EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2017232

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 20koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Muskizko San Juan-El Pobaleko ur-hornidurako plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2017-11-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201705894
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko uztailaren 11n, Muskizko Udalak eskatu zuen Muskiz udalerrian dagoen San Juan-El Pobaleko ur-hornidurako plan bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hastea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013) xedatutakoari jarraikiz. Eskaerari Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat, 2017ko ekainekoa, atxiki zitzaizkion.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko abuztuaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Kulturako Zuzendaritzari (biak Bizkaiko Foru Aldundikoak); URA Uraren Euskal Agentziari, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Muskizko Udalari prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaiturik, honako hauen txostenak jaso dira: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Kulturako Zuzendaritza (biak Bizkaiko Foru Aldundikoak) eta URA Uraren Euskal Agentzia, espedientean jasota dagoen emaitzarekin. Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu nahikoa datu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluan honako hau zehazten da, besteak beste: planak eta programak, proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen dutenak izanik, Ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eremuan ez badaude, ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Dokumentazio teknikoa eta San Juan-El Pobaleko ur-hornidurako plan bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– San Juan-El Pobaleko ur-hornidurako plan berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea eduki honekin:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Petróleos del Norte SA (Petronor) enpresak Muskiz eta Abanto Zierbenan dagoen findegiaren industria-erabilerarako ur-hornidura dibertsifikatu nahi du. Horretarako, Barbadun ibaitik ura hartzea planteatu du: ura findegiaren ponpaketa-gelaren ondoan hartuko da, El Pobaleko burdinolatik ibaian behera, eta handik ura bultzatzeko hodi bat ezarriko dute, ibaiaren eskuinaldetik paraleloan, findegiraino iritsi arte. Hodi hori 1.647,31 metro luze izango da guztira, eta 400 mm diametrokoa. Zangak 1,35 metroko sakonera izango du gutxienez.
Plan berezi honen xedea da Ur Hornidurako Azpiegituren Sistema Orokorra garatzea, eta proposatutako azpiegituraren elementuen trazadura zehaztea, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian, indarreko plangintza betez betiere.
Ur Hornidurako Azpiegituraren Sistema Orokorraren kalifikazioa izango du (UHASO, aurrerantzean) plan bereziaren eraginpeko eremuak, eta plan berezi honen zirriborroaren «Ur Hornidurako Azpiegituraren Sistema Orokorra mugatzeko proposamena» izeneko 02 planoan zehazten dira haren mugak. Hiri-lurzoruko eta urbanizaezineko arau subsidiarioen antolamenduan zehaztutakoei gainjarritako hirigintza-kalifikazio gisa ezarri da kalifikazio hori.
Zortasun-eremu iraunkorra 3 metroko zerrenda batez osatuko da; eroanbidearen ardatzaren gainean neurtuko da hori, hau da, 1,5 metro ardatzaren alde bakoitzeko. UHASOren kalifikazioa duen zerrendaren zabalera 3 metro baino txikiagoa den trazatuaren tokietan, zortasun-zerrenda iraunkorra bat etorriko da ur-hornidurako sistema orokor hori zehazten duen zerrendarekin.
Ahal den neurrian, aldi baterako okupazio-eremu bat eratuko da –2,5 metroko zerrenda batekin– zortasun-eremu iraunkorraren alde bakoitzaren kanpoalderantz, lanen gauzapena malgutzeko eta haiek egin bitartean sor litezkeen ustekabeei aurre egiteko.
Ura bultzatzeko hodirako proposatutako trazadura Muskizko Udalak proiektatutako «San Juan-El Pobal Bide Natural»aren trazaren azpian dago; haren lanak erabiliko dira horretarako, eta ingurune horretan lurzoruaren okupazio berriak egitea saihestuko da horrela, azken zatian izan ezik, horretatik bereizi egingo baita EAEko Kantauriko isurialdeko ibaien eta erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak eskatutako 15 metroko atzerapena betetzeko.
B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: plan bereziak proiektutako ur-hornidurarako azpiegitura gauzatzeko proiektuaren jarduketa-esparrua ezartzen du (urak bultzatzeko hodia eta elementu osagarriak). Plan horrek azpiegitura behar bezala gauzatzeko hirigintzako zehaztapenak ematen ditu, eta espezifikoki mugatzen du UHASOren kalifikazioa duen zerrenda, zeinaren barruan proiektutako azpiegitura ezarriko den.
b) Zenbaterainoko eragina duen planak beste plan edo programa batzuetan: Planaren eremuak UHASOren kalifikazioa jasoko du. Hiri-lurzoruko eta urbanizaezineko plangintzako arau subsidiarioen antolamenduan zehaztutakoei gainjarritako hirigintza-kalifikazio gisa ezarri da kalifikazio hori. Ez da aurreikusten plan bereziak eraginik izatea beste plan edo programa batzuen gainean, eta bateragarria da arloko eta lurraldeko plan konkurrenteekin.
c) Plana edo programa egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: UHASOren kalifikazioa duen zerrendaren mugak, eta ondorioz hornidura-azpiegituraren trazadurarenak, proiektatutako San Juan-El Pobal Bide Naturalaren azpitik doaz gehienbat, eta azken hori, era berean, lehendik dauden bidezidor edo bideetan oinarritzen da. Adierazitako bidearen lanak gauzatuko direla aprobetxatuz ezarriko da hornidura-azpiegitura, eta lurzoruaren okupazio berriak saihesteko dira horrela, bai eta, lan berriak gauzatzeari lotuta, eremu berrian ingurumen-inpaktuak sortzea ere.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: aurreikusitako hornidura-azpiegitura hirigintzan jasotzea da plan bereziaren xedea, eta ondorioz, lurzorua okupatzeak eta hodia lurperatzeko lanek eragindakoak izango dira kontuan hartu beharreko ingurumen-inpaktuak. Hori horrela, a priori, ingurumenaren gainean nolabaiteko inpaktua eragin dezaketen jarduketak funtsean honako hauen ondorioz dira: lur-mugimenduak; makinariaren zirkulazioa eta funtzionamendua; azpiegiturak lurzorua modu iraunkorrean okupatzea, eta obra-bilketek eta -elementuek aldi baterako; eta landaretza garbitzea eta zuhaitzak moztea. Hala bada, nabarmendu beharra dago lanak zati batzuetan gertu daudela Barbadun ibaitik eta ibaiertzeko landaretzatik, bereziki eremuaren hegoaldean dagoen haltzaditik, kultur ondareko elementuetatik eta kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak eduki dituzten kokaleku inbentariatuetatik. Betiere, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kultur ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz egiten badira jarduketak eta aktibitateak, plan berezia aplikatzearen ondoriozkoak, hain justu ere aurkeztu dokumentazioan sustatzaileak proposatutako eran eta ebazpen honetan ezarritakoaren arabera.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legeria txertatzeko.
2.– Ondorioen eta agian eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak:
Ez da naturagune garrantzitsurik identifikatu plan bereziaren eragina izan dezakeen eremuan. Barbadun ibaia eta ibaiertzeko landaretza, zehazki jarduera-eremuaren hegoaldean dagoen haltzadia, dira elementu garrantzitsuena, duten natur balioagatik eta urrakortasunagatik. Haltzadi kantauriarra lehentasunezko intereseko habitata da: 91E0*: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak.
Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Babestutako Eremuen Erregistroan jasota dago Barbadun ibaia plan bereziaren eraginpeko eremutik igarotzen den tokian. Zehazki, A1B1 Barbadunaren itsasadarra izeneko hezegunean dago jasota (Hezeguneen Inbentario Nazionalean sartuta), eta Barbadun 1-2 ingurumen-intereseko tartean.
Haltzadiari dagokionez, ez dago oso kontserbazio-egoera onean, bereziki amaierako tartean, nabarmen baitago sasiakaziaz (Robinia pseudoacacia) kolonizatuta. Hodia lurperatzeko trazaduraren zati handienean lehendik dauden bideen eta bidezidorren azpian egingo da, baina ibaiaren paraleloan eta ibaitik gertuen doazen tarteetan ibaiertzeko landaretza interesgarriari eragin dakioke (haltzak, haritzak eta abarrak); ingurumen-dokumentuak eragin hori txikiagotzeko egoki iritzitako hainbat babes- edo konpentsazio-neurri biltzen ditu. Aurreko guztia aintzat hartuta, garrantzi eta hedapen txikiagokotzat hartzen da eragin hori, eta itzulgarria, berreskuragarria eta, azken batean, bateragarria ere bada.
Lanak egin bitartean Barbadun ibaiaren uren kalitatea urritzeko eta, ondorioz, haren ekosistemei eragiteko arriskuari dagokionez (makinen joan-etorriagatik, ustekabeko isuriengatik edota belar-sastrakak garbitzearen hondakinak eta partikulak arrastatzeagatik), ulertzen da sustatzaileak jada jasotako prebentzio- eta zuzentze-neurri egokiekin eta ingurumen-txosten estrategiko honetan bildutakoekin txikiagotu egingo direla uren kalitatea murrizten duten afekzioak; hori horrela, inpaktua alde baterakoa, itzulgarria eta berreskuragarria dela jotzen da.
Nabarmendu beharra dago, orobat, UHASO gisa mugatutako eremuan, edo haren aldamenean, kultur ondare inbentariatu edo aitortuko bi elementu daudela (Los Vados burdinola eta Santelizesko dorretxea II), baita babesteko proposatutako beste bi elementu ere, eta egin beharreko lanek horiei eragin liezaieketela. Organo eskudunaren aurrean behar diren baimenak eskatu eta azterlan egokiak aurkeztuko dituzte horrelako elementuei eragitea saihestearren eta, hala badagokio, behar diren neurriak ere hartuko dituzte.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten ari diren bi lurzati inbentariatu ere identifikatu dira jarduera-eremutik gertu, baina ez dago aurreikusita horien gainean jarduketarik egitea. Behar diren prebentzio-neurriak ere hartuko dira halakorik eginez gero.
Egon daitezkeen gainerako efektuak (obrako elementuek edo pilaketek lurzorua aldi baterako okupatzea, egindako zaratak eta partikulen igorpenak herritarrei eta faunari sortutako eragozpenak edota hondakinak sortzea) obren gauzapenarekin lotuta daude, eta afekzioa saihesten edo gutxiagotzen duten prebentzio- eta zuzentze-neurriak aplikatu behar dira. Oro har, txikiak, aldi baterakoak eta berreskuragarriak dira horiek. Gainera, aurretik ere adierazi bezala, lan horiek San Juan-El Pobal Bide Naturala gauzatzeko lanekin batera egingo direnez, eraginak pilatu eta luzatzea saihestuko da.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan eta dagozkion arloko baimenetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Hargatik eragotzi gabe Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatzen dena eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren gainean eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko organoak ezartzen duena, honako neurri hauek ezarriko dira:
– Barbadun ibaiaren inguruko eremuetan kontu handiz ibiliko dira. Oro har, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak (ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak, hariztia Talaberako ibarrean) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.
– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezingo dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan egon (ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak, Talaberako ibarreko hariztia), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.
– Proiektua exekutatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar) lehengoratuko dira. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen. Intereseko landaretza deuseztatuz gero, eremu berean eragindakoaren azalera bereko edo handiagoko bertako espeziekin lehengoratuko dute, eta espezifikoki Barbadunen ibaiertzetan, zuhaitz inbaditzaileen ordez (Robinia pseudoacacia) haltzadi kantauriarraren ohiko landaretza jarriko da.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
– Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isurpenik egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik. Eremu horietan nahi ez diren alterazioak saihesteko, jabari publiko hidraulikoko zortasun-lerroak balizatu egingo dira, makinen joan-etorriak saihesteko, materialak edota hondakinak bertan ez pilatzeko eta tankerakoak saihesteko.
– Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak kutsatzea ekiditeko.
– Bide osagarriak egin behar badira obrek dirauten artean, haien trazadurak baztertuko du edozein motako ibilguen aldaketa oro.
– Obraren faseko lur-mugimenduak egitean proiektuak eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren edo instalazioak egon diren lursailetan, halako eremuetan edozein jarduketa egin nahi bada, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko da, betiere Lurzoruaren Kutsadura Prebenitzeko eta Zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren ildotik.
– URA Uraren Euskal Agentziak industria-erabilerarako urak aprobetxatzeko ezartzen dituen baldintzak alde batera utzi gabe, ezin izango dute ura bideratu, baldin eta, ura biltzen duten tokian, ibilguaren emaria gutxieneko emari ekologikoa baino txikiagoa bada (ur garai, ertainen eta baxuen sasoian). Indarrean den Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan ezarrita dago hori, bai egoera hidrologiko arrunterako, bai adierazitako lehorteagatiko larrialdi-egoerarako.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Plan bereziaren eraginpeko eremuan «Los Vados burdinola» izeneko balizko arkeologia-gunea. Espedientean jasota dauden txostenekin bat etorriz, horri eragin diezaioketen lanen proiektu ororen aurretik, azterketa bat egin beharko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak horretan oinarriturik ezarriko du lanak egin aurretik arkeologia-proiektua egin beharra dagoen edo ez. Planaren eraginpeko eremuan «Santelizesko dorretxea II» ere badago, eta balizko arkeologia-gune izendatzeko proposatuta dago hori; aipatutako arkeologia-azterketa ondare-elementu horretara ere zabalduko da, hortaz.
– Halaber, «Santelizesko dorretxea II» monumentu gisa inskribatuta dago Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian. Kultura-ondasun horren babes-eremuaren gaineko eragin oro Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailari jakinarazi beharko zaio aldez aurretik, baimena eman dezan.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Ingurumen-dokumentuan azpiegitura gauzatzeko faserako jasotako neurriez gain, isolatzeko behar diren neurriak ere hartuko dira, hala badagokio, ponpatzeko sistemak gertuen dauden etxebizitzetara igorritako zarata-mailek zarata-foku berrietarako I. eranskinaren D taulan ezarritako gehieneko immisio-balioak bete ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasota dago aipatutako eranskina. Nolanahi ere, bete beharko dira, orobat, etxebizitza edo bizitegi-erabilerako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplikatu beharreko zarata eta bibrazioetarako soinu-kalitateko helburuak; aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko B eta C tauletan adierazita daude helburu horiek.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Jardunbide egokien eskuliburua. Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.
– Ur-ibilguen eta ur-bazterreko landarediaren gaineko afekzioen kontrola.
– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.
– Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten San Juan-El Pobaleko ur-hornidurako eremurako plan bereziak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.
Hirugarrena.– Muskizko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 20a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.