EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017228

1351/2017 EBAZPENA, urriaren 23koa, Osakidetza-euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez agintzen baita argitara dadila Debagoieneko ESI-ko arropa zuria garbitzeko ikuztegi-zerbitzua emateko kudeaketa-gomendioa luzatzeko akordioa.

Xedapenaren zenbakia: 201701351
Xedapenaren data: 2017-10-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201705781
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/11/15ean argitaratutako 2016/10/14ko 201601349 EBAZPENA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Indesa 2010 S.L.k kudeaketa-gomendioa luzatzeko akordioa izenpetu dutenez, eta horri beharrezko zabalkundea emateko asmoz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa arautzen duen urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 artikuluari jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian kudeaketa-gomendioa luzatzeko akordioaren testua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Indesa 2010 SLk sinatutakoa, Debagoieneko ESIko arropa zuria garbitzeko ikuztegi zerbitzua emateari dagokiona (ebazpen honen eranskinean jasota dago).
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 23a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.
GARBITEGI-ZERBITZUA KUDEATZEKO GOMENDIOA, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAK Indesa 2010 SLREN ESKU UZTEN DUENA, LUZATZEA
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 1a.
Maria Jesús Gemma Múgica Anduaga andreak, 08900677E NANa duenak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren ordez eta haren izenean –aurrerantzean, «kudeaketa-gomendioa ematen duena»–, dagozkion eskumenak baliatuta, hala jasota baitago Erakunde Publikoaren Estatutu Sozialak onartzen dituen 1997ko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 11. artikuluan, honako hau
AZALTZEN DU:
I.– Indesa 2010 SL, egoitza Vitoria-Gasteizko Arrasate kaleko 3. zenbakian duen eta B-01480334 IFK duen enpresa, Arabako Foru Aldundiaren eta horren baitako udalen mende dagoen Sozietate Publiko bat dela. Orobat adierazten du enpresaren xedea desgaitasunen bat duten arabarrentzat kalitatezkoak eta jasangarriak diren lanpostu-aukerak sortzea dela, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arloari begira, horri esker gizarteratzen lagunduko zaiela ulertuta. Aldi berean, jomugan pertsona horiek eta, oro har, gizartea edota industria ereduen edozein zerbitzu-jarduera sustatzeko helburua duela, baldin eta jarduerok desgaitasunak dituzten pertsonak lan-mundura bideratzen laguntzen badute. Horrez gain, enplegu-zerbitzu publikoekin elkarlana sustatu nahi duela, desgaitasunak dituztenak trebatzeko eta haiei lan-arloan jarraibideak emateko, eta, azkenik, baita lan-arloko bitarteko izan ere, enplegagarritasun zaileko pertsonek lana lor dezaten, babestutako enpleguaren bitartez zein enplegu arruntaren bitartez.
II.– Estatutu Sozialen 2. artikuluan ezarritakoari jarraituz, enpresa badela baliabide instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa, Arabako Foru Aldundirako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako eta hala erabakitzen duten udalerrietako Tokiko Administraziorako, baita horiei lotuta dauden eta esleitzeko eskumena duten erakunde, organismo eta entitateetarako ere, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 4.1.n artikuluan jasotako ondorioetarako. Hortaz, ulertzen da Indesa 2010 SLk badaukala kudeatzeko gomendioak bere gain hartzeko eskumena, bere helburuak betetzeko orain edo etorkizunean komenigarria den edozein jarduera egiteko.
III.– Kudeaketa-gomendioa ematen duena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari lotutako erakunde publikoa dela, zeinak egoitza Araba 45, z.g. - 01006 Vitoria-Gasteizen duen, eta S-5100023J IFK zenbakia.
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren ondorioetarako, 2011ko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak sektore publikoko erakundetzat hartzen du 3. artikuluko 1.c atalean eta esleitzeko eskumena duen erakundetzat 3.b atalean.
IV.– Kudeaketa-gomendioa ematen duenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren barne dagoenez eta esleitzeko eskumena duenez, Indesa 2010 SLri (baliabide instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa den aldetik, estatutuen 2. artikuluari jarraikiz) kudeaketa-gomendioa egin nahi diola, kontuan hartuta 2011ko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuko 4.1.n) eta 24.6 artikuluetan dioena.
Kudeaketa-gomendio hori Indesa 2010 SLk derrigor bete behar dituen ondoko klausula hauen araberakoa izango da.
KLAUSULAK
1.– Gomendioaren xedea.
Hona hemen kudeaketa-gomendio honen xedea:
Ikuztegi-zerbitzua ematea, Debagoieneko ESIan (aurrerantzean, «Ospitalean») arropa zuria garbitzeko; hona hemen zerbitzu-ematea zertan datzan:
1) Garbiketa- eta lisaketa-zerbitzua.
Zerbitzu horren eginkizunak:
– Garbitzea, desinfektatzea, lehortzea eta lisatzea.
– Uniformeetako arropak elkartzea erabiltzailearen arabera, edo neurrien arabera, inorenak ez badira.
– Uniformeak pertxatan eskegita eta koloreen eta erabiltzailearen zenbakiaren arabera ordenatuta etorriko dira, edo kolore eta neurrien arabera, inorenak ez badira.
2) Joste-zerbitzua.
– Garbitzean eta lisatzean arropa nola dagoen begiratzea eta antzemandako urratu edo akatsak konpontzea, eta/edo janzkiak berreskuratzea.
– Akatsak dituzten arropak berrerabil baldin badaitezke, txikiago bihurtuta eta, ondorioz, akatsok kenduta, moldatu egin beharko dira.
– Era berean, zerbitzuaren hornitzailearen ardura izango da banakoentzako uniforme berriak egokitzea erabiliko dituen pertsonarentzat.
3) Ospitaleko arropa zuria berriarekin ordezkatu.
– Kudeatzeko agindua jaso duenaren lana izango da Ospitaleak egunean-egunean dituen beharrak asetzeko beste arropa erostea, Ospitaleak berak zehaztutako kalitate, neurri eta kopurutan behar duen beste.
Zerbitzu nagusiak gehigarri hauek izango ditu:
– Ospitalean zikintzen den arropa jasotzea dagoen lekutik (bertatik eraman dezaten apropos aukeratutako eremutik).
– Arropa gomendioa jaso duen enpresako garbitegira eramatea.
– Arropa garbia eramatea eta horretarako egokitutako eremuetan uztea.
4) Kudeaketa-gomendio hau arautuko duten berariazko zehaztapenak honi erantsitako I. eranskinean zerrendatu dira.
2.– Kudeaketa-gomendioaren prezioa.
Kudeatzeko gomendioa ematen duenak Indesa 2010 SLri, kudeatzeko gomendioaren xede den zerbitzua emateagatik, hau ordainduko dio: euro bat eta bi zentimo (1,02 euro) arropa kilo bakoitzeko; urteko 172.000 kg-ko bolumena aurreikusten da. Beraz, ehun eta hirurogeita hamabost mila laurehun eta berrogei euroko (175.440,00 euro) aurreikuspena egin da urte bakoitzerako.
Fakturatuko den zenbatekoak ez du BEZik sortuko, legeak dioen bezala, BEZa ezartzen ez zaien eragiketetako bat delako.
Indesa 2010 SLk hilean behin bidaliko du faktura, epe horretan kudeatutako arroparen bolumenaren gainekoa.
3.– Indesa 2010 SLko langileak.
Kudeaketa-gomendioa eman duenak ez du inongo harremanik edukiko lan-arloan zein juridikoki Indesa 2010 SLko langileekin, izan langile finkoak, izan behin-behinean Indesa 2010 SLk kontratatzen dituenak. Orobat salbuetsita egongo da, beraz, Indesa 2010 SLren eta harekin azpikontratazioak ezartzen dituen beste edozein enpresaren arteko harreman ekonomiko eta lanekoetan esku hartzeaz.
Kudeaketa-gomendio honen xede den zerbitzua ematen duten langileak Indesa 2010 SLrenak izango dira, eta ez beste inorenak. Horrek esan nahi du kudeaketa-gomendioa eman duena lan-harreman horietatik guztiz kanpo egongo dela. Bide beretik, nagusia bera den aldetik, Indesa 2010 SLrenak izango dira eskubide eta betebehar guztiak, eta berari egokituko zaio, orduan, lan-arloan eta lanpostuetan segurtasuna eta higienea zaintzearen inguruan legeak xedatzen duena betetzea.
Horrez gain, lan-arriskuak prebenitzeko derrigor bete beharrekoak ere bere esku egongo dira, indarrean dauden legeen arabera. Hartara, kontratatutako jarduera hasi aurretik ondoko betekizun hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du:
– Arriskuen ebaluazioa eta kontratatutako jarduerari dagokion prebentziozko jardueraren plangintza egitea.
– Kontratua betetzeko erabiliko dituen langileak prebentzio-gaietan informatzea eta trebatzea.
– Kasuan-kasuan beharrezkoak diren norberaren babeserako ekipoak eman izanaren ziurtagiria.
Indesa 2010 SLk ezingo du gomendioak barnean hartzen duen zerbitzu-emate nagusiari loturiko inolako lanik azpikontratatu; gomendio honetan jarduera gehigarrien artean aipatutakoak bakarrik azpikontratatu ahal izango ditu, eta, horrelakoetan, SPKLTBn ezarritakoa bete beharko du.
Esandako betekizun horien ziurtagiriak eskatu beharko dizkie nahitaez azpikontratei, eta kudeatzeko gomendioa eman dionari aurkeztu. Indesa 2010 SLk, gainera, lana hasi baino lehen egindako azpikontratazioen berri eman beharko dio derrigor kudeaketa-gomendioa eman dionari.
Lanak egiten ari direla langileek edozein istripu edo kalte izaten badute, Indesa 2010 SLk bere erantzukizunpean dauden betekizunekin bat egingo du indarrean dauden legeen arabera, kudeaketa-gomendioa eman dionari ondoriorik eragin gabe.
Kudeaketa-gomendioaren xede diren lanak egiteko erabiltzen dituen langileei ordaintzeaz Indesa 2010 SL baino ez da arduratuko.
Indesa 2010 SLk zuzenean eta gomendioa eman dionaren esku utzi gabe hartuko ditu bere gain lan-baldintzetan edo langileen lansarietan egin beharreko hobekuntzak, Indesa 2010 SLk langileekin sinatzen duen edozein hitzarmenaren ondoriozkoak.
Gastu sozial guztiak eta esandako langile horien ordainsarien ingurukoak Indesa 2010 SLk ordaindu beharrekoak izango dira.
Indesa 2010 SLk zerga-arloko betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko du, eta, sei hilerik behin, gomendioari atxikitako langileen TC 2ak ere aurkeztu beharko ditu.
Arauzko oporren txandak Indesa 2010 SLk antolatuko ditu; bermatuta, betiere, zerbitzua behar bezala eskaintzen dela eta kudeatzeko gomendioa eman dionari kostu gehigarririk ez diola eragiten.
Txanda-aldaketak zereginak eten gabe egin beharko dira, eta derrigorrezkoa izango da irteten eta sartzen direnen arteko komunikazio egokia ahalbidetzea, elkarri gorabeheren berri eman diezaioten.
Indesa 2010 SLk kontrolatu beharko du langileek euren betebeharrak betetzen dituztela, akatsik egin den ikusteko eta, baten bat aurkituz gero, dagokion zigorra ezartzeko. Hori guztia, gainera, gomendioari dagokion zerbitzua emateari utzi gabe eta atzeratu gabe.
Indesa 2010 SLk zerbitzua ematera zuzendutako langileren bat gaixotzen bada edo langile horrek baja hartzen badu edo lan egiteko ezgaitasunen bat badu eta horrek zerbitzua emateari eragin badiezaioke, Indesa 2010 SLren ardura izango da langilea berehala ordezkatzea zerbitzu berak betetzen dituen beste batekin; hau da, zerbitzua ezin izango da eten, edozer gertatzen dela ere gomendioa jaso duenaren eta langileen artean.
Kudeaketa-gomendioa iraungitzen denean, gomendio honen xede den zerbitzuan aritu diren Indesa 2010 SLko langileak ezin izango dira inolako kasutan kudeaketa-gomendioa eman duenaren langile gisa gelditu.
4.– Gomendioaren xede diren lanak betetzea.
Lanak gomendio honetan jasotako argibideei zorrotz jarraituta gauzatuko dira, Indesa 2010 SLren gain eta galordean.
Indesa 2010 SLren ardurapekoak izango dira egiten dituen lanen kalitate teknikoa eta emandako zerbitzuak, baita gomendioa eman duenarentzat zein hirugarrenentzat sortzen diren ondorioak ere, honako kasu hauetan: zerbitzua ematen ez bada, zerbitzuan hutsegiteak edo akatsak egiten badira, metodo desegokiak erabiltzen badira edo gomendioko lanak burutzean amaiera okerra ematen bazaie; horrelakoetan kalte-ordain guztien erantzule izango da, beraz.
Indesa 2010 SLk erantzukizuna izango du hirugarrenek kudeatzeko gomendioa eman duenaren aurka jartzen duten edozein erreklamazio judizialaren edo judizioz kanpokoaren gainean, Indesa 2010 SLren jardueraren ondorioz jarri badira.
Erantzukizunik ez du izango, berriz, akatsak edo txarto egindako lana gomendioa eman duenaren agindu baten ondorio zuzena badira.
Enpresak laneko zereginak betetzeko behar diren material eta ekipoez hornituko ditu langileak, eta gastuak bere gain hartuko ditu.
5.– Ordainketa.
Indesa 2010 SLk eskubidea izango du gomendio honetan jasotako prezioen araberako ordainketa jasotzeko, gomendioari lotuta egiten dituen lanengatik.
Faktura bidali ostean, ordainketa 30 eguneko epe barruan egin beharko da, kudeatzeko gomendioa eman duenaren faktura elektronikoen erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita.
Ordaintzeko, diru-sarrera bat egin beharko da Indesa 2010 SLren izenean irekitako kontu honetan: IBAN ES16 2095 0611 07 1090829572.
Indesa 2010 SLren langileak bertaratu ez direlako edo Indesa 2010 SLri egotz dakiokeen beste edozein arrazoirengatik zerbitzua eman ez bada edo gomendioaren xede den zerbitzua behar bezala egin ez bada, kudeaketa-gomendioa eman duenak ez du bete gabeko zerbitzuari edo behar bezala eskaini ez denari dagokion zenbatekorik ordainduko.
Hori guztia, gomendioa baliogabetzeko eskubideari kalterik egin gabe, eta Debagoieneko ESIak Indesa 2010 SLri kalte-ordainen ordainketa eska diezaiokeela kontuan hartuta.
6.– Zerbitzua gauzatzeko epeak.
Gomendio honi dagozkion lanak 2017ko urriaren 1ean hasiko dira.
Gomendioak 12 hilabeteko iraupena izango du.
Kudeatzeko gomendioa eman duenak urtez urte luzatu ahal izango du, luzapen bakoitzean aplikatzekoak diren baldintzak zehaztuta.
Ezin izango da luzatu, berriz, iraungi baino bi hilabete lehenago salaketa jartzen badute kudeaketa-gomendioa eman duenak edo Indesa 2010 SLk berak.
7.– Kudeaketa-gomendioaren amaiera.
Gomendioa horretarako ezarritako epea iraungi delako amaitu ahal izango da, luzapenik edo ezeztatzerik ez badago.
Hona hemen gomendioa ezeztatzea zerk eragin dezakeen:
– Indesa 2010 SLren nortasun juridikoa azkentzea.
– Konkurtso-adierazpena edo kaudimengabezia-adierazpena egin izana beste edozein prozeduratan.
– Gomendioa behar bezala ez betetzea behin eta berriz.
– Kontratua dela-eta ezagutzen dituzten datu edo aurrekariak isilpean gordetzeko eginbeharra ez betetzea, Indesa 2010 SLk edo bertako langileek.
– Kontratua gauzatzeaz arduratzen diren langileei ez ordaintzea edo soldaten ordainketa asko atzeratzea, eta, horrez gain, haiekiko dituzten eginbeharrak ez betetzea alor hauetan: gizarte-aseguruak, laneko segurtasuna eta higienea eta lan-arriskuen prebentzioa.
Edozein arrazoirengatik kudeaketa-gomendioa amaitzen baldin bada, Indesa 2010 SLk gomendioa eman dionari itzuli beharko dio esku artean duen arropa zuria, azken egunera arte zerbitzu-emateari lotuta egon den guztia.
8.– Konfidentzialtasuna.
Indesa 2010 SL derrigortuta dago kudeaketa- gomendioa gauzatzean bere eskura uzten diren datu eta aurrekariak isilpean gordetzera, gomendioaren xedeari lotuta daudenak, ez baitira publikoak ezta zabaltzeko modukoak ere. Hain zuzen ere, Indesa 2010 SLk derrigor bete behar du izaera pertsonaleko datuen babesaren gainean 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezartzen duena.
Bide beretik, derrigortuta daude kontratua betetzen duten enpresako langileak, zerbitzu ematean gerta baitaiteke zenbait dokumentu eta informazio bere eskura geratzea. Horiek guztiak, beraz, sekretupean gordetzekoak izango dira.
Hortaz, kasu orotan, Indesa 2010 SLk bere gain hartzen du izaera pertsonaleko datuak babesteari dagokionez indarrean dauden arauak errespetatzeko betebeharra.
Orduan, Indesa 2010 SLk Debagoieneko ESIaren jabetzapeko fitxategietara eta han gordetzen diren datu pertsonaletara sartu behar baldin badu, bi erakundeek konfidentzialtasun-kontratua sinatu beharko dute, DPBLaren 12. artikuluan aipatzen dena.
Izenpetzen diren klausulak tratatu behar diren datu pertsonalen motaren araberakoak izango dira. Hori dela eta, konfidentzialtasun-kontratuan zehaztu egin beharko da Indesa 2010 SLk erabiliko dituen datu pertsonalen nolakotasunak zer mailatako segurtasun-neurriak hartzera behartzen duen: oinarrizkoak, erdi-mailakoak edo goi-mailakoak.
Eskatzen denaren arabera, bada, klausulei kasuan-kasuan aplikatu beharreko segurtasun-mailari dagozkion neurrien taula erantsiko zaie.
9.– Izaera eta araubide juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren (azaroaren 14koa) aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, 4.1.n) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz. Hortaz, hitzarmena arautuko duten baldintzak bertan berariaz jasotakoak izango dira, eta horiez gain, baita aipatutako Legearen 24.6 artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan adierazten direnak ere.
10.– Jurisdikzio eskuduna.
Kudeaketa-gomendioa emateko akordio honen izaera administratiboa dela eta, administrazioarekiko auzietarako jurisdikzio-ordena izango da kontratua bete bitartean alderdien artean sor daitezkeen gatazkak ebazteko eskumena duena.
11.– Argitaratzea.
Kudeaketa-gomendioa emateko hitzarmen hau EHAAn argitaratuko da, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 1a.
Kudeaketa-gomendioa eman duena.
La Directora General de Osakidetza-Servicio vasco de salud,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.
Marian Olabarrieta Ibarrondo andreak, 30594790-Y IFZ duenak, Indesa 2010 SLko Administrazio Kontseiluko presidentea den aldetik eta Administrazio-organoaren ordez eta haren izenean ari dela, zera adierazten du, dokumentu honen bidez oso-osorik eta baldintzarik gabe onartzen duela Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak Indesa 2010 SLri 2017ko urriaren 1ean egin dion kudeatzeko gomendioa, Indesa 2010 SLk Debagoieneko Ospitalean ikuztegi-zerbitzua eman diezaion.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 1a.
Indesa 2010 SLko Administrazio Kontseiluko presidentea,
MARIAN OLABARRIETA IBARRONDO
I. ERANSKINA
1.– Premiak.
1.1.– Zerbitzuaren xedeko arropa.
Gomendioaren lehenengo klausulan zehaztutakoa.
2.– Kontratatzen diren zerbitzuetan kontuan hartu beharreko zenbait alderdi.
2.1.– Garbitzea.
Gomendioa jaso duenak arropa garbitzean zein garraiatzeko orgetan eramatean erabilitako prozesu fisikokimikoen berri emango du.
Hilean behin, gutxienez, arropa garbiaren kontrol bakteriologikoa egin beharko du, eta emaitzak gomendioa eman dionari jakinarazi.
Kontrolak egiteaz gain, prozesuak derrigor bermatu beharko du kudeatutako arroparen higienizazioa behar bezalakoa dela. Horretarako, azpiegituretan «muga sanitario» bat egon beharko da; hots, arropa zikina eta garbia une oro bereizita egongo dira.
Kudeaketa-gomendioa eman duen erakundeko arduradunek, jantziren bat ikusita, uste baldin badute arropa hori ez direla behar bezala kudeatzen ari garbiketari dagokionez, berriz garbitzeko eta lisatzeko utziko da, gomendioa jaso duenaren kontura.
2.2.– Lisatzea.
Arropa lisatze-fasetik pasatuko da, berriz lohitzen ez dela ziurtatuta. Xede horrekin, beraz, instalazioa behar bezala itxita egongo da, zikinen gunetik datorren airerik sar ez dadin.
2.3.– Garraiatzea.
Arropa garraiatzea gomendioa jaso duenaren ardura izango da. Nahitaez, arropa zikina eta garbia konpartimentu berean ez eramateko aukera ematen duten ibilgailuak erabiliko dira.
Gainera, arropa zikina eramateko erabili diren konpartimentuak desinfektatu egin beharko dira beti, arropa zuria bertan eraman aurretik.
2.4.– Arropa entregatzea eta batzea.
Hona hemen non eta zer ordutan entregatu eta batuko den arropa:
Astelehenetik ostiralera, lanegunak direnean: 8:00ak baino lehen.
Gomendioa eman duenak nahi duenean alda ditzake ordutegiok.
Arropa garbia eramateko gurpildun orgak gomendioa jaso duenaren kontura izango dira. Erraz garbitzeko eta korrosioaren aurkako materialezkoak izango dira.
Orgetan garraiatuko den arropa hezetasunik gabe eramango da, pakete homogeneotan –gomendioa eman duenak zehaztuko du sorta bakoitzean zenbat unitate eramango diren–, plastiko gardenen barruan behar bezala paketatuta.
Arropa zikina eramateko orgak arropa garbikoen berdin-berdinak izango dira; horiek ere, gomendioa jaso duenarenak. Orgetan, multzo homogeneoetan eramango da arropa zikina, gomendioa eman duenak esandako moduan sailkatuta. Gelaren arropa guztia (toallak, izarak) poltsa berean sartu ahalko da eta orgak banan-banan pisatuko dira, Indesa 2010 SLk jarritako baskula elektronikoan.
Indesa 2010 SLk Garbitegitik ekarritako eta entregatutako arroparen emate-agiriak aurkeztuko ditu egunero, arropa laua eta formaduna barne. Orriotan unitate kopurua eta entregatutakoaren guztirako pisua adierazi beharko du.
Sistema aldatzen baldin bada, gomendioa eman duenak kasuan-kasuan zehazten duen prozeduraren arabera entregatuko da arropa.
2.5.– Jostea.
Indesa 2010 SLk erosi beharko ditu zerbitzu horretarako beharrezkoak diren materialak.
Arropa entregatzeko epea inoiz ez da astebetetik gorakoa izango, oheko arroparen kasuan, eta gehienez 48 ordukoa izango da formadun janzkietarako.
2.6.– Arropa ordezkatzea.
Kudeatzeko agindua jaso duenak galdu, hondatu edo beste egoeraren bategatik egondako arropa-galera guztiak jantzi berriekin ordezkatu beharko ditu.
Arropa ordezkatzeko zerbitzua Ospitaleko arropa formaduna eta laua hartzen du barne, eskalapoiak eta errezelak izan ezik.
Ordezkapen horiek gomendioa agintzen duenak jakinarazitako kalitate eta zehaztasun teknikoak mantenduko ditu.
3.– Jardunean aritzeko bermea.
Gomendioa jaso duenak neurri egokiak hartu beharko ditu zerbitzua jarraitutasunez eman ahal izateko ezohiko baldintzetan. Horretarako, funtzionamendu akasgabea bermatzeko, honako hauek izango ditu:
– Beharrezkoak diren langileak, une oro.
– Beharrezkoa den arropaz osatutako segurtasuneko stocka.
– Beste lantegi batzuk edukitzea, enpresarenak, edo beste inorenak direnekin akordioak izatea.
Salbuespenezko egoeretan (grebak, matxurak etab.), gutxieneko zerbitzu oinarrizkoak errespetatuko dira.
4.– Hilean behingo informazioa.
Indesa 2010 SLk txosten bat aurkeztuko dio gomendioa eman dionari hilero, ondoko datu hauekin:
– Garbitutako arropa kiloak.
– Baja emandako janzki kopurua.
– Zaharrak ordezkatzeko sartu diren janzki berrien kopurua.
– Galdutako janzki kopurua.
– Gorabeherak edo bestelako oharrak eta jardueraren balorazioak.
– Aldian behin egingo diren kontrol bakteriologikoen emaitzak.
5.– Ikuskatzea eta inbentarioak egitea.
Kudeaketa-gomendioa eman duenak beretzat gordetzen du aldian behin zerbitzua ikuskatzeko eskubidea (berak aukeratutako laborategian), janzkiek eskatutako kalitate mailarekin bat datozen egiaztatzeko. Kontrol horiek gomendioa eman duenaren kontura egingo dira.
Hilean behin Indesa 2010 SLk gomendioa eman dionari bidali behar dizkion txostenez gain, gomendioa eman duenak aukera izango du egunero gutxienez prestatu beharreko arropa kopurua benetan prestatzen dela ikuskatzeko.