotako hautagaitza kopurua, horiek emakume edo gizon izatearen arabera banatuta.
* Lehen hautaketa gainditu eta probak –elkarrizketa pertsonala, nortasunari buruzko galdetegia eta galdera teknikoak– egin dituzten pertsonen kopurua, gizon edo emakume izatearen arabera banatuta.
* Hautaketa-prozesuko azken emaitza, prozesura hobeto egokitu diren pertsonei buruzko txostenekin batera, emakume edo gizon izatearen arabera banatuta, honakoa berariaz adierazita:
– Baloratu diren konpetentziak, horietako bakoitzaren haztapena adierazita.
– Hautagaitza finalista bakoitzari baloratutako konpetentzia bakoitzean esleitutako puntuazioa.
– Hautagaitza finalista bakoitzari buruzko laburpen-txostena, curriculuma eta horren inguruko oharrak zehaztuta.
EJIEk hautaketa-prozesuari buruz egindako azken txostenaren kopia, hautaketa-enpresak egindako txostenean oinarritua, aukeratzea gomendatzen zen hautagaitza zein zen adierazita.
Aurretik aipatutako informazioaz gain, ikuskaritza-taldea hautaketa-enpresarekin harremanetan jarri zen, zehaztasun gehiago jasotzeko, eta enpresa horren erantzuna honakoa izan zen: «Azken erabakia hartzen denetik zentzuzko denbora-tarte bat igarotakoan (1-2 hilabete), dokumentazio pertsonala (CVak, tituluak, eta abar), probetako emaitzak eta elkarrizketatuak elkarrizketa-fasean idatzitako oharrak suntsitu egiten dira ieTeam-en, barne-politika betetzeko».
EJIEren ustez, langileak hautatzeko zerbitzuak kontratatzean, Datuak Babesteko Legeak (Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa) 12.3 artikuluan xedatzen duenari jarraituz, «behin kontratu-prestazioa beteta, izaera pertsonaleko datuak suntsitu edo tratamenduaren arduradunari itzuli beharko zaizkio. Beste horrenbeste egingo da edozelako euskarri edo agirirekin ere, halakoek tratamenduaren objektu izan den izaera pertsonaleko daturen bat jaso badute». Era berean, DBLOa garatzen duen Erregelamenduaren 22. artikuluan (Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onartzen duen 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa), honako hau xedatzen da datuak gordetzeari buruz: Kontratuari dagokion zerbitzua eskaini ostean, datu pertsonalak desegin, edo tratamenduaren erantzuleari edo erantzule horrek izendatutako arduradunari itzuli beharko zaizkio, eta beste horrenbeste egingo da tratamenduan erabilitako era bateko edo besteko datu pertsonalen bat duen edozein euskarri edo dokumenturekin ere.
Tratamenduaren xedea hautaketa-prozesua denez, berau bukatutakoan hautaketa-enpresak informazioa desegin du.
Beste alde batetik, langileak Internet bidez hautatzeari buruzko ondorio eta gomendioen txostenean, 2005eko azaroaren 17koan, 7.4 Datuak ezereztea atalean, 2/1989 Gomendioaren 14. artikulua jasotzen da. Bertan, honako hau dago jasota: «Lan-eskaera baten bitartez eskuratutako datu pertsonalak, normalean, ezabatu egin beharko lirateke, lan-eskaintza bat ez dela egingo erabakitzen den bezain laster».
Hala ere, aztergai dugun Herri Kontuen Euskal Auzitegiaren iritzia kontuan hartuta, zerbitzu emateko eskaintzetan honako klausula jartzeko exijitu dio EJIEk hautaketa-enpresari egoera honen berri izan ondoren egin diren hurrengo hautaketa-prozesuetan, eta nahitaez agertu behar du eskaintza horietan: «IETEAMek hautaketa-prozesuan berdintasun-, meritu-, gaitasun-, publizitate- eta lehia-printzipioak behar bezala beteko dituela bermatzeko konpromisoa hartzen du bere gain, eta hautaketa-prozesutik eratorritako dokumentazio guztia behar den arretaz zaintzekoa, datu pertsonalak babestearen arloko araudiari jarraituz, 5 urteko epean, hautatutako pertsona EJIEko langileen taldean sartzen den egunetik hasita. Dokumentazio horren barruan, bere euskarri guztietan argitaratutako iragarkiak, jasotako curriculumak, jasotako tituluen eta hizkuntzen ziurtagiriak eta egindako probak sartzen dira, baita jasotako hautagaitzei buruz egindako txostenak ere, batzuk aipatzearren». Klausula hori egoera honen ondoren kontratatu diren 3 hautaketa-prozesuetan jarri da.
2017ko irailaren 1ean, EJIEk langileak hautatzeko zerbitzua kontratatzeko espediente bat argitaratu du. Espediente horretako baldintza teknikoen pleguan, honako hau jaso da, gai honekin lotuta:
1.1 atala. Kontratatzeko beharra: «Eusko Jaurlaritzako sektore publikoko enpresa bat denez, erabat ezinbestekoa da hautaketa-prozesuek publizitate- eta lehia-printzipioak zehatz-mehatz betetzea, baita berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak ere. Horrez gain, zerbitzuaren fase guztietan printzipio horiek betetzen dituztela ziurtatu behar dute modu frogagarrian».
Beste alde batetik, EJIEren jarduerak datu pertsonalen tratamenduan arretarik handienaz jokatzea exijitzen du; beraz, EJIE datu pertsonalak babesteko araudia zorrotz betetzetik harago doa. Hala, ISO 27001 ziurtagiria lortu du.
2.2 atala. Zerbitzuaren deskribapena eta betekizunak: «Zerbitzuaren funtsa langileak aukeratzeko hautaketa-zerbitzu profesionalak ematea da, bai barneko prozesuetan bai kanpokoetan, publizitate-, lehia-, berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak beteko direla erabat bermatuz, hautagaiekiko tratua guztiz errespetuzkoa izango dela bermatuz eta konfidentzialtasun-printzipioak zorrotz betez, baita datu pertsonalak babesteko araudia ere. Hori guztia behar bezala egiaztatu behar da. Betebehar hori urratu dela antzemanez gero, enpresa adjudikaziodunarekiko kontratua suntsiarazteko arrazoia izango da».
«Kontratazio-espediente honetatik eratorritako hautaketa-prozesuen ikuskaritza- eta kontrol-baldintzak betetzeko helburuarekin, enpresa adjudikaziodunak 5 urteko epean zaindu beharko du kontratatutako zerbitzutik eratorritako dokumentazio guztia, hautatutako pertsona langile taldean sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Betebehar hori aipatutako epea bukatu arte izango du, baita EJIEren eta enpresa adjudikaziodunaren arteko kontratuzko harremana bukatzen bada ere. Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, EJIEk, bere kabuz edo hirugarrenen bitartez, horren inguruko kontrolak eta/edo ikuskapenak egin ahal izango ditu, eta enpresa adjudikaziodunak, era berean, aipatutako kontrolak eta/edo ikuskaenak onartu beharko ditu. Betebehar hori urratu dela antzemanez gero, enpresa adjudikaziodunarekiko kontratua suntsiarazteko arrazoia izango da».
2.2.3 atala. Kanpo-hautaketako prozesua: «h) 5 urteko epean zaindu beharko du kontratatutako zerbitzutik eratorritako dokumentazio guztia, hautatutako pertsona langile taldean sartzen den egunetik zenbatzen hasita, plegu honetako 2.2 atalean adierazitako baldintzetan».
II.1.2.– Kontratazioa.
«EJIEk EJko hizkuntza-plataformako lizentzia- eta azpiegitura-zerbitzuak eta hainbat hizkuntza- eta kultura-plataformatako egokitzapen teknikoko zerbitzua eskuratu ditu»
1.– Hizkuntzen plataformako lizentzia- eta azpiegitura-zerbitzuak.
Aipatutako hizkuntza-plataformei dagokienez, bi kontratazio ezberdinekin lotuta daude eta honakoak dira:
– e-Lea hizkuntza-plataformarako lizentziak eta azpiegitura kontratatzea 2016rako: azken erabiltzaileek ingeles, frantses, italiera eta alemanezko ikastaroak (horretarako online plataforma baten eta CDen bidez) egin ahal izateko lizentziekin lotuta dago. EAEko herritarrentzat lizentzia kopuru mugatua zegoen. Era berean, laguntza-zerbitzuak kontratatu ziren. Kontratu hori EJIEren Kontrataziorako Barne Jarraibideetan (aurrerantzean KBJ) kontratuaren zenbatekoaren arabera (48.500,00 euro) finkatutako B prozedura sinplifikatuaren bidez izapidetu zen. Mota horretako zerbitzu/horniduretan espezializatutako hiru enpresari hiru eskaintza eskatu zitzaizkien.
– Euskara-Ikasten hizkuntza-plataformarako lizentziak eta azpiegitura kontratatzea 2016rako: azken erabiltzaileek –hau da, interesa zuen edozein herritarrek, bere kokalekua eta nazionalitatea edozein zirela ere– euskara ikastaroak egiteko lizentziak kontratatzearekin lotuta zegoen. Lizentziak mugagabeak ziren. Plataforma online bakarrik erabil zitekeen. Zerbitzua eta erabiltzaileak ezberdinak ziren eta EJIEren KBJetan aurreikusitako zenbatekoaren arabera (48.500,00 euro) finkatutako prozeduraren arabera izapidetu zen. Mota horretako zerbitzu/horniduretan espezializatutako hiru enpresari hiru eskaintza eskatu zitzaizkien.
2.– EJko hainbat hizkuntza- eta kultura-plataformaren egokitzapen teknikoak.
Egokitzapen teknikoekin (87.535,00 euro-ko zenbatekoa) lotutako urraketei dagokienez, bi kontrataziorekin lotuta daude; horietako bakoitza KBJetan dagokion zenbatekoaren arabera finkatutako B prozedura sinplifikatuaren bidez izapidetu da, eta honakoak dira:
– Azpiegituretako Aplikazioen Egokitzapen Teknikoak (V90-W20-V92-Y44), 40.040,00 euro-ko zenbatekoa, 2016/02/01ekoa.
– V92, Y44, V90, W20 eta V93ren Egokitzapen Teknikoak, 16-17 Ikasturte Hasiera, 47.495,00 euro-ko zenbatekoa, 2016//09/22koa.
Sailak hainbat datatan hainbat aplikaziotarako eskatutako zereginekin lotuta daude kontratazioak. V90-W20-V92-Y44 aplikazioen lehen kontratazioa izapidetu zen unean, EJIEk ez zekien V92, Y44, V90, W20 eta V93 16-17 Ikasturte Hasiera aplikazioetarako egokitzapen tekniko berriak beharko zirela, ezta zein izango ziren ere.
Horretaz guztiaz gain, sailaren eskaerak urteak aurrera egin ahala ezagutzen direnez, une bakoitzeko beharren arabera, eta horietatik hainbat kontratazio eratortzen direnez, 2017an horiek guztiak «Hezkuntza Saileko Informazio Sistemak Mantentzeko Zerbitzuak, ZMA modalitatea» izeneko kontratazioan biltzen dituen plegu bat egin da, EJIE-019-2017 espedientea, arauketa bateratupean, bi sortaz osatuta: 1. sorta «Hezkuntza Sailaren Informazio Sistema Korporatiboen Mantentzea/Eboluzioa» da eta 2. sorta «HIRU.EUS Etengabeko Ikaskuntzako Plataformaren Mantentzea eta Eboluzioa». Horrela, kontratu bakoitza indibidualizatuta eta sailak helarazitako edo EJIEk atzemandako behar bakoitzera egokituta egitea saihestuko da.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko kontsiderazioak.
III.1.– Langileak.
«2016an 29.334 euro ordaindu dira etekinengatiko lansari aldakor gisa. Lansari hori zati berdinetan banatu da langileen artean, hitzarmenean bertan finkatutako ebaluazioak egin gabe»
EJIEk, 2000. urtean giza baliabideen plan berri bat ezarri zuen eta 2000. urteko Hitzarmen Kolektiboan islatu zen. Hitzarmen horretan, beste neurri batzuen artean, lansari aldakorren eredu bat ezarri zen, baina hurrengo urteetan eboluzionatu egin du, 2001. urtetik aurrera egin diren lan-giroari buruzko inkestetan alderdi polemikoa izan delako eta langileen artean nahigabea sortu duelako. Horri dagokionez, banatzeko lansari aldakor bat ezarri zen. Urteek aurrera egin ahala eguneratzen joan da, soldataren hazkunde edo txikitzearekin batera, eta 2016. urtean 29.334 eurokoa izan da.
Hasieran, pertsona bakoitzaren urteko lan indibidualaren ebaluazioaren arabera banatzen zen lansari aldakorra. Lansari aldakorra praktikoki aplikatzeko eredu horrek nahigabe handia sortu zuen lan-giroari buruzko inkestan.
Geroago, hobetzeko talde bat sortu zen, lansari aldakorra aplikatzeko irizpideak aldatzeko. Talde horrek ondorioztatu zuen eredua aldatu eta taldeko bihurtu behar zela, banaketa lantaldeen helburuen lorpen-mailaren arabera egin behar zela. Eredu hori aplikatu egin zen, baina horrek ere nahigabe handia sortu zuen langileen artean lan-giroari buruzko inkestetan.
Geroago, 2008. urteko Hitzarmen Kolektiboa ekarri zuen negoziazio kolektiboaren esparruan, akordioaren azken aktan, 2008ko abenduaren 12koan, honako akordioa egin zen: «Lansari aldakorra EFQM eredura bideratzea adostu da, lansari aldakorra aitorpen modu bat balitz bezala barnean hartuta, honako akordio hauetan oinarrituta:
2008. urteari dagokion lansari aldakorra Hitzarmen Kolektiboan araututakoaren arabera banatuko da, enpresa-helburuen lorpenaren arabera, linealki langile guztien artean, Euskaliten Bikaintasunarekiko Konpromisoaren Diploma lortzeko egindako ahaleginaren aitorpen gisa.
EJIEn ezartzekoa zen aitorpen-prozesuaren barruan, bikaintasunaren inguruko sarien sistema bat ezartzea adostu zen. Horretarako, 2008/12/31 baino lehen Hobekuntza Talde bat eratzea adostu zen eta bertan gehienez zazpi lagunek parte hartzea, osaketa honakoa izanik: pertsona bat EJIEko Zuzendaritzakoa, bi Enpresa Batzordekoak eta lau langileak. Zuzendaritzak Iñigo Díaz izendatu zuen bere ordezkari, eta Enpresa Batzordeak Juan M. Ayerbe, ELAren izenean. Bestetik, Talde Independenteak adierazi zuen Hitzarmen Kolektiboa sinatu ez zuenez Hobekuntza Talde horretan parte hartzeari uko egingo ziola. Azken planteamendu hori ikusita, ELAk langileei zegokien ordezkari kopuruari bat gehitzea proposatu zuen. Zuzendaritzak onartu egin zuen planteamendu hori.
Hobekuntza Taldearentzako hasierako premisak honako hauek dira:
– Bikaintasunaren inguruko sarien sistema 2009-03-31 baino lehen diseinatzea.
– Gehienez 10 sari eman behar dira, eta gehienek indibidualak izan behar dute, nahiz eta sari kolektiboak edo taldekoak emateko aukera ere izan».
2009ko martxoaren 6an, 2009. urteko Hitzarmen Kolektiboa sinatzeko akordio bat erdietsi zen. Akordio hori Enpresa Batzordearen 2009ko martxoaren 6ko aktan jaso zen eta, besteak beste, honakoa jaso zuen: «Bi alderdiek joan den 2008ko abenduaren 12an lortutako lansari aldakorren inguruko akordioari indarrean eustea onartu dute».
Aipatutako akordioa betetzeko, hobekuntza talde bat sortu zen. Talde horrek bikaintasuna aitortzeko edo saritzeko eredu bat egin zuen eta eredu hori Enpresa Batzordearen gehiengoak adostu eta onartu zuen, 2009ko apirilaren 20ko aktan jasota dagoen bezala.
Geroago, 2009ko urriaren 14an, EJIEko Zuzendaritza Nagusiak hobekuntza taldeak diseinatutako lansari aldakorren eredu berria ez aplikatzea erabaki zuela jakinarazi zion Enpresa Batzordeari, eta Batzorde Paritarioaren geroagoko bilera batean, 2009ko urriaren 16an, honako erabakia hartu zen: «Enpresa Batzordearen 2009ko urriaren 14ko bileran, Zuzendaritzak lansari aldakorraren banaketa aldatzea proposatu zuen, 2009an ez zedin aplikatu 2008ko abenduaren 12an Enpresa Batzordearekin adostutako eta 2009ko martxoaren 6an berretsitako bikaintasunaren sarien sisteman oinarritutako ereduaren arabera. Horren ordez, 2009. urterako banaketa lineala proposatu zion Enpresa Batzordeari, 2010. urteari begira banaketa-eredu berri bat definitzen den bitartean. ELAk esan du ados dagoela 2009an lansari aldakorra linealki banatzearekin eta 2010. urteko negoziazio kolektiboaren esparruan lansari aldakorraren zenbatekoa banatzeko modua erabakitzearekin».
Beraz, hitzarmen kolektiboaren arloan lortutako azken akordioak ekarri zuen 2009. urteko Hitzarmen Kolektiboa, 2009ko martxoaren 6koa; ondorioz, hitzarmen hori dago indarrean. Hala ere, lansari aldakorraren arloan, Batzorde Paritarioaren 2009ko urriaren 16ko akordioa aplikatu behar da, arlo horretan indarrean dagoen azken akordioa delako. Horren bidez, langile guztien artean banaketa lineala egiten da, eta 2016an urtean 158,02 eurokoa izan da pertsonako.
III.2.– Ondasun eta zerbitzuen kontratazioa.
«Aztertutako kontratuetatik hirutan (1., 2. eta 4.a), zeinak 9,6 milioi euroren truke esleitu baitira, proposamenak aurkezteko epea SPKLTBren 15. artikuluan finkatutako minimoa baino txikiagoa da»
Eskaintzak aurkezteko epea finkatzeko kontuan hartu diren baldintzak honakoak dira:
– Aurretiko iragarkien arauketa SPKLTBren 159.1 artikuluan eta 1098/2001 Errege Dekretuaren 77.2 artikuluan daude.
Esparrua:
* Publizitatea areagotu egin da, hurrengo hamabi hilabeteetarako kontratazio-aurreikuspenen berri aldez aurretik emanda.
* Eskaintzak aurkezteko epea murriztu da.
Baldintzak:
* Arauketa bateratupeko (AB) zerbitzu-, hornidura- eta obra-kontratuetan aplikatzen da.
* Eskaintzak jasotzeko epea gutxienez 52 egutegi-egunekoa da, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialera (EBAO) bidaltzen den datatik aurrera.
Epea honako kasuetan murriztu ahal izango da:
– 5 egun, pleguak eta agiri osagarriak bitarteko elektronikoen bitartez eskuratzeko aukera ematen bada.
– 141. artikuluan aipatzen den aldez aurreko iragarkia igorrita egonez gero, proposamenak aurkezteko epea laburtu eta hogeita hamasei egunekoa ezarri ahal izango da, arau orokor gisa, edo salbuespenezko kasuetan, behar bezala arrazoituz gero, hogeita bi egunekoa. Epearen laburtze hori onargarria izango bada, aldez aurreko informazioaren iragarkia lizitazio-iragarkia bidaltzeko eguna baino berrogeita hamabi egun lehenago igorri beharko da argitaratzera, betiere lizitazio-iragarkia bidaltzeko eguna baino hamabi hilabete lehenagoko epearen barruan. Gainera, aldez aurreko informazioaren iragarki horretan, lizitaziorako behar den informazio guztia eskaini behar da, baldin eta emateko moduan badago.
– Aurreko bi lerrokadetan adierazitako epeak zazpi egun laburtu ahal izango dira, iragarkiak bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoen bitartez prestatzen eta igortzen direnean. Epearen laburtze hori lehenbiziko paragrafoaren azken tartekian aurreikusitakoari (bost egun) gehitu ahal izango zaio, hala badagokio.
Ildo berean araututa dago SPKLTBren 154.3 artikuluan, zeinetan «Mugaketa, proposamenak aurkezteko epeak eta lizitazio-iragarkia argitaratzeko epea» arautzen diren. Iragarkiak EBAOra bidaltzeko datek, kasu guztietan, finkatutako minimoak errespetatu dituzte. Hala, azaldutako artikuluetan adierazitako laburtze guztiak aplikatuta, minimoa 24 egutegi-egunekoa da (36 egun, aldez aurreko iragarkia bidaltzeagatik, 5 egun kenduta, pleguak eta dokumentazio osagarria bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko aukera eman delako eta 7 egun kenduta, iragarkiak bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoen bidez prestatu eta bidali direlako). EBAOra bidaltzeko datak honakoak izan dira: ekipamendu mikroinformatikoa finantza-errentamendu modalitatean (renting-a) hornitzeko 4 sortaz osatutako espedienterako, 2016ko ekainaren 1ean bidali zen eta eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 27an amaitu zen; Microsoft 2016 produktuen lizentziak hornitzeko espedienterako, 2016ko abenduaren 23an bidali zen eta eskaintzak aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 16an amaitu zen; eta monitorizazio-azpiegituretarako laguntza-zerbitzuen espedienterako, 2016ko irailaren 30ean bidali eta eskaintzak aurkezteko epea urte bereko urriaren 25ean amaitu zen.
«Datuak prozesatzeko zentroetarako (DPZ) hornidura-kontratuan (5. espedientea), zeina prozedura negoziatuaren bidez esleitu baita 466.111 euroren truke, pleguetan negoziatu beharreko alderdi bat eta aurkeztutako eskaintzak baloratzeko hainbat balorazio-irizpide agertzen dira, baina ez da negoziatu beharreko alderdia kontuan hartzen duen adjudikazio-prozedurarik finkatzen. Izatez, negoziazioaren aurretik esleitu da, balorazio-irizpideak aplikatuz».
Aipatutako kontratazio-espedientea aurretik izapidetu zen, prozedura irekiaren bidez, arauketa bateratupean, baina ez zen esleitu, eskaintza bakar bat ere ez zelako egokitzat jo. Geroago, publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bat izapidetu zen. Horretan, aurreko lizitazioan eskaintza bat aurkeztu zuten enpresei beste eskaintza bat egiteko eskatu zitzaien eta epea negoziazio-irizpide bakar gisa aipatu zen (SPKLTBaren 170. artikuluko c) letran finkatutako suposizioa), ikuskatzaile taldearen eskura jarritako dokumentazioan jasota dagoenez.
Baldintza Partikularren Pleguaren 31. klausulan honakoa jasotzen da:
«BPP-31.1 Kontratuaren arduraduna den arlo teknikoak enpresa gonbidatuekin kontratua egitera bideratutako kontsultak eta negoziazioak hasiko ditu.
a) Kontratuko honako alderdi hauek negoziatu ahal izango dira:
– Entregen epea. Entregen epeak zehaztea, fasea edo faseak finkatzeko eta zigorrak definitzeko.
b) Baldintza teknikoen pleguan agertzen diren gainerako baldintzak eta baldintza partikularren pleguan jasotako klausulak ez dira inola ere negoziatuko.
Negoziazioak faxez, telefonoz, idatziz, bertatik bertara edo posta elektronikoz egin daitezke, eta espedientean jaso behar da nola egin diren. Interesdun guztiek tratamendu bera jaso behar dute, eta, batez ere, ezin da informazioa diskriminazioa eraginez eman, interesatu batzuen alde eta beste batzuen kontra.
Arlo tekniko jarduleak txosten bat egingo du. Bertan, negoziazioak eta haien ondorioak idatziz jasoko dira.
Negoziazio-faseko txostenean, esleipena jakinarazi baino lehenagokoan, zer harreman eta negoziazio izan diren adierazten da.
«Aztertutako kontratuetan (5. eta 8. espedienteak), zeinak 704.943,00 euroren truke esleitu baitira, adjudikaziodunak izan ez diren lizitatzaileei egindako ohartarazpenean ez da nahikoa informazioa jasotzen adjudikazioaren motibazioari buruz»
DPZetarako azpiegiturak eskuratzeko hornidurak kontratatzeko espedientearen kasuan –arauketa bateratupeko kontratua–, honako hau jakinarazi da: «EJIE SAk kontratua proposamen onuragarrienari esleitzeko aukera izango du, esleipen-irizpideak aplikatuz, proposamenaren balio ekonomikoa nahitaez kontuan hartu beharrik gabe; badu kontratua esleitu gabe uzteko aukera ere. Nolanahi ere, bere ebazpenaren arrazoiak eman behar ditu, esleitzeko irizpideak aipatuz. (...). EJIE SAk kasu bakar honetan utzi ahal izango du hutsik lizitazio-prozedura bat: pleguan jasotako irizpideen arabera aurkeztutako eskaintza bakar bat ere onargarria ez dela ondorioztatzen badu». Espedientean dagoen dokumentazioaren eta kontratazio-organoaren arabera, eskaintza bakar bat ere ez da onargarritzat jo, ez dituztelako baldintza teknikoak gainditu. Beraz, hutsik geratu da». Era berean, errekurtsoa jartzeko aukera adierazten da, eta, arauketa bateratupeko kontratu bat izanik, SPKLTBaren 40.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, EJIE SAren kontratazio-organoaren erregistroan (Mediterraneoaren etorbidea 14, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) kontratazioaren arloko errekurtso berezi bat jar daiteke, hamabost egun balioduneko epean, aurkaratutako egintzaren jakinarazpena bidaltzen den egunaren biharamunetik aurrera, SPKLTBaren 44. artikuluan zehaztutako prozedurari jarraituz.
Eta, kontratazioari berari dagokionez, izapidetutako publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez adjudikaziodun izan ez direnei jakinarazpenak bidali zaizkie, horretarako finkatutako ereduaren araberako egitura eta justifikazioarekin –gutxienez SPKLTBren 151.4 artikuluan jasotakoa hartzen du barnean–. Jakinarazpenak ikuskatzaile taldeari bidalitako espedientearen dokumentazioan daude.
EJIEren eraikin nagusiko gelak eta bilera-gelak birmoldatzeko kontratuan, arauketa bateratupean ez dagoen obra-kontratua EJIEn arauketa bateratupean ez dauden espedienteen kasurako finkatutako ereduen arabera jakinarazi da. Hori lizitatzaileen esku jarri da irekiera teknikoen eta ekonomikoen grabaketan, zeinetan balorazio teknikoetako puntuazioak agertzen baitira.
«KBJetan B sinplifikatu gisa definitutako prozeduraren arabera –hiru eskaintza eskatuz eta ekonomikoki onuragarrienari esleituz– esleitu behar ziren eta horren ordez eskaintza bakarra eskatuz egin diren eskurapen hauek atzeman ditugu»
Txostenean aipatzen diren eskurapenak honakoak dira:
– Kudeaketa akademikorako modulu estatistikoak integratzeko beharrak: 30.000,00 euroko eskurapen bat adierazten du, honako kasuan:
* Kudeaketa akademikorako modulu estatistikoak integratzeko beharrak, 2016-2017 ikasturtearen hasiera, 12.082,00 eurokoa. Integrazio-zerbitzuen kontratazioa, ikasturte akademikoaren hasierako informazio-karga, kudeaketa estatistikoko sisteman. Zerbitzu horietako zereginak ikasturtea hasi aurretik zehazten dira, horien edukia eta helmena ekain/uztailean bakarrik finkatu daiteke eta irakasleen estatistikekin lotuta daude (ikasturtea abiatzean lanean hasitakoak), irakasleak/gela alderdiarekin lotutako datuak. KBJetan zenbateko horietarako finkatutako prozeduraren arabera –A sinplifikatua– izapidetu da.
* Kudeaketa akademikorako modulu estatistikoak integratzeko beharrak, 2017aren hasiera, 17.998,20 eurokoa. Kontratu horretan urte fiskalerako irakasleei eta gainerakoei buruzko datuak kargatzeko zereginekin lotutako edukia eta helmena dauzka, administrazioarekin eta langileekin estuago lotuta. Eduki eta helmen horiek ezin dira gehitu eta aurreko kontratuarekin batera kontratatu, aipatutako helmena ez delako lehenago finkatzen. Kontratu hori A prozedura sinplifikatuaren bidez izapidetu zen, zenbatekoa kontuan hartuta.
Kasu horretan, bi kontratazioekin nahasmena sortu ahal izan da, kontratuek antzeko izena daukatelako, nahiz eta xedea, helmena, zereginak eta hartzaileak ezberdinak izan, sailetik jasotzen den beharrezko informazioa ezberdina izan eta data batetik bestera tarte bat egon (ekaina eta abendua). KBJetan zenbatekoen arabera finkatutako A prozedura sinplifikatuari jarraituz izapidetu dira, eskaintza bat eskatuz.
III.3.– Beste alderdi batzuk.
«EJIEren aurrekontuan ez da sartzen etorkizuneko konpromisoen egoera, baina etorkizuneko ekitaldietarako konpromisoak hartu ditu, 1,5 milioi eurorenak (EAATBaren 8.2 artikulua)»
Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 55. artikuluaren arabera, zeina ente eta sozietate publikoetarako espezifikoa baita, egitekoak diren baina aurrekontu-ekitaldia bukatzean sortzapenik izango ez duten inbertsioak eta gastuak jasoko dira, aldizkakoak ez direnak, jasoko dira etorkizuneko konpromisoen egoeran.
EJIEk hartutako konpromisoak aldizkakoak direla interpretatzen du, eta, beraz, aipatutako artikulua kontuan hartuta, ez ditu barnean hartu Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazitako etorkizuneko konpromisoak.
«2016ko ekitaldian, EJIEk 11,4 milioi euro merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen 4.3 artikuluan finkatutako 60 eguneko gehieneko epea gaindituta ordaindu ditu (ordainketen guztizkoaren % 16). Halaber, 2016ko abenduaren 31n ordaintzeke dagoen saldotik, 313.765 euroko zenbateko batek (guztizkoaren % 2) 60 egunetik gorako antzinatasuna dauka».
EJIEk faktura jasotzen duen egunaren eta ordaintzen duen egunaren arteko aldearen arabera kalkulatzen du bere ordaintzeko epea, ez fakturari azken oniritzia ematen dion egunetik ordaintzen duen egunera arteko aldearen arabera. Horregatik, kasu batzuetan ordaintzeko epea 60 egunetik gorakoa izan da. EJIEn ezarritako barne-kontroleko prozedurak egiteko finkatutako denbora betetzea izan da ordainketak epe luzeagoan egiteko arrazoi nagusia. Kontrol horren helburua honakoa da: hornitzaileek fakturatutako zenbatekoak gure kontrataziorako barne-jarraibideetan jasotako exijentzia guztiekin eta soldaten eta Gizarte Segurantzaren ordainketari buruz indarrean dauden legeekin bat datozela bermatzea.
Ikusi dugunez, askotan, gaur egungo egoera ekonomikoaren eraginez, hornitzaile batzuk ez dira beren langileen Gizarte Segurantza eta soldatak ordaintzeko konpromisoak dagokien epean betetzen ari; era berean, EJIEk eskari sinatu bakoitzean eransten dituen baldintza orokorrak sinatuta itzultzeko prozesuan atzerapenak izaten dira. Alderdi horiei guztiei buruzko betebeharrak beteta egotea ezinbesteko baldintza da EJIEk bere kontabilitatean erregistratutako fakturak ordaintzeko.
Aurreko paragrafoan emandako argudio berberek justifikatzen dute 2016ko abenduaren 31n hornitzaileei 60 eguneko gehieneko epean ordaindu gabeko saldo batzuk egotea.