EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2017232

124/2017 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Centro Cultural Palestino Biladi Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena, «Ekialde Hurbilera hurbilduz» unitate didaktikoa egiteko eta diseinatzeko proiektua finantzatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700124
Xedapenaren data: 2017-11-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201705888
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Centro Cultural Palestino Biladi Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena, «Ekialde Hurbilera hurbilduz» unitate didaktikoa egiteko eta diseinatzeko proiektua finantzatzeko dena. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 20a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 20KO 124/2017 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA BILADI PALESTINAR ELKARTEAREN ARTEAN, EKIALDE HURBILERA HURBILDUKO GAITUEN UNITATE DIDAKTIKO BAT LANTZEKO ETA DISEINATZEKO PROIEKTU BAT FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 11.
BILDU DIRA:
Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria, –urtarrilaren 22ko 117/2013 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz–, agentziaren izenean eta hura ordezkatuz jarduten duena, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen eta arautzen duen 5/2008 Legearen 11.2.e) artikuluan eta agentzia horren antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamendua onartzen dituen 95/2010 Dekretuaren 11.1.e) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.
Rosa María Temiño Pérez andrea, Biladi Palestinar Elkartearen (aurrerantzean Biladi), presidente gisa, ahalmen nahikoarekin haren izenean eta hura ordezkatuz aritzeko.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzako 2014-2017 aldiko III. Plan Zuzendariak eraldaketa sozialerako hezkuntza-estrategia bat lantzea ezartzen du, arlo horren jarduerak bideratuko dituena. 2017ko martxoaren 3an publikoki aurkeztu zen (H)ABIAN 2030 Eraldaketa sozialerako hezkuntzako euskal estrategia, herritar kritikoak eta justiziaren eta berdintasunaren aldeko praktika solidarioak bultzatu nahi dituen euskal agente instituzional eta sozialak biltzen dituena. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren kasuan, ARAR 2017-2020 Ekintza Planaren bidez zehazten da estrategia hori.
Bigarrena.– Euskadin ibilbide luzea duen erakundea da Biladi, Palestinatik datorren jendeak zein Euskadiko bertako jendeak osatutakoa. Hamar urte baino gehiago daramatzate lankidetzaren eta ekintza humanitarioaren esparruan lan egiten, eta gure artean Palestinako zein Ekialde Hurbil osoko errealitatea ezagutarazten. Bost urte baino gehiago daramatza bere jarduera sentsibilizazio- eta hezkuntza-lanean kontzentratzen, eta zenbait ekintza egiten ditu hezkuntza formalaren esparruan, batez ere unibertsitate-esparruan, baita hezkuntza-esparru ez-formal eta informaletan ere.
Gure ingurunean errekonozimendua lortu dute, baita Ekialde Hurbilean ere, hango errealitatea gurekin behar bezala lotzeko eta Euskadin aurkezteko egiten ari diren lanarengatik. Ekialde Hurbilean doktoratutako hainbat pertsona daude elkarteko profesionalen artean.
Hirugarrena.– Europan errefuxiatutakoen krisialdia deitutako fenomenoa aldaketak sustatzen ari da gizarte zibilaren jarreretan herrialde arabiarretatik datozen pertsonen inguruan. Hitzarmen honek errealitate horri buruzko ezjakintasuna gelditu nahi du, ezjakintasun horren ondorioz, zenbaitetan, aurrez osatutako estereotipoak sortzen eta hartzen baitira, errealitatearekin inolako zerikusirik ez dutenak, eta errefusarekin, beldurrarekin edo ezagutzen ez denarekiko gorrotoarekin lotutako jarrerak eragiten dituztenak.
Hitzarmen honek bigarren hezkuntzako prestakuntza-arloan duen hutsune bat betetzen laguntzen du, aktualitateko gai bati ekinez, hau da, Ekialde Ertaineko krisialdia eta horrek eragin dituen errefuxiatuak. Proposamen horretan landu nahi den testuinguruko profesionalak dauzkagu, baita arlo horretan aholkularitza emateko euskal hezkuntza-arloko profesionalak ere. Hitzarmen honek ARAR 2017-2020 Ekintza Planaren lehenengo ildoari erantzuten dio gaitasunen prestakuntzaren eta sorkuntzaren bidez; eta hirugarren ildoari, Garapenerako Lankidetzaren Agentziak ekintza propioak egiten eta Euskal Jaurlaritzaren sailen arteko politiken koherentzia sustatzen duen artean, eta, zehazki, Hezkuntza Sailarekin izan beharreko koordinazio-lana.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, ondoren adieraziko diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da EAEko DBHko ikasle eta irakasleen artean Ekialde Hurbilaren inguruko jarrera eta gaitasunen aldaketa sustatzea gai horri buruzko Unitate Didaktiko bat egitearen bidez, ikasleentzako liburu bat eta irakasleentzako gida bat bilduko dituelarik.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak eta emaitza horien titulartasuna.
1.– Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1. emaitza: Ekialde Hurbilari buruzko Unitate Didaktikoa diseinatzea EAEko DBHko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, ikuspegi historiko eta soziokultural batetik, genero-ikuspegiarekin.
2. emaitza: Ekialde Hurbileko errealitate historiko eta soziokulturalari buruzko Unitate Didaktikoa baliozkotzea EAEko gutxienez 2 ikastetxetan, ikasleen artean bake-kulturako, kulturartekotasuneko eta aniztasunarekiko errespetuko ezagutzak sustatuz.
3. emaitza: Proiektuari buruzko aholkularitza diziplinarteko jarraipen-batzorde baten eskutik, Ekialde Hurbileko eta EAEko kideekin, hobeto erantzuteko eta Ekialde Hurbilari buruzko lan honetan agenteak artikulatzeko.
2.– Biladi izango da hitzarmen honetan aurreikusitako finantzaketarekin lortutako emaitzen jabea.
3.– Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, hitzarmena sinatzen denetik aurrera.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrehun eta bost mila hirurehun eta hogeita lau euro eta hogeita hamar zentimo da (205.324,30), eta kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Biladik bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak eta erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, eta guztira berrogeita bat mila ehun eta hogeita hemeretzi euro eta laurogei zentimoko (41.139,80) ekarpena egingo du.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ehun eta hirurogeita lau mila ehun eta laurogeita lau euro eta berrogeita hamar zentimoko (164.184,50) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Biladiri:
% 50, laurogeita bi mila eta laurogeita hamabi euro eta hogeita bost zentimo (82.092,25), hitzarmena sinatu ondoren.
Gainerako % 30a, berrogeita bederatzi mila berrehun eta berrogeita hamabost euro eta hogeita hamabost zentimo (49.255,35), diru-laguntzaren % 40aren baliokidea edo hortik gorakoa den zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Gainerako % 20a, hogeita hamabi mila zortziehun eta hogeita hamasei euro eta laurogeita hamar zentimo (32.836,90), diru-laguntzaren % 64aren baliokidea edo hortik gorakoa den zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili beharreko banku-kontua.
Biladik ES27 3008 0261 2521 7896 6426 zenbakiko banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa (eurotan), hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Biladi elkarteko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, batzordekideek egokitzat ikusten dutenean eta, hala badagokio, batzordekide batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Biladi elkarteak baimena eskatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta hitzarmena aldatzea.
1.– Sinatu eta hurrengo egunetik sartuko da indarrean hitzarmena eta 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.
2.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita amaitu ahalko da.
3.– Era berean, Hitzarmena izenpetu duen edozein alderdik eman ahal izango du amaitutzat hitzarmena modu alde bakarrean, betiere idazki bidezko aurreabisua tarteko, eta gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio beste alderdiari.
4.– Hitzarmena bi alderdiak ados jarrita luzatu ahalko da bi urtera arte, hitzarmena amaitu baino hilabeteko aurrerapenarekin gutxienez.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY JAUNA.
Biladi Palestinar Elkarteko presidentea,
ROSA MARÍA TEMIÑO PÉREZ.