EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017233

EBAZPENA, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Transportes Pesa SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, argitaratu eta gordailutzea 2016., 2017., 2018. eta 2019. urteetarako.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-10-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201705917
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko ekainaren 28an, negoziazio-batzordeko ordezkariak hitzarmen horri dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuen, hitzarmenen erregistroan (REGCON).
Bigarrena.– 2017ko uztailaren 10ean eta 2017ko irailaren 12an, zuzentzeko errekerimenduak egin zitzaizkion negoziazio-batzordeari, hitzarmen kolektiboaren testuari zegokionez. Errekerimendu horiek hitzarmenen erregistroan (REGCON) bete ziren 2017ko uztailaren 21ean eta 2017ko urriaren 5ean.
Hirugarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek pertsona bat izendatu dute gordailutzeko, erregistratzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honen eskumena da Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 eta 3 artikuluan adierazitakoa (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOE), bat etorrita Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 9.1.i) artikuluarekin (2017-04-21eko EHAA), hauei dagokienez: urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-02-15eko EHAA) eta Hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-06-12ko BOE).
Bigarrena.– Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluetako betekizunen arabera sinatu da hitzarmena.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 9a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
TRANSPORTES PESA SA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2016., 2017., 2018. ETA 2019. URTEETARAKO
I. KAPITULUA
ALDERDI OROKORRAK
1. artikulua.– Alderdi negoziatzaileak.
Hitzarmen kolektibo hau negoziatu dute, batetik, enpresaren zuzendaritzaren ordezkariek eta, bestetik, enpresako langileen legezko ordezkariek (Gipuzkoako enpresa-batzordeak, Bilboko lantokiko langileen delegatuek eta Vitoria-Gasteizko lantokiko langileen delegatuak).
2. artikulua.– Lurralde-eremua.
Enpresak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetan dituen lantoki guztietan aplikatuko da hitzarmen kolektibo hau.
3. artikulua.– Langileen eta funtzioen eremua.
Hitzarmen honek enpresako langile guztiei eragingo die (langile finkoei, behin-behinekoei eta bitartekoei), bai gaur egun lanean ari direnei, bai hitzarmena indarrean dagoen bitartean hasten direnei.
4. artikulua.– Hitzarmenean itundutako baldintzen denbora-eremua, salatzea eta ez aplikatzea.
Hitzarmenaren iraupena lau urtekoa da eta 2019ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du; izan ere, atzeraeraginezko ondorioak izango ditu, 2016ko urtarrilaren 1ean sartzen zelako indarrean, beste indarraldi bat adierazita daukaten artikuluen kasuan izan ezik.
Hitzarmen hau automatikoki salatutzat joko da epemuga baino bi hil lehenago. Enpresaren zuzendaritzak konpromisoa hartzen du hurrengo hitzarmenerako negoziazioei ekiteko langileen ordezkaritzak hitzarmenaren aurreproiektua aurkeztu eta ondorengo 15 egunetan.
Espresuki hitzartzen da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hitzarmenak indarrean jarraituko duela salatu ostean eta hitzartutako iraupena amaitu ostean, harik eta bi alderdiek hori ordeztuko duen beste bat sinatzen duten arte.
Enpresak ezin izango dio inoiz hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari heldu Langileen Estatutuak 82.3 artikuluan jasotako prozeduraren bidez; epea amaitu baino lehen hura berriz negoziatzen ahalegindu beharko du, beste hitzarmen bat lotzeko edo dagoena berrikusteko, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak xedatzen duen moduan.
Enpresak hitzarmen kolektiboa aldi batean aplikatu nahi ez badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla kausa), langileen ordezkariekiko akordiorik lortzen ez badu eta gatazkak konpontzeko lanbide arteko akordioen prozeduretara jota ere desadostasun hori konpontzen ez bada, bi alderdien arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritza eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa), hitzarmena ez aplikatzeari buruzko desadostasun hori ORPRICCEren esku jartzeko –Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa–.
5. artikulua.– Konpentsazioa eta xurgatzea.
Ezarri eta itundutako baldintza guztiak konpentsatu ahal izango dira aurretiaz enpresan zeudenekin, itun bidez edo zuzendaritzak bere aldetik erabakita, eta bestelako hobekuntzekin; hobekuntza horien jatorria edonolakoa izanda ere (legea, jurisprudentzia, hitzarmena edo itun sindikala, edo beste mota bateko ituna, kontratu indibiduala, usadioak eta ohiturak) edo beste edozein kausa dela eta.
Hitzarmen honen izaera kontuan hartuta, aurrerantzean ematen diren legezko xedapenak, baldin eta lansari-kontzeptu guztietan edo batzuetan aldaketa ekonomikorik eragiten badute, hitzarmen honetan itundutako igoerek xurgatuko dituzte; hortaz, eraginkortasun praktikoa baino ez dute izango baldin eta, orokorrean hartuta, hitzarmen honetako baldintza ekonomikoen guztizko maila gainditzen badute.
Nolanahi ere, ezin izango dira xurgatu ezartzen diren, eduki ekonomikorik ez duten eta legezko aginduez goragoko arauetan onartzen diren hobekuntzak.
6. artikulua.– Berme pertsonalak.
Oro har, hitzarmen honetan itundutakoa hobetzen duten baldintza pertsonalak errespetatuko dira.
II. KAPITULUA
LANA ANTOLATZEA ETA ORDAINTZEA
7. artikulua.– Lana antolatzea: printzipio orokorra.
Enpresaren zuzendaritzari dagokio lanaren antolaketa teknikoa eta praktikoa zehaztea, legezko arau eta xedapenen barruan.
8. artikulua.– Lansariak jasotzeko modua.
Likidatutako hilaren hurrengo hilaren 8an ordainduko dira soldatak, 00:00etatik aurrera.
Langileek banku-transferentzien bidez jasoko dituzte lansariak, langile bakoitzak enpresarekin ados izendatutako aurrezki-kutxako edo bankuko kontu korrontean.
9. artikulua.– Hitzarmeneko oinarrizko soldata.
Soldata-taularen I. eranskinean azaltzen diren lanbide-kategoriek hor adierazitakoa jasoko dute hitzarmeneko oinarrizko soldata gisa. Hileko oinarrizko soldata enpresan benetan alta emanda egondako egunen arabera ordainduko da; betiere, indarrean dagoen araudian eta hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera.
Gidari-hartzaileei, hain zuzen, oinarrizko soldataren bidez beren kategoriako egiteko eta obligazioez gain, zerbitzuari ekiteko behar diren eragiketak ere ordainduko zaizkie, hala nola mailak eta pneumatikoen egoera berrikustea, airea egitea, ibilgailuaren kontrol nagusiak ondo dabiltzan ikustea, ibilgailuaren erregai-tanga betetzea, kontrol-agiriak eta txartelak prestatzea, eta ibilgailua irteerako geralekuraino eramatea lantokia dagoen herriaren barruan.
Soldata-kontzeptu horrek zerbitzua uzteko eragiketak ere ordaintzen ditu, hala nola ibilgailua iritsierako geralekutik herri bereko lantokira eramatea, ibilgailua zer egoeratan uzten den ikustea, ibilgailuaren erregai-tanga betetzea, kontrol-agiriak eta txartelak ixtea, eta zerbitzuan izan diren gorabehera guztien eguneroko partea egitea.
Lantokitik zerbitzuaren hasierako edo bukaerako geralekura dagoen tartea zazpi kilometrotik gorakoa bada (betiere udalerri berean), berariazko plusa aplikatuko da, zeina hitzarmen honen 24. artikuluan zehazten baita.
Egiteko horietan emandako denbora ez dago zerbitzuko grafiko eta ordutegietan, eta horren ordainketa soldata-kontzeptu horretan sartuta dago.
10. artikulua.– Antzinatasun-plusa.
Hitzarmen honetako langileek aldizkako igoera bat izango dute antzinatasun-osagarri pertsonal gisa, enpresan emandako zerbitzu-aldiaren arabera; hain zuzen, % 5eko biurteko bi izango dira, eta % 10eko bost bosturteko. Lanbide-kategoria bakoitzaren soldata-taularen eranskinean adierazita dauden oinarriei aplikatuko zaizkie ehuneko horiek.
Antzinatasun-osagarri pertsonalaren hasierako data langilea enpresan sartu zenekoa izango da. Antzinatasuna zenbatzeko, enpresan emandako zerbitzu-denbora guztia hartuko da kontuan, eta, lanpostua gordetzeko eskubidea izanik, kontratua etenda egon den hil edo egun guztiak benetan lan egindakotzat hartuko dira. Langileak borondatezko eszedentzia-egoeran emandako denbora, ordea, ez da benetan lan egindako denboratzat hartuko.
Igoera horiek enpresan lanean emandako urteen arabera zenbatuko dira, langilearen lanbide-taldea edo lanbide-kategoria edozein izanda ere; era berean, etenik gabe eskainitako zerbitzuak ere hartuko dira kontuan, lan-jarduera aldi baterako hainbat kontraturen babesean gauzatu bada ere, probaldiak barne.
Lanean emandako urteengatiko igoerak biurtekoa edo bosturtekoa bete eta hurrengo hilaren lehen egunean hasiko dira sortzen.
Kategoria aldatzen bada, osagarri pertsonal hori kalkulatzeko eta ordaintzeko oinarria kategoria berriari dagokiona izango da.
11. artikulua.– Aparteko haborokinak (ekaina, iraila eta abendua) eta mozkinetako partaidetzakoak (martxoa).
Martxoko, ekaineko eta abenduko aparteko haborokinak hitzarmeneko oinarrizko soldaten hileko bat izango dira, hileko antzinatasun-plusa gehituta. Haborokin horiek martxoaren 15ean, ekainaren 15ean eta abenduaren 15ean ordainduko dira, hurrenez hurren.
Haborokin horiek seihileko naturalen arabera sortu eta kalkulatuko dira; horrela, bada, urtarriletik ekainera bitarteko hilak hartuko dira kontuan ekaineko aparteko ordainsarirako; uztailetik abendura bitarteko hilak, aldiz, abenduko aparteko ordainsarirako; eta aurreko urte naturala hartuko da kontuan mozkinetako partaidetzako ordainsarirako.
Aparteko beste ordainsari bat ezartzen da. Ordainsari hori irailean ordainduko da, eta urte horretako urtarriletik abendura bitartean sortuko da; horrela, langileak ordainsari hori osorik jaso ondoren azkentzen badu bere kontratua, modu proportzionalean deskontatuko zaio zati proportzionalen likidaziotik. Deskontuari dagokionez, ordainsari horrek ekaineko eta abenduko aparteko ordainsarien tratamendu bera izango du. Iraileko ordainsaria urte bakoitzeko irailaren 15ean ordainduko da.
Iraileko aparteko ordainsaria zenbateko finko hauen arabera ordainduko da, eta zenbateko finko horiek ezin izango dira eguneratu:
2016. urtea: 300 euro.
2017. urtea: 300 euro.
2018. urtea: 600 euro.
2019. urtea: 900 euro.
2020. urtea: 1.200 euro; hitzarmenaren indarralditik kanpo ere, kopuru hori espresuki konprometituta geratuko da.
Urtean zehar enpresan sartu diren edo enpresa utzi duten langileen kasuan, lan egindako denboraren arabera hainbanatuta ordainduko zaizkie haborokinen zenbatekoak. Modu berean jokatuko da Langileen Estatutuaren 45.1) artikuluan azaltzen den kausetako baten ondorioz langileak lan-kontratua etenda daukanean. Hala eta guztiz ere, mozkinetako partaidetza-ordainsaria kalkulatzeko, hainbanaketa hori ez da egingo Langileen Estatutuaren 45. artikuluaren 1. zenbakiaren c) eta e) letretan adierazitako kasuetan, aldi baterako ezintasuna lan-istripu baten edo amatasunaren ondorioz izan ezean.
12. artikulua.– Soldata-igoerak.
Kategoria guztietarako, igoera hauek aplikatuko zaizkie kontzeptu ekonomiko guztiei, hitzarmen honetan zehaztutako salbuespenak izan ezik:
2016. urtea: EAEko 2015eko KPIa gehi % 0,5.
2017. urtea: EAEko 2016ko KPIa gehi % 0,5.
2018. urtea: EAEko 2017ko KPIa gehi % 0,5.
2019. urtea: EAEko 2018ko KPIa gehi % 0,5.
Urteren bateko KPIa negatiboa bada, ez da kontuan izango, eta % 0ko KPIa balitz bezala hartuko da. Ondorioz, % 0,5eko diferentziala izango da bermatutako gutxieneko igoera.
Igoera hori kontzeptu ekonomiko guztiei aplikatuko zaie, alde batera utzita hitzarmenean zehazten direnak eta iraileko ordainsaria, zeina lineala eta finkoa izango baita.
13. artikulua.– Lanaldia.
Bakarkako itun onuragarriagoren bat edo lanaldi partzialeko kontratu indibidualik ez badago, bidaiariak errepidez garraiatzen dituen «Transportes Pesa SA» enpresako langileentzako lanaldia hau izango da:
a) Martuteneko bulegoen administrazioari atxikitako bulegoetako taldearentzat.
Lanaldia 7 ordu eta 15 minutukoa izango da egunean, astelehenetik ostiralera (lanegunetan), abenduaren 24an eta 31n izan ezik; bi egun horietan, lanaldia 5 ordu eta 15 minutukoa izango da. Denbora horretan, 15 minutuko atsedena hartuko dute eta tarte hori lan egindako denboratzat hartuko da. Urtekoa honela kalkulatuko da: lanaldia bider benetan lan egindako egunak. Lantokira sartzeko, ordu-tarte hau ezartzen da: 07:00etatik 08:30era. Irteera-ordua honela ezarriko da: sarrera-orduari 7 ordu eta 15 minutu (lanaldia) batuta, 15 minutuko atsedena kontuan hartuta; abenduaren 24an eta 31n, 5 ordu eta 15 minutu batuko zaizkio sarrera-orduari. Hilean behin, langileen edo enpresaren aldeko edo kontrako orduak kalkulatuko dira, hurrenez hurren. Kalkulu horren ondoriozko orduak hil horretan bertan edo hurrengoan hartu edo berreskuratu beharko dira, eta horren berri eman beharko zaio euren saileko arduradunari edo, bestela, pertsona-sailari, behar besteko aurrerapenaz eta arau hauen barruan:
– Egunean egin beharreko gutxieneko lanaldia lau ordukoa izango da beti.
– Martuteneko administrazio zentralean lan egiten dutenek aparteko orduak egiten badituzte, nahitaezkoa izango da saileko arduradunak onartzea aparteko ordu horiek. Aparteko orduak eginez gero, langileak horien truke atsedenak hartu ahal izango ditu, edo ordu horiek ordaintzeko eskatu, muga hauekin betiere: urtean 80 ordu 2016rako; urtean 60 ordu 2017rako; urtean 40 ordu 2018rako; urtean 20 ordu 2019rako; eta urtean 0 ordu 2020rako; hori konprometituta geratuko da, baita hitzarmen honen indarralditik kanpo ere. Urtean sortutako gehiegizko aparteko orduak –azaldutako mugak gainditzen dituztenak– atseden konpentsatzaileen bidez hartuko dira.
Langileak, bere lanpostura ezarrita dagoen ordutegian sartzen ez bada edo bere lanetik kanpoko arrazoiren batengatik lanpostua lanaldian zehar utzi behar badu, «absentzien orria» bete beharko du eta, horrela, lanaldi osoa hartuko zaio kontuan. Halaber, langilea ez badoa lanera lanaldi osoan edo lanaldiaren zati batean, eta arrazoia hitzarmenean jasotako lizentziaren bat bada, langileak «absentzien orria» bete beharko du. Kasu batean zein bestean, saileko arduradunaren esku utzi beharko du orria langileak eta, hala behar izanez gero, pertsona-sailaren esku. Lanpostuan lanean hasteko ezarritako ordua baino geroago azalduz gero, eta horren arrazoia justifikatzen ez bada, behar diren diziplina-zehapenak ezarriko dira.
Akordio hau, lanaldiari dagokionez, ez zaie aplikatuko Bezeroentzako Arreta Zerbitzuan lan egiten dutenei. Langile horiek ezarritako ordutegiko txandak izango dituzte, eta astelehenetik ostiralera bitarteko lanegunetan lan egingo dute. Bezeroentzako Arreta Zerbitzuko langileen lanaldia 7 ordu eta 15 minutukoa izango da. Martuteneko bulego zentraletan lan egiten dutenentzat ezarrita dagoen urteko aparteko orduen kobrantzaren muga aplikatuko da.
b) Lantegietako taldearentzat.
Lanaldia 7 ordu eta 20 minutukoa izango da astelehenetik ostiralera bitarteko lanegunetan, goizeko edo arratsaldeko lanaldi jarraituan, eta lantegiko arduradunak ezarritako hileko egutegiaren arabera. Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan zirkulatzen duten ibilgailuei eman behar zaien arreta bermatze aldera, asteburuko txanda bat ezarriko da borondatez txanda hori egin nahi duten lantegiko langileen artean eta, aurreko hitzarmenetan xedatutakoaren arabera, txanda hori egiten aritu diren langileentzat. Printzipio hori aplikatuko zaie kontratatu berri diren lantegiko langileei. Asteburuetako eta jaiegunetako lana ekitatez esleitzeko, txandakako egutegia ezarriko da egun horietan lan egiten dutenen artean. Asteburuetan lan-txandak egiten dituzten lantegiko langileek 15 egun lehenago trukatu egin ahal izango dituzte hileko egutegian larunbat, igande edo jaiegunetarako ezarrita dauden atsedenak. Horretarako, aldez aurretik, eskaera egin beharko zaio, idatziz, lantegiko arduradunari, zeinak baimendu edo ukatu egin beharko baitu, arrazoituta eta idatziz, gauzatu baino lehen.
Lantegiko langileek euren artean borondatez egindako atseden-aldaketa horiei dagokienez, enpresak ulertuko du, lan-arloko ondorio guztietarako, atsedena zegokion langileak baliatu duela atseden hori, eta lana egitea zegokion langileak bete duela lan hori.
Asteburuetako lan-txandaren truke 25,20 euro ordainduko dira lanegun bakoitzeko 2016. urterako. Asteburuko lanaldi horren barruan langileak irteeraren bat egin behar badu, 20,16 euro ordainduko zaizkio lanean emandako ordu bakoitzeko 2016. urterako, eta irteera hori kontabilizatuko da etxetik ateratzen denetik etxera itzultzen den arte. Hitzarmen kolektiboaren 12. artikuluaren arabera eguneratuko dira kopuru horiek.
Abenduaren 24an eta 31n, lantegietako taldea osatzen duten langileek goizeko txandan egingo dute lan, egun horietako bakar batean lan egin dezaten, dagokien asteko txandaren arabera.
Auto-garbitzaileek 7 ordu eta 20 minutuko lanaldia izango dute egunean. Hilero, hil natural bakoitzean dauden igande, jaiegun eta lanerako larunbat adina egun edukiko dituzte atsedenerako, hurrengo artikuluan ezarritako hileko atsedenen kopuruaren arabera; dena dela, eskuarki, igande eta jaiegunetan bi larunbatetik batean hartuko dute atsedena, igande eta jaiegunetan lan egiten den lantokietan egun horietan dagoeneko lan egiten duten langileek edo kontratatzen direnek izan ezik.
Halabeharrez, ezarritako orduez kanpoko lanik eginez gero, langileak bi aukerako eskubidea izango du. Lehen aukera atseden konpentsatzaileak hartzea da, proportzio honen arabera: 4 ordura arte lan egin bada, 4 atseden-ordu, eta, 4 ordutik 7 ordu eta 20 minutura arteko lanagatik, atseden-egun bat. Bigarren aukera lanean egindako benetako orduak aparteko ordu gisa ordaintzea da, muga hauekin betiere: urtean 80 ordu 2016rako; urtean 60 ordu 2017rako; urtean 40 ordu 2018rako; urtean 20 ordu 2019rako; eta urtean 0 ordu 2020rako; hori konprometituta geratuko da, baita hitzarmen honen indarralditik kanpo ere. Urtean sortutako gehiegizko aparteko orduak –azaldutako mugak gainditzen dituztenak– atseden konpentsatzaileen bidez hartuko dira. Beste alde batetik, ezarritako orduez kanpoko lanik eginez gero, langileak bi aukerako eskubidea izango du. Lehen aukera atseden konpentsatzaileak hartzea da, proportzio honen arabera: 3 ordura arte lan egin bada, 4 atseden-ordu, eta, 3 ordutik 7 ordu eta 20 minutura bitartean, atseden-egun bat. Bigarren aukera ordaintzea da, kasu bakoitzaren arabera, hartu ez den atseden-egun erdia edo atseden-egun osoa.
Lantegietako langileek 15 minutuko atsedena izango dute eguneko lanaldian, baldin eta ordutegi jarraituan eta 4 ordutik gora lan egiten badute, goizeko txandetan nahiz arratsaldekoetan.
c) Ustiapen-taldearentzat eta ustiapenaren zuzeneko zerbitzuan diharduten administrarientzat.
7 ordu eta 20 minutuko lanaldia –benetako lana– izango dute lanegun bakoitzeko, hau da, 225 lanegun; ekonomia-ondorioetarako bakarrik, iraupen laburragoa dutenak 7 ordu eta 20 minutuko lanaldi gisa zenbatuko dira, eta hil natural bakoitzean dauden igande, jaiegun eta lanerako larunbat adina atseden-egun egongo da hilero, ondorengo artikuluan ezarritako hil bakoitzeko kopuruaren arabera.
Gidari-hartzaileentzat:
7 ordu eta 20 minutuko lanaldia –benetako lana– izango dute lanegun bakoitzeko, hau da, 225 lanegun.
7 ordu eta 20 minututik beherako iraupena duten lanaldiak gutxieneko 7 ordu eta 20 minutukoak balira bezala zenbatuko dira.
Lanaldia edo grafikoak honelakoak izan ahal izango dira: jarraituak (goizekoak edo arratsaldekoak) edo zatituak. Goizeko eta arratsaldeko grafiko jarraituak, gehienez ere, 8 ordu eta 30 minutukoak izango dira hasten direnetik, lanegunetan (astelehenetik ostiralera). Larunbat, igande eta jaiegunetan, gehienez ere, 9 ordukoak izango dira hasten direnetik.
Goizeko grafiko jarraituak 04:30etik 15:30era bitartean ezarriko dira. Arratsaldeko grafiko jarraituak 12:30etik 23:30era bitartean ezarriko dira. Halere, ustiapen-premiak direla eta, grafikoren bat 04:30 baino lehen hasi ahal izango da, edo 23:30 baino geroago amaitu; hori bai, hasieratik kontuan hartuta, ez da gaindituko 8 ordu eta 30 minutuko iraupena lanegunetan (astelehenetik ostiralera); larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, ez da gaindituko 9 orduko iraupena.
Grafiko zatitutzat hartuko dira jateko etenaldia dutenak. Lanaldi bi izango dituzte, eta, horietako bakoitzak, gutxienez, 2 ordu eta 30 minutu izango ditu; jateko, gutxienez 2 orduko etenaldia izango dute. Jateko gutxieneko etenaldi hori bi ordukoa izango da, eta 11:45etik 15:15era bitartean egingo da.
Grafikoaren zatiketa lantokitik kanpo egiten bada, zatiketa hori benetako lanaldi gisa zenbatuko da.
Lantokiko grafiko zatitua 11:45etik 15:15era bitartean zatituko da, eta, lanaldia zenbatzeari dagokionez, 3 orduko zatiketa izango da gehienez; horietatik, gutxienez 2 ordu ordutegi horren barrukoak izango dira.
Grafiko zatituak 3 ordutik gorako zatiketa badu, muga horretatik gorako denbora benetako lanaldi gisa zenbatuko da.
Grafiko zatituek, hasieratik kontuan hartuta, ez dute 10 orduko iraupena gaindituko, salbuespen honetan izan ezik: Bilbao-Donostia-Lourdes zerbitzua.
Enpresaren guztizkoari dagokionez, grafiko zatituen ehunekoa, 2017an, ez da izango ehuneko 20tik gorakoa; 2018an, berriz, ez da izango ehuneko 15etik gorakoa.
Takografoaren araudipean ez dauden linea-grafikoek, nahitaez, 30 minutuko atsedena izango dute; atseden hori dena batera erabili ahal izango da, edo 15 minutuko bi atsedenaldi egin ahal izango dira. Gidari-taldearen lanaldiaren barruan, indarreko legediak ezartzen dituen arauzko atseden-denborak eta paragrafo honen hasieran adierazitakoak benetako lan-denboratzat hartuko dira. 561/2006 (EE) Erregelamenduan eta 902/2007 Errege Dekretuan ezarrita dauden arauzko etenaldi eta atsedenetan ezin izango da inolako lanik egin.
Grafiko bakoitzak benetako denboraren guztizko balorazioa jasoko du langileei emango zaien grafiko-jokoan.
Transportes Pesa SA enpresan lan egiten dutenek, hitzarmen honen barruan daudenez, egun bat gutxiago lan egiteko eskubidea izango dute. Egun libre hori zerbitzuetako eta atsedenetako hiletako egutegian aurreikusita egon dadin, adierazitako egun librea hartu nahi duen hilaren aurreko hileko lehenengo hamabostaldian eskatu beharko du langileak. Egun hori hartzeko baimena emango da, baldin eta lantoki bakoitzean bi langilek edo gehiagok ez badu eskatu egun libre bera hartzeko baimena. Halere, Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileentzat eta gidarientzat, atsedenak hileko zenbaketaren arabera hartzen badituzte, lanik gabeko egun hori dagoeneko sartuta dago atsedenen zenbaketa horretan.
14. artikulua.– Lan-egutegia, urteko jaiegunak eta atsedenen banaketa.
Urteko jaiegunak erabakitzeko, indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituko zaio eta Eusko Jaurlaritzaren lan-egutegia erabiliko da, aurreko artikuluan lanbide-talde bakoitzarentzako lanaldiari buruz azaldutakoaren arabera.
Horrela, bulegoetako eta lantegietako taldeentzat, aipatutako lan-egutegi horri egokituko zaio urteko egutegia, langile bakoitzak bere lantokia dagoen herriko jaietako jaieguna izango baitu eta urteko oporraldian dauden jaiak hartutzat joko baitira.
a) Hileko jai eta atsedenen egutegia.
Behin-behineko langileek, ustiapeneko zuzeneko zerbitzuko administrariek, ustiapen-taldeko langileek (Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileek eta gidari-hartzaileek izan ezik) eta auto-garbitzaileek bakoitzari dagokion lan-egutegia izango dute 2017ko hil bakoitzean, atseden-koadro honen arabera:
2017. urtea
Jaiegun horiei erantsiko zaizkie lurralde bakoitzeko jaieguna eta lantoki bakoitzari dagokion herriko jaieguna. 2017rako, hauek izango dira:
Gipuzkoan: atseden bat gehiago uztailean (hilaren 31)
Bizkaian: atseden bat gehiago uztailean (hilaren 31)
Araban: atseden bat gehiago apirilean (hilaren 28a)
Donostian: atseden bat gehiago urtarrilean (hilaren 20a)
Arrasaten: atseden bat gehiago ekainean (hilaren 24a)
Bilbon: atseden bat gehiago abuztuan (hilaren 25a)
Vitoria-Gasteizen: atseden bat gehiago abuztuan (hilaren 5a)
Goiko atsedenen zenbaketan ezarritako atsedenak langilearen oporretan suertatzen badira, atseden horiek hartutzat emango dira.
Egun kopuru jakin baterako kontratatutako langileek, egun horiek hil jakin bateko egun guztiak ez badira, eskubidea izango dute lan egindako bost eguneko bi atseden-egun hartzeko, eta langile horien kontratuen iraupenaren barnean astelehenetik ostiralera bitartean dauden jaiegun adina atseden-egun hartzeko. Langilea espresuki larunbat, igande eta jaiegunetan lan egiteko kontratatu bada, berriz, bi atseden egun hartzeko eskubidea izango du, batez beste, lan egindako bost eguneko. Edonola ere, atseden-egunak kontratuaren iraupenean sartuta ez badaude edo langileari dagozkion atsedenak atseden-egun osoekin bat ez badatoz, azken kitapenean, hartu gabeko atseden horiek ordaindu egingo zaizkio, hitzarmen honetako 14. artikuluan kontzeptu horretarako ezarrita dagoen balioaren arabera.
b) Urteko jai eta atsedenen egutegia.
Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileei eta gidari-hartzaileei, kontratu finkoa badute, urteko atsedenen hainbanaketa hau aplikatuko zaie: kontuan hartuko dira urteko larunbat guztiak, urteko igande guztiak, 14 jaiegunak eta aurreko artikuluko azken paragrafoan aipatzen den lanik gabeko eguna. Ondorioz, 119 atseden-egun ateratzen dira urteko hamabi hiletan. Batetik, errespetatuta gidari-hartzaile bakoitzari urtean zehar dagozkion atseden-egunak, eta, bestetik, aintzat hartuta atseden solteak ezin direla izan urtean 15 baino gehiago eta hilean 2 baino gehiago, hileko atseden-egunak 8 eta 12 bitartean izan daitezke, eta, betiere, uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean 20 atseden-egun izatea bermatuko da. Guztiarekin ere, kontuan izan behar da aipatutako hiru hiletako bat oporretarako dela. Hileko atsedenen batezbestekoa, urteko zenbaketaren ondorioetarako, 10ekoa izango da urteko hil guztietan, otsailean izan ezik; izan ere, otsailean batezbesteko hori 9koa izango da.
Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileei, urteko atsedenei dagokienez, hainbanaketa berbera aplikatu zaie, hau da, aurreko paragrafoan zehaztutakoa. Eta urteko hil guztietan banatuko dira: hileko 10 –otsailean salbu, zeinean 9 izango baitira– ken oporraldiarekin bat egiten dutenak. Bilboko eta Donostiako lantokietan txarteldegiko lana egiten dutenei muga hau aplikatuko zaie: urtean 15 atseden solte, eta hilean gehienez 2. Donostiako eta Bilboko txarteldegi horietako langileei bermatuko zaie 20 atseden-egun izatea uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean. Kontuan izan behar da aipatutako hiru hiletako bat oporretarako dela. Hileko atsedenen batezbestekoa, urteko zenbaketaren ondorioetarako, 10ekoa izango da urteko hil guztietan, otsailean izan ezik; izan ere, otsailean batezbesteko hori 9koa izango da.
Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileek eta gidariek, kontratu mugagabea badute, urteko egutegi bat izango dute urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.
Hileko egutegian finkatutako atsedenak oso-osorik errespetatuko dira, ezohiko egoeren ondorioz aurreikusi ezin diren kasuetan izan ezik. Aurreikusi ezin diren kasu horietan, hileko egutegian agertzen den edozein atseden kendu aurretik, enpresak erreserbara jotzeko aukera aztertuko du, une horretan halakorik badago, edo zerbitzu horiek borondatez betetzeko aukera, edo ibilgailuak alokatzeko aukera, edo beste irtenbideren bat; aukera horiek guztiak agortu ondoren, besterik ez badago, deuseztatu ahal izango da lehendik emandako eskubidea.
Lantoki bakoitzeko trafikoko buruari jakinarazi ostean, eta kontuan izanik gidatze- eta atseden-denborei dagokienez gidariek 561/2006 (EE) Erregelamenduan eta 902/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa bete behar dutela, lanbide-kategoria bereko langileek trukatu egin ditzakete hileko egutegian finkatutako atsedenak, betiere aldez aurretik eta idatziz eskabidea eginda eta trafikoko buruak horretarako baimena ematen badu. Izan ere, trafikoko buruak, salbuespenezko arrazoiak direla-eta, aldaketa hori egiteko baimena uka dezake. Betiere, grafiko-aldaketa bat egiteko eskubidea izateko, beharrezkoa eta nahitaezkoa izango da aldaketa horretan parte hartzen duten langileek eguneko lanaldi-ehuneko bera izatea.
Langileek euren artean borondatez egindako atseden-aldaketa horiei dagokienez, enpresak ulertuko du, lan-arloko ondorio guztietarako, atsedena zegokion langileak baliatu duela atseden hori, eta lana egitea zegokion langileak bete duela lan hori.
Hileko egutegiak indarrean dirauen aldian, aurreikusitako atsedenen bat edo batzuk deuseztatzea beharrezko gertatzen denean, hil horretan libre gelditzen diren egunen artean beste atseden bat hartzeko aukera emango zaio langileari edo hurrengo hilerako edo hiletarako beste atseden bat gehiago eskatzeko, edo egun hori oporraldiari eransteko, edo egunari dagokion zenbatekoa jasotzeko, betiere muga hauek gainditu ez baditu: urtean 80 ordu 2016rako; urtean 60 ordu 2017rako; urtean 40 ordu 2018rako; urtean 20 ordu 2019rako; eta urtean 0 ordu 2020rako; hori konprometituta geratuko da, baita hitzarmen honen indarralditik kanpo ere. Urtean sortutako gehiegizko aparteko orduak –azaldutako mugak gainditzen dituztenak– atseden konpentsatzaileen bidez hartuko dira.
Hil baten barruan hartu gabeko atseden baten balioa hitzarmen honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera ordainduko da. Kopuru hori enpresa honen plantillako edozein langileri aplika dakioke, lanbide-kategoria gorabehera.
Aurreikusi diren absentziak, hau da, atseden-egunak eta arauzko oporrak, lantokietako langile-plantillek behar bezala betetzen dituztenez gero, hartzen ez diren atsedenak egiturazkotzat jotzen dira.
15. artikulua.– Zerbitzuak eta atsedenak izendatzea.
Gidari-hartzaileei eta txarteldegiko langileei urteko egutegi bat emango zaie. Hala ere, espresuki adostuta dago egutegi hori gutxi gorabeherakoa izango dela; izan ere, hilero ematen diren egutegiak izango dira lotesleak, ondorio guztietarako.
Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileei eta gidariei, kontratu mugagabea badute, urteko egutegia emango zaie aurreko urteko abenduaren 10a baino lehen. Egutegi hori urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa izango da. Urteko egutegi horretan, grafikoen eta atsedenen txandakatzea adieraziko zaie kontratu mugagabea duten langileei, aparteko orduengatiko konpentsazio-egunak aukeratu ahal izateko (atseden konpentsatzaileak). Tarte bat zabalik utziko da, urte horren barruan egunak eta asteburuak egokitu ahal izateko, enpresako langileekin itundutako akordio baten bidez (zentro bakoitzeko txandakatzea bakarrik egongo da; izan ere, bajak, oporrak, atseden konpentsatzaileak edo lizentziak behin-behineko langileen bidez ordezkatu beharko dira).
Hileko egutegiak langileen ordezkariei aurkeztuko zaizkie egutegi horiek aplikatu baino 20 egun lehenago, betiere hori posible bada Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreabisu eta komunikazioen epeak kontuan hartuta.
Langileek 15 egun lehenago jakin beharko dute hil bakoitzeko atsedenen eta zerbitzuen izendapena, betiere hori posible bada Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreabisu eta komunikazioen epeei dagokienez.
Grafikoak eta atsedenak txandaka eta hurrenkera korrelatiboan izendatuko dira lantoki bakoitzeko talde bakoitzeko langileen artean; nolanahi ere, irizpide hori betetzeko nahikoa entitaterik ez duten lantokietako edo taldeetako langileak ere ordeztu beharko dira.
Grafikoak eta atsedenak jartzeko txandakatze-modu hori, hurrenkera korrelatiboan egingo dena alegia, astekako zikloetan ezarriko da lantoki bakoitzeko pertsona-talde bakoitzarentzat. Ziklo bakoitzeko, aste adina langile egongo dira talde bakoitzean. Grafikoen edo pertsonen kopurua handitu edo murrizten bada, aldaketa horien arabera egokituko dira txandakatzea eta zikloa. Ziklo horiek eta dagozkien txandakatzeak langileen ordezkariei entregatuko zaizkie benetan aplikatu baino 20 egun lehenago, egokitzat jotzen dutena alega dezaten.
Lana eta atsedenak banatzeko printzipio orokor honen bitartez, lan-kantitatearen aldeak eta, horren ondorioz, talde edo lantoki bakoitzeko pertsonen artean sortzen diren alde ekonomikoak desagerraraztea da helburua.
Printzipio orokor gisa, Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileei eta gidari-hartzaileei gutxienez binaka izendatuko zaizkie atsedenak. Atseden batzuen eta beste batzuen artean gutxienez lanegun bi egongo dira, saiatu behar baita atseden-egun bakarra ez ematen. Hala ere, kontuan izanik asteko egun bakoitzerako grafiko asko daudela, irizpide hauek erabiliko dira hileko atsedenak esleitzerakoan: binaka izendatuko dira ahal dela; hori ezinezkoa bada, hiru atsedeneko multzoak izendatuko dira; hala eta guztiz ere, atseden solteak jarri behar badira, gehienez ere 15 izango dira lanbide-kategoria hori osatzen duen pertsona bakoitzaren urteko 11 lan-egutegietan, eta hilean 2.
Atseden solte bakarra izendatzen bada, atsedenaren aurreko eguneko lana bukatu eta hurrengo egunekoa hasi arte, 36 ordu igaroko dira, jarraian, lanik gabe, salbu eta atseden solte hori urteko 14 jaiegunetako bat bada. Etenik gabeko 36 orduko atseden hori ematea ezinezkoa bada, falta den denbora atseden laburragoko dieta gisa konpentsatuko da.
Hilean asteburu osoko atseden bat gutxienez hartu beharko da (larunbata eta igandea). Hilean atseden-asteburu bat baino gehiago hartu ahal bada, asteburu horiek ekitatez banatuko dira talde bakoitzeko kideen artean. Ondorioz, langile bakoitzak, hileko hamaika egutegietan, beste 10 atseden-asteburu izan beharko ditu gutxienez urtean zehar. Horrek dakarrena da urteko zenbaketan 21 asteburu izatea. Bi kasuetan, hartutako asteburuak zenbatzeko, oporraldia ez da kontuan izango. Udako hiru hiletan (uztaila, abuztua eta iraila), oporrak hartzeko aukeratzen den hilean izan ezik, bi atseden-asteburu oso esleituko dira hil bakoitzeko. Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileei eta gidariei aplikatuko zaie printzipio hori.
Arau orokor gisa, hiru asteburutik behin atseden-asteburu oso bat esleituko da. Hiru asteburutik behin ezin bada atseden-asteburu oso bat esleitu, aldez aurretik horren berri emango zaio eraginpeko zentroko langileen ordezkaritzari. Langilea, edozein arrazoirengatik, bajan baldin badago, atseden eta asteburu hartu gisa zenbatuko zaizkio lan-egutegiaren arabera dagozkionak, aldi horretan aktiboan egon izan balitz bezala.
Beti hartu beharko da kontuan gidari-taldeko langileek ezin dutela inoiz 6 egun baino gehiagotan jarraian lan egin.
Baldin eta langile bat, urtean zehar, behin-behineko kontratua izatetik lan-kontratu mugagabea izatera pasatzen bada, hilak dituen adina larunbat, igande eta jaiegun hartuko ditu atsedentzat, urte bukaerara arte, eta ez zaio aplikatuko atsedenak hartzeko dagoen urteko jai eta atsedenen egutegia. Hurrengo urteko urtarriletik aurrera, ordea, hitzarmen kolektibo honen 14. artikuluaren b) letran zehaztutako urteko jai eta atsedenen egutegiaren arabera hartuko ditu atsedenak.
Langileen ordezkarien gehiengoa ados badago eta horrek enpresaren gastuak handitzen ez baditu, lantalde bakoitzaren grafikoak eta atsedenak beste modu batean banatu ahal izango dira lantokietan. Erabaki hori idatziz aurkeztu beharko zaio enpresaren zuzendaritzari. Idazki hori behar bezala sinatu beharko du langileen ordezkarien gehiengoak.
16. artikulua.– Benetako lan-denbora.
Esleitutako grafikoak egiten emandako denbora guztia benetako lan-denboratzat hartuko da. Hartze- eta lagatze-eginkizunetan erabilitako denbora eta ibilgailua kotxe-tokitik geralekura eramateko jarduna oinarrizko soldataren barruan dira, hain justu ere hitzarmen kolektiboaren 9. artikuluan zehaztuta dagoen modura. Autobusa garbitzeko denbora ez da sartuko lanaldian, berariazko plus gisa ordaintzen baita.
17. artikulua.– Aparteko orduak.
Aparteko denboratzat hartuko da eguneko lanaldia gainditzen duena.
Langileak aukeran izango du aparteko orduak kobratzea (jarraian azaltzen den gehieneko mugarekin) edo ordu horiek hartzea; orduko ordu bat zenbatuko da.
2016. urtean, gehienez ere aparteko 80 ordu ordainduko dira.
2017. urtean, gehienez ere aparteko 60 ordu ordainduko dira.
2018. urtean, gehienez ere aparteko 40 ordu ordainduko dira.
2019. urtean, gehienez ere aparteko 20 ordu ordainduko dira.
2020. urtean ez da aparteko ordurik ordainduko.
Urtean sortutako gehiegizko aparteko orduak –azaldutako mugak gainditzen dituztenak– atseden konpentsatzaileen bidez hartuko dira.
Printzipio hori lanbide-kategoria guztiei aplikatuko zaie, lan-kontratu mota gorabehera (mugagabea edo behin-behinekoa).
Hitzarmen honen I. eranskinean dago ezarrita aparteko orduen ordainketaren balioa lanbide-kategoria bakoitzarentzat.
Atseden-egun osoez konpentsatzeko diren aparteko orduak honela metatuko dira:
Eguneko lanaldi arruntetik gora sortutako aparteko denbora metatu egingo da, eta honela konpentsatuko da: lanegun bat gutxiago 7 ordu eta 20 minutuko denbora-tarte bakoitzeko.
Aparteko orduak egin diren urtearen hurrengo urtean hartuko dira konpentsazio-egunak, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, hil hauetan izan ezik: uztaila, abuztua eta iraila.
Horretarako, urte bateko abenduaren 1etik hurrengo urteko azaroaren 30era bitarteko urteko aldietan egindako aparteko orduak zenbatuko dira eta ondorengo urtarrilaren 1etik aurrera konpentsatuko dira. Hortaz, hilero, nominarekin batera, egin dituen eta atsedenez konpentsatzeko dauden aparteko orduak emango dizkio enpresak langile bakoitzari. Urte bakoitzeko abenduaren 15a baino lehen, metatutako aparteko orduak jakinaraziko dira, eta, beraz, langile bakoitzak hartzeko dituen konpentsazio-egunak.
Aurreko urtean egindako aparteko orduek sortu dituzten atseden konpentsatzaileak jarraian baliatu beharko dira eta, hil horretarako itundutako atseden-egunak ez ezik, aipatutako atseden konpentsatzaileak ere baliatuko dira.
Atseden konpentsatzaileak hartzeko egutegia finkatuko du enpresak, eta egutegi hori langileen ordezkariei entregatu beharko die urte bakoitzeko abenduaren lehen hamabostaldiaren barruan, langile bakoitzak abenduaren 20a baino lehen aukeratu ahal izateko.
Lanegunak atseden konpentsatzaileen truke aldatzea mugaturik egongo da; izan ere, printzipio orokor gisa, atseden konpentsatzaile horietan ez dira batera egongo lantoki bakoitzean lanbide-kategorien arabera banatutako langileen % 10 baino gehiago. Horrez gain, atseden konpentsatzaile horiek langileek edo langileen ordezkariek ezarritako ordenaren arabera emango dira.
Halakorik ez badago, hau da, langileak edo ordezkariak ados ez badaude, oporraldiak aukeratzeko txandaren alderantzizko ordenan esleituko dira atseden konpentsatzaileak.
Behin-behineko langileek atseden konpentsatzaileak sortu badituzte, horiek hileko egutegietan izendatuko zaizkie.
Salbuespen gisa, gidari-hartzaileek esleituta duten grafikoa normaltasunez egin eta, presazko beharrizanengatik edo zirkulazio-arrazoiengatik, esleitutako grafiko hori hasi aurretik edo amaitu ondoren beste lan bat egitea dakarren beste zerbitzuren bat egin behar badute, «bigarren grafiko» horretan emandako denbora honela hartuko da kontuan: trafikoko buruak enpresaren zerbitzuan sartzen dela erabakitzen duenetik aurrera hasiko da bigarren grafikoa. Bigarren grafiko hori egiteko erabilitako denbora guztia aparteko ordu gisa hartuko da kontuan.
Lehenengo grafikoaren amaieratik bigarrenaren hasierara edo alderantziz igarotako denbora ez da kontuan hartuko, baldin eta grafiko bi horien artean denbora hori ordubetetik gorakoa bada. Hala ere, grafiko bien arteko denbora ez bada ordubetera iristen, denbora hori benetako lan-denbora gisa zenbatuko da. Grafiko bien arteko denbora, halaber, kontuan hartuko da jatordurako, eta horri buruz geroago xedatuko dena aplikatuko da. Beste alde batetik, «bigarren grafikoa» hasteko edo amaitzeko denbora ere kontuan hartuko da bai afaltzeko dietarako, bai gosaltzeko eta afaltzeko denborarako, bai atseden laburragoak izateagatik eman beharreko kalte-ordainerako.
Egutegian atseden konpentsatzaileak esleitzen direnean, nominaren ondorioetarako, kontzeptu finkoak eta kontzeptu aldakor hauek ordainduko dira:
– Dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina.
– Garbiketa, lan hori egiten den zentroetan.
– Lekualdatze-kilometroak, kontzeptu hori onartuta daukatenentzat.
18. artikulua.– Norberaren aukerako egunak (F6).
Donostiako eta Bilboko txarteldegietako langileek eta gidariek norberaren aukerako 6 egun hautatu ahal izango dituzte urtean (urte osoan zehar), eta, egun horiek hartutakoan, aurreko urteko ordu metatuen poltsatik kenduko dira. Egun horiek ez dira inola ere benetako lanalditzat hartuko. Lehen aipatutako lanbide-kategorietako langile batek norberaren aukerako egunen bat edo guztiak hartu nahi baditu baina aurreko urteko ordu metatuak dagoeneko gastatu baditu, norberaren aukerako egun horiek erabili ahal izango ditu, baldin eta aldez aurretik sortu baditu, eta erabiliko dituen urtean guztira metatu dituen orduei kenduko zaizkie.
Betekizunei, baldintzei, aurreabisuei eta egunak aldi berean hartuko dituztenen ehunekoari dagokienez, norberaren aukerako egun horien (F6) tratamendua gaur egun atseden konpentsatzaileek duten berbera izango da; salbuespen bakarra horiek hartzeko aldia izango da, zeina urteko hil guztietara zabaltzen baita.
Aurreko paragrafoan zehaztutako tratamenduaz gain, arau hauek ezartzen dira norberaren aukerako egunak (F6) eskatzeko, emateko edo ukatzeko:
– Idatziz eskatu beharko zaizkio dagokion trafiko-sailari.
– Erantzuna ere idatziz eman beharko da eta, erantzun hori ezezkoa bada, egun hori lehenago eskatu duten langileen izenak adieraziko dira, horrek justifikatzen baitu eskaera ukatzea.
– Eguna hartzeko data baino bi hil lehenago eskatu ahal izango da gehienez.
19. artikulua.– Erreserbako grafikoak eta denborak.
Enpresak behar diren erreserbak hartuko ditu zerbitzuan egon daitezkeen premiak betetzeko. Ildo horretan, erreserbako grafiko osoak eta zerbitzu zehatzetarako erreserbak egin ahal izango dira ohiko grafikoen barruan.
Erreserbako grafiko osoak grafikotzat joko dira ondorio guztietarako, eta talde bakoitzaren hileko egutegietan agertu behar dira; erreserbako grafikoak txandaka eta modu korrelatiboan beteko dira hor sartzen diren langileen artean, eta, lanaldi zatitua denean, eten bakarra izango dute, otordua egiteko.
Erreserbako grafiko osoetan egindako denbora benetako lan-denboratzat hartuko da eta langileek enpresaren esanetara egon beharko dute aldi oso horretan.
Grafiko arruntek erreserba bakarra izan ahal izango dute. Erreserba hori ere benetako lan-denboratzat hartuko da eta gutxienez hogeita hamar minutukoa izango da.
20. artikulua.– Pizgarriak.
Lanbide-kategoria guztiek 2015-12-31n jasotzen zituzten pizgarriak 12. artikuluaren arabera handituko dira, hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean zehazten den moduan. Kasu guztietan, pizgarriak urteko 12 hiletan ordainduko dira.
21. artikulua.– Hartzaile-plusa.
Hain zuzen ere, gidari-hartzaileei dagokienez, hartzaile-plusaren bidez hauek ordaintzen dira: likidazio-orria eta txartel-makina prestatzeko eta irekitzeko funtzioak, bidaietarako txartelak edo beste edozein bidaia-titulu saltzea, bidaiariak eta haiek erabiltzen dituzten bidaia-tituluak ikuskatzea eta kontrolatzea, txartelak emateko eta txartelak baliogabetzeko makinetatik informazioa deskargatzea, eta bildutako dirua entregatu eta likidatzea; jasoko duten lansaria hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean adierazitakoa izango da.
Behar den moduan oinarritutako kasuetan eta enpresaren beharrei erantzuteko gidari-lanak baino egiten ez direnean, osagarri hori errespetatu egingo da.
22. artikulua.– Auto lagungarriak.
Gidari-hartzaileek, hartzaile diren aldetik, zerbitzuko ibilgailu bat baino gehiago ziurtatzen dutenean, hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean adierazitako kopurua jasoko dute egunean, eta beren lanbide-kategoriari dagozkion lanak bete beharko dituzte ibilgailu guztietan.
23. artikulua.– Larunbat, igande eta jaiegunetan lan egiteagatiko plusa.
Eguneko lanaldia igande edo jaiegunetan egiten duten langile guztiek «jaiegun-plusa» jasoko dute.
Jaiegun-plus horren kopurua hitzarmen honen II. eranskinean adierazitakoa izango da, eta kopuru hori ordainduko da igandeetan edo jaiegunetan egindako lanaldi bakoitzeko.
Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean igande- edo jaiegun-plusa ere aplikatuko da, egun horietarako aurreikusitako ordainketez gain.
Eguneko lanaldia lan-larunbatean egiten duen langileak «larunbat-plusa» jasoko du. Plus hori igande- eta jaiegun-plusaren % 50ekoa izango da, eta modu gorakorrean ordainduko da, baldintza hauetan:
– 2017. urtea: % 25 (igande- eta jaiegun-plusaren % 50ena).
– 2018. urtea: % 50 (igande- eta jaiegun-plusaren % 50ena).
– 2019. urtea: % 75 (igande- eta jaiegun-plusaren % 50ena).
– 2020. urtea: hitzarmen honen indarralditik kanpo ere, espresuki konprometituta geratuko da igande- eta jaiegun-plusaren % 50en ordainketa.
24. artikulua.– Paketeria-plusa.
Paketeria-plusa paketeria-zerbitzua esleituta duten grafikoak egiten dituzten gidari-taldeko langileei ordainduko zaie. Fakturatutako paketeak eta enkarguak txarteldegitik autobusera eta autobusetik txarteldegira eramateko betebeharra eta ardura izango dute; horrela egingo dute bai jatorrian, bai tarteko guneetako txarteldegietan, bai helmugan. Plus hori hitzarmen honen II. eranskinean ezarritako kopuruen arabera ordainduko da.
Bestalde, helmugan entregatzeko jaso dituzten paketeak eta enkarguak autobusean fakturatzeko betebeharra dutenez, gidari-hartzaileek, fakturazio horretan bildutako guztiaren % 10 jasoko dute paketeria-plus gisa. Ez da horrela izango, ordea, jada aurreko paragrafoko paketeria-plusa jarrita duten grafikoen barruan egiten denean.
Gidariek paketeria-plusa jarri gabe duen edozein grafiko burutzen badute, eta autobusean helmugan entregatzeko paketeak fakturatu badituzte, baina entrega egitea ezinezkoa bazaie paketeak hartu behar dituena azaldu ez delako, autobusean gordeko dituzte, eta gidariek ez dute inolako erantzukizunik izango paketeen lekualdatzeari dagokionez; nahi badute, hala ere, paketeok hurbilen dagoen txarteldegian entrega ditzakete.
25. artikulua.– Distantzia-plusa.
Lantokitik zerbitzuaren hasierako edo bukaerako geralekura dagoen tartea 7 kilometrotik gorakoa bada (betiere udalerri berean), hitzarmen honen II. eranskinean zehaztutako ordainketa ezarri zaie gidari-hartzaileei.
Geralekuko lehen zerbitzua hastearekin hasi eta ibilbideko azken geralekura iristearekin amaituko da lanaldia zenbatzen.
Vitoria-Gasteizko lantokian, grafiko zatituek 20 minutuko balorazio gehigarria izango dute Gasteizko geltokitik Jundizera doan ibilbiderako, eta beste 20 minutukoa Jundiztik Gasteizko geltokira doan ibilbiderako. Balorazio horrek konpentsatu egiten du grafiko zatitu horietan Jundizko kotxe-tokiraino egin behar den lekualdatzea, eta, ondorio guztietarako, benetako lan-denboratzat hartu da eta jateko denbora kalkulatzeko zenbatuko da.
26. artikulua.– Gaueko lanaren plusa.
Ohiko lanaldian, gutxienez hiru ordu gaueko aldian (22:00etatik 06:00etara) ematen dituzten langileek berariazko lansaria jasoko dute gaueko lanaren plus gisa. Plus hori hitzarmeneko oinarrizko soldataren ehuneko 25ekoa izango da. Langile horiei ez zaizkie aplikatuko hitzarmen honen 34. eta 36. artikuluak, gosariagatiko eta afariagatiko kalte-ordainei dagokienez.
27. artikulua.– Gaueko zerbitzuak eta zerbitzu bereziak.
Aldundiek enpresari gaueko zerbitzua emateko eskatzen diotenean, enpresak langileen ordezkariei lehenbailehen jakinaraziko dizkie jasotako eskaera eta egin beharreko grafikoen aurreikuspena. Grafiko horiek lanaldi jarraitukoak izango dira, eta gidatzeko eta atsedeneko gehieneko denborari buruz hitzarmen kolektibo honen 19. artikuluan ezarrita dagoena jasoko dute. Gaueko zerbitzuetako lanaldia gehienez ere 8 ordukoa izango da, eta ez da egongo eguneko zerbitzuetako ibilbide edo espediziorik. Eguneko eta gaueko zerbitzuak bereizteko, bakoitzari linea-nomenklatura bat emango zaio, foru-aldundiak esleitutakoaren edo udalek eskatutako zerbitzu berezien arabera.
Gaueko grafikoek beste grafiko guztiek bezalako tratamendua izango dute oro har erakunde barnean, ondorio guztietarako. Laneko egutegian jasotako gaueko grafikoari dagokion eguneko lanalditzat hartuko da beti zerbitzua.
Gaueko grafikoa egiteak ez dakar galerarik atsedena hartzerakoan, zeren eta hil horretan hartzekoak beti errespetatuko baitira. Gaueko zerbitzua bete ondoren, hurrengo zerbitzuaren izendapena gaueko beste grafiko batekoa izango da, horrelakorik badago, eta gehienez ere elkarren segidako gaueko zerbitzu bi, edo bi edo hiru atseden-egun.
Liskar edo istiluak direla-eta gaueko zerbitzuak aldaketak jasaten baditu eta ezin bada ohiko moduan eman, enpresak, langileen ordezkariekin ados jarrita, zerbitzua normaltasunez ematea bermatuko duten neurriak hartuko ditu.
Gaueko zerbitzu bat eginez gero, langileak eskubidea izango du konpentsazio ekonomikoa edo atseden-egun bat hartzea aukeratzeko, hemen zehaztu bezala:
a) Konpentsazio ekonomikoa: gauez egiten den zerbitzu bakoitzeko, zerbitzu hori egiten duen pertsonak hitzarmen honen II. eranskinean ezarri diren kopuruak jasoko ditu. Konpentsazio ekonomiko horrek kontzeptu aldakor guztiak hartzen ditu, hala nola zerbitzua eman duenak erabilitako ibilgailua barrutik garbitzea.
b) Atseden-konpentsazioa: gaueko zerbitzu bakoitzeko, zerbitzu hori egin duenak egun bateko atseden konpentsatzailea izango du, eta atseden konpentsatzaile hori esleitzen zaion hilean dagozkion atseden-egunei gehituko zaie.
Zerbitzu bereziak linea erregularreko ohiko ordutegitik kanpo egiten badira eta goizaldeko ordu bata baino geroago bukatzen badira, afari-dieta gehigarria jasoko dute, eta, goizaldeko hirurak baino geroago bukatzen badira, beste dieta bat jasoko dute.
28. artikulua.– Eguberri-egunean eta Urteberri-egunean zerbitzuak ematea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eman duen irizpenaren arabera, Transportes Pesa SA enpresak linea erregularreko zerbitzuak emango ditu aipatutako foru-erakundeak abenduaren 25erako eta urtarrilaren 1erako (Eguberri-eguna eta Urteberri-eguna) baimentzen dituen linea eta ordutegietan.
Eguberri-eguneko eta Urteberri-eguneko zerbitzua emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako lineak eta bidaiak estaltzeko behar diren grafikoak esleituko dira.
Grafikoak honela egingo dira:
Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztutako linea eta bidaiei erantzuteko behar diren grafikoak egingo dira.
Eguberri-eguneko eta Urteberri-eguneko grafiko horiek, edo enpresak aurreikusi nahi dituenak urteko egutegia eratzerakoan zerbitzua emateko ordutegiak eta lineak zein izango diren ez dakielako, urteko egutegiari gehituko zaizkio, eta irizpide hauen arabera esleituko dira:
1.– Lan hori egiteko beren borondatez aurkezten diren gidariei esleituko zaie lana.
2.– Langile boluntarioen bidez grafiko guztiak estaltzen ez badira, gainerako txandak lan-poltsako behin-behineko langileei esleituko zaizkie.
3.– Langile boluntarioen eta lan-poltsako behin-behineko langileen bidez ere grafiko guztiak estaltzen ez badira, grafiko horiek kontratu mugagabea duten langileei (finkoei) esleituko zaizkie, eta lan hori nahitaez bete beharko dute. Enpresak konpromisoa hartzen du grafikoak boluntario ez diren langileen artean txandaka esleitzeko; ondorioz, urtetik urtera, txanda horiek ez zaizkie langile berberei esleituko.
Hori dela eta, urteko gutxi gorabeherako egutegian, kontratu mugagabea (finkoa) duten pertsonei «atseden baldintzatuen» aurreikuspen bat esleituko zaie Eguberri- eta Urteberri-egunetarako. Esleipen-puntuetako hirugarrena aplikatu behar izanez gero (langile boluntarioen eta behin-behineko langileen bidez Eguberriko eta Urteberriko grafikoak estali gabe egotea), «atseden baldintzatua» esleituta duten langileek egin beharko dituzte sobera geratzen diren txandak, nahitaez.
Bestalde, «atseden baldintzatu» hori erabili behar ez bada, hori esleituta duten langileek atsedena izango dute. «Atseden baldintzatu» hori laneguntzat hartuko da urteko 109 atseden-egunak zenbatzeko ondorioetarako, eta, beraz, atseden baldintzatu hori erabili behar ez bada eta hori esleituta zeukan langileak atsedena hartzen badu, egun hori kendu egingo zaio urtean metatutako guztizko orduen kopurutik (07:20 ordu).
Bestalde, zerbitzua Eguberri- edo Urteberri-egunetan egiten duenak hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean aurreikusitako «eguberri-plusa» jasoko du, gehi jaiegun-plusa.
Eguberri- eta Urteberri-egunetan gaueko zerbitzua egiten bada, «eguberri-plusa» gehi gaueko lanaren plusa ordainduko dira, hitzarmen kolektiboko II. eranskinean adierazitako kopuruen arabera.
29. artikulua.– Lekualdatze bereziak.
Enpresak behar diren baliabideak jarriko ditu, normalean Donostiako lantokiko linea-grafikoak egiten dituzten gidari-hartzaileek aukera izan dezaten Martuteneko instalazioetatik autobus-geltokira joateko (edo alderantziz); izan ere, grafiko horietako gehienetan, zerbitzua ez da amaitzen edo hasten zerbitzu hori hasi edo amaitu den toki berean. Enpresak jarritako garraiobideetan egindako lekualdatze horren truke eta iritsiera- edo irteera-orduaren eta grafikoaren hasieraren edo amaieraren artean igarotzen den denboraren truke, gidari-hartzaileek ez dute jasoko inolako kopuru ekonomikorik.
Kasu guztietan, lekualdatzearen hasieratik amaierara 30 minutu igaroko dira gehienez.
30. artikulua.– Lantokiz aldatu gabeko mugigarritasun geografikoa.
Lan-egoitzatik kanpo aldian behin egiten diren zerbitzuak hartzen ditu kontuan mugigarritasun horrek, eta langile bakoitzak gehienez lau egun eman ditzake hilabeteko, beste lantoki batzuetako grafikoak egiten. Horrelakoetan, zuzendaritzak beretzat gorde du, hileko egutegiko grafikoen txandakatzea errespetatuta, lekuz aldatu behar duten langileei enpresari objektiboki kosturik txikiena eragingo dion grafikoa edo zerbitzua jartzeko ahalmena; hori bai, enpresaren hitzarmen honetako 15. artikuluan xedatutakoa bete beharko du.
Hala izanez gero, langileen lekualdatze-denbora benetako lan-denboratzat hartuko da ondorio guztietarako, gidari zein bidaiari izan bai enpresaren ibilgailuetan bai enpresarenak ez diren ibilgailuetan. Bidaiaria enpresarenak ez diren ibilgailuetan lekualdatuz gero, enpresak berak ordainduko ditu bidaia horretako kostuak.
Langileak lekualdatzeok bere kontura egitea onartzen badu, kilometroengatiko konpentsazioa jasoko du, eta hitzarmen honen II. eranskinean dago adierazita zenbatekoa den. Hala bada, lanaldiaren hasiera edo amaiera zenbatzeko, langilearen beraren lantokia hartuko da kontuan ondorio guztietarako; hala ere, lekualdatze-denbora zenbatzeko, benetan emandako denbora hartuko da kontuan.
Bestalde, langilearen lanaldian zehar, lan-arrazoiak direla medio, langilea bere ibilgailuan lekualdatzen bada, ibilgailua erabiltzea kilometroen araberako kalte-ordainaren bidez konpentsatuko da, hitzarmen honen II. eranskinean adierazitakoarekin bat.
31. artikulua.– Lantokiz aldatu beharreko mugigarritasun geografikoa.
Enpresak lantokia behin betiko aldatzen badu, baina aldaketa honek langilea behartzen ez badu bizilekuz aldatzera, Langileen Estatutuko 40. artikuluan arautzen diren suposizioetatik kanpo geratzen da, eta, beraz, enpresak egoera honek ukitutako langileei hilero egoera hauek eragindako kopuruak ordainduko dizkie:
a) Lantokira bere ibilgailuan joaten bada, hitzarmen honen II. eranskinean adierazitako kopuruak ordainduko zaizkio benetako lanegunetan gehiegiz egiten duen kilometro bakoitzeko; joaneko bidaia bat eta etorriko beste bidaia bat kontatuko dira eguneko bere etxetik lantoki berriraino, berdin zenbatuta, bere etxetik lehengo lantokira egin beharko zituzkeenei dagokienez. Nolanahi ere, bi punturen arteko distantzia neurtzeko errepideen sareko ibilbide motzena hartuko da kontuan, bidesaria ordaintzea eskatzen dutenak alde batera utzita.
b) Garraio-zerbitzu publiko erregularra erabiltzen badu lantokira joateko, etxetik lantoki berrira joateko erabili behar dituen garraio-zerbitzu publiko horietako txartelen eta lehen bere etxetik aurreko lantokira joateko erabiltzen zituen txartelen salneurrien arteko aldea ordainduko da, lan egiten duen egunetan eta eguneko joan-etorri bat kontatuta.
c) Lekualdatzea, osorik edo zati batean, enpresako ibilgailua gidatuz edo ibilgailu horretan bidaiari modura egiten bada, ibilbideak zero kostua izango du, enpresak langileengandik garraioarengatiko diru-kopururen bat jasotzen badu izan ezik. Kasu horretan, aurreko b) letran txartelei buruz adierazitakoa ezarriko da.
Aurreko letretan aipatzen den dirua jasotzeko eskubidea iraungi ahal izango da enpresa eta langilea ados jartzen badira, eta langileari oroharreko prezioan eta ordainketa bakar baten bidez ordaintzen bazaio elkarrekin hartutako erabakian finkatutako zenbatekoa.
32. artikulua.– Autobusak garbitzea.
Bilboko eta Donostiako lantokiei atxikiriko gidari-hartzaileek autobusak garbituko dituzte eta horregatik II. eranskinean adierazitako kopurua ordainduko zaie lan egindako egun bakoitzeko; langile horiei, hilero gutxienez 21 egun ziurtatuko zaizkie, gutxieneko hori, ordea, 21 egun baino gehiago lan eginda ere, garbiketengatik hilero ordainduko den gehieneko kopurua izango da.
Grafikoren baten edo zerbitzu konkreturen baten beharrak eraginik ibilgailu osoa garbitu behar duten gainerako gidari-hartzaileei kopuru berak ordainduko zaizkie baldin eta ibilgailu osoa garbitu behar badute, edo horren erdia barrualdea bakarrik garbitzen badute, betiere, aurreko paragrafoan aipatutako hileko 21 garbiketen ordainketako mugaren barruan.
Hedaduraz, txarteldegietako lanak egiten dituzten langileek txarteldegiari erantsirik dauden lokalak garbitzen badituzte, II. eranskinean finkatutako konpentsazio ekonomikoa jasoko dute garbiketa hori egiten duten egun bakoitzeko; diru hori langile bakarrari ordainduko zaio eguneko eta dagokion txarteldegi bakoitzeko.
33. artikulua.– Atseden laburragoengatiko plusa.
Hitzarmen honetan gidatzeko eta atsedenerako aldiei buruzko arauak ezartzen direnez, eta arau horiek, beren osotasunean hartuta, Europar Batasunean indarrean dagoen araudikoak baino onuragarriagoak direnez langileentzat, asteko atsedenaldiak eta lanaldien arteko atsedenaldiak orain arte bezala hartuko dira eta hitzarmen honetan sartuta jarraituko dute, Europar Batasuneko legeria hertsiki erabili gabe; beraz, lanalditik lanaldira 12 orduko gutxieneko atsedenaldi etengabe bat izango da.
Objektiboki begiratuta irizpide horietara egokitu ezin diren grafikoak egonez gero, eta langileak lanaldi batetik bestera 12 orduko atsedenaldia etenik gabe hartu ezin badu berari egotz ezin dakizkion arrazoiengatik, 12 ordu horietarako falta den denbora plus gisa ordainduko zaio, hitzarmenaren II. eranskinean finkatutako kopuru ekonomikoen arabera.
34. artikulua.– Gastuetarako dieta.
Zerbitzua dela eta, lan-egoitzaren herritik ateratzen diren langileek sortzen zaizkien gastuetarako dieta bat jasotzeko eskubidea edukiko dute, zerbitzu hori betetzeak beren ohiko egoitzaren herritik kanpo bazkaltzera, afaltzera edo gaua pasatzera behartzen baditu.
Dieten kopuruak hitzarmen honen II. eranskinean daude zehaztuta, eta, salbuespenez, dieta horien bikoitza ordainduko da grafikoetatik kanpoko autobus-zerbitzu berezietarako. Etxetik kanpoko ostatu-gaua eman behar izanez gero edo eguneko dieta oso bat baliatu behar izanez gero, hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean adierazitako zenbatekoak ordainduko dira.
35. artikulua.– Gosaltzeko denbora.
Zerbitzuren bat goizeko seiak baino lehenago hasten bada, ordu hori baino lehenago betetzen den lanaldia gosariko dieta legez ordainduko da, hitzarmen honen II. eranskinean finkatutako kopuruen arabera.
Hala ere, ordutegia langileak berak aukeratzen badu, ez dira inola ere artikulu honetan araututako dietak sortuko.
36. artikulua.– Bazkaltzeko denbora.
Bazkaltzeko behar den denbora honako arau hauen araberakoa izango da:
a) Grafiko jarraituetan, lanaldia 12:30 baino lehenago hasten bada, bazkariko dieta oso bat ordainduko da; eta, zerbitzu jarraitua 15:30 baino geroago amaitzen bada, bazkariko dieta oso bat ordainduko da. Grafiko jarraitua 12:30ean hasten bada, bazkarirako dieta erdia ordainduko da (60 minutuko otordu-denboraren parekoa), eta 12:35etik 13:00etara bitartean hasten bada, 13:00ak arte falta den denbora ordainduko da, dieta erdiaren proportzioan, hitzarmen honen II. eranskinean adierazitako kopuruen arabera.
b) Grafiko zatituetan, bazkaltzeko, lanaldia zatitu edo zerbitzua etengo da gutxienez ordu batez, 11:45etik 15:15era bitartean, eta ordu bi bermatuko dira horretarako.
Hala ere, ordutegia langileak berak aukeratzen badu, ez dira inola ere artikulu honetan araututako dietak sortuko.
37. artikulua.– Afaltzeko denbora.
Zerbitzuren bat amaitzen bada 22:00etatik 23:00etara bitartean, 22:00etatik aurrera igarotako denbora ordainduko da afariko dietaren proportzioan eta orduko.
23:00etatik 00:00etara bitartean, afariko dieta oso bat ordainduko da.
00:00etatik aurrera amaitzen diren grafikoek barnean izango dute, afariko dietaz gain, gaueko lanaren plusa ere, lan egindako ordu bakoitzeko dieta baten % 25i dagokion zenbatekoaren parekoa.
Afariko dietaren zenbatekoa hitzarmen honen II. eranskinean dago ezarrita.
Hala ere, ordutegia langileak berak aukeratzen badu, ez dira inola ere artikulu honetan araututako dietak sortuko.
38. artikulua.– Dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina.
Dirua erabiltzeagatiko kalte-ordainaren kontzeptuan, gidari-hartzaileei eta fakturazio-langileei, lan egindako egun bakoitzeko, hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean adierazitako kopurua ordainduko zaie. Halaber, enpresako beste langile batzuek jasotako dirua bankura eramateagatik, hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean finkatutako kopuruak jasoko dituzte lan egindako egun bakoitzeko.
Beste langile batzuen dirua jasotzen duten langileek, kontzeptu horrengatik, hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean finkatutako kopuruak jasoko dituzte lan egindako egun bakoitzeko. Halaber, enpresako beste langile batzuek jasotako dirua bankura eramateagatik, langile eramaile horiek hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean finkatutako kopuruak jasoko dituzte lan egindako egun bakoitzeko.
39. artikulua.– Zerbitzuak, grafikoak eta ibilbide-balorazioak aldatzea.
Lanaren antolamendu teknikoa eta praktikoa enpresaren zuzendaritzaren erantzukizuna denez, zerbitzuak eta grafikoak aldatzeko ahalmena izango du zuzendaritzak, betiere indarreko legezko xedapenen barnean.
Administrazio-baimena eragiten duten zerbitzuen aldaketa, baimen horri buruzko idazkia jaso bezain laster jakinaraziko zaie langileen ordezkariei.
Aurreikusten bada grafikoen aldaketa horrek luze iraungo duela, grafiko berri horien berri emango dio enpresaren zuzendaritzak, 20 eguneko aurretiaz, langileen ordezkariei, betiere gainerako langileei aldaketa horiek eman aurretik. Halaber, 20 eguneko aurretiaz, grafikoen batzordeko kideei ere emango zaizkie aldaketok, azter ditzaten eta eurei buruzko iritzia eman dezaten; alde batera utzita zuzendaritzak gehien komeni zaion erabakia hartuko duela aldaketa horien gainean. Aldaketak jakinarazteko 20 eguneko aldez aurretiko epe hori beteko da, betiere hori posible bada Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreabisu eta jakinarazpenen epeei dagokienez.
Aldaketok grafikoei aldaketarik eragiten dioten bakoitzean, euren balorazioak ere egin eta emango dira.
Grafikoetariko bakoitzari erantsiko zaio egindako balorazioa, eta hauek izango dira zehaztuta:
– Kotxe-tokitik ateratzeko eta kotxe-tokira heltzeko ordua.
– Bidaian txanda aldatzeko ordua.
– Lineetan ateratzeko eta heltzeko ordua eta ibilbiderako denbora.
– Denbora-balorazioa, adierazita enpresak ordaindutako denbora eta zenbatutako lanaldiaren denbora erreala.
– Aparteko orduetan metatutako denbora, zehaztuta nahitaezko atsedenaldien denbora, dietak eta zenbatekoak.
Hala ere, aurreikusi ezin diren egoeren ondorioz (modu deskribatzaile batean zerrendatuta, esate baterako: emakida-baldintzen barruan espedizioen kopurua handitzea edo murriztea, errefortzuak, beste enpresa batzuetako lan-ordutegien aldaketek bidaiarien joan-etorrietan eragindako gorabeherak, bezeroen ustekabeko ugaritzea urteko aldien arabera, langileen gaixotasunak, baimenak, bajak, etab.), grafikoak aldatu egiten badira, aldaketa horiek gauzatzeko garaian aintzat hartu beharko dira hitzarmen honetan lanaldiei eta atsedenaldiei buruzko artikuluetan ezarritakoak, eta 7 eguneko aurretiaz jakinarazi beharko zaizkie langileei eta haien ordezkariei.
Bestalde, trafikoa, matxurak edo ezinbesteko kausak direla-eta, esleitutako grafikoa bere osotasunean aurreikusita zegoen moduan egiten ez bada, edo, arrazoi berberengatik, zerbitzua aurreikusita zegoen baino geroago amaitzen bada, benetan egindako denboraren arabera ordainduko da.
Nolanahi ere, azaldutako arrazoi horiek tartean izan gabe, langileari esleitutako grafikoaren denbora murrizten badu enpresak, eta grafiko horretatik murriztutako zatia beste bati ematen badio, aipatutako lehenengo langileak eskubidea izango du grafiko horretan aurreikusitako ezohiko denborak ordain diezazkioten.
Ibilbideak baloratzeko, indarreko ibilbideen aldaketak garaiz aurkeztuko zaizkie langileen ordezkariei.
Ibilbide berririk eginez gero, euren balorazioa egingo dute enpresa-batzordeko bi kidek eta trafiko-saileko bi ordezkarik.
Hitzarmen hau sinatzeagatik soilik, plantillako langileak espresuki daude ados printzipio hauekin; baina, horrek ez du esan nahi zerbitzu horiek betetzearen ondoriozko konpentsazio ekonomikoei edo bestelako konpentsazioei uko egiten dietenik; era berean, langileek konpromisoa hartzen dute enpresaren zuzendaritzaren ekimena errespetatzeko –behinena delakoan–, nahiz eta, ordutegiari eta antolamenduari buruzko aginduak betetakoan, egoki iritzitako oharrak edo erreklamazioak egin ahal izango dituzten.
Edonola ere, Langileen Estatutuko 41. artikuluan xedatutakoarekin bat, langileari lan-baldintzak funtsean aldatzen bazaizkio eta ondorioz bere burua kaltetutzat jotzen badu, lan-kontratua deuseztatzeko eta horri dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubideak indarrean jarraituko du.
III. KAPITULUA
LAN-ARLOKO BESTE ALDERDI BATZUK
40. artikulua.– Laneko jantziak.
Enpresaren irudi bateratua emateko xedez, eta bezeroekiko eta herritarrekiko errespetua azaldu nahian, laneko jantziak nahitaez erabili beharko dituzte ustiapenaren zuzeneko zerbitzupeko langile guztiek. Horretarako, urteko lehen hiruhilekoan, enpresak langileei uniforme bi emango dizkie, bata udakoa eta bestea negukoa. Hona hemen zehaztuta:
– Gidari-hartzaileei: alkandora mahuka-motz edo polo 2, alkandora mahuka-luze 2, praka arin bat eta lodiago beste bat, jertse bat edo barneko motz bat eta jaka luze bat; salbuespenez, azken jantzi horrek hiru urterako balioko du; horretaz gain, lohihartzeko bana emango zaie lanbide-talde honetako langileei, eskatu eta behar izanez gero. Halaber, bi urterik behin katiuska pare bana emango zaie ibilgailuen garbiketa esleituta daukaten langileei edo autobusen erregaia hartzen dutenei.
Enpresak lan-poltsa bana emango die beren egitekoak betetzeko behar duten langile finko edo behin-behineko guztiei.
Txarteldegietako eta fakturazioko langileei ere gidariei emandako berbera, edo horren baliokidea dena txarteldegietako langileentzat, jaka luzea izan ezik, beharrezkoa ez bada. Horretaz gain, fakturazio-taldeko langileei, lan profesional hori egiten badute, bi urterik behik punta indartuko segurtasun-oinetakoak emango zaizkie.
– Ikuskatzaileei: 4 alkandora, janzki oso bat eta uretarako beroki bat; azken horrek urte birako balioko du.
– Lantegietako langileei, garbitasun-taldekoak barne: lohihartzeko 2 eta bota pare bat, urte bakoitzeko lehenengo bi hiletan; uretako janzki bat ere emango zaie eskatzen duten langileei; uretako janzki hori erabilezin dagoenean, ordezkoa emango zaie; horiekin batera, beroki bana ere emango zaie, hiru urterako.
Jantzien ereduetarako edo motetarako enpresaren zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien oniritzia beharko da.
Lana dela-eta, jantzi horiek nabarmen hondatzen badira, horien truke beste batzuk emango zaizkie, hondatutakoak entregatu ondoren.
41. artikulua.– Kontsulta medikoak eta laneko segurtasuna eta osasuna.
Kontsulta medikoak lanorduetatik kanpo gauzatu ezin badira, eta horretarako erabilitako orduak ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badira, enpresak ordainduko du kontsulta horietan emandako denbora.
Une oro, indarreko lege orokorrek laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean ezartzen dituzten eta hitzarmen honek gai horri buruz emandako berariazko xedapenek ezartzen dituzten eskubideak, betebeharrak eta ardurak hartuko dituzte beren gain enpresaren zuzendaritzak eta langileek.
Arlo horretan, eta segurtasuneko, lan-osasuneko eta ingurumeneko batzordearen egitekoen barnean (enpresaren zuzendaritzako ordezkariek eta langileen ordezkariek osatuko dute batzorde hori), laneko segurtasunari eta osasunari buruzko biurteko plan bat egingo da. Plan horretan, denboraldi horretarako jardun-ildoak jasoko dira.
Enpresako langileen osasun-egoeraren aldizkako zaintza bermatzearren, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legeari jarraikiz, langileen lanari atxikitako arriskuen arabera, enpresaren zuzendaritzak urteko lehenengo hiru hiletan urteko osasun-azterketa antolatu eta eskainiko du nahi eta eskatzen dutenentzat. Hala ere, gidari-taldeak eta lantegietako langileek nahitaez egin beharko dute lanpostuaren araberako azterketa mediko hori. Azterketa horien gastuak enpresak ordainduko ditu.
Azterketa medikoa egiteko izena ematen duten langileei eta nahitaez egin behar duten gidari-taldeari eta lantegietako langileei erraztasunak emango dizkie enpresak azterketa hori lanegunetan egin dezaten. Enpresak lanaldiaren barruan antolatuko du azterketa hori. Baina, ezin bada, aparteko bi ordu ordainduko zaizkie baldin eta ez bada gainditu hitzarmen kolektiboak indarrean dirauen urte bakoitzerako ezarritako ordu-muga. Langileak aparteko orduen muga gainditzen badu, edo azterketa medikoa 2020an egiten bada, ordu horiek konpentsatu egingo dira, nahitaez, geroago atseden konpentsatzaileen bidez hartu ahal izateko.
42. artikulua.– Aldi baterako ezintasuneko prestazioen osagarria eta kudeaketa.
Enpresaren zuzendaritzak indarreko araudiak ematen dion eskubidea gordeko du egokitzat jotzen duen mutualitatearekin lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen legezko estaldurak kontratatzeko. Enpresaren zuzendaritzak egokitzat jotzen badu mutualitatea aldatzea, aldatu aurretik jakinaraziko die langileen ordezkariei zer erabaki hartu duen eta zein diren mutualitate berria eta estalduraren ezaugarriak, egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten.
Enpresaren zuzendaritzak onartzen du langileen ordezkariek egindako eskaera, lan-istripuen mutualitatea Gizarte Segurantzaz ordezkatzekoa, berak kudea dezan kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasuna (lanekoak ez diren istripuak eta gaixotasun arruntak). Mutualitatearekiko oraingo kontratua amaitzen den egunean aldatuko da, hau da, 2018ko martxoaren 1ean.
Aldi baterako ezintasuneko baja-egoeretan, legezko prestazioek gaur egun bezala irauten badute, enpresak egoera horretako langileei kopuru hauek ordainduko dizkie:
a) Gaixotasun batek eragindako aldi baterako ezintasunean: aurreneko 20 egunetan, prestazioa kalkulatzeko erabili den oinarriaren % 65, eta, 21. egunetik aurrera, oinarri beraren % 95; hortaz, enpresaren konturako osagarria izango da lehenengo 15 baja-egunei dagokiena, 16. egunetik 20. egunera bitartean % 5i dagokiona, eta 21. egunetik aurrera ordaindutakoaren % 20ri dagokiona.
b) Lan-istripu batek eragindako aldi baterako ezintasunean: lehenengo baja egunetik, legezko prestazioa kalkulatzeko erabili den oinarriaren % 100 jasoko da; hortaz, enpresaren konturako osagarria izango da ordaindutakoaren % 25i dagokiona.
43. artikulua.– Banakako istripuetarako taldekako aseguru-poliza.
Enpresak istripu aseguru osagarri kolektiboko poliza bat sinatu beharko du, eguneko 24 orduetako estaldura izango duena, hitzarmen hau indarrean jartzen denetik aurrera, enpresan alta-egoeran dauden langile guztientzat, eta adierazitako dataz geroztik laneko zein lanetik kanpoko istripuren bat dutenentzat, bihotzekoak eta iktusak barnean izanik.
Aseguru horrek honako kontingentzia eta kapital hauek estaliko ditu:
– heriotzagatik, ohiko lanbidea betetzeko ezintasun iraunkor absolutuagatik eta ezintasun iraunkor osoagatik, baldin eta egoera horiek organo eskudunek edo lan-jurisdikzioak onartu badituzte: 48.000 euro.
– ezintasun iraunkor partzialagatik, aurreko paragrafoan deskribatutako ezintasunak osatzen ez dituzten anatomia- edo funtzio-galerak daudenean, kalte-ordaina emango da polizan ezarritako baremoen eta ehunekoen arabera, 48.000 euroko kapital aseguratuaren gainean.
Aseguru horri dagokion prima enpresak ordainduko du; nolanahi ere, primaren erdia langileek ordainduko dute; hortaz, langile bakoitzaren hileko nominatik kenduko du enpresak langile bakoitzari dagokion urteko guztizkoaren hamabirena.
Gertaera eragilearen data zehazteko ondorioetarako, kapital aseguratua eta aseguru-etxe arduraduna zehaztearren, adostu da istripurik izanez gero –lanekoa edo lanetik kanpokoa–, bihotzekoak eta iktusak barne, gertaera eragilearen data istripua gertatu den data izango dela; eta, horren ondorioz, eska daitekeen kalte-ordaina data horretan itundutakoa izango dela. Une horretan poliza itunduta duen aseguru-etxeak ordainduko du kalte-ordaina, legez ezar litekeen subsidiariotasuna ezertan eragotzi gabe.
44. artikulua.– Lizentziak.
Lizentziaren arrazoia gertatu eta ondoz ondoko lehen lanegunak hartuko dira erreferentziatzat lizentzien iraupena kalkulatzeko. Hala eta guztiz ere, laneko lanaldia hasi bada, zenbaketa hori hurrengo lanegunean hasiko da.
Dena den, langilearen ezkontzagatiko lizentziarako, egun naturalak hartuko dira kontuan; baina, interesdunak eskatuz gero, egun horiek ezkondu aurretiko egunetatik ere kontatu ahal izango dira.
Salbuespenez, f), g) eta h) paragrafoetan adierazitako lizentzietarako, gertaera eragilea izan den egunetik hasita 7 egun naturaleko tartea izango dute langileek lizentzia hori erabiltzeko.
Lizentziak hartzeko, langileek aurretiaz eskatu beharko dizkiote kasuan kasuko arduradunari, eta, horretarako, lizentzia hartzeko alegatutako gorabeherak egon badaudela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
Eskatutako baldintzak bete ezean, edo alegatutako arrazoia gezurra bada edo eskatzaileak arrazoiaren funtsa aldatu badu, behar den diziplina-erantzukizuna izango du.
Norberaren gauzetarako eskatutako lizentzia emateko, kasuan kasuko arduradunari garaiz jakinarazi beharko zaio.
Lizentziak baldintza horiek bete gabe eskatuz gero, lizentzia hartzeko eskubidea galdu egingo da. Nolanahi ere, egoera bakoitzaren gizatasuna hartuko da kontuan, eta konpentsazio-erabakiak hartu ahal izango dira. Lizentziak ezin izango dira ekonomikoki konpentsatu.
Honako lizentzia ordaindu hauek emango dira:
a) Langilearen ezkontza: 18 egun natural.
b) Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontza: lanegun 1, 3 egunera luza daitekeena, 150 km baino urrunago bada; hala ere, horietako 2 lansaririk gabekoak izango dira. Ezkon-ahaideei ere eman dakieke lizentzia hau.
c) Ezkontidea erditzea: 2 lanegun, 5 egunera luza daitezkeenak; horietako azken hirurak lansaririk gabekoak izango dira. Lizentzia hau adopziorako ere emango da.
Zesarea bidezko erditzea bada: 3 lanegun, 6 egunera luza daitezkeenak; horietako azken hirurak lansaririk gabekoak izango dira.
d) Ezkontidearen edo seme-alaben heriotza: 4 lanegun.
e) Aitaren, amaren edo anai-arreben heriotza: 2 lanegun, 5 egunera luza daitezkeenak, 150 km baino urrunago bada; ezkon-ahaideei ere eman dakieke lizentzia hau.
f) Gaixotasun larriren batengatik ezkontidea edo seme-alabak osasun-erakunderen batean sartzea edo etxeko ospitalizazioa izatea: 3 lanegun ordaindu, 6 egunera luza daitezkeenak; horietako azken hirurak lansaririk gabekoak izango dira.
g) Osasun-erakundean sartu gabe edo etxeko ospitalizazioa izan gabe, ezkontideak edo seme-alabaren batek gaixotasun larriren bat izatea: 2 lanegun ordaindu, 5 egunera luza daitezkeenak; horietako azken hirurak lansaririk gabekoak izango dira.
h) Aitaren, amaren edo anai-arreben gaixotasun larria, etxeko ospitalizazioa edo ebakuntza kirurgikoa izatea: 2 lanegun ordaindu, 5 egunera luza daitezkeenak; horietako azken hirurak lansaririk gabekoak izango dira. Ezkon-ahaideei ere eman dakieke lizentzia hau.
i) Aitona-amonen, iloben edo suhi-errainen heriotza: 2 lanegun; ezkon-ahaideei ere eman dakieke lizentzia hau.
j) Etxebizitzaz aldatzea: lanegun 1.
k) Dokumentu publikoak izapidetzeko behar den denbora, horiek langileak berak izapidetu behar baditu eta lanorduetatik kanpo egiterik ez badago.
Horri dagokionez, esate baterako, hauek joko dira halakotzat: NANa, gidabaimena eta pasaportea ateratzea eta berritzea, erakunde ofizialetako egiaztagiriak eta erregistroak, epaitegietako zitazioak, eta abar.
l) Seme-alaben bataio-egunerako edo lehenengo jaunartze-egunerako, atseden egun bat jarriko da egun horretan.
m) Edoskitze-baimena: Langileen Estatutuaren 37. artikuluko laugarren paragrafoan eta gainerako legeetan ezarritakoaz gain, langileak bere borondatez eskubide horren ordez 14 laneguneko baimena har dezake, eta egun horiek amatasun-baimenari batuko zaizkio.
Aurreko f), g) eta h) letretako kasuetan, ahaideen gaixotasun larria egiaztatua eta jarraitua izanez gero, plantillako langileek beste baimen bat hartzeko eskubidea izango dute, iraupen berekoa, lehenengo baimena amaitu eta ondoz ondoko 30 egun igaro ondoren, baina bigarren lizentzia horretan ez da aplikatuko ohiko etxebizitzaren distantziagatiko luzapena.
Ezkontza-loturarik gabeko bikote-bizitza ere sartuko da artikulu honetako a) letran, baldin eta bizikidetza hori dagokion udalerriak emandako errolda-ziurtagiriaren eta bizikidetza-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada. Bizikidetza hasi eta ondorengo 40 egunetan bakarrik egikaritu ahal izango da a) letran adierazitako lizentziarako eskubidea. Lizentzia hori ezin izango da berriz baliatu, ez bikotekide berarekin ondoren ezkondu delako, ez beste bikotekide batekiko bizikidetzagatik, ezta ezkontzeagatik ere, –bikotekidearen heriotzaren ondorioz bizikidetza berri bat hasi edo ezkontzearen kasuan izan ezik–, harik eta aurreko lizentziatik aurrera bost urte igaro arte.
Ezkondu gabe dauden eta bikotekidearekin bizi diren langileek ere eskatu ahal izango dituzte artikulu honetako lizentziak; hortaz, bikotekidearen egoera eta ezkontidearena parekotzat hartuko dira, betiere bizikidetza hori dagokion udalerriak emandako errolda-ziurtagiriaren eta bizikidetza-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, eta bizikidetza egonkorra bada, hau da, ezkonduta dauden bikoteenaren parekoa bada.
45. artikulua.– Lan-bizitza, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea.
Lan-bizitza, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egitea erakunderako lagungarria da, eta, ondorioz, pertsonen bizi-kalitatean oinarritutako gizarte bat eraikitzen laguntzen du; izan ere, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunari ematen dio lehentasuna, bizitzako esparru guztietan garatu ahal izateko, aurrerabide profesionala izateko, familia-erantzukizunei aurre egiteko eta familia-denboraz eta denbora pertsonalaz gozatu ahal izateko xedez.
Lan-bizitza, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurri hauek zerrendatu dira:
Eszedentzia:
Langileek gehienez ere hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute seme-alaba bakoitza zaintzeko –biologikoa, adoptatua zein harreran hartua izan (iraunkorra zein adopzio-aurrekoa)–, haurraren jaiotegunetik edo, hala badagokio, ebazpen judizialetik edo administratibotik aurrera zenbatzen hasita.
Horretaz gain, plantillako langileek gehienez bi urteko eszedentziarako eskubidea ere izango dute odol- edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaide bat zaintzeko, baldin eta ahaidea bere kabuz balia ezin badaiteke adina, istripua edo gaixotasuna direla kausa, eta ordainduriko jarduerarik ez badu.
Apartatu honetan azaldutako eszedentzia langile guztien eskubide indibiduala da. Dena den, enpresako bi langilek edo gehiagok eragile beraren ondoriozko eskubide hori sortzen badute, baimen hori aldi berean baliatzeko aukera mugatu ahal izango du enpresak, enpresaren funtzionamenduari loturiko arrazoi justifikatuak tarteko.
Beste eragile batek sortzen badu beste eszedentzia bat hartzeko eskubidea, hala badagokio, berri honen hasierak lehengoa amaiaraziko du.
Artikulu honetan ezarritakoaren arabera, langileak eszedentzia-egoeran eman duen aldia zenbatu egingo da enpresan duen antzinatasunaren ondorioetarako, eta, horretaz gain, lanbide-prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea ere izango du. Erakundeak deitu behar dio langileari ikastaro horietan parte har dezan, bereziki berriro ere lanera itzuli behar duenean.
Lehenengo urtean, lanpostua gordetzeko eskubidea izango du. Epe hori igaro ostean, lanbide-talde bereko edo beste kategoria baliokide bateko lanpostu bat gordeko zaio.
Adingabeak edo jarduera ordaindurik egiten ez duten ahaide desgaituak zaintzeko lanaldi-murriztapena:
Eguneko lanaldia murriztea:
Hamabi urtetik beherako adingabeak edo jarduera ordaindurik egiten ez duten ahaide desgaituak zaintzearren eguneko lanaldia murriztu nahi duenak enpresari idatziz eskatu beharko dio, eta murriztapenaren ehunekoa eta, ondorioz, zer lanaldi egin nahi duen adierazi. Halaber, ordu-arku bat zehaztuko du, eta bertan adierazi zer ordu-tarte nahi duen eskatu duen lanaldi berria hasteko eta amaitzeko.
Enpresa eskatzailearekin jarriko da harremanetan lan-ordutegia eta lan egiteko egunak adosteko (astelehenetik ostiralera, lanegunak edo asteko beste edozein egun).
Eskatzaileak bere lanbide-kategoriaren ondorioz txandakako lana egiten badu, enpresak, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, eskaeran adierazi diren zerbitzuan lan egiteko egunetara (astelehenetik ostiralera, lanegunak edo asteko beste edozein egun) egokitutako lan-egutegi bat eta lanaldi pertsonalizatu bat prestatuko dizkio.
Hitzarmen hau sinatzen den egunetik aurrera, eta hemengo 35., 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat, langileek adingabeak edo adinekoak zaintzeko lanaldi-murriztapena eskatu eta ordutegia aukeratzen badute, eskaera horiei ez zaizkie artikulu horietan araututako dietak ezarriko; izan ere, dieta horiek enpresak eguneko ordutegia inposatzea konpentsatzen dute eta ez da horrela gertatzen langileek ordutegia aukeratzen badute.
12 urtetik beherako adingabeak edo jarduera ordaindurik egiten ez duten ahaide desgaituak zaintzearren lanaldia murrizten dutenek, euren beharretara egokitutako eguneko lanaldia dutenez (lanaldiko ordutegia eta zerbitzu-egunak aukeratuta), ezin izango dituzte aldatu ez esleituta dauzkaten atsedenak ez egutegian ezarritako grafikoak, ezin dituztelako atseden horiek hartu zehaztu ez diren egunetan edo ezin dutelako adierazitako eguneko lanaldi murriztuak baino gehiago irauten duen txandarik egin. Muga hori erakundeko lanbide-kategoria guztietarako da.
Hileko lanaldia murriztea:
Hamabi urtetik beherako adingabeak edo jarduera ordaindurik egiten ez duten ahaide desgaituak zaintzearren hileko lanaldia murriztu nahi duenak enpresari idatziz eskatu beharko dio, eta murriztapenaren ehunekoa adierazi; murriztapen hori lanaldi osoen bidez gauzatuko da.
Alderdiek, murriztapen horren ondorioz, adostu beharko dute zenbat lanegun, larunbat, igande eta jaiegun izango diren, lanbide-kategoria horretan egunero egiten bada lan. Eta horren arabera eta eskatutako murriztapenaren arabera finkatuko dira hilean lanean eman beharreko egunak.
Enpresak hil osoko egutegia emango dio eskatzaileari. Hileko lanaldi-murriztapenaren onuradunak zuzenean aukeratuko du zer egunetan egin nahi duen lan; baina, bigarren paragrafoan aipatu eta lanegunei, larunbatei, igandeei eta jaiegunei buruz adostutakoa errespetatu beharko du, eta gainerako egunetan libre izan.
Edonola ere, hilaren amaieran, lanean emateko eta atseden izateko egunek bat egin behar dute alderdiek adostutako lanaldi-murriztapenarekin.
Urteko lanaldia murriztea:
Hamabi urtetik beherako adingabeak edo jarduera ordaindurik egiten ez duten ahaide desgaituak zaintzearren urteko lanaldia murriztu nahi duenak enpresari idatziz eskatu beharko dio, eta murriztapenaren ehunekoa adierazi; murriztapen hori lanaldi osoen bidez gauzatuko da.
Alderdiek, murriztapen horren ondorioz, adostu beharko dute zenbat lanegun, larunbat, igande eta jaiegun izango diren, lanbide-kategoria horretan egunero egiten bada lan. Eta horren arabera eta eskatutako murriztapenaren arabera finkatuko dira urtean lanean eman beharreko egunak.
Enpresak urteko egutegi teorikoa emango dio eskatzaileari, eta, aurreko puntuan adierazitako emaitza aplikatzearen ondorioz, eskatzaileak aukeratuko du zer egunetan egingo duen egutegian esleitutako lana.
Edonola ere, urtearen amaieran, lanean emateko eta atseden izateko egunek bat egin behar dute alderdiek adostutako lanaldi-murriztapenarekin.
Lanaldi-murriztapen guztietan izango dute onuradunek erakundeak antolatutako prestakuntza-ikastaroak eskatzeko eta egiteko aukera.
46. artikulua.– Oporrak.
Donostiako eta Bilboko lantokietako txarteldegietako langileek eta gidari-hartzaileek 31 egun naturaleko oporrak hartzeko eskubidea daukate; gainerako langileek, berriz, 27 laneguneko oporrak izango dituzte, lan-larunbatak barne direla.
Oporrak urte naturaletan hartuko dira. Lanera urtean zehar sartzen diren langileen oporrak zerbitzuan emandako denboraren arabera kalkulatuko dira.
Oporrak ordaintzeko, hauek hartuko dira kontuan: oinarrizko soldata, antzinatasun-plusa, hartzaile-plusa eta pizgarriak, halakorik izanez gero.
Halaber, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak kontuan hartuta, hitzarmen honen alderdi negoziatzaileek adostu dute oporren lansariari, lehengo kontzeptuez gain, langileek jaso ohi dituzten beste plus aldakor hauen batezbestekoa gehitzea:
– Larunbat-plusa (2017az geroztik baino ez).
– Igande- eta jaiegun-plusa.
– Garbiketa-plusa, lan hori jarraian egiten duten langileentzat.
– Ohiko gau-zerbitzuak, zerbitzu bereziak kanpoan utzita.
– Lantegiko guardietako plusa, lantegiko lanbide-kategoriarako.
Edonola ere, kontzeptu aldakorrak ekonomikoki arautuko dira 2015etik aurrera, Pesa Bizkaiak ebatzi gabe daukan ebazpen baten epaia irmo den unean, eta bertan ezarritakoaren arabera egingo da.
Enpresak, langile guztien oporraldia zehaztu baino lehen, garaiz, proposamen bat egingo die langileen ordezkariei, eta proposamenean adieraziko die zer oporraldi dagoen baliagarri lantoki bakoitzean eta lantalde bakoitzean, oporraldiei buruz egokitzat jotzen dutena alega dezaten.
Langile batek ere urteko bere oporrak hartzeko lehentasunezko edo bereizkeriazko traturik izan ez dezan, enpresaren zuzendaritzak eta langileen ordezkariek txandak ezarriko dituzte langileek beren oporrak aukera ditzaten enpresaren zuzendaritzak proposatutako denboraldietan; hortaz, urteko oporrak aukeratzeko txandak ere txandakatu egingo dira lantoki bakoitzeko talde bakoitzeko langileen artean.
Langile guztiek uztailean, abuztuan eta irailean hartuko dituzte oporrak, eta honela banatuko dira oporraldiak:
– % 33 uztailean.
– % 33 abuztuan.
– % 33 irailean.
Enpresarekin aldez aurretik adostuz gero, lanbide-kategoria guztiek izango dute oporrak opor-garaitik (uztaila, abuztua, iraila) kanpoko gainerako hiletan hartzeko aukera; horretarako, ahalik eta lasterren, idatziz eskatu beharko diote saileko arduradunari, eta adierazi beharko diote zer hiletan hartu nahi dituzten.
Martuteneko bulego zentraletako langileek eta Bezeroentzako Arreta Zerbitzuko langileek urte osoan zehar har ditzakete oporrak, saileko arduradunarekin adostuta.
Behin-behineko langileek kontratuaren iraupenari begira sortutako oporrak hilean bertan hartuko dituzte; hileko egutegian esleituko dira opor-egun horiek. Berdin egingo da atseden konpentsatzaileak hartzeko, eta horiek ere egutegian txertatuko dira.
Langile finkoen opor-egutegia urteko lehenengo hiruhilekoaren barruan egingo da beti; eta oporrak hartzeko garaia baino bi hilabete lehenago jakinarazi behar da zein diren dagozkien opor-egunak.
Enpresak gidari-hartzaileen arteko opor-aldaketak onartuko ditu, eta ez onartzeko salbuespenezko egoera izango da eta behar bezala justifikatu beharko du. Aldaketa onartu ostean, enpresaren erantzukizuna izango da gidatzen eta lanean dagoen langilea ordezkatzea baldin eta gaixotzen bada, istripurik badu edo lizentziarik hartu behar badu.
47. artikulua.– Gidabaimena berriztatzea. Gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzea. Gidabaimena kentzea.
Gidabaimena berriztatzea.
Langileek gidabaimena lanerako erabiltzen badute, enpresak berak ordainduko die D gidabaimena berriztatu behar badute, baita takografo digitalaren txartela ere nahitaezko titulartasuna eskatzen duten lanbide-kategoria guztietakoei.
Hala ere, hitzarmen honen arabera erretiro partziala hartu duten langileei ez zaie halakorik ordainduko.
Gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzea.
«D» gidabaimena duten gidari-hartzaileen lanbide-kategoriako eta lantegietako langileek gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortu eta berrizta dezaten egin behar diren gastuak enpresak berak ordainduko ditu, eta lanalditzat hartuko da horretarako behar den denbora. Gaitasun profesionalaren ziurtagirira joatea nahitaezkoa izango da aipatutako kategorietarako.
Gidabaimena kentzea
Ebazpen administratibo edo judizial irmo baten ondorioz, enpresaren zerbitzupeko gidarien lanbide-taldekoren bati gidabaimena aldi baterako kentzen bazaio, lan-harremana ez da automatikoki amaituko, baina honako arau hauek beteko dira:
a) Gidabaimenik gabe egon behar duen aldia kontuan hartu gabe, enpresak beheragoko edo goragoko lanpostu batean jar dezake eraginpeko langile hori, eta lanpostu horri dagokion soldata izango du.
Enpresak aurreikusten badu arestian esandakoa gauzatu ezin duela, aurretiaz poliza bat hitzartu beharko du, hilero hileko oinarrizko soldataren pareko diru-kopurua jasotzen dela bermatzeko, gidabaimenaz gabetuz gero, eta enpresak eta eraginpeko langileak erdibana ordainduko dute prima horren zenbatekoa.
Enpresak, ez badu beheragoko edo goragoko kategoria bateko lanposturik eta aipatutako poliza hitzartu ez badu, hileko oinarrizko soldataren pareko kopurua ordaindu beharko du hilero, eraginpeko langilea gidabaimenaz gabetuta dagoen bitartean.
b) Dena dela, gidabaimenik gabeko aurreneko 31 egunak arauzko opor-egunei ezar dakizkieke, eta adierazitako betebehar horiek, baimena kendu osteko 32. egunetik aurrera azalduko dira berriz ere.
c) Erabaki administratiboaren edo judizialaren ondorioz gidabaimenaz gabetzen den gidari edo gidari-hartzaile orok enpresaren zuzendaritzari jakinarazi beharko dio gidabaimena kendu diotela eta noiz arte kendu dioten, edozein arrazoirengatik (aldi baterako ezintasuna, oporrak, eta abar) lan-kontratua etenda edukita ere.
Gidariaren erantzukizuna izango da, idatziz jakinarazi ez izanaren ondorioz, zerbitzuan gidabaimenik gabe ibiltzen bada eta kalterik edo galerarik eragiten badu, gidabaimena kendu zaion egunetik bertatik.
d) Behin baino gehiagotan gertatzen bada, gidabaimena kentzeko arrazoia eta iraupena edozein dela ere, eraginpeko langilea enpresatik bota dezakete, eta lan-kontratua indargabetuta geratuko da.
Berrerortzetzat hartuko da gidabaimenaz gabetzea dakarten delituak urte natural berean berriz egitea.
e) Gidari-hartzaileari gidabaimena enpresan mugagabe sartu aurretik kentzen badiote –modu judizialean edo administratiboan–, nahitaezko eszedentzia-egoeran jarriko da gidabaimenik gabe dagoen bitartean. Egoera hori amaitutakoan, lehenagoko kategorian eta baldintza ekonomiko berberetan itzuliko da enpresara, antzinatasun-data izan ezik; izan ere, antzinatasuna zenbatzeko ez da gehituko langilea nahitaezko eszedentzia-egoeran egon den denbora.
48. artikulua.– Dimisioak eta aurreabisurako epea.
Enpresa borondatez utzi nahi duten langileek gutxienez 15 egun lehenago abisatu behar diote. Dimisioa idatziz jakinarazi beharko dute, jasota gera dadin, eta enpresak jasotze-agiria sinatu beharko du, entrega-eguna adierazita.
49. artikulua.– Erretiro aurreratuak, partzialak eta txanda-kontratua.
1.– Arau-esparru juridikoa.
Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legeak erretiro partziala eta txanda-kontratua aldatu zituen, eta aldaketa horiek 2013ko urtarrilaren 1ean jarri ziren indarrean.
Hala eta guztiz ere, 27/2011 Legearen azken xedapenetako hamabigarrenak salbuespen batzuk ezarri zituen 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko erretiroetarako. Horrenbestez, data horren aurretik eremu guztietako hitzarmen kolektiboetan edo enpresako akordio kolektiboetan jasota egon diren erretiro partzialeko planei atxikita dauden pertsona guztiei aplika dakieke araudi berria, erretiro partziala 2013ko apirilaren 1aren aurretik zein atzetik hartu den alde batera utzita.
Hori dela eta, 2013ko martxoaren 26an, Transportes Pesa enpresak langileen ordezkariekin adostu zuen, 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko erretiro-pentsioetarako, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen azken xedapenetako hamabigarrenaren 2. zenbakiko a, b eta c letretan eta azken xedapenetako bosgarrenean xedatutakoari heltzea, martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluari dagokionez; eta berdin aplikatzen segitzea, modalitate guztietako, lege hori indarrean jarri aurretik indarrean zeuden erretiro-pentsioei buruzko arauak, prestazioak eskuratzeko eskakizunak, prestazioak zehazteko baldintzak eta arauak. Horretarako, erakunde ofizial eskudunari aurkeztuko zaizkio erretiro partzialerako planak.
Hortaz, gaur egun, nahitaez bete behar den goragoko mailako araudian egin daitezkeen aldaketak gorabehera, bi erregimen hauek aplika daitezke erretiro partzialaren eta txanda-kontratuaren arloan:
A) 27/2011 Legearen aurreko erregimena, defizit publikoa murrizteko ezohiko neurriak hartzea xedatzen duen maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez garatua. Horrenbestez, enpresak langileen ordezkariekin 2013ko martxoaren 26an adostu eta erakunde ofizial eskudunari aurkeztu zion erretiro partzialeko planaren bitartez, erregimen hori aplikatuko zaie, 2018ko abenduaren 31ra arte, plan horretan sartuta dauden langile guztiei.
B) 27/2011 Legean xedatutako egungo erregimena, langile zaharrenen lan-bizitzaren jarraipenaren aldeko neurriak eta zahartze aktiboa sustatzeko neurriak ezartzeko 5/2013 Errege Dekretuaren bidez garatua, edo une bakoitzean legezkoa eta aplikatu beharrekoa den araudia, erretiro partzialeko plan horretan sartuta ez dauden langileei aplikatuko zaiena. Nolanahi ere, erregimen hau aplikatuko zaie Transportes Pesa enpresako langile guztiei 2018ko abenduaren 31tik aurrera.
50. artikulua.– Hil den langilearen alargunarentzako kalte-ordainak.
Enpresan alta-egoeran dagoen langile bat hiltzen bada, ezkontide alargunak, organismo eskudunak alargun-pentsioa aitortuta, hitzarmen kolektibo honen II. eranskinean finkatutako heriotzaren kalte-ordainak jasoko ditu.
51. artikulua.– Doako bidaiak enpresako zerbitzuetan.
a) Enpresako langileentzat eta senideentzat.
Enpresaren zuzendaritzak emandako arauen barruan, enpresaren zerbitzuetan doan bidaiatu nahi duten langileek, ezkontideek eta haiekin eta haien kontura bizi diren seme-alabek eta senideek enpresaren identitate-txartela eduki beharko dute, horretarako ahalmena ematen baitie.
Funtsean, «haien kontura» bizi diren seme-alabak eta senideak izateko, langilearen edo ezkontidearen Gizarte Segurantzako kartillan onuradun legez sartuta egon behar dute; horretaz gain, kontuan hartuko dira familia-egoeraz egiten diren PFEZen urteko aitorpenak.
b) Alargun eta umezurtzentzat.
Enpresan altan egon bitartean hil diren langileen alargunek ere doan erabil ditzakete enpresako zerbitzuak, betiere alargun-egoerak irauten duen bitartean, eta enpresako langileen gainerako senideentzako baldintza beretan.
Halaber, enpresan altan egon bitartean hil diren langileen seme-alabek ere doan erabil ditzakete enpresaren zerbitzuak, 25 urte izan arte.
c) Enpresako pentsiodunentzat.
Enpresan erretiroarengatik edo ezintasun iraunkor oso edo absolutuarengatik lan egiteari utzi dioten langileek eta ezkontideek, hala eskatzen badute, enpresaren zerbitzuetan doan bidaiatzeko ahalmena ematen dien txartela izan dezakete, arau hauen arabera: mugarik gabe, «hiriko» edo aldiriko deitutako zerbitzuetan, eta hilean joan-etorriko bi bidaia «lineako» edo ibilbide luzeko deitutako zerbitzuetan.
52. artikulua.– Kontratazio berriak eta lan-poltsen tratamendua.
Enpresak konpromisoa hartzen du aldi baterako 32 lan-kontratu mugagabe bihurtzeko, txanda-kontratuak barnean hartuta.
Hitzarmena sinatu bezain laster, behin-behineko 25 kontratu mugagabe bilakatuko dira bere-berehala.
Behin-behineko gainerako 7 kontratuak mugagabe bilakatuko dira hitzarmenaren indarraldian zehar, geroko erretiro partzialen ondorioz.
Enpresaren zuzendaritzak langilerik kontratatzeko asmoa badu, iragarki-taulan jarriko du zer lanpostu bete nahi den langile horiekin, enpresakoek zer lanpostu diren jakin dezaten.
Lan-poltsarako, hautatze-prozesuetarako jardun-protokoloa aplikatuko da eta hau izango da:
Emakumezkoak arian-arian gidarien eta lantegietako lanpostuetan sartzen joateko politikaren barruan, eta sar daitezen erraztearren, jardun-protokolo honen aldeko irizpena eman da:
– Prentsan, irratian edo Pesaren web korporatiboan iragarkirik eginez gero, emakumea agerraraziko da.
– Hautatze-prozesuetan, hautagaiak sexuaren arabera identifikatuko dira, eta begiratuko da gidarien eta lantegietako lanpostuak eskuratu nahi dituzten hautagaien artean emakumezkorik dagoen.
– Sexua kontuan hartu barik, hautagai guztiei deituko zaie gaitasun-, trebetasun- eta ezagutza-probak egin ditzaten. Proba horietara berdintasun-taldeko emakume bat joango da.
– Proba horiek egin ondoren, gaindituen artean hautatzeko, urrats hauek emango dira:
1.– Lanpostuko lan-esperientziaren pisua mugatuko da; horretarako, gehienezko puntuazioa emango zaio urtebeteko esperientziari.
2.– Trebetasun- eta ezagutza-probetan, hautagaiek lortu nahi duten lanpostuetarako esperientzia- eta gaitasun-berdintasuna ikusiz gero, ataza horretan dihardutenen artean ordezkaritza gutxiena dutenak kontratatuko dira.
3.– Lanpostua gidariena edo lantegietako langileena bada, kategoria profesional horietan gizonezko gehiagok jardun ohi duenez, jarraipen estatistiko bat egingo da ikustearren eta zaintzearren nola joan den sartzen eta garatzen emakumezkoa kategoria horietan azken urteetan. Halaber, estatistikoki neurtuko da zenbat emakume aurkezten diren erakundearen deialdietako hautaprobetara.
Hitzarmen honen indarraldian zehar, enpresak konpromisoa hartzen du aldi baterako laneko enpresetako (ABLE) langileak ez kontratatzeko.
Lan-kontratuetan, lantokia finko gisa ezarriko da; ez dute inolako klausularik izango lantoki finkotik kilometro jakin batzuen erradiora lantokia hedatzeari buruz.
Guztiarekin ere, kontratu mugagabeen bitartez beteko dira emakida bidez baimendutako zerbitzuei erantzuteko lanpostuak. Hala ere, oporrak, gaixotasun-bajak, istripuak, baimenak, eta abar betetzeko, beharrezko izango dira behin-behineko zenbait langile.
Lan-poltsetako behin-behineko kontratua duten langileen egoera aldatzeko irizpideak honako hauek izango dira:
– Langileen jardunaren enpresa-balorazioa.
– Aldi baterako zerbitzuen prestazioan duten antzinatasun-data.
Enpresak, langile berriak kontratatzen dituenean, plantillako gainerako langileen eskubide eta baldintza berberak emango dizkie aprendiz-aldiaren hasieran; hala ere, kategoria horretarako (prestakuntzako gidariak) oinarrizko soldata bat finkatuko da, lanbide-talde horretako oinarrizko soldataren parekoa, baina hartze- eta lagatze-zenbatekoak kenduta; izan ere, ez dute halako egitekorik. Halaber, ez dute izango dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina eta garbiketa-plusa kobratzeko eskubiderik; izan ere, denboraldi horretan ez dute horrelako egitekorik izango. Gidarien prestakuntza-kontratuak ez du 10 egun baino gehiago iraungo.
53. artikulua.– Pertsonen prestakuntza.
Enpresaren zuzendaritzak prestakuntza sustatu nahi du ahalik eta gehiena; beraz, prest dago nahi duten plantillako langileei aukera emateko prestakuntza pertsonala eta profesionala osatu edo gara dezaten.
Ildo horretatik, mekanikarien eta auto-garbitzaileen lanbide-taldeetan, autobusak gidatzeko gidabaimena lortzea bultzatuko da. Aldi berean, beste hauetarako aukera ere emango da: eskola-graduatuaren ziurtagiria lortzea, hizkuntzak ikastea, mekanikari buruzko eta ohiko programa informatikoei buruzko jakintzetan birziklatzea, baita bide-zirkulazioari eta garraioari buruzko legediari buruzko jakintzetan eta langilearentzat interesgarriak diren beste mota bateko ikasketetan ere.
Horren haritik, prestakuntzarako batzorde misto bat eratuko da eta bertan egongo dira zuzendaritzaren hiru ordezkari eta langileen hiru ordezkari, prestakuntzaren arloko beharrizanak aztertzeko xedez, eta haiek zehaztuko dute zer ikastaro den interesgarri alde bientzat.
Horretaz gain, batzorde horrek erabakiko du zer-nolako lizentziak eta konpentsazioak izango dituzten ikastaro horietan parte hartzen duten langileek.
Prestakuntza egitasmoak, landu, izapidetu eta interpretatzeari dagokienez, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioan ezarritako termino eta baldintzei egokituko zaizkie.
Legezko zaintzarengatiko lanaldi murriztua edo eszedentzia duten langileek gainerako langileen eskubide berberak izango dituzte prestakuntza-ikastaroetara joateari dagokionez.
54. artikulua.– Berme sindikalak.
a) Arau orokorrak:
Gai horri dagokionez, Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan ezarritakoa beteko da, baita Langileen Estatutuaren 61. artikulutik 81. artikulura bitartean xedatutakoa ere, bai ordezkaritza kolektiborako eskubideei dagokienez, bai langileek bilerak egiteko duten eskubideei dagokienez.
b) Prebentzio-delegatuak eta segurtasuneko, lan-osasuneko eta ingurumeneko batzordea:
Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legea aplikatuta, Gipuzkoako enpresa-batzordeak eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen delegatuek lau kide izendatuko dituzte prebentzio-delegatu. Enpresako segurtasuneko, lan-osasuneko eta ingurumeneko batzordea lau prebentzio-delegatuk eta enpresaren zuzendaritza ordezkatuko duten beste lau kidek osatuko dute.
c) Ordezkaritza-orduei eta dietei buruzko kasu bereziak:
Gipuzkoako batzordea eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen delegatuak biltzen diren egunetan, kideek hileko egutegiaren arabera atsedena hartzeko eskubidea bazuten, atseden hori konpentsatzearren, interesdunak aukeratuko du edo hil beraren barruko beste atseden bat, posible bada, edo hurrengo hileko egutegian beste atseden bat gehitzea, bai atseden konpentsatzaile baten truke bai hartu gabeko atsedenerako konpentsazio ekonomikoaren truke, baldin eta urteko 80 orduak gainditu ez baditu 2016rako, urteko 60 orduak 2017rako, urteko 40 orduak 2018rako, urteko 20 orduak 2019rako, eta 0 ordu 2020rako; hori konprometituta geratuko da, baita hitzarmen honen indarralditik kanpo ere. Urtean sortutako gehiegizko aparteko orduak –azaldutako mugak gainditzen dituztenak– atseden konpentsatzaileen bidez hartuko dira.
Gipuzkoako batzordea eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen delegatuak, batzorde paritarioa, segurtasuneko, lan-osasuneko eta ingurumeneko batzordea edo ordezkaritza sindikalaren jardunean aritzen den beste edozein biltzen direnean, parte-hartzaileek kanpoan bazkaldu behar badute, enpresak ordainduko du bilera horietarako bazkari horren kostua, egin diren gastuak justifikatu ondoren; kostu horren muga bazkariko dietaren balio-muga izango da.
Halaber, ordu sindikalen kredituaz baliatuta, Gipuzkoako batzordea eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen delegatuak biltzen direnean, eskubidea izango dute egun horretarako izendatuta zeukaten lana egiteko emango zitzaien guztia eskuratzeko; baina, aurreko paragrafoan esan denari dagokionez, ez dira inola ere bikoiztuko dieta horiek.
d) Atal sindikalak:
Enpresaren gutxieneko % 35eko afiliazioa daukaten atal sindikalak onartuko dira. Eratutako atal sindikalek, adierazitako afiliazio-baldintza betetzen badute, eskubidea izango dute delegatu sindikal bat izateko. Delegatu hori dagokion sindikatuko federazioak izendatuko du. Adierazitako izendapena idazki bidez jakinaraziko zaio enpresaren zuzendaritzari.
Horrela izendatutako delegatu sindikalek enpresa-batzordeko kideen eskumen eta berme berak izango dituzte. Nolanahi ere, dagozkien eginkizun sindikalak egiteko hileko ordu-kreditu ordaindua hilean 80 ordukoa izango da.
Sindikatu bakoitzak, egiteko sindikal espezifikoak ondo bete ahal izateko, delegatu sindikalari eman ahal izango dizkio sindikatuko hautagai-zerrendan aukeratuak izan diren Gipuzkoako batzordeko kideei eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen delegatuei dagozkien lanorduak, lanaldi osoa bete arte.
e) Organo negoziatzaile bakarra:
Enpresaren barruan, Gipuzkoako batzordea eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen delegatuak edo atal sindikalak izango dira organo negoziatzaile bakarrak, langileek gehiengoz horrela erabakitzen badute, baina ezinezkoa izango da aldi berean organo negoziatzaileak bikoiztuta egotea. Aholkulari sindikalen esku-hartzeari dagokionez, edozein izanik ere haien lanbidea, haien presentzia onartu egingo da enpresako hitzarmen kolektiborako negoziazioetan.
f) Zehapenak jakinaraztea:
Enpresak langilearentzat diziplina-alorreko neurriren bat hartzearekin batera, Gipuzkoako batzordeari eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen delegatuei horren berri emango die eta, hala badagokio, baita langilea partaide den atal sindikalari ere; gertatutakoa eta jarritako zehapena adieraziko ditu jakinarazpen horretan.
g) Kuota sindikala kobratzea:
Kuota sindikalak nominan kobratzeko, langileak idatziz eskatu beharko dio enpresari.
55. artikulua.– Batzordeak:
Hitzarmena zaintzeko eta interpretatzeko batzorde paritarioa.
Hartzea eta lagatzea aztertzeko batzordea, lanaldi urtekotuarekin, behin-behinekotasunarekin eta grafiko zatituekin lotuta.
Hitzarmen honen artikuluetan agindutakoa aplikatzerakoan edo interpretatzerakoan, hitzarmen honi loturik dauden alderdien artean sor daitezkeen zalantzak eta eztabaidak horretarako sortuko den batzorde paritarioaren iritzipean jarriko dira, eta batzorde horrek nahitaezko irizpena emango du. Hauek izango dira batzordeko kide: langileen aldetik, lau bokal –Gipuzkoako enpresa-batzordeko kideak eta Bizkaiko eta Gasteizko langileen delegatuak–, eta, enpresaren zuzendaritza ordezkatuz, beste lau bokal.
Bi alderdiek onartzen dute Laneko Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide Arteko Akordioaren (GEP II) menpe uztea hitzarmen honen eremuan sortzen diren gatazka kolektiboen berezko gaiak.
Horrez gain, eta hurrengo hitzarmen kolektiboa negoziatzeari begira, enpresak konpromisoa hartzen du 2018. urtean batzorde bat sortzeko, hartze- eta lagatze-kontzeptua batera aztertzeko, arlo hauekin lotuta: lanaldi urtekotua, enpresak duen behin-behinekotasuna eta grafiko zatituen tratamendua.
Batzorde hori, langileen arloan, hauek osatuko dute: enpresa-batzordean ordezkaritza duen sindikatu bakoitzetik pertsona batek.
56. artikulua.– Ordezko legeria.
Hitzarmen honetan ezarri ez den orori dagokionez, indarreko legerian ezarritakoa aplikatuko da.
Lan-kategorien eta horien eginkizunen definizioaren gaiei dagokienez, baita falten eta zehapenen zerrendari dagokionez ere, eta adierazitako kategoriak, eginkizunak, faltak eta zehapenak nahitaez bilduko dituen eta hitzarmen-balioa izango duen barne-arautegia ezartzen ez badute bi alderdiek, 2000ko azaroaren 24ko Arbitraje Laudoa aplikatuko da. Laudo hori 2001eko otsailaren 24ko BOEn argitaratu zen, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eman zuen, indargabetutako Errepideko Garraio Enpresetarako Lan Ordenantzaren ordez negoziatutako prozesuaren ondoriozko gatazkan.
57. artikulua.– Hitzarmen honetan itundutako lan-baldintzak ez aplikatzea.
Enpresak ezingo du inoiz hitzarmen hau aplikatu gabe utzi Langileen Estatutuak 82.3 artikuluan jasota daukan prozeduraren bidez; hala badagokio, berriro negoziatu beharko du hitzarmena iraungi baino lehen beste hitzarmen bat lortzeko edo hitzarmen hau berrikusteko Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak xedatutako moduan.
Dena dela, bi alderdiek espresuki adostu dute ezen, desadostasunak ebazteko, GEP lanbide arteko akordioan jasotako adiskidetze- eta bitartekaritza-prozesuak aplikatuko direla. Arbitraje-prozedura aplikatzeko, ezinbestekoa izango da bi alderdiek adostea prozedura horren mende jartzea.
58. artikulua.– Berdintasunerako II. plana 2016-2020.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiken garapena da gure gizartean aspaldidanik izan den aurrerapauso garrantzitsuenetako bat.
Transportes Pesa SA enpresak bere gain hartu du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko konpromisoa, eta bera gauzatzeko Berdintasunerako I. plana onartu eta aplikatu du, erakundearen eta bertan lan egiten duten guztien ezaugarrietara egokituta. Berdintasunerako I. plan horretan adierazitako neurri guztiak ezarri dira erakundean.
Hori dela eta, Transportes Pesa SAk Berdintasunerako II. plana egin du, enpresako parte diren guztiei helarazi die, eta 2016tik 2020ra arteko indarraldia izango du; bertako jardun-ildoak arloka edo helburuka bereizita daude eta helburu hauetarako ekintza zehatzetan gauzatuko dira: plantillan aukera-berdintasunarekiko sentikortasuna eta kontzientzia areagotzea; erakundean lan egiten duten eta gure zerbitzuak erabiltzen dituzten emakumeak ikusaraztea eta aintzat hartzea; politiketan, prozeduretan eta jarduketetan genero-ikuspegia, lidergoa, sustapena eta lanbide-garapena txertatzea; laneko segurtasuna eta osasuna genero-ikuspegitik hartzea.
Berdintasun-taldea hauek osatuko dute: enpresaren zuzendaritzako ordezkaria, finantza-sailaren arduraduna, Bezeroentzako Arreta Zerbitzuaren arduraduna, langileen ordezkarietariko bat eta gidari-hartzaileen lanbide-kategoriako bi langile. Langileen ordezkaria izendapen askekoa izango da eta enpresa-batzordeko kideek aukeratuko dute enpresa-batzordeko kideen artean.
Berdintasun-taldea trakzio-alderdia izango da, Berdintasunerako I. plana ezarri zenean bezalaxe, eta bera arduratuko da Berdintasunerako II. plana betetzeaz, ekintzez, kontrolaz eta jarraipenaz, baita ekintzok plantillako gainerako langileei jakinarazteaz ere.
Berdintasunerako II. plana otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren arabera egin da, eta, jarduketetarako, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak ezarritako parametroak hartuko dira oinarritzat; berdintasun-taldeak Emakunderi helaraziko dio betetze-auditoretzetarako behar duen beste dokumentu edo eskatzen dion beste.
59. artikulua.– Protokoloak.
Lanean sexu-jazarpenari eta jazarpen sexistari aurre egiteko protokoloa.
Zuzendaritza eta langileen ordezkariak, segurtasuneko, lan-osasuneko eta ingurumeneko batzordearen bitartez, eta berdintasun-taldea guztiz lotzen zaizkio lanean jazarpen sexuala eta sexista eragozteko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak proposatu duen protokoloari, iritzi baitzaio egokia dela Transportes Pesa enpresaren ezaugarrietarako. Protokolo hori Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren esparruan onartu zen eta protokoloan daude ezarrita lanean sexu-jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik ez izateko baldintzak, halakoak prebenitzeko neurriak, erasoren baten biktimen salaketa edo erreklamazioak bideratzeko moduak eta ondorengo tratamendua.
Protokoloa sinatuta, enpresa erasorik gabeko eremu bihurtzen da, berdintasuna, bazterkeriarik eza, osotasun morala, intimitatea eta pertsonen duintasuna babesteko eskubideak aintzat hartuta. Enpresak eta langileok, langile guztiak ordezkatuz, adierazi nahi dugu ez dugula genero-indarkeria onartzen; horretarako, protokolo horren bidez arautu dugu laneko sexu-eraso eta eraso sexisten arazoa, eta prebentzioa hartu dugu oinarritzat, pertsonen prestakuntzaren, informazioaren eta erantzukizunaren bidez.
Haurdunaldiko eta edoskitzaroko prebentzio-protokoloa.
Haurdunaldian eta edoskitzaroan, emakumearen osasuna bereziki kaltebera da. Protokolo hori 39/1999 Legean dago oinarrituta, eta, hor emakume haurdunarentzako edo edoskitzaroko emakumearentzako beste babes bat ezarri denez, Transportes Pesa SAk ere araubide hori aplikatuko du lan-errealitatean, eta berdintasun-taldeak eta segurtasun eta osasuneko batzordeak landu eta onartu dute.
Protokoloan ebaluatzen da enpresako zer lanpostutan egon daitekeen arriskurik haurdunentzat edo edoskitzaroko emakumeentzat. Dena den, haurdunaldiarengatiko arriskurik izan ez arren, gidariak laneko baja hartuko du 23. astetik aurrera, lanpostu horri atxikitako lan-arriskuen ebaluazioan zehaztu bezala.
Horretaz gain, protokolo horretan emakume haurdunaren babesa landu da, eta protokoloari hasiera emango zaio emakumeak berak borondatez enpresari haurdunaldia jakinarazten dionean. Lanpostuen araberako zenbait neurri hartu dira emakume haurduna eta fetua babesteko.
Emakume haurdunak txandaka lan egiten badu, goizeko 07:00etatik hurbilen hasi eta 23:00ak baino lehen amaitzen den ordutegia daukaten lanaldiak esleituko zaizkio haurdunaldiko 23. astera arte. Neurriak eragina izango du enpresari borondatez eta idatziz hala eskatzen zaionean.
Azkenik, amaren edoskitzaroa, naturala zein artifiziala izan, emakumearen osasunerako kalteberatasun eta sentikortasun bereziko alditzat hartuko da. Hori dela eta, lanpostu guztietarako neurri horiek ezarriko dira edoskitzaroan emakumea gaueko zerbitzuetatik kentzeko, erditze-datatik 12 hil igaro arte.
Sexu-arrazoiengatiko diskriminazioaren kontrako klausula.
Alderdiek adostu dute erakundeak gizonen eta emakumeen lan-baldintzak garatzeko bidezko esparru bat sustatzea eta, horretarako, ekitatea lortzeko bidean dauden oztopoak desagerrarazteko jarduerak bultzatzea eta, hala badagokio, ekintza positiboetara jotzea, lan-baldintzei lotutako abiapuntu-desberdintasunen bat dagoela egiaztatuz gero.
Gogoeta orokorren eta erakundeak hedatuko dituen jardunbide egokien helburua da emakumeek gizonen baldintza berberetan enpleguak lortu eta horietan irauteko orduan modu positiboan eragitea, baita aukera-berdintasunaren eskubidea aplikatzeko oztopo izan daitezkeen jardunak zuzentzea ere.
Laneko jazarpena prebenitu eta esku hartzeko protokoloa
1.– Printzipioen adierazpena.
Laneko jazarpena eskubide hauen aurkako erasoa da: osotasun fisikorako eta moralerako eskubidea, pertsonen duintasunerako, intimitaterako eta ohorerako eskubidea eta tratu-berdintasunerako eskubidea. Eskubide horiek aitortuta daude Konstituzioaren 10., 14., 15. eta 18. artikuluetan, Langileen Estatutuaren 4. eta 17. artikuluetan (eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan), Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoaren 7. eta 48. artikuluetan (eta Berdintasunari buruzko EAEko 4/2005 Legean). Horrez gain, langile guztien osasuna babesteko eskubidearen aurkako erasoa ere bada; eskubide hori Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legean dago jasota.
Beraz, enpresak bere erakunde-esparruan jazarpen-jokabideak saihesteko beharrezko ekintza guztiak abiarazteko konpromisoa hartzen du, eta, horretarako, beharrezko neurri egokiak hartuko ditu.
Jazarpena prebenitu eta jazarpen-kasuetan esku hartzeko jarduna protokolo honen bitartez egitea beharrezkoa da jokabide mota horiek modu eraginkor eta ordenatuan prebenitu eta saihesteko, eta bertan zehazten diren printzipio eta arau orokorretan du oinarria.
Protokolo honek prebentzio-izaera du eta, beraz, jazarpen-jokabidea benetan gertatu dela egiaztatzen den kasuan, prozedura bertan amaituko da eta diziplinazko prozedurari emango zaio hasiera, jokabide horren erantzulearen edo erantzuleen aurka, eta prozedura mota horri dagozkion lege-berme guztiak eskainiko ditu.
Prozedurak bermea eskainiko die bertan parte hartzen duten pertsonei: intimitatea eta haien osasuna babesteko eskubidea babestuko ditu eta ikusi dituzten gertakari edo egoerei buruz adierazpenak egiteagatik jaso ditzaketen errepresalia edo larderiazko jokabideak ekidingo ditu.
2.– Aplikazio-eremua.
Protokolo honek erakundeko langile guztiei eragingo die, eta ez da bereizketarik egingo enpresarekiko duten loturagatik edo lotura horren iraupenagatik.
Laneko jazarpena enpresa honetako langileen eta leku edo lantoki berean jarduten duten beste enpresa bateko langileen artean gertatzen bada, dokumentu honetan jasotako prozedura aplikatuko da; hala ere, neurriak hartzerakoan, eraginpeko enpresen artean koordinatuta egingo da, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 24.1 artikuluak xedatutakoaren arabera.
3.– Erreferentziazko araudiak eta definizioak.
Sexu-jazarpena eta jazarpen sexista.
Transportes Pesa SA enpresa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak proposatu duen «Laneko sexu-jazarpenari eta jazarpen sexistari aurre egiteko protokoloa» izeneko dokumentuari lotzen zaio. Izan ere, erakunde osoa protokolo horri atxiki zaio bere hitzarmen kolektiboan jasotako erabakiaren bidez, testuan bertan ageri den bezala.
Jazarpen morala.
Laneko legeriaren alorrean jazarpen moralari buruzko legezko definizio bat aurki dezakegu, baina, partzialki, diskriminazio-izaeragatik gertatzen den jazarpen moralari egiten dio erreferentzia.
62/2003 Legearen 28.1.d) artikuluan, jazarpena honela definitzen da: pertsona baten arraza- edo etnia-jatorriarekin, erlijio edo sinesmenekin, desgaitasunarekin, adinarekin edo sexu-orientazioarekin zerikusia duen nahi gabeko portaera oro, pertsona horren duintasunaren aurka egin eta larderiazko ingurunea, umiliagarria edo iraingarria sortzeko helburu edo ondorioa duena.
Bestalde, 3/2007 Lege Organikoaren 7.2 artikuluak honako hau dio: «Sexuan oinarritutako jazarpena da pertsona jakin baten sexuarekin zerikusia duen edozein jokabide, xede nahiz ondore izateagatik pertsonaren duintasunaren aurka egitea eta larderiakoa, apalesgarria eta ofentsakoa den ingurua sortzea».
Definizio horien hitzez hitzezko ildoari jarraikiz, laneko jazarpen moralaren jokabide orokorra litzateke «pertsonaren duintasunaren aurka egitea eta larderiakoa, apalesgarria edo ofentsakoa den ingurua sortzeko xede nahiz ondorio duen edozein jokabide».
Bortizkeria psikologikoko prozesu bat da, pixkanaka aurrera doana, eta horren baitan sartzen dira biktimen aurka zuzendutako jokabide eta jarduerak, honako hauekin lotura dutenak:
1) Behar bezala komunikatzea mugatzea edo ukatzea.
2) Harremanak egiteko aukerak murriztea eta ingurunearekiko isolatzea lortzeko erasoak.
3) Lan eta eginkizun profesionalaren aurkako erasoak.
4) Ospe profesionalaren eta norbanakoaren ospearen aurkako erasoak egitea eta haren bizitza pribatuan sartzea.
5) Hitzezko erasoa, sexu-erasoa edo eraso fisikoa erabiltzea.
Atal honetan gehitu ditugun definizioetan jasotako jokabide edo jarduerek ez dute zerrenda itxi bat osatzen, eta ez dituzte bestelakoak kanpoan utzi edo mugatu nahi. Hori bai, hor aipatutakoak ez dira inola ere onartuko.
4.– Berme-prozedura.
Protokoloa kudeatzeko organoa: ebaluazio-batzordea.
Ebaluazio-batzorde bat eratuko da, eta, protokolo honen arabera, salaketa onartu ala ez erabakiko du, egoeraren diagnosia egingo du, eta laneko jazarpenari buruzko zuzenketa-neurriak proposatuko ditu.
Batzorde hori honako pertsona hauek osatuko dute modu iraunkorrean:
– Pertsona-saileko arduraduna.
– Segurtasun, lan-osasun eta ingurumeneko koordinatzailea, batzordeburua bera.
– Enpresaz kanpoko prebentzio-zerbitzuren bateko teknikari bat, arrisku psikosozialetan espezialista ahal baldin bada.
– Prebentzio-delegatu bat.
– Lan-legeriaren arloko kanpo-aholkulari bat.
Izendatutako pertsonei prestakuntza egokia emango zaie.
Batzordeak berezko erregelamendua izango du, eta, horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen arabera kide anitzeko organoentzat xedatzen denak ere arautuko du.
Salaketak jartzea.
Protokolo honen aplikazio-eremuan dagoen langile orok, jazarpen morala jasan duela uste badu, edota jazarpen-egoeraren baten berri izan duen beste edozeinek salaketa jarri ahal izango du, idatziz, ebaluazio-batzordeko edozein kideren edo edozein prebentzio-delegaturen aurrean.
Eskaera-idatzian, laneko jazarpen gisa uler daitezkeen gertakari eta ekintzak deskribatuko dira, eta eskaera edo salaketa egiten duen pertsonak sinatuko du.
Kaltetua ez den beste pertsona batek aurkezten badu eskaera, kaltetuak berak berretsi beharko du, eskaera enpresak ebaluazio-batzordean bertan egin ezean.
Ebaluazio-batzordea batzartu egingo da, eta prozedurari hasiera emango dio. Beharrezkotzat jotzen badu, kautelazko neurri egokiak hartuko ditu.
Salaketak, alegazioak edo deklarazioak iruzurrezkoak eta dolozkoak badira (nahita horrela eginak), eta salatuari arrazoirik gabeko kaltea sortzeko egin badira, jokabide hori zehatu egingo da, hartara eragotzi gabe zuzenbidearen arabera egokiak izan daitezkeen bestelako ekintzak.
5.– Prozeduraren aplikazioa, konpromisoa eta konfidentzialtasuna.
Prozedura hau aplikatzeko prozesuan parte hartzen duten langileek konpromisoa hartzen dute ahalik eta diskrezio eta konfidentzialtasun handienarekin jokatzeko eskura dezaketen informazioari dagokionez. Informazio hori ez dute inola ere eta ezein bidetatik zabalduko.
Datuak tratatzerakoan, ebaluazio-batzordean isiltasun profesionala eta konfidentzialtasuna zainduko dituzte, eta zorrotz beteko dute aplikazio-arauetan xedatutakoa.
Demandatzaileak, azaldutako mekanismoen bidez prozedura honi hasiera ematean, aitortzen du badakiela zeintzuk diren prozeduraren edukia, prozesua eta izan ditzakeen ondorioak, eta horiek guztiak onartzen ditu. Halaber, aitortu eta onartu egiten du, datuak hartzeko eta aztertzeko prozesuan demandan atzera eginez gero, Transportes Pesa SA enpresak prozedurarekin jarrai dezakeela amaierara arte, erakundeko langileen segurtasuna eta osasuna babesteko.
6.– Jarduera-prozedura garatzea.
1) Transportes Pesa SA enpresako ebaluazio-batzordea, demandatzaileak jakinaren gainean jartzen duenean, berehala harremanetan jarriko da telefonoz demandatzailearekin, eta ezinbestekoa zaion hasierako informazio guztia eskatuko dio, gertaeren ikuspegi zehatza izateko.
Hasiera batean, informazio hau eskatuko du:
1. Demandatzailearen izen-abizenak eta harekin harremanetan jartzeko modua (telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa).
2. Demandatuaren izen-abizenak eta lan-harremana.
3. Zer-nolako egoera jasaten ari den (pertsonen arteko gatazka, jazarpen psikologikoa, sexu-jazarpena, etab.).
4. Demandatzaileak eskatuta ebaluazio-batzordeak entzungo dituen lekukoen izenak (egongo balira).
5. Anamnesi soziolaborala (pertsona baten historian garrantzitsuak diren datuen multzoa).
6. Lanpostuaren deskribapena, eginkizunak, saila, zerbitzua, etab.
7. Gatazkaren deskribapen kronologikoa.
8. Beste batzuk.
2) Aurretiko azterketatik lortutako datuak eta gertaeren larritasuna aintzat hartuta, edo demandatzailearen beraren eskaera oinarri, ebaluazio-batzordeak aho batez eta berehala baloratuko du protokoloarekin jarraitzea egokia den ala ez. Egokia ez bada, agiri honen 10. puntura jo beharko da (arrisku psikosozialeko beste egoera batzuen tratamendua), eta enpresako dagokion arloari horren berri emango zaio, egin behar dena egin dezan.
3) Ebaluazio-batzordeak kasuaren hasierako azterketa egingo du, eta kanpoko beste aditu batzuen parte-hartzea baloratuko du (psikologoa, perituak, etab.).
4) Ebaluazio-batzordeak batzar bat adostuko du demandatzailearekin, lantokian, demandatzaileak kontrakorik esaten ez badu. Bestela, demandatzaileak adierazitako tokian egingo da batzarra.
5) Ebaluazio-batzordeak prozesuaren hasieraren berri emango die inplikatutako pertsonei, telefonoz edo posta elektronikoz. Batzar bat egin behar dutela ere jakinaraziko die, eta batzar hori egiteko eguna eta ordua adostuko dute.
6) Ebaluazio-batzordeak eginbide egokiak burutu ostean eta kasuaren ezaugarriak eta larritasuna aintzat hartuta, batzorde horrek gatazkako alderdiak adiskidetzeko aukera baloratuko du. Alderdiek arazoa konpontzeko bide hori onartzen badute, zenbait jarduera planteatu eta adostuko dituzte, eta horiek betetzeko konpromisoa hartuko dute. Hilabete igaro ostean, baterako jarraipen-batzarra planifikatuko dute. Une horretan, prozesua egokia izan bada, amaitutzat joko da, eta gatazka konponduta dagoela ulertuko da. Ondorioz, kasua itxi egingo da.
7) Gatazka konpontzeko erabilitako metodoak –aurreko paragrafoan deskribatutakoak– emaitza egokirik ematen ez badu, aztertu egingo da, eta gatazka konpontzeko beste bide batzuk proposatuko dira.
8) Ebaluazio-batzordeak zehatz aztertuko du kasu bakoitza, eta, ikerketa-eginbideak amaitu eta gehienez ere 15 laneguneko epean, txosten arrazoitu eta xehatua egingo du. Txosten horretan, salatutako jarrera badagoen edo ez zehaztuko du, eta, hala badagokio eta posible bada, prebentzio- eta jarduketa-neurriak aplikatzea proposatuko du. Horren berri eman beharko dio enpresaren zuzendaritzari.
9) Enpresaren zuzendaritzak gehienez ere 5 laneguneko epea izango du, ebaluazio-batzordearen txostena jasotzen duenetik zenbatzen hasita, profesional adituaren ekarpenekin (beharrezkoak izan badira), txostena aztertzeko eta proposatutako prebentzio-neurriak aplikatzeko. Erabakiaren berri eman beharko die inplikatutako pertsonei.
10) Demandatzaileak uste badu hartu den erabakia ez dela egokia, benetako babes judizialerako eskubidea egikaritu ahal izango du. Horretarako, indarreko legerian ezarrita dauden baliabideak erabili beharko ditu, zeinek honako hauen babesa baitute: 1978ko Espainiako Konstituzioa eta Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa (184. artikulua).
7.– Faltak eta zehapenak tipifikatzea.
Ebaluazio-batzordeak zehaztuko du salatutako egitateak falta oso astunak, astunak edo arinak diren, jazarpen-jokaeren intentsitatea, iraupena eta maiztasuna kontuan hartuta.
Eraso fisikoak, ekintza horien ondorioak gorabehera.
Pertsonaren gaineko adierazpen iraingarri edo laidogarriak, hitz itsusiak erabiliz edo hauen gaineko aipamenak eginez: arraza, generoa, familia- edo nazio-jatorria, lehentasun politikoa edo estatus soziala.
Arlo profesionalean deskalifikatzeko adierazpen umiliagarriak eta etsaitasunezkoak egitea lankideen aurrean.
Justifikatu gabeko kaleratze-mehatxuak egitea lankideen aurrean.
Jazarpenaren subjektu aktiboetariko edozeinen diziplina-salaketa bat baino gehiago egotea, haien ausarkeria frogatuta geratu bada diziplina-prozesu horietariko bakoitzean.
Laneko proposamenak edo iritziak modu umiliagarrian eta lankideen aurrean deskalifikatzea.
Itxura fisikoaz edo janzkeraz iseka egitea, publikoki.
Pertsonaren intimitateari dagozkion gertaerak publikoki aipatzea.
Lan-betebeharretan oso arraroak diren betebeharrak ezartzea, agindutako lana betetzeko modu agerian neurriz kanpokoak diren eskaerak egitea eta inolako funts objektiborik gabe lantokia edo kontratatutako lana bat-batean aldatzea.
Kontratatutako edo legez ezarritako lanaldiaren arabera gehiegizkoak diren ordutegiak egitera behartzea, lan-txandak ustekabean aldatzea eta etengabeko eskaerak egitea.
Gainerako enplegatuen aldean modu diskriminatzaile agerian tratatzea.
Lana egiteko ezinbestekoak diren materialak eta informazioa emateari uko egitea.
Baimenak, gaixotasunagatiko lizentziak, justifikatutako lizentziak eta oporrak emateari uko egitea justifikazio argirik gabe.
Anonimo, telefono-dei eta mezu birtual iraingarriak, mingarriak edo beldurgarriak bidaltzea edo isolatze sozialeko egoera batean jartzea.
Proportzionaltasun-printzipioaren araberako zehapenak hauek izango dira:
1. Falta arinak
Ahozko kargu-hartzea, idatzizko kargu-hartzea, eta enplegua eta soldata etetea bi egunez, gehienez.
2. Falta astunak
Enplegua eta soldata etetea hiru egunetik hamasei egunera bitartean.
3. Falta oso astunak
Enplegua eta soldata etetea hamasei egunetik hirurogei egunera bitartean, edo kaleratzea.
Enplegua eta soldata eteteko zehapenak protokoloa ez jakiteagatik, hutsegiteengatik, eragindako egoeraren pertzepzio okerrarengatik, eta abarrengatik izan badira, zehapena osatzeko, lanorduetatik kanpoko prestakuntza-jardunaldiak egin ahal izango dira, zuzendaritzak neurri hori egokitzat jotzen badu, berriro ere antzeko arau-hausterik izan ez dadin.
Falta arinen errepikapenak falta astuna eragingo du, eta falta astunen errepikapenak falta oso astuna.
Prozedura honetaz baliatzea ez da eragozpena izango biktimak instantzia judizialetara ere jotzeko.
8.– Dibulgazio-politika.
Guztiz beharrezkoa da eraginpeko langile guztiek protokoloa dakitela bermatzea. Dibulgazio-tresnak egoki iritzitakoak izango dira, besteak beste, langile guztiei zirkularra bidaltzea eta intraneten argitaratzea, baldin eta enpresak horrelako komunikabiderik badauka. Izan ezean, iragarki-taulen bitartez dibulgatuko da. Dibulgazio-dokumentuan, enpresaren segurtasun eta lan-osasuneko batzordeko kideen izenak eta harremanetarako helbideak edo parte hartzeko kanalarena (kaixo@pesa.net) adieraziko dira.
Ahalik eta baliabide gehienak baliatuko dira bezeroek eta entitate hornitzaileek jakin dezaten zein den enpresaren politika gai honetan.
9.– Prestakuntza-politika.
Enpresaren informazio- eta prestakuntza-politika bermatuko da lan-arriskuen arloan, barnean hartuta jazarpen moralari eta haren biktima direnen osasuneko ondorioei loturiko prestakuntza, maila guztietan: langileen mailan, zuzendaritza-mailan, bitarteko aginteen mailan, langileen ordezkarien mailan, baterakoan zein sindikatuan, eta, berariaz, lan-arriskuen prebentzioari loturiko prestakuntza.
Aldian-aldian eguneratuko da langileek gai honetan duten prestakuntza eta, bereziki, zuzendaritzakoek eta bitarteko aginteek dutena; horretarako prestakuntza-ikastaroak antolatuko dira.
10.– Ebaluazioa eta jarraipena.
Ebaluazio-batzordeak kontrolatuko du zer salaketa aurkeztu diren eta nola ebatzi diren espediente horiek; izan ere, bi urterik behin jarraipen-txostena egin beharko du bere eskumeneko enpresetako protokoloa aplikatzeari buruz. Txosten hori zuzendaritzari, langileen baterako zein sindikatuko ordezkariei eta lan-arriskuen prebentzioko ordezkaritza-organoei aurkeztuko zaie.
11.– Biktimentzako informazioa.
Biktimarik badago, jakinaraziko zaio zein diren Euskal Autonomia Erkidegoak eskura jartzen dituen zerbitzu publikoak, bermatzearren babes egokia izan dezan eta egokiro indarberritu dadin.
Horretarako, hemen eska daiteke informazioa:
Diskriminazio eta Jazarpen Moralaren Euskal Behatokia
http://www.observatoriovascosobreacoso.com/
info@observatoriovascosobreacoso.com
94 424 95 84.
12.– Arrisku psikosozialeko bestelako egoeren tratamendua.
Pertsonen duintasunaren aurkako irain larriak.
Jazarpen-jokabidea eta duintasunaren aurkako irain larriak desberdinak dira; izan ere, irain horiek, berez eta errepikakorrak izan gabe ere, pertsonaren duintasunari zor zaion errespetua izateko eskubidea urratzea eragin dezakete.
Horren adibide litzateke pertsonaren bat larriki iraindu edo umiliatzea edo eginkizun errealik eta eraginkorrik gabe uztea arrazoirik gabe eta denboran luzean.
Gertakari eta egoera horien ebidentzia eta argitasunaren ondorioz, ez da beharrezkoa izango protokoloari jarraitzea, zuzenean aplika dakioke diziplina- edo zehapen-ekintza erasotzaileari, edo, hala badagokio, kasu horri dagozkion administrazio- edo zigor-ekintzak bete daitezke.
Zuzendaritzaren eta langileen edo langile-taldeen arteko gatazka orokorreko egoerak.
Gatazka-egoerak eta jazarpen-jokabideak ezin dira berdindu, zuzendaritzaren aldetiko botere-abusu errepikakorrik edo jokabide iraingarririk ez badago behintzat.
Kasu horietan, segurtasuneko, lan-osasuneko, higieneko eta ingurumeneko batzordeak egoeraren diagnosia egin behar du eta neurriak ezarri behar ditu gatazkako alderdiek egoeraren azterketa objektiboa egin, jarrera eraikitzaileak hartu eta, azkenik, gatazka horiei irtenbidea bilatzeko modua erabaki dezaten.
Zuzendaritza-estilo eta -forma despotikoak.
Hartzaile edo helburu zehatzik ez duten aginte- eta zuzendaritza-estiloetako modu despotikoak ez ohi dira jazarpentzat hartzen, eta enpresaren zuzendaritzak ere aztertu behar ditu.
Egoera horiei aurre egiteko modurik egokiena izan ohi da aginte edo langileei horretarako prestakuntza edo entrenamendua emateko neurriak hartzea.
Rol- edo funtzio-gatazkak.
Horrelako gatazkak sortu ohi dira oso argi ez dagoenean edo kontu nahasia denean nork egin behar dituen eginkizun jakin batzuk.
Horien jatorria izan ohi da enpresaren zuzendaritzak funtzioen antolakuntza eta banaketa eskasa egitea edo pertsonen arteko komunikazio urria edo txarra egotea.
Lan-gainkarga edo eginkizunen banaketa okerra.
Antolakuntzako pertsona batzuen lan-gainkargaren ondorioz edo eginkizunen banaketa bidegabearen ondorioz, pertsona kaltetuek pentsa dezakete zuzendaritzak jazarri egiten dituela.
Hala ere, arazo horiek lan-antolaketa okerraren ondorio ere izan ohi dira, edo enpresako organo batzuen arteko komunikazio ezaren ondorio ere. Beraz, gatazka horiek arrisku psikosozialen prebentzio-neurrien alorrean jorratu eta ebatzi behar dira.
Zuzendaritzak egoera aztertu, diagnostikatu eta arazoak konpontzeko neurri egokienak proposatuko ditu.
Agindutako eginkizunak egiteko autonomiarik eza.
Langileek egiten dituzten eginkizunen gaineko gehiegizko kontrolak laneko estres-egoerak eragin ditzake, eta horiek lan-antolaketa hobearen bitartez leundu daitezke, zuzendaritzaren kontrola eta langileen autonomia uztartu behar baitira lanak egokien nola eta noiz egin behar diren erabakitzeko orduan.
Egoera horien tratamenduak enpresaren zuzendaritza aztertu eta diagnostikatzea ere badakar.
Zailtasun-egoeran dauden langileentzako laguntzarik eza.
Arrisku psikosozialeko beste egoera batzuk sor daitezke zailtasun-egoerei aurre egin behar dieten langileei arreta eta laguntza ez emateagatik.
Garrantzitsua da alderdi hori zaintzea langile berriei dagokienez harrerako gidaliburu eta protokoloen bitartez, bakarkako lanei dagokienez eta ezintasunagatiko absentzia luzeen ostean lanera itzultzen diren langileei dagokienez.
Komunikatzeko zailtasunak.
Gatazka-egoera askok pertsona, sail edo lan-txanden artean informazioa helarazteko dauden gabezietan dute jatorria.
Komunikazio-arazoak teknika egokiak ezarrita zuzen daitezke.
Langileren batek hirugarrenak ukitzen dituen jarrerarik edo portaerarik izanez gero izan beharreko jardun-protokoloa.
Zuzendaritzak eta langileen ordezkariek egin eta onartu dute protokolo hau, segurtasuneko, lan-osasuneko eta ingurumeneko batzordearen bitartez.
Helburua da neurri batzuk hartzea langile jakin batzuen jarreren eta portaeren aurrean, jarrera horiek eraginik izan badezakete erakundeko gainerako langileen, bezeroen edo zerbitzuko eguneroko lan-materialen segurtasunean. Protokoloa aktibatzeko, ukitutako pertsonaren baimena behar da eta protokoloan deskribatutako egoera zehatzak bete behar dira. Hala bada, enpresak laguntza psikiatrikoa emango dio ukitutako pertsonari, ukitutako pertsona hori bere lanpostura itzul dadin lortzearren; horretarako, lehenik tratamendua amaitu behar du eta Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak eman behar du horren aldeko balorazioa, jardun arruntean aritzeko moduan dagoen baloratuta.
Generoarengatiko diskriminaziorik gabeko barne-sustapena bermatzeko protokoloa.
Emakumezkoak arian-arian barne-sustapeneko lanpostuetan sartzen joateko politikaren barruan, eta sarrera hori erraztearren, diskriminaziorik gabeko gida honen aldeko irizpena eman da, kristalezko sabaia deritzona desagerrarazteko xedez.
– Komunikazio-gidan deskribatutako ohiko kanalen bidez argitaratzen diren barne-iragarkietan, emakumeak agerraraziko dira eta adieraziko da zer lanpostu eskura dezaketen genero-ikuspegi horren arabera.
– Lanposturako hautagaiek bete beharreko eskakizunetan, errespetatu egingo da genero-ikuspegia, eta ez da inola ere emakumeekiko diskriminaziorik egingo.
– Hautatze-prozesuetan, hautagaiak sexuaren arabera identifikatuko dira, eta begiratuko da barne-sustapeneko lanpostuak eskuratu nahi dituzten hautagaien artean emakumezkorik dagoen. Ez bada emakume bat bera ere aurkezten, prozesua eta eskakizunak berrikusiko dira badaezpada, ikustearren ea generoaren araberako sustapena oztopatzen duen baldintzarik edo diskriminaziorik dagoen.
– Ezarritako eskakizunak betetzen dituzten hautagai guztiei deituko zaie trebetasun-, gaitasun- eta ezagutza-probak egin ditzaten baldintza berberetan.
– Proba horiek egin ondoren, gaindituen artean hautatzeko, urrats hauek emango dira:
1.– Lanpostuko lan-esperientziaren pisua mugatuko da; horretarako, gehienezko puntuazioa emango zaio urtebeteko esperientziari.
2.– Trebetasun-, gaitasun- eta ezagutza-probetan, hautagaiek lortu nahi duten lanposturako esperientzia- eta gaitasun-berdintasuna egiaztatuz gero, ataza horretan dihardutenen artean ordezkaritza gutxiena duen sexukoak kontratatuko dira.
3.– Eskainitako lanpostuaren lanbide-kategorian gizonezkoak badira nagusi, jarraipen estatistiko bat egingo da ikustearren eta zaintzearren nola joan den sartzen eta garatzen emakumezkoa kategoria horietan azken urteetan. Halaber, estatistikoki neurtuko da zenbat emakume aurkezten diren erakundearen deialdietako hautaprobetara.
Euskararen erabilera normalizatzea eta euskara-plana diseinatzea.
Enpresaren eta langileen ordezkariek Transportes Pesa SAren I. euskara-plana diseinatu dute.
Erakundearen konpromisoaren oinarria da gizartearen eta kulturaren alorreko hizkuntza-errealitateari erantzuna ematea, bide horretan, euskararen erabileraren aldeko apustua sendotuta eta enpresaren barruko eta bezeroekiko harremanetan euskararen normalizazioa sustatuta.
I. euskara-plana euskara-batzordearen gidaritzapean dago; batzorde horretan, enpresaren lau ordezkari eta langileen beste lau ordezkari daude. Sindikatu-ordezkariek langileen ordezkariak aukeratzen dituzte, euskara-batzordean lantoki eta sindikatu guztien eta enpresa-batzordearen presentzia bermatuta, erakunde osoaren inplikazioa bermatzearren.
Laguntza- eta aholkularitza-lanak egiteko, euskara-batzordeak kanpoko kontsultarien aholkularitza eta laguntza izan dezakete hizkuntzaren gaian.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Enpresak, hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean eta bi alderdiek kontrakorik adosten ez duten bitartean, ez ditu aplikatuko Langileen Estatutuaren 40., 51. eta 52.c artikuluak (hurrenez hurren, mugigarritasun geografikoari, kaleratze kolektiboari eta arrazoi objektiboengatiko kontratu-amaierei buruzkoak).
Enpresak, artikulu horiek aplikatzeko benetako arrazoiak daudela ikusten badu, langileen legezko ordezkariei jakinaraziko die, akordio bat lortzeko, eta kontsultak egiteko 21 egun emango ditu, jakinarazpenaren egunetik hasita. Denboraldi horretan akordiorik lortzen ez bada, erabakia GEP II.ean ezarritako prozeduren arabera hartuko da, eta horrek ebatziko du adierazitako artikuluak bidezkoak diren eta zer baldintzatan aplikatu behar diren; ebazpen hori loteslea izango da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Administrazioarekiko kontratua suntsiarazi edo amaituz gero eta zerbitzu publikoa kudeatzeko lehiaketa publikoaren bidez itundutako zerbitzuen esleipena galduz gero, enpresa esleipendun berriak Transportes Pesa SA enpresako langileen lan-kontratu mugagabeez eta haren indarreko hitzarmen kolektiboaz subrogatu beharko du, betiere errespetatuta enpresan kontratu mugagabeak dituzten eta plantilla osatzen duten langileek zituzten eskubideak eta betebeharrak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hitzarmen honen ondorio ekonomikoak zuzenean aplikatu beharko dira, hitzarmena sinatu eta hurrengo hileko nominatik aurrera.
2016ko urtarrilaren 1etik langileek benetan jaso duten diruaren eta hitzarmen honen ondorioz –benetan aplikatu arte– dagokien diruaren arteko aldea 30 eguneko gehieneko epean ordainduko da, hitzarmen kolektibo hau sinatzen denetik aurrera zenbatzen hasita.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Alderdi biek adostu dute gidatzeko eta atseden hartzeko denborei buruzko 902/2007 Errege Dekretuan eta Europako erregelamenduan xedatutakoa betetzen ez duten artikuluak aldatzea.