EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2017236

AGINDUA, 2017ko azaroaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, musika-irakaskuntzak ematen dituzten ikastegi pribatuentzako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-11-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201705968
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1993/01/04an argitaratutako 1992/10/27ko 199200289 DEKRETUA

Musika-irakaskuntza arte-irakaskuntzaren erreferente nagusia izan da eta da Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, aspaldi ezarri dira, gure herriarentzat jarduera hori oso erakargarria izan baita.
Musika-irakaskuntzak gizartean duen inportantzia aintzat hartuta, hezkuntza administrazioak ere arreta berezia eskaini dio musika-irakaskuntzari, eta baliabideak jarri ditu hura antolatzeko, planifikatzeko eta finantzatzeko, herritarrei prestakuntza emateko erantzukizuna eta eskumena baitu.
Bestalde, ekimen pribatuak ere bete izan du ikasketa horiek gizarteratzeko eta zabaltzeko funtzioa, egoera eta eremu geografiko jakin batzuetan.
Ildo horretatik, aurrekontuetan irakaskuntza horiek jaso, eta Euskal Autonomia Erkidegoan duten ezarpenarekin bat datorren normalizazio-prozesua azaldu nahi da, bai irakaskuntzak espazioan banatzeko orduan, baita irakaskuntza horietan ematen diren eta eman behar diren espezialitateak eta mailak orekatzeko orduan ere.
Alde horretatik, musika-eskola hauen helburu nagusia da tradizioan oinarritutako dantzaren eta musikaren alorretan prestakuntza praktikoa ematea eta gaitasun eta bokazio berezia erakusten dituztenak ikasketa profesionaletarako prestatzea. Baimena duten ikastegien ekarpena da arlo horretako irakaskuntza arautua eskaintzea.
Horrela, bada, musika-eskolentzat prestatu da agindu hau, diru-laguntzak eska ditzaten. Helburua da ikastegiok mantentzen laguntzea eta, ondorioz, adierazitako helburuak betetzea.
Laguntza hauen markoa 2017ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoa da, Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez onartua, eta 2017ko maiatzaren 9ko Gobernu Kontseiluari jakinarazia. Plan horren ardatz estrategiko eta diru-laguntza lerroen artean dago ikastegi pribatuek ematen dituzten arautu gabeko musika-irakaskuntzen finantzazio-prozesuari jarraipena ematea.
Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean (apirilaren 19ko EHAA) aurreikusitakoa betez (musika-ikastegi pribatuei laguntzeko aurrekontu-partidak esleitzen ditu lege horrek), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Diru-laguntzen deialdia egitea urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak araututako titulartasun pribatuko musika-eskolentzat eta ikastegi baimenduentzat, 2016-2017 ikasturteko kostuak finantzatze aldera.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Helburu hori betetzeko, gehienez ere, 2.017.131,08 euro emango dira, bi laguntza-sailetan banatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura.
a) 1.745.544,08 euro, % 25eko udal-finantziazioa edo handiagoa duten musika-eskolentzat.
b) 271.587,00 euro, gainerako ikastegientzat.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Agindu honen bidez iragarritako diru-laguntzak, 2.a) artikuluan adierazitako aurrekontua dutenak, toki-administrazio publikoek % 25etik gora finantzatutako honako musika-ikastegi hauentzat izango dira:
titulartasun pribatuko musika-eskolak, arautu gabeko irakaskuntza emateko baimena dutenak, urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren bidez aratuak. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan musika-irakaskuntza espezifikoa, arautu gabea, ematen duten ikastegiak (musika-eskolak) sortzeko prozesua eta haien jarduna arautzen dira (1993ko urtarrilaren 4ko EHAA).
2.– Agindu honen bidez iragarritako diru-laguntzak, 2.b) artikuluan adierazitako aurrekontua dutenak, toki-administrazio publikoek % 25ean edo hortik gora finantzatzen ez dituzten honako musika-ikastegi hauentzat izango dira:
a) Titulartasun pribatuko musika-eskolak, arautu gabeko irakaskuntza emateko baimena dutenak, urriaren 27ko 289/1992 Dekretuaren bidez aratuak. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan musika-irakaskuntza espezifikoa, arautu gabea, ematen duten ikastegiak (musika-eskolak) sortzeko prozesua eta haien jarduna arautzen dira (1993ko urtarrilaren 4ko EHAA).
b) Abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuak araututako irakaskuntza arautuak emateko baimena duten ikastegiak. Dekretu horren bidez, ezartzen da musika-ikasketa profesionalen curriculuma eta ikasketa horietan sartzeko probak ezartzen dira (2008ko martxoaren 13ko EHAA).
4. artikulua.– Baldintzak eta haien egiaztapena.
1.– Eskatzaileek, diru-laguntzak eskuratzeko, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) 3. artikuluan adierazitako ikastegietako bat izatea. Egiaztapen hori ofizioz egingo da.
b) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexu-bereizkeriagatiko debekurik ere, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
c) Erakundeek Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Aipatutako betekizunak betetzea beharrezkoa izango da onuradun izateko eta izaera hori diru-laguntzaren likidaziora arte mantentzeko.
2.– Agindu honetan araututako laguntzen eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan. Nolanahi ere, erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, legez eskatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Ikastegiak gutxienez % 25eko edo hortik gorako finantziazioa izatea edo ez izatea.
b) Ebazpenean kontuan hartutako inguruabarren edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen duela.
c) Ez duela zehapenik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
d) Ez duela legezko debekurik, diru-laguntzak jasotzea eragozten dionik, sexuaren diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne direla (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).
e) Erakunde eskatzailea ez dagoela Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan jasota dauden eta onuradun izatea eragozten duen egoeraren batean.
f) Erakunde eskatzaileak egunean dituela diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2.g) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
g) Laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela eta egiazkoak direla eskabidean eta dokumentazioan bildutako datuak.
5. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Eskabideak aurkezteko bide bakarra https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoa izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat etorriz.
2.– Izapidetze elektronikoa betez (honako hauek arautzen dute: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzeko dena), eskabideak eta horiek izapidetzeko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak betetzeko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:
https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2017/musika-pribatuak/y22-izapide/eu
3.– Interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak eta kontsultak egiteko, eta laguntza eman edo ukatu aurreko izapideak eta justifikatze-izapideak egiteko, eta, horretarako, egoitza elektronikoa hau erabiliko dute: https://www.euskadi.eus.
https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2017/musika-pribatuak/y22-izapide/eu
4.– Bitarteko elektronikoz egingo dira, halaber, eskabidea aurkeztu ondoko izapideak –dokumentazioko akatsak zuzentzea, espedientearen egoera berrikustea–, honako atari honen bidez: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak
5.– Eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
6. artikulua.– Dokumentazioa.
18. artikuluan zehazten diren laguntzak eta hobariak eskuratze aldera, % 25eko finantzazioa edo hortik gorakoa jasotzen duten eskolen titularrek edo ordezkariek I. eranskinari jarraituz aurkeztu beharko dute eskabidea; beste zentroetako titularrek edo ordezkariek, berriz, II. eranskinari jarraitu beharko diote. Horrez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute bide elektronikoak bakarrik erabiliz:
1.– Musika-eskolen erakunde titularrek dokumentazio hau aurkeztuko dute:
a) «Musika-eskolako irakasleak» izeneko ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, 2016-2017 ikasturteko irakasleen izenak eta haiek irakasten emandako denbora asteka adierazita agertuko dira. Irakas-denbora zuzena da irakasleek ikasturte osorako dagozkien ikasleei irakasten emandako denbora (III. eranskina).
b) «Lehentasuna duten espezialitateentzako laguntza / erregimen arrunteko ikasleak» izeneko ziurtagiria, hala behar izanez gero. Ziurtagiri horretan, erregimen arrunteko ikasleen zerrenda jasoko da, zehazki 2016-2017 ikasturtean lehenetsitako espezialitateetan matrikulatuta daudenena (IV. eranskina).
c) «Laguntza berezia hartzen duten ikasleak eta haien espezialitateak» izeneko ziurtagiria, hala behar izanez gero. Ziurtagiri horretan, 2016-2017an laguntza berezia hartu duten ikasleen zerrenda jasoko da, eta «x» baten bidez agertuko dira lehenetsitako espezialitateak (V. eranskina). Ziurtagiri horren kopia bat helaraziko zaio Ikuskaritzari.
d) «Ikasleak irakaskuntza arautuan sartzea (ikasketa-profesionalak)» izeneko ziurtagiria, hala behar izanez gero. Ziurtagiri horretan, 2016-2017an ikasketa profesionaletan izena eman duten ikasleen zerrenda jasoko da (VI. eranskina).
e) «Aplikaziorako datuen laburpena» izeneko ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, irakasleen eta ikasleen 2016-2017 ikasturteko datu orokorrak agertuko dira laburpen gisa, eta aplikazioan sartuko dira, tresna gisa erabiltzen baita deialdia ebazteko (VII. eranskina). Datu hauek bat etorri behar dute Hezkuntza Sailak «Eskola-jardueraren Estatistika» txostenean jasotzen dituenekin, eta ez dira inoiz ere haiek baino handiagoak izango. Desberdinak izanez gero, kudeatzaileak azkeneko hauek kontuan hartuko ditu, hau da, Sailak jasotakoak.
f) 2016ko ekitaldiari dagokion itxiera ekonomikoaren ziurtagiria, non xehatuta jasoko baitira ikastegiak ekitaldi horretan izandako gastu arruntak.
2.– Irakaskuntza arautua ematen duten ikastegien titularrek dokumentazio hau aurkeztuko dute:
a) «Musika-eskolako irakasleak» izeneko ziurtagiria, 2016-2017 ikasturteari dagokiona. Ziurtagiri horretan, irakaskuntza arautuko irakasle guztien zerrenda eta haiek irakasten emandako denbora asteka adierazita agertuko dira. Irakas-denbora zuzena da irakasleek ikasturte osorako dagozkien ikasleei irakasten emandako denbora (VIII. eranskina).
b) «Lehentasuna duten espezialitateentzako laguntza» izeneko ziurtagiria, hala behar izanez gero. Ziurtagiri horretan, 2016-2017ko ikasturtean lehenetsitako espezialitateetan matrikulatutako ikasleen zerrenda jasoko da, zehazki, ikasketa oinarrizkoetan eta profesionaletan matrikulatuta daudenak (IX. eranskina).
c) «Ikasleak goi-mailako irakaskuntzan sartzea» izeneko ziurtagiria, hala behar izanez gero. Ziurtagiri horretan, 2016-2017an goi-mailako musika-eskola batean izena eman duten ikasleen zerrenda jasoko da (X. eranskina).
d) «Aplikaziorako datuen laburpena» izeneko ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, irakasleen eta ikasleen 2016-2017 ikasturteko datu orokorrak agertuko dira laburpen gisa, eta aplikazioan sartuko dira, tresna gisa erabiltzen baita deialdia ebazteko (XI. eranskina). Datu hauek bat etorri behar dute Hezkuntza Sailak «Eskola-jardueraren Estatistika» txostenean jasotzen dituenekin, eta ez dira inoiz ere haiek baino handiagoak izango. Desberdinak izanez gero, kudeatzaileak azkeneko hauek kontuan hartuko ditu, hau da, Sailak jasotakoak.
e) 2016ko ekitaldiari dagokion itxiera ekonomikoaren ziurtagiria, non xehatuta jasoko baitira ikastegiak ekitaldi horretan izandako gastu arruntak.
3.– % 25eko edo hortik gorako udal-finantziazioa duten ikastegien titularrek ziurtagiri bat erantsiko dute, dagokion toki-erakundeak egina, eta, han, adieraziko dute toki-erakundeak zenbat diru eman duen 2016ko ekitaldiko gastuetarako eta zein den ekarpen horren finantzazio-ehunekoa. Ekarpen horrek % 25etik gora izango du hobaria.
4.– Ziurtagiri horien ereduak hemen eskura daitezke: https: //www.euskadi.eus
5.– Eskaera egiten duen erakundeko titularrak edo ordezkariak sinatuta eta data jarrita aurkeztu behar da eskabidea.
6.– Eskaera egiten duen erakundeko titularrak edo ordezkariak sinatuta eta data jarrita aurkeztu behar da eskabidea.
7.– Eskatzailearen nortasun telematikoa egiaztatzea:
a) Eskabidea erakunde eskatzailearen ziurtagiri bidez sinatu baldin bada, ez da beharrezkoa izango ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea.
b) Aitzitik, pertsona fisiko baten ziurtagiriaren bidez identifikatuz gero ordezkarien erregistro elektronikoan alta emanda egon gabe:
Erakundearen legezko ordezkaria izanez gero, legezko ordezkariak duen ordezkaritza-ahalordea egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko du.
Erakundearen legezko ordezkaria ez bada, borondatezko ordezkaritzaren ahalordea aurkeztu beharko du, legezko ordezkariak duen ordezkaritza-ahalordearekin batera.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
8. artikulua.– Eskabidea eta dokumentazioa zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo aginduzko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da. Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko da.
Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
9. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.
10. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
Laguntza-sail bakoitzerako:
1.– Eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei emango zaie diru-laguntza. Horretarako, deialdi honetarako dagoen kreditua hainbanatu egingo da diru-laguntzaren onuradunen artean.
2.– Ikastegi bakoitzari zenbateko diru-laguntza dagokion kalkulatzeko, kontuan hartuko da erabilgarri dagoen aurrekontu-partida eta ikastegi bakoitzak zenbat ordu finantzagarri eman dituen, eta, horretarako, agindu honetako baremoetan (18. artikuluan jasotakoetan) ezarritako irizpideak aplikatuko dira, eta, gero, diru-laguntza honetarako dagoen zenbateko osoa hainbanatu egingo da diru-laguntzaren onuradunen artean.
3.– Nolanahi ere, musika-ikastegi bakoitzari ematen zaion diru-laguntzak egundo ere ez du gaindituko aurrekontu osoaren % 33 Ondorio horietarako, irakasle ez diren langileen gastuen eta ekipamendu- eta funtzionamendu-gastuen batura ez da izango aurrekontu osoaren % 25 baino gehiago.
4.– Finantza daitezkeen orduak direla-eta ateratzen den diru-laguntzak muga hori gainditzen badu, soberakina gainerako eskolen diru-laguntzetara bideratuko da.
11. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Hezkuntzako sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du, gehienez ere sei hilabeteko epean, agindu hau argitara ematen den egunetik hasita. Ebazpen horretan, eskatutako diru-laguntzak eman ala ez erabakiko da. Emandako diru-laguntzen kasuan, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, dagokion musika-ikastegia eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Laguntzak ukatzen badira, berriz, zergatia adierazi beharko da.
2.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/es/), eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Ebazpen-epea igaro eta interesdunak horren berri jaso ez badu, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko du, hala xedatzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44. artikuluan.
3.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
4.– Agindu honen babespean esleitutako diru-laguntzen onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da jende orok jakin dezan.
5.– Ebazpenok ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.
6.– Diru-laguntzak onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Agindu honen arabera emandako diru-laguntzen ordainketa jarraian azaltzen den moduan egingo da:
Onuradun guztientzat:
a) Lehen ordainketa, diru-laguntzaren % 9,07koa, behin emandako diru-laguntza onartuta eta 15. artikuluaren 1. atalean ezarritako epea amaituta.
b) Bigarren ordainketa 2018ko lehenengo hiruhileko naturalean egingo da, emandako diru-laguntza hurrengo artikuluan ezarritako baldintzen arabera justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.
13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
Onuradun guztiek justifikazioa bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dute, 2018ko otsailaren 28a baino lehen, webgune honetan: htpps://www.euskadi.eus/nirekudeaketak. Horretarako, agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) Langileen izenen zerrenda eta bakoitzaren kostua, guztira (XII. eranskina).
b) Aurreko letran adierazitako langileek Gizarte Segurantzan duten alta-kontratuen edo -ziurtagirien kopia; bestela, TC agiriak edo horren baliokideak erantsiko dira, langile horien lan-egoera normalizatuaren egiaztagiri moduan. Jatorrizko agiriak entitate onuradunaren egoitzan gordailutuko dira. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza arduratuko da agiriok egiaztatzeaz, eta entitate onuradunari jatorrizko agiriak aurkezteko eskatu ahal izango dio; nolanahi ere, geroago, itzuliko egingo dizkio.
c) Memoria bat, 2016-2017 ikasturteari buruzkoa, emaitzen balorazioa jasota.
d) Justifikazio-agirien bidez, 2016-2017 ikasturtean egindako gastuak justifikatu beharko dira.
e) Justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, webgune honetan.
https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2017/musika-pribatuak/y22-izapide/eu
14. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea eta itzulketa-prozedura.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari partez edo osorik itzuli beharko zaizkio. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluak diotenari jarraituz.
2.– Dirua itzultzeko, egokiak izan daitezkeen bestelako ekintzak alde batera utzi gabe, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek jasotzen dituzten betebeharrez gainera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, hamar eguneko epea izango dute, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik hasita. Hala egin ezean, diru-laguntzari uko egin diotela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
3.– Hezkuntza Ikuskaritzaren esku jartzea diru-laguntza eskatzeko aurkeztutako dokumentazioa, horretarako oinarritzat hartu dena, gainbegiratu edo ikuskatu beharreko beste elementu bat baita.
4.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa ematea.
5.– Helburu bererako beste diru-laguntza edo laguntzarik lortuz gero, diru-laguntza ematen duen Administrazioari jakinaraztea.
16. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.
Agindu honen bidez iragarritako diru-laguntzak bateragarri dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu berberarekin eman ditzakeen beste zeinahirekin. Aurrekoa gorabehera, guztizko kostua baino handiagoa baldin bada helburu horretarako eskuratu diren laguntzen guztizko kopurua, deialdi honen karietara emandako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, soberakin horri dagokion neurrian.
17. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok «Musika-eskolentzako diru-laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdiaren berri emateko bertan parte hartzen dutenei. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
18. artikulua.– Baremoak.
I. BAREMOA:
Arautu gabeko irakaskuntza:
A) Maila eta atal hauetan matrikulatutako ikasle bakoitzeko, irakas-denbora hauek jasoko dute laguntza.
a) Finantza daitezkeen denborak:
1. maila, edo lehen harremana hasteko maila:
2. maila:
Hastapen-kurtsoan, zuzenean sartu diren ikasleak baino ez dira aintzat hartuko, hau da, 1. maila egin ez dutenak.
3. maila:
4. maila:
Beste ikasketa batzuk:
Desgaitasuna duten eta aurreko mailetan sartuta ez dauden pertsonentzat bakarrik:
Alderik badago maila hauetatik ateratako irakas-denbora finantzagarriaren eta III. eranskinean agertzen den irakasleen guztizko eta zuzeneko irakas-denboraren artean, bien arteko denborarik laburrena lehenetsiko da. Horixe hartuko da denbora finantzagarritzat, eta honako bi hobari hauek gehituko zaizkio:
B) Lehentasunezko interesa duten espezialitateei laguntza ematea.
Aratu gabeko irakaskuntzan musika-tresnak ikasten dituen ikasle bakoitzeko, 2. eta 3. mailan, 30 minutuko hobaria emango da, eta, laguntza berezia jasotzen duen ikasle bakoitzeko, 2. eta 3. mailan, 60 minutukoa. Lehentasunezko interesa duten musika-tresnak hauek dira: biola, biolontxeloa, kontrabaxua, fagota, oboea, tronpa, tronboia, tuba eta harpa.
C) Ikasleak irakaskuntza arautuan sartzea.
2016-2017 ikasturtean musika-irakaskuntza profesionaletan aritutako ikasle bakoitzeko: I. baremoko guztizko denborei 300 minutu gehituko zaizkie.
Aurreko ikasturtean 2. eta 3. mailan matrikulatuta zeuden eta laguntza berezia hartzen duten ikasleen kopuruaren % 50 finantzatu ahal izango da, gehienez ere.
D) I. baremoan guztira diruz lagunduko den ordu-kopurua kalkulatzeko, A, B eta C letretan ezarritako irizpideak aplikatuta ateratzen den batura erabiliko da.
II. BAREMOA:
Irakaskuntza arautua:
A) Denbora hauei emango zaie laguntza, irakaskuntza mota honetan matrikulatutako ikasle bakoitzeko:
a) Finantza daitezkeen denborak:
Alderik badago maila hauetatik ateratako irakas-denbora finantzagarriaren eta III. eranskinean agertzen den irakasleen guztizko eta zuzeneko irakas-denboraren artean, bien arteko denborarik laburrena lehenetsiko da. Horixe hartuko da denbora finantzagarritzat, eta honako bi hobari hauek gehituko zaizkio:
B) Laguntza emango zaie, era berean, I. baremoaren B letran jasotako lehentasunezko espezialitateei, eta 30 minutuko hobaria emango zaie oinarrizko irakaskuntzako ikasleei, eta 60 minutukoa, berriz, musika-tresna horiek ikasten dituzten eta irakaskuntza arautuko maila profesionalean ikasten dutenei.
C) 400 minutu gehituko dira goi-mailako musika-eskola batean 2016-2017an matrikulatutako ikasle bakoitzeko.
D) II. baremoan guztira diruz lagunduko den ordu-kopurua kalkulatzeko, A, B eta C letretan ezarritako irizpideak aplikatuta ateratzen den batura erabiliko da.
III. BAREMOA:
Irakaskuntzako kostuak.
Orduko batez besteko kostua izango da ekitaldi ekonomikoaren guztizko kostua zati astean emandako eskola-orduen kopurua (zuzeneko irakas-denbora). I. eta II. baremoetan finkatutako diruz lagundu daitekeen irakas-denborari hobari-ehuneko jakin bat aplikatuko zaio, kostuaren arabera, honako taula hau kontuan hartuta:
Ondorio horietarako, irakasle ez diren langileen gastuen eta ekipamendu- eta funtzionamendu-gastuen batura ez da izango aurrekontu osoaren % 25 baino gehiago.
IV. BAREMOA:
Udal-finantziazioa
Tokiko udalbatzak ikastegiaren gastu arruntaren % 25 gutxienez finantzatzen duen kasuetan, hobari hauek aplikatuko zaizkio I. eta II. baremoetan finantzagarritzat jotako denborari:
a) % 25eko finantziazioa izateagatik, orduen % 25.
b) % 25etik % 62,5era arteko finantziazioa izateagatik, % 2 gehiago puntu edo frakzio bakoitzeko, ordu horien % 100eraino iritsi arte.
Udalaren ziurtagiria, ekarpen hori ziurtatzen duena eta hobari hori kalkulatzeko oinarritzat hartuko dena, ikastegian gorde beharko da, geroko errebisioetarako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetako diru-laguntzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren mende egongo dira.
Agindu hau administrazio publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz; horrez gain, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 28a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.