EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-12-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017230

250/2017 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko Dekretua aldatzekoa.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700250
Xedapenaren data: 2017-11-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201705818
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2015/07/16an argitaratutako 2015/06/23ko 201500109 DEKRETUA aldatzen du
  • 2016/12/29an argitaratutako 2016/12/28ko AGINDUA indargabetzen du [201605581]

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen du.
Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua argitaratu zenetik (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 133. zk.) indarrean egon den eta aplikatu den denboran, 3., 15. eta 16. artikuluen edukia osatzeko beharra ikusi da: 3. artikuluan (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera), Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak atala; 15. artikulua (Baldintza Orokorrak); 16. artikuluan (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen baldintza zehatzak), Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak, Foku Anitzeko Teknologia Zentroak eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak atalak. Era berean, Ebazpen Organoak egiaztapen baldintzatuaren epea luzatu ahal izateko beharra ikusi da, bai eta unean uneko ebazpena emateko eta jakinarazteko 22. artikuluak ezartzen duen eta egiaztapena eskatzeko prozesuak dakarren epea zehaztu ahal izatekoa ere.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburuaren, Hezkuntzako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 21ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Osatu egin da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzeko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak 3. artikuluan (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera) 2. zenbakiaren b) letran ezartzen duena. Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturei buruzkoa da letra hori, eta orain honela geratu da:
«b) Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak.
Unibertsitateen mendeko zentroak, departamentuak, atalak, ikerkuntza-taldeak, EUS Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateei atxikitako zentroak edo bestelako egiturak dira, egiteko nagusia jakintza zientifikoa sortzea dutenak baina I+G+b balio-kate guztian jarduerak aurrera eraman ere egiten dituztenak».
Bigarren artikulua.– Osatu egin da Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzeko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak 15. artikuluan (Baldintza Orokorrak) sarreran ematen duen azalpena, eta honela geratu da:
«Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zientzia eta teknologia eragile izatearen egiaztapena lortzeko, erakunde eskatzaileek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte. Zehazki, unibertsitateetan integratutako eragileen kasuan, unibertsitate eskatzaileek bete beharko dituzte baldintzak, beren nortasun juridikoaren arabera, eta, EUS Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetara atxikitako zentroen kasuan, zentro horiek legez eratuta egon beharko dute eta nortasun juridiko propioa eta bereizia izan beharko dute, artikulu honen 1 zenbakian zehazten den eran».
Hirugarren artikulua.– Paragrafo bat gehitu da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzeko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 16. artikuluan (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen baldintza zehatzak), 2. zenbakian, eta honela geratu da idatzita:
«2.– Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratu ahal dira unibertsitate publiko eta pribatuen ikerkuntza-egiturak, EAEn kokatuta badaude eta jarduera nagusia bertan garatzen badute.
EUS Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetara atxikitako zentroek, berriz, atxikipen-hitzarmena aurkeztu beharko dute.
Unibertsitateek beren ikerkuntza-egituren zerrenda eman behar dute, informazioa izateko baino ez».
Laugarren artikulua.– Puntu bat gehitu zaio, II puntu berria, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzeko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 16. artikuluari (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen baldintza zehatzak), 7. zenbakian (Teknologia Zentroak), a) letrako (Foku Anitzeko Teknologia Zentroak) 3. puntuan (Gobernantza). Honela geratuko da idatzita:
«7.– Teknologia Zentroak.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartzen diren teknologia-zentroek eragile-tipologia bakoitzarentzat definitutako misioa eta jarduerak bete beharko dituzte, dekretu honetako aurreko kapituluan ezarritakoari jarraikiz. Gainera, artikulu honetako betekizun espezifikoak ere bete beharko dituzte, alegia, egiturako, finantzaketako, gobernamenduko eta kudeaketako ereduak izateari dagokionez jarritako betekizunak, baita, jarraian adierazten den moduan, 2020. urtera arteko jarduketa-plan estrategiko bat izateari dagokionez jarritakoak ere.
a) Foku Anitzeko Teknologia Zentroak.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean sartu ahal izango dira, Foku Anitzeko Teknologia Zentro gisa sartu ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemak Euskadirako finkatutako ikerketa-lehentasunekin bat datozen esparruetan teknologia propioa sortzeko eta garatzeko beharra beteko duen ikerketa eta garapen eragile bat edukitzeko premiari erantzunez sortzen diren erakundeak.
.../...
3) Gobernantza.
I.– Izaera pribatuko zentroek beren gobernu-organoetan enpresa-ordezkaritza bat izango dute, dekretu honetako III. eranskinean zehaztu den heinekoa. Eranskin horretan, aginte-taulak eta betekizun kuantitatiboen balioak ere argitaratu dira. Organo horien egiteko nagusia plan estrategikoa onartzea izango da, baita ikerketa-agenda onartzea ere.
II.– Izaera pribatuko zentroek, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ordezkaritzarik ez badute beren gobernu-organoetan, jarraipen-batzorde bat eratu beharko dute, eta hor, zentroaren gobernantza-organoak ez ezik, sail hori ere ordezkatuta egongo da. Zentroa Euskadirentzat ezarri diren ikerketa-lehentasunekin bat datorrela egiaztatzea izango da batzorde horren eginkizunetako bat, bai eta dekretu honetako III. eranskinean aipatutako Aginte Taula betetzen dela egiaztatzea ere.
III.– Teknologia Zentroetan eragina izan dezaketen enpresek (esaterako, gobernu-organoko kide diren horiek) ezin izango dituzte lehentasunez baliatu zentro horien ikerkuntza-gaitasunak, ez eta lehentasunez eskuratu ere ikerkuntzaren emaitzak, Erkidego Esparruko Ikerkuntza Erakundearen definizioan zehaztutakoaren arabera».
Bosgarren artikulua.– Puntu bat gehitu zaio, 2) puntu berria, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzeko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 16. artikuluari (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen baldintza zehatzak) 8. zenbakian (Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak (IKZ)), c) letran (Gobernantza). Honela geratuko da idatzita:
«8.– Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean sartu ahal izango dira, Ikerketa Kooperatiboko Zentro gisa sartu ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat jotzen diren eta teknologia eta berrikuntzaren arloko eskumenak dituen saiIari dagozkion esparruetan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren beharrak beteko dituen ikerketa eta garapen-eragile bat edukitzeko premiari erantzunez sortzen diren erakundeak.
.../...
c) Gobernantza:
I.– IKZek beren gobernu-organoetan enpresen ordezkariak izan beharko dituzte, dekretu honetako III. eranskinean ezartzen den proportzioan. Eranskin horretan, Aginte Taulak eta betekizun kuantitaboen balioak ere argitaratu dira. Ordezkari horiek eta organo horietako gainerako kideek Eusko Jaurlaritzaren estrategiarekin bat egiten dela bermatu beharko dute, Aginte Taularen jarraipena eginda eta ikerketa-agenda definituta.
II.– IFZek, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ordezkaritzarik ez badute beren gobernu-organoetan, jarraipen-batzorde bat eratu beharko dute, eta hor, zentroaren gobernantza-organoak ez ezik, sail hori ere ordezkatuta egongo da. Zentroa Euskadirentzat ezarri diren ikerketa-lehentasunekin bat datorrela egiaztatzea izango da batzorde horren eginkizunetako bat, bai eta dekretu honetako III. eranskinean aipatutako Aginte Taula betetzen dela egiaztatzea ere.
III.– IKZetan eragina izan dezaketen enpresek (esaterako, gobernu-organoko kide gisa eragina izan dezaketen horiek) ezin izango dituzte lehentasunez baliatu zentro horien ikerketa-gaitasunak, ezta lehentasunez eskuratu ere ikerketak sortzen dituen emaitzak, Erkidegoko Esparruko Ikerketa Erakundearen definizioaren arabera».
Seigarren artikulua.– Aldatu egin da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzeko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 22. artikulua («Ebazpen Organoa»), 2. eta 3. paragrafoetan. Honela geratuko da:
«22. artikulua.– Ebazpen Organoa.
.../...
2.– Egiaztapen-ebazpenak baldintza zehatz batzuk jar ditzake, eta bi urte baino lehen bete beharko dira, non eta, hasierako epea bete baino lehen hura luzatzeko eskaera eginda eta arrazoituta, Ebazpen Organoak, Ebaluazio Batzordeak proposatuta, ez duen beharrezkotzat jotzen epe hori luzatzea baldintzak betetzeko bidean egin diren eta entitateak justifikatzen dituen aurrerapausoak ikusita. Hasierako epearen erdia luza daiteke, gehienez ere, epea. Epe hori bete ondoren, ebazpenean eskatutako baldintza justifikatu behar da, eta horrek beste egiaztapen-ebazpen bat ekar dezake berekin.
3.– Artikulu honetako lehenengo paragrafoan aipatzen den ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, egiaztapen-eskaera osorik dagoen egunetik hasita. Epe hori bete ondoren ebazpena espresuki ez bada jakinarazi, eskaera baztertutzat joko da».
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe uzten da 2016ko abenduaren 28ko Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, giza kapital ikertzailea sartzeko diru-laguntzak arautzen dituena. Berrikertu programa.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Nolanahi ere, dekretu honen xedapen indargabetzaileak xedatzen duena gorabehera, aurrerantzean ere 2016ko abenduaren 28ko Aginduak ezartzen duenari jarraituko diote Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu horren arabera diru-laguntzak emateko hasita dauden prozedurek (alegia, giza kapital ikertzailea sartzeko diru-laguntzak arautzen dituen aginduaren araberakoak emateko hasitako prozedurek, Berrikertu programakoek), behin betiko amaitzen diren arte.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko azaroaren 21ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.