EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2017237

266/2017 DEKRETUA, abenduaren 5ekoa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona.

Xedapenaren zenbakia: 201700266
Xedapenaren data: 2017-12-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201706004
Maila: Dekretua
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.
Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: igorpen irratielektrikoez baliatuta, soinuak uhinen bidez –edo horretarako diren kableen bidez– sortzea eta zabaltzea –bitartekoz edo bitartekorik gabe– herritar guztiengana, edo herritar batzuengana; betiere helburua izanik informazioa, kultura, artea, aisialdia, merkataritza, publizitatea, hezkuntza-sistemarekin batera lan egitea, euskal kultura sustatu eta zabaltzea eta, batik bat, Euskara sustatu eta garatzea, eta, horietaz gain, aipatutako eginkizunekin bat etorri edo horien osagarri diren jarduera oro.
Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoak, 2017ko azaroaren 3ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala hogei mila eta zazpi euro (20.007) gehitzea; eta, horretarako, laurogeita zazpi koma hirurogeita hamabost (87,75) euroko balio nominala duten berrehun eta hogeita zortzi (228) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 11841etik 12068ra zenbakituak, biak barne.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.
Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.
Horren ondorioz, Ogasuna eta Ekonomiako sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2017ko abenduaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, hogei mila eta zazpi eurotan (20.007); eta, horretarako, laurogeita zazpi koma hirurogeita hamabost (87,75) euroko balio nominala duten berrehun eta hogeita zortzi (228) akzio berri jaulkitzeko.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza izango du: 1.058.967 eurokoa, 12.068 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 87,75 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.