EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017233

125/2017 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Ekonomiako Garapen eta Lankidetzarako Erakundearen (ELGE) arteko hitzarmena, EBko herrialdeetan lankidetza deszentralizatuaren oraintsuko joerei buruzko azterlan bat finantzatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700125
Xedapenaren data: 2017-11-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201705910
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Ekonomiako Garapen eta Lankidetzarako Erakundearen (ELGE) arteko hitzarmena, EBko herrialdeetan lankidetza deszentralizatuaren oraintsuko joerei buruzko azterlan bat finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 20a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 20KO 125/2017 EBAZPENARENA
ESPAINIAKO ERRESUMAKO GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EKONOMIA LANKIDETZA ETA GARAPENERAKO ERAKUNDEAREN ARTEKO EKARPEN-AKORDIOA
Eskualde Garapeneko Politiken Dibisioko Ekintzailetza, ETEak, Tokiko Garapena eta Turismorako Zentroaren 2017-2018ko Lan Programa eta Aurrekontua.
1.– Espainiako Erresumako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta ELGE - Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak honako akordio hau lortu dute:
2.– ELGEk lankidetza deszentralizatuko joerak berraztertuko ditu, Eskualde Garapeneko Politika Batzordearen 2017-2018ko Lan Programaren eta Aurrekontuaren 4.3.4.3.12 «Agenda globalak» emaitza atalaren zati gisa, eta emaileak adierazten du lan horretarako guztira 20.000 euroko ekarpena egin nahi duela.
3.– Bi sinatzaileetako azkenak sinatzen duen egunean sartuko da indarrean Akordio hau. Akordioa abiarazteko aldia 2017ko maiatzaren 1ean hasiko da, eta 2017ko abenduaren 31n amaituko da.
4.– Ekarpena kuota bakarrean ordainduko da, Espainiako Erresumako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta ELGEk Akordio hau sinatu ondoren.
5.– ELGEk ekarpena administratuko du bere finantza-erregelamenduen eta ELGEren garrantzizko beste hainbat arau, politika eta prozeduren arabera, une honetan ekarpen osoaren % 6,3ko administrazio-kostuak berreskuratzeko aukera ematen dutenak. ELGEren kontuetan erregistratuko dira gastuak, oro har onartuta dauden kontabilitate-printzipioei jarraikiz.
6.– Espainiako Erresumako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak onartzen du finantza-txostenei buruzko betekizunak gastuen deklarazio batekin betetzea, ELGEren txosten-formatu estandarrari jarraikiz, behin lana amaitu ondoren eta gehienez 3 hilabeteko epearen barruan Akordioa amaitu ondoren.
7.– ELGE izango da lanaren emaitzen jabe bakarra, emaitza horiek edonolakoak direla ere.
8.– Akordio honen sei ale original sinatu dira, bi ingelesez, bi gaztelaniaz eta bi euskaraz. Sinatutako textuen arteko desadostasunik egotekotan, ingelesaz sinatutako bertsioa litzateke nagusi.
Sinatzaileak:
Espainiako Erresumako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren aldetik: Juan Antonio Fernández Erdocia. Data: 2017ko ekainaren 6a. Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia (2017ko martxoaren 7an Gobernu Kontseiluak onarturiko ordezkapenaren bitartez).
ELGE - Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen aldetik, Lamia Kamal-Chaoui. Data: 2017ko uztailaren 7a.
Ekintzailetza, ETEak, Tokiko Garapena eta Turismorako Zentroaren zuzendaria, Antoine Pailhès. Zuzendariordea - Programako, Aurrekontuko eta Finantza-Kudeaketa Zerbitzua – Zuzendaritza Exekutiboa. Data: 2017ko uztailaren 28a.