EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017233

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailaren artekoa, EAEko pertsona langabeentzako eta landunentzako prestakuntza-programazioa gauzatzeko kudeaketa-gomendioari buruzkoa.

Xedapenaren data: 2017-12-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201705912
Maila: Akordioa
Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andreak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko buru gisa.
Eta bestetik, Maria Aranzazu Tapia Otaegui andreak, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezarri dira: batetik, langabezian eta lanean dauden langileen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea, eta bestetik, langileei –hala landunei nola langabeei lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, eta, era berean, enpresen produktibitate eta lehiakortasun-eskakizunei nahiz lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei ere erantzutea. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.
Bigarrena.– Helburu hori lortzeko, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak honako hauek arautzen ditu:
2.1.– Langabetuentzako prestakuntza-eskaintzan (23. artikulua):
a) Langabezian dauden langileentzako prestakuntza-ekintzen helburu nagusia pertsona horiek laneratzea da.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta lan egiteko moduan dauden pertsonei euren lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman behar dizkie. Ildo horretan, profesionaltasun-ziurtagiriak izango dira prestakuntza-eskaintzaren oinarri nagusia. Hala ere, Dekretu horrek aukera ematen du, halaber, beharrezkoa den prestakuntza kualifikatzailearen eta zeharkako prestakuntzaren programazioa egiteko, betiere profesionaltasun-ziurtagirien multzoan jasota ez badago.
2.2.– Langile landunentzako prestakuntza-eskaintzan (25. artikulua):
a) Lanean dauden langileentzako prestakuntza-eskaintzaren xedea da prestakuntza bat ematea, honako hauei erantzungo diena: enpresen produktibitate eta lehiakortasun-eskakizunei; produkzio-sisteman dauden aldaketetara egokitzeko beharrizanei, eta langileen lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako aukerei (aukera horien bidez, lanbide ezberdinetarako kualifikazioa izango dute, eta euren enplegagarritasuna hobetuko da).
b) Prestakuntza-eskaintza honek enpresek programatutako prestakuntzan bete gabe dauden beharrizanak beteko ditu, eta harekin batera emango da, modu osagarrian, prestakuntza-programen bidez. Programa horiek sektoreko nahiz zeharkako beharrizanei erantzungo dieten prestakuntza-ekintzak hartuko dituzte barne. Halaber, moduluka antolatutako prestakuntza-eskaintza jarriko du eskura, egiaztapen partzial metagarria egin ahal izateko, bai eta lan-esperientziaren bidez lortutako gaitasunen egiaztatze eraginkorra ahalbidetuko duten prozedurak ere.
Hirugarrena.– Halaber, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren bidez, EAEko jarduketa-esparrura ekarri da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan-arloko enplegurako Lanbide Heziketaren sistema arautzen duena. Lege horretan, hain zuzen ere, honako hauek arautzen dira: lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistemaren plangintza eta finantzaketa, prestakuntza-ekintzen programazioa, gauzatzea, kontrola, jarraipena eta zehapen-araubidea, bai eta informazio-sistema, ebaluazioa, kalitatea eta sistemaren gobernantza ere.
Laugarrena.– Martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak (Ekonomia Sostengarriari buruzko Legearen osagarriak) bosgarren xedapen gehigarria erantsi zion Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoari. Bada, hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek arautzen du hezkuntza eta lan-arloko administrazio eskudunek prozedura bat ezarri behar dutela, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa irakasteko baimena duten zentroek aukera izan dezaten, araututako baldintzak betetzen badituzte, enplegurako lanbide-heziketako ikasketak ere emateko; xedapen gehigarri horrek arautzen du, halaber, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurakoa modu integratuan eskaintzen duten funts publikodun zentroek aukera izan behar dutela aurrekontu-baliabideak eskuratzeko, hain zuzen ere enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, betiere hezkuntza eta lan-arloko administrazio eskudunek hitzartzen dituzten lankidetza-mekanismoekin bat etorriz.
Bosgarrena.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) eta EAEko 2014-2016 Lanbide Heziketako Laugarren Planak nabarmentzen dute lanbide-heziketako eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan, bai enplegurako lanbide-heziketan.
Seigarrena.– Ekainaren 11ko 2/2015 Legeak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legea aldatzekoak (2015-06-17ko EHAA eta 2015-06-26ko BOE), aldatu egin zituen bai aipatutako lege hori, bai martxoren 13ko 6/1998 Legea, itsas arrantzari buruzkoa. Ildo berean aldatu zituen, hain zuzen ere, hezkuntza-arloan eskumena duen Sailari esleitu baitzitzaion nekazaritza eta elikagaigintzarekin eta nautika eta arrantzarekin lotutako prestakuntza arautua, eta prestakuntza ez arautua, berriz, nekazaritza eta arrantza-arloan eskumenak dituen Sailari esleitu zitzaion.
Halaber, nekazaritza eta arrantza eta nautika-arloan eskumenak dituen Sailari aitortu egin zitzaion Hezkuntza Sailaren mendeko zentroak erabiltzeko eskubidea, prestakuntza-arloan dituen eskumenak gauzatzeko.
Zazpigarrena.– Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzekoan eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailari egozten zaizkio «nekazaritzako eta itsasketa eta arrantzako prestakuntza» eta «nekazaritzako eta itsas arrantzako lanbide-gaikuntza sustatzea», eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egozten zaizkio, berriz, «enplegu-politika, baita enplegurako lanbide-heziketa ere, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza arloarekin koordinatuta, hauxe baita lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak prestatzearen arduraduna eta, bere erantzukizunei dagokionean, Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du».
Zortzigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzea dagokio, urriaren 13ko 3/2011 Legearen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoaren, 3.b) artikuluarekin bat. Enplegurako prestakuntzaren barruan sartzen dira, eskaintzen den prestakuntzari lotuta, pertsona langabeentzat eta landunentzat antolatzen diren prestakuntza-ekintzak.
Halaber, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, EAEn Enplegurako Lanbide Heziketa arautzekoan, organismo autonomo horri esleitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).
Bederatzigarrena.– Bestalde, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenean, zehazki xedatzen da, 13. artikuluan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lanbide-heziketa emango duela, bai Eusko Jaurlaritzaren ikastetxe propioen bidez, bai kudeaketa-gomendioetarako akordioak izenpetzearen bidez. Xede horretarako, Jaurlaritzaren ikastetxetzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak.
Xedapen honekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako, elikagaigintzako eta itsasoa eta arrantzako sektoreko pertsona langileek kualifikazioaren arloan dituzten beharrizanei erantzuteko, eta eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzen programak sustatzen dituzte. Horretarako, honako hauek baliatuko dituzte: batetik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren mendeko lanbide-heziketako zentro publikoen sarea, eta hain zuzen ere, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailak erabiltzeko esleituak, prestakuntza-arloan dituen eskumenak gauzatzeko; eta bestetik, euskal sektore publikoko HAZI Fundazioaren bidez. HAZI Fundazioa aipatutako Sailari atxikita dago eta EAEko Administrazio Orokorreko baliabide instrumental propioa da, eta akreditatuta edo inskribatuta dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan.
Horrela, lan-merkatuaren egoera eta enpresa-ehunean hautemandako beharrak eta Sailak erabiltzeko eskubidea duen ikastetxe publikoen sarearen eta HAZI Fundazioaren prestakuntza-gaitasuna kontuan hartuta, Lanbide organismo autonomoak eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailak Euskadiko lurralde-eremuan EAEko Administrazioko ikastetxe eta baliabide propioekin egingo diren prestakuntza-ekintzen plangintza prestatu dute, eta kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau izenpetzea hitzartu dute, urriaren 1eko 40/2015 Legearen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoaren, 11. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hona hemen akordio hori arautuko duten,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Helburua.
Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-gomendioaren helburua da Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailak nekazaritzako, elikagaigintzako eta itsasoa eta arrantzako arloko prestakuntza-programazioa egitea, Sailak erabiltzeko eskubidea duen Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen eta HAZI Fundazioa prestakuntza-erakundearen bidez. Honako hauentzat izango da prestakuntza hori:
a) Langile langabeentzat (hitzarmen honen I. eranskinean adierazi da).
b) Langile landunentzat, lehentasunez (hitzarmen honen II. eranskinean adierazi da).
Kudeaketa-gomendio honen xede diren prestakuntza-jarduerak 2017ko ekitaldian hasiko dira, eta, gehienez, 2018ko uztailaren 31n amaituko dira.
Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintzaren plangintza.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan bildutako prestakuntza-eskaintza diseinatu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabetu eta landunentzako prestakuntza-ekintzak egiteko, nekazaritzaren, elikagaigintzaren eta itsasoa eta arrantzaren sektoreen esparruan. Prestakuntza-eskaintzaren plangintza horrek bi xede ditu: batetik, langabetuen kualifikazio-beharrizanak asetzea, eta, bestetik, eskuragarri dauden baliabide publikoak ahal den ondoen erabiltzea. Prestakuntza hori lehen sektorearekin eta elikagaigintzarekin, landa, kostaldea eta basoak garatzeko politikekin, eta nekazaritza eta ozeanografia-ikerketarekin lotutako ezagutza-arloak jorratzen dituzten Lanbide Heziketako ikastetxe publikoek emango dute, bai eta HAZI fundazioak ere (aipatutako Sailari atxikitako erakundea da HAZI, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako erregistroan prestakuntza-erakundetzat inskribatuta dago).
Prestakuntza-eskaintza hori osatzeko, honako hauek hartu dira kontuan: batetik, zer-nolako egoera duten nekazaritzaren eta itsasoa eta arrantzaren sektoreko lan-merkatuak eta enpresa-ehunak EAEko lurralde historikoetan eta eskualdeetan; bestetik, zer-nolako eskaintza dagoen ezagutza-arlo horiekin lotutako lanbide-kualifikazioetarako, bai hezkuntza-sisteman, bai enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta azkenik, nekazaritzaren, elikagaigintzaren eta itsasoa eta arrantzaren sektorerako prestakuntzan jarduten duten ikastetxe publikoen sarea, eta ikastetxe horietako bakoitzaren eta HAZI Fundazioaren prestakuntza-ahalmena.
Hirugarrena.– Prestakuntza-planak.
1.– Prestakuntza-plantzat hartuko da prestakuntza-behar jakin batzuei erantzuteko osatutako prestakuntza-ekintzen multzoa, betiere kontuan hartuta, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik, planaren onuradunen gaitasunak eta enplegagarritasuna nabarmen hobetzen direla.
2.– Prestakuntza-planak hasi direla joko da planaren baitako lehen ekintza hasten denean.
Laugarrena.– Finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoak.
Kudeaketa-gomendio honetako xede den prestakuntza-programazioaren finantzaketarako bideratutako kredituaren guztizkoa 354.994,50 euro da (hirurehun eta berrogeita hamalau mila bederatziehun eta laurogeita hamalau euro eta berrogeita hamar zentimo), honela banatuta:
– 308.015,25 euro langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetarako bideratuko dira, eta horietatik 77.003,81 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 231.011,44 euro, berriz, 2018ko konpromiso-kredituari.
Finantza-baliabide horiek Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutakoak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko EGFren Programa Operatiboa 2014-2020ren edo Gazte Enplegurako Programa Operatiboa 2014-2020ren esparruan.
– 46.979,25 euro lehentasunez langile landunentzat izango diren prestakuntza-ekintzetarako bideratuko dira, eta horietatik 11.744,81 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 35.234,44 euro, berriz, 2018ko konpromiso-kredituari.
Bosgarrena.– Prestakuntza-programazioa eta haren zuzkidura ekonomikoa.
1.– Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan eta HAZI Fundazioan egin beharreko prestakuntza-planetan sartutako prestakuntza-programazioa I. eta II. eranskinean jasota dago. Hor adierazten dira zer prestakuntza-ekintza egin behar diren, eta identifikatzen dira ekintza bakoitzari dagokion espezialitatea, prestakuntza emango duen ikastetxea edo erakundea, ordu-kopurua, ikasle-kopurua eta hornidura ekonomikoa.
2.– Prestakuntza-zentro berberak eman beharreko prestakuntza-ekintzek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute, eta osorik hartuta finantzatuko dira.
3.– Prestakuntza-ekintza bakoitzak jasoko duen zenbatekoa (I. eta II. eranskinetan dago adierazita) kalkulatzeko, parte-hartzaile bakoitzak duen prestakuntza-orduko kostua hartu da kontuan, modulu ekonomikoen arabera (III. eranskinean zehazten da horien osaera eta kalkulua).
Aplikatu beharreko modulu ekonomiko bakoitza hiru elementuk osatzen dute: A moduluak (langileen kostu zuzenak), B moduluak (funtzionamenduko zeharkako kostuak) eta C moduluak (zeharkako kostuak).
Seigarrena.– Alta ematea Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan.
I. eta II. eranskinetan jasotako programazioan parte hartzen duten zentroek Lanbidek akreditatuta edo inskribatuta izan beharko ditu, emango den prestakuntza-espezialitatean. Datuak Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan sartuko dira.
Zazpigarrena.– Harreman zuzena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen artean, eta ordaintzeko modua.
1.– Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailari transferituko dio prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitza emateko esleitu den diru-zenbatekoa, honela:
a) Lehen ordainketa, 2017ko ordainketa-kredituaren kontura.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailaren arteko kudeaketa-gomendiorako akordioa EHAAn argitaratu ondoren transferituko da, prestakuntza-plan bakoitzeko lehenbiziko prestakuntza-ekintza hasten denean, 2017ko abenduaren 31 baino lehen.
Langabetuentzako planeko prestakuntza-ekintzei dagokien zenbatekoaren % 25aren eta landunentzako planeko prestakuntza-ekintzei dagokien zenbatekoaren % 25aren batura transferituko da.
b) Bigarren ordainketa, 2018ko konpromiso-kredituaren kontura.
2018ko aurrekontuak indarrean sartu ondoren ordainduko da, prestakuntza-plana behar bezala doala egiaztatu ondoren.
Langabetuentzako planeko prestakuntza-ekintzei dagokien zenbatekoaren % 35aren eta landunentzako planeko prestakuntza-ekintzei dagokien zenbatekoaren % 35aren batura transferituko da.
c) Hirugarren ordainketa, 2018ko konpromiso-kredituaren kontura.
Gainerako % 40a transferituko da, ekitaldi horretako konpromiso-kredituaren kontura, kudeaketa-gomendioaren baitako jarduketen justifikazioa eta prestakuntza-planen finantzaketarako bideratutako baliabide ekonomikoen likidazioa egin ondoren, hamargarren klausulako 1.t) letran xedatutako baldintzetan.
Zortzigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.
1.– Programazio honetako prestakuntza-ekintzetan honako hauek har dezakete parte:
1.1.– Programazio honetan langabeentzat antolatutako prestakuntza-ekintzetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda duten langile langabeek soilik har dezakete parte. Ez da beharrezkoa izango enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, arau zehatz batek hala xedatzen badu, eta, bereziki Gazte Bermea Sistema Nazionaleko fitxategian inskribatutako gazteen kasuan, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.
1.2.– Lehentasunez langile landunentzat antolatutako ekintzetan, EAEko lantokietan lan egiten duten pertsona guztiek har dezakete parte. Ekintza horietan, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute: mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarekin lotutako prestakuntza-eskaintzan, eta administrazio publikoetan jarduten duten langileek. Gehienez jota, pertsona landunentzako planeko guztizko eskaintzaren % 10 bete ahal izango da pertsona horiekin.
Ekintza horietan, langabezia-egoeran dauden langileen parte-hartzea, gehienez jota, % 30 izango da prestakuntza-ekintza bakoitzeko. Pertsona horiek enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon behar dute, enplegu-zerbitzu publikoren batean. Alde horretatik, langabetzat hartzeko, pertsonek prestakuntzaren hasieran duten egoera hartuko da kontuan, eta lehentasuna emango zaie Lanbiden izena emanda duten pertsonei.
2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek ekintza horietan parte hartzeko baldintzak bete beharko dituzte.
Bederatzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
1.– Prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko aukeraketa egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaro bakoitzean parte hartzea eskatu duten hautagaien artean.
Honako hauek izan daitezke hautagai:
● Ikastaroan parte hartzea eskatzen dutenak, bai eskabide bat aurkeztuta Lanbidek lurralde bakoitzean dituen bulegoetan, bai eskabidea beteta Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus). Webgune horretan jakinaraziko dira zein diren prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten baldintzak, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapena eta ezaugarriak ere.
● Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek ikastaroa egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
● Prestakuntza Zentro Publikoen Saretik edo haien orientazio-zerbitzuetatik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bideratuak izan diren eskatzaileak.
Prestakuntza-ekintzen kudeaketa Lanbideren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F) egingo da.
2.– Prestakuntza-zentroek egingo dute ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa, beren instalazioetan, Lanbideren bidez inskribatutako hautagaien artean. Horretarako, beharrezkoa den prestakuntza-ekintza guztietan, hautaketa-proba bat egingo da, ekintzari probetxua ateratzen zaiola bermatzeko, batetik, eta egiaztatzeko ikasleek aldez aurretik badituztela kualifikazio-ekintzetako helburuak lortzeko nahitaezko aurretiko ezagutzak, barne hartuta, hala badagokio, 2. eta 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-moduluetan sartzeko funtsezko gaitasunak.
Prestakuntza-zentroetako arduradunek zehaztuko dute zer bitarteko tekniko eta material baliatuko dituzten aukeraketa hori egiteko, eta beti ziurtatuko dute aukeratutako ikasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuetan ezarritako sarbide-baldintzak.
Prestakuntza-ekintza batean profesionaltasun-ziurtagiri oso bat programatzen bada, inolako prestakuntza-modulurik akreditatuta ez duten pertsonek soilik ahal izango dute parte hartu.
Profesionaltasun-ziurtagiri bati lotutako prestakuntza-ekintza bat moduluka programatzen bada, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiri horretako gainerako moduluak gaindituta dituztenek, ziurtagiri horretako prestakuntza-ibilbide osoa burutu dezaten. Kasu horretan, prestakuntza-ekintzan sartuko dira, lehenik eta behin, gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonak, eta, bigarrenik, ziurtagiriaren gainerako moduluak egin ez dituzten beste pertsonak.
Prestakuntza-ekintza programatzen bada prestakuntza-premiaren bat antzeman delako laneko esperientzia bidezko edo prestakuntza ez-formal bidezko Gaitasuna Aitortzeko Egituraren deialdiren bateko aholkularitza- edo ebaluazio-fasean, orduan, ekintza horretan parte hartzeko lehentasuna izango dute prestakuntza-premia hori antzeman eta preskribatu zaien pertsonek.
Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak bete eta dagokien hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honi jarraituz:
a) Langabeentzako ikastaroetan:
● Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen eta landunen kolektiboan duten proportzio berean; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; langabezia-saria agortua duten eta berriz profesionalki gaitzeko Prepara programan eta Enplegua Aktibatzeko Programan parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak; eta terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
● Bigarrenik, lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formalak aitortzeko prozeduretan parte hartu duten pertsonak, dagokien profesionaltasun-ziurtagiria osatzeko prestakuntza-ekintzak egin ditzaten.
● Hirugarrenik, etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko libre badaude.
● Laugarren, gainerako langabeak, oro har.
b) Lehentasunez pertsona landunentzako antolatutako ikastaroetan:
● Pertsona landunak, gutxienez plazen % 70 bete arte.
● Langabeak, plazen % 30 arte, behar adina pertsona landun ez balego.
Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona langabetu edo landunen eskaerak izanez gero. Muga hori ez da aplikatuko pertsona horiek parte hartzen ari badira hirugarren klausulako 2. paragrafoko xedapenetan baimendutako prestakuntza-planaren prestakuntza-ekintzetan.
Hautaketa amaitzen denean, prestakuntza-zentroek 7 egun balioduneko epea izango dute haren emaitzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko aplikazioan (LAN-F) mekanizatzeko.
3.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.
Iragarpen-bitarteko horiez gainera, egoki iritzitako bestelako bitartekoak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek alderdi horien berri emateko ikasleei. Prestakuntza-zentroek ordainduko dute hautaketa-prozesuen emaitzen berri emateko bitarteko osagarri horien kostua, halakorik balego.
Hamargarrena.– Aldeen betebeharrak.
1.– Prestakuntza emango duten lanbide-heziketako zentroek eta HAZI prestakuntza-erakundeak betebehar hauek izango dituzte:
a) Gomendatu zaizkien prestakuntza-ekintzak, akordio honen I. eranskinean adierazitakoak, gauzatu behar dituzte, aurreikusitako ordutegi eta datetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea prestakuntza-jardueren hasiera, LAN-F kudeaketa-aplikazio informatikoan.
c) Ziurtatu behar dute prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileentzat ezartzen dituzten eskakizunak. Ikastaroak ematen dituen ikastetxeak betetze-maila horri buruzko ziurtagiria aurkeztuko du, informatika-aplikazioaren bidez emandako ereduari jarraikiz. Halaber, LAN-F programan sartuko da ikastaroa hasi baino lehen.
d) Ikastaroen hasieran, gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei:
– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak bilduko dituena.
– Ikastaroa egiteko behar beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta behar diren babes-elementuak.
Prestakuntza-zentroek berariaz jakinarazi behar dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa ere izan dutela.
e) Lanbide-informazioa eta -orientazioa eman behar diete prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak programa honen arabera emandako prestakuntza-ekintzak finantzatu dituztela adieraztea, ekintzei buruzko komunikazio, hedatze edo publizitate-ekintzetan.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritu behar dute, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatu egin behar dute aukeratutako izangaiek bete egiten dituztela ikastaroetako sarbide-eskakizunak.
h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei eman behar diete haiek ikastaroen martxari buruz eskatzen dieten informazio guztia.
i) Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio batutzailea egin behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoan Profesionaltasun Ziurtagiriak Garatzeko eta Aplikatzeko 2017-2018. urteko jarraibideekin bat etorriz, eta plangintza zein banakako ebaluazioa jakinarazi behar dute, LAN-F aplikazioaren bidez.
j) Aldian-aldian jakinarazi behar dituzte, LAN-F kudeaketarako informatika-aplikazioaren bidez, ikastaroetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
k) Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri eman behar diete erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta ziurtatu behar dute bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko, eta profesionaltasun-ziurtagiriak ateratzen ari diren pertsonei dagokienez, gai direla modulu guztiak amaitzeko.
l) Prestakuntza praktikoko modulua lantoki batean egiteko aurreikuspenak egin behar dituzte, ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.
m) Akordio edo hitzarmenak egin behar dituzte, hain zuzen ere ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek prestakuntza praktikoko modulua lantokian behar adinako bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.
n) Tutoreak izendatu behar dituzte lantokian egiteko prestakuntza praktikoko modulurako. Tutoreen ardura izango da enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egin beharko dute. Horretarako, ikusi eta neur daitezkeen ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.
o) Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eraman behar dute.
p) Baja emango diete ikasleei, baldin eta baztertze-egoera hauetakoren batean badaude:
– Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25ean ez joatea, arrazoia edozein izanik, justifikatuta zein ez.
– Prestakuntza ematen duen zentroaren edo erakundearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea, edo portaera egokirik ez izatea, eta horietan sartzen dira higiene eta osasungarritasunaren arloan exijitu daitezkeen arauak.
– Ikasle bat baztertzea erabakitzeko, prozedura hau beteko da:
1.– Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela; hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean.
Ikasleren baten ez-asistentziak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, prestakuntza-zentroak horren berri espresuki emango dio prestakuntzako teknikariari, eta ikasleari baja emango zaio. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako ez-asistentziak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), pertsonak geratzen den modulua egiteko aukera aztertu ahal izango da.
2.– Ebazpenaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
q) Ikasleei gogoraraztea, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak telematikoki bete beharko dituztela.
r) Lanbideko teknikariek bisitaldiak egitea erabaki dezakete intzidentziak egiaztatu eta konpontzeko, eta zentroek erraztu egin behar dituzte bisitaldi horiek.
s) «Bukaerako Ebaluazioari buruzko Akta» egin behar dute. Horretarako, LAN-F informatika-aplikazioa erabiliko dute, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik eta ikasleei eskuratuko dizkiete, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak ikastaroa emaitza positiboarekin gainditzen ez badu, berriz, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.
t) Kudeaketa-gomendioaren baitan egin diren ekintzak eta haiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen aplikazioa justifikatzea. Horretarako, 15 eguneko epea (amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita) egongo da, eta II. eranskineko B atalean ezartzen den bezala eta bertan zehaztutako agiriekin egingo da.
u) Frogaketa eta kontrol-jarduerak igaro beharko dituzte, zehazki Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak ere; baita Europako Gizarte Funtsaren (EGFren Unitate Administratzailea, Europako Batzordea eta Kontuen Auzitegia) kofinantzaketarekin loturiko kontrol-eskabideak ere. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.
Alde horretatik, Europar Batasuneko araudian ezarritakoarekin bat eginez, bisitak egingo dira Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintza batzuetara (lagina), tokian bertan egiaztatzeko EBko funtsen parte-hartzetik eratorritako baldintzak betetzen direla.
v) Finantzatutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-baldintzak bete ditzaten, prestakuntza-zentroek diru-laguntzarekin lotutako transakzioak identifikatu beharko dituzte, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.
2.– Hauek izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak:
a) Kudeaketa-gomendiorako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatu behar ditu.
b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritu behar du, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman behar ditu hautagaien zerrenda, bai eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa ere; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.
c) Gertatzen diren intzidentziak konpontzen lagundu behar die ikastaroak ematen dituzten zentroei.
d) Ikastaroak ematen dituzten ikastetxeetako arduradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ikastaroen emaitzekin emandako aktak gordetzea eta zaintzea, baita diruz lagundutako ekintzari buruzko agiri guztiak ere, egiaztatzeko aukera izateko, 2023. urtera arte, gomendio honi jarraikiz bete behar dituzten konpromiso eta betebehar guztiak betetzen direla.
e) Ikastaroetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak erregistratu behar ditu.
f) Profesionaltasun-ziurtagiriak egin eta entregatu behar ditu.
g) Egin diren prestakuntza-ekintzetako diplomen eta horiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagirien erregistroa eguneratu egin behar du.
Hamaikagarrena.– HEZIBI eta Lehen Aukera programa sustatzea kudeaketa-gomendioaren bidez.
Langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroek eta HAZI Fundazioa prestakuntza-erakundeak gazteentzako txandakako prestakuntza sustatuko dute, eta, horretarako, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak –kudeaketa-gomendio honetan onartutakoak– HEZIBI proiektu bihurtuko dituzte. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bateratuak, 2012ko urriaren 3koak, arautzen ditu proiektu horiek, eta prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu.
Agindu horretan ezarritako eran kudeatuko dira proiektu horiek.
Era berean, prestakuntza-ikastetxeek 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko dute Lehen Aukera programaren bidez.
Hamabigarrena.– EBren kofinantzaketa izatetik eratorritako gardentasun-betebeharrak.
Kudeaketa-gomendio honi dagozkion datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatutako zerrenda publikoan jasoko dira.
Hamahirugarrena.– Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.
Kudeaketa-gomendio hau onartutako programaziorako eta diru-dotaziorako onesten da.
Hamalaugarrena.– Kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak); Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.
Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatu dute.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 1a.
La Consejera de Empleo y Políticas Sociales,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.