EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017228

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuordearena, 2018. urterako EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) azterketa-eredua finkatu eta agiri hau eskuratzeko azterketetako 1. eta 2. deialdiak egiten dituena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-11-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201705779
Maila: Ebazpena
Euskararen Gaitasun Agiriaz 1982ko irailaren 20an emandako Aginduak (1982-11-06ko EHAA) bere 2.1 artikuluaren azken paragrafoan eta 1. artikuluari erreferentzia eginez, Hezkuntza Sailari berari egozten dio Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko azterketaren programa. 2018. urteko azterketetan erabiliko den azterketa-eredua ebazpen honen 1. eranskinean jakinarazten da.
Beste aldetik, aipatutako 1982ko irailaren 20ko Aginduak, 2. artikuluan, hainbat bide ezartzen zituen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko: besteak beste, Hezkuntza Sailak deitutako deialdi irekien bidez antolatutako gaitasun-probak gainditzea. Bide hori indarrean dago gaur egun eta deialdi bakoitzeko proba guztiak gainditu behar dira agiria lortzeko.
Geroago, 1987ko urtarrilaren 23ko Aginduak EGA agiria lortzeko hainbat atal arautu zituen eta 6. artikuluan urte bakoitzean bi deialdi egingo direla ezartzen du, bakoitza matrikulazio-aldi berezituarekin.
Horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1992ko abenduaren 28ko Aginduak (1993-01-18ko EHAA) Atariko Proba gehitu zuen eta gainditu behar zela ezarri zuen Proba Idatzira eta Ahozko Probara aurkeztu ahal izateko.
Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuaren 13.1.h) artikuluak emandako eskumenaz baliatuz eta Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko hainbat atal arautzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko 1987ko urtarrilaren 23ko Aginduak bere 4. artikuluan ezarritakoa ikusita, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko Programa.
Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko 2018. urteko azterketak ebazpen honetako I. eranskinean ezarritakoaren arabera egingo dira. EGA arautzen duen Hezkuntza Sailaren 1982ko irailaren 20ko Aginduaren 2.1 artikuluak aurreikusten ditu azterketa horiek.
Bigarrena.– Deialdia, Hezkuntza Sailak 2018. urtean antolatuko dituen azterketetarako.
Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko 2018. urteko lehenengo eta bigarren deialdiak arautzen dira, ebazpen honen II. eranskinean emandako oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan araupetu gabekoetan, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) arautzen duen 1982ko irailaren 20ko Aginduari (1982-11-06ko EHAA) eta gainerako arau osagarriei eutsiko zaie, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari ere.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 10a.
Hezkuntzako sailburuordea,
MIREN MAITE ALONSO ARANA.
I. ERANSKINA
AZTERKETA-EREDUA
1.– EGAren izaera.
1.1.– EGAk (Euskararen Gaitasun Agiria) honako gaitasun hauek ditu ardatz: gaitasun linguistikoa, gaitasun diskurtsiboa, gaitasun funtzionala eta gaitasun soziolinguistikoa.
1.2.– EGA Europako ALTE elkartearen kide osoa da eta haren Q marka du. Hori dela eta, ALTEren kalitate-estandarrak aplikatzen ditu EGAk.
Horrekin batera, Europako Kontseiluaren hizkuntzen ebaluaziorako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailako irizpideak kontuan hartzen ditu EGAk, atazak eraikitzeko eta ebaluatzeko orduan.
1.3.– Hizkuntzaren barne-osaeraz Euskaltzaindiak 2016ra arte eskaini dituen arau-erabaki nagusiak kontuan hartuko ditu EGAk 2018ko azterketetan.
2.– Azterketa-faseak.
EGA azterketak hiru fase ditu:
2.1.– Sarrerakoa: atariko proba.
2.2.– Bigarren fasea: proba idatzia.
2.3.– Hirugarren fasea: ahozko proba.
3.– Atariko proba.
3.1.– EGA azterketako proba idatzian eta ahozkoan parte hartu ahal izateko, Atariko Proba gainditu behar da.
3.2.– Atariko Proba aukera anitzeko test bat da, 65 item dituena. Irakurgailu optikoz zuzentzen da.
3.3.– Atariko probak 50 minutuko iraupena du.
3.4.– Atariko probako itemek hizkuntzaren erabilera egokia eta zuzena neurtzen dute.
3.5.– Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen.
3.6.– Gainditzeko langa 46 erantzun zuzenekoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duten azterketari guztiak azterketaren hurrengo fasera aurkez daitezke, inolako numerus claususik gabe.
3.7.– Atariko Proba gainditu dutenen kopurua aurkeztutakoen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa era honetan zabalduko da: 46ko langara iristen ez direnen artetik, 46tik hurbileneko puntuazioak ere onartuko dira, azterketa horren gainditze-ehunekoa % 50era iritsi arte. Puntuazio hori hartuko da gainditze-langatzat.
4.– Proba idatzia.
4.1.– Proba Idatzia bi ataletan egiten da eta sei ataza ditu:
A) Lehenengo atala:
– Elkarrizketa-testua.
– Lexikoa.
– Irakurriaren ulermena.
B) Bigarren atala:
– Idazlan luzea.
– Idazlan laburra.
– Esaldiak berridaztea.
Bi atalak jarraian egiten dira. Lehenengo atala egiteko 65 minutu dira. Bigarrenerako, 130 minutu. Guztira, Proba Idatziak 3 ordu eta 15 minutu irauten du.
4.2.– Elkarrizketa-testua.
Elkarrizketa-testu batean 10 hutsune bete behar dira. Ataza betetzeko, aukera anitzeko galderak (a-b-c) erabiltzen dira. Testuaren hariari ongien egokitzen zaizkionak aukeratzea da ariketaren funtsa.
4.3.– Lexikoa.
Testu labur batean txertaturik, markatutako 10 hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Ataza betetzeko aukera anitzeko galderak (a-b-c-d) erabiltzen dira. Hitzek testuinguruan duten esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.
4.4.– Irakurriaren ulermena.
Testu batzuk eskaintzen dira, eta horiei buruzko 10 galderari erantzun behar diete azterketariek. Atazak honelakoak izan daitezke: aukera anitzekoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratzea edo lotura egokiak egitea.
4.5.– Idazlan luzea.
Bi gai eskaintzen dira aukeran, dosier eran, eta horietako bat garatu behar da. Gutxienez 250 hitz idatzi behar dira. Idazlanaren kalifikaziorako honako hiru alderdi hauek hartzen dira kontuan: a) atazaren helburua zehaztasunez betetzea; b) hizkuntza-aberastasuna eta egokitasuna; c) zuzentasuna.
4.6.– Idazlan laburra.
Idazki bat ondu behar da: hipotesi bat, gutun bat, informe bat edo gertakari baten kronika laburra. Gutxienez 150 hitz idatzi behar dira. Bi aukera eskaintzen dira, bat aukeratzeko. Kalifikaziorako, idazlan luzeko irizpideak erabiltzen dira.
4.7.– Esaldiak berridaztea.
Emandako 10 esaldi moldatu behar dira; hots, esaldi baliokideak sortu behar dira, beste egitura batzuk erabilita, beti ere esaldi bakarra osatuz. Berridazketa bideratzeko eta gauzatzeko, elementu batzuk eskaintzen dira erreferentzia gisa.
5.– Ahozko proba.
5.1.– Ahozko Probak bi atal ditu:
A) Entzutezkoaren ulermena.
B) Mintzamena.
5.2.– Entzutezkoaren ulermena.
Grabazio zati batzuk entzun eta horiei buruzko galderak erantzun behar dira.
Grabazio zati bakoitza behin entzun behar da. Azterketariek denbora-tarte bat dute galderak eta erantzunak irakurtzeko.
Ordu-erdiko ataza da. 20 item dira.
5.3.– Mintzamena.
Atal honek bi ataza ditu: lehenengoa, gai baten ahozko azalpena; bigarrena, bat-bateko elkarrizketa-saioa. Azterketariak kontrakorik eskatu ezean, jardunak grabatu egingo dira. Epaimahaia bi aztertzailek osatzen dute. Azterketariak binaka aritzen dira epaimahaiaren aurrean.
a) Ahozko azalpena:
Azterketari bakoitzak gai bati buruzko informazioa jasotzen du. Euskarria testu idatzia, audioa edota bideoa izan daiteke. Azterketari bakoitzak egokitu zaion informazioaren azalpena egin behar du bost minutuan.
b) Elkarrizketa-saioa:
Aztertzaileek gai bat eskaintzen diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan aritzen dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte har dezakete, galderak eginez. Azterketariek, bien artean, hamar bat minutuz aritu behar dute.
6.– Puntuazioak.
6.1.– Proba Idatzian eta Ahozko Proban, puntuazioak eta denborak honako hauek dira:
6.2.– Proba idatzian, gutxieneko puntuaziorik eskatzen ez duten atazetan (Elkarrizketa-testua, Lexikoa, Irakurriaren ulermena eta Esaldiak berridaztean) puntuazioek elkar konpentsatzen dute.
6.3.– EGA lortzeko, azterketaren hiru faseak gainditu behar dira: Atariko Proba, Proba Idatzia eta Ahozko Proba. Azken emaitza Gai edo Ez Gai izango da.
6.4.– Deialdi bateko proba baten puntuak ez dira gordeko hurrengo deialdi baterako.
II. ERANSKINA
HEZKUNTZA SAILAK EUSKARAREN GAITASUN AGIRIA (EGA) ESKURATZEKO ANTOLATUTAKO AZTERKETAK: 2018KO LEHENENGO ETA BIGARREN DEIALDIEN OINARRIAK.
1. artikulua.– Epeak eta egutegia.
1.– 2018ko deialdietan izena emateko eta matrikula ordaintzeko epeak eta prozedura-urratsak ondoren azaltzen dira deialdi bakoitzerako*:
2.– 2018ko lehen deialdia:
a) Izena emateko eta matrikula ordaintzeko epea:
urtarrilaren 8tik 22ra (eguerdira arte), biak barne.
b) Onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrenda: otsailaren 1ean.
● Erreklamazioak egiteko eta akatsak zuzentzeko: otsailaren 15era arte.
c) Onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrenda: otsailaren 22an.
d) Atariko Proba: otsailaren 24an.
● Behin-behineko emaitzak: martxoaren 7an.
● Erreklamazioak: martxoaren 14ra arte.
● Behin betiko emaitzak: martxoaren 16an.
e) Proba Idatzia: martxoaren 17an.
● Behin-behineko emaitzak: maiatzaren 10ean.
● Erreklamazioak: maiatzaren 17ra arte.
f) Ahozko Proba*: maiatzaren 25 eta 26an / ekainaren 1 eta 2an.
● Behin-behineko emaitzak: ekainaren 8an.
● Erreklamazioak: ekainaren 15era arte.
g) Azken emaitza: ekainaren 29an.
3.– 2018ko Bigarren Deialdia.
a) Izena emateko eta matrikula ordaintzeko epea:
uztailaren 2tik 16ra (eguerdira arte), biak barne.
b) Onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrenda: uztailaren 24an.
● Erreklamazioak egiteko eta akatsak zuzentzeko: irailaren 7ra arte.
c) Onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrenda: irailaren 13an.
d) Atariko Proba: irailaren 15ean.
● Behin-behineko emaitzak: irailaren 26an.
● Erreklamazioak: urriaren 3ra arte.
● Behin betiko emaitzak: urriaren 5ean.
e) Proba Idatzia: urriaren 6an.
● Behin-behineko emaitzak: azaroaren 2an.
● Erreklamazioak: azaroaren 9ra arte.
f) Ahozko Proba: azaroaren 16 eta 17an.
● Behin-behineko emaitzak: azaroaren 30ean.
● Erreklamazioak: abenduaren 10era arte.
g) Azken emaitza: abenduaren 21ean.
(*) Matrikula-kopuruak eta baliabideak aintzat harturik, probak egun bakarrean edo gehiagotan egingo dira.
2. artikulua.– Informazioa emateko eta jakinarazpenetarako tokia eta modua.
1.– Azterketa-prozeduran argitaratu edo jakinarazi beharreko ekimen guztiak, interesatuei helaraziko zaizkie, ondorio horietarako, ondoko webgunean: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara
2.– Jakinarazpenak ikusi ahal izateko, matrikula egindakoan emandako erabiltzailea eta pasahitza erabili beharko dira.
3. artikulua.– Tramiteetan laguntzeko guneak.
Internetez izena emateko edota matrikula ordaintzeko arazo teknikoak izanez gero, Zuzenean Zerbitzuko 012 telefonora deitu beharko da (Autonomia Elkartearen kanpotik deituz gero 945 01 80 00 telefonora deitu behar da).
Halaber, Hezkuntza Ordezkaritzek laguntza emango diete deialdien parte hartzaileei, administrazio-tramiteekin arazoak badituzte, ondoko telefonoetan:
● Arabako Hezkuntza Ordezkaritza: 945 01 72 51.
● Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritza: 94 403 11 84.
● Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritza: 943 02 28 73.
4. artikulua.– Deialdian parte hartzeko baldintzak eta debekuak.
1.– Deialdietan parte hartu nahi dutenek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Gutxienez 17 urte izatea edo deialdiei dagokien urtean betetzea.
b) Matrikula egoki egin eta ordaintzea, deialdian ezarritako epean.
c) Ondoren aipatzen diren bateraezintasun-egoeran ez egotea.
2.– Beste erakunde batzuek antolatutako EGAren 2018ko deialdi bereko azterketetan izena eman duten pertsonak ezin izango dira matrikulatu Ebazpen honen bidez araututako deialdi bakoitzean.
Baldintza hau ez betetzeak prozesutik kanpo utziko du interesatua, hori atzematen den unea edozein delarik ere. Entzuteko hamar egun balioduneko epea emango zaio interesatuari eta ezarritako baldintza bete ez dela berresten bada, ordura arteko jarduera, azterketa eta kalifikazioak baliogabe geratuko dira.
5. artikulua.– Izena ematea: epea eta matrikula nola egin.
1.– Azterketetan parte hartu ahal izateko eskaera Internet bidez egingo dute interesatuek honako webgunean:
www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara
Izena emateko epea, lehenengo artikuluan zehaztu da deialdi bakoitzerako.
2.– Ezgaitasunak edo behar bereziak dituzten pertsonek azterketan beharko dituzten egokitzapenak (aulki edo mahai bereziak, ....) zehaztu beharko dituzte eta, matrikularekin batera, ezgaitasuna eta behar bereziak adierazten dituen medikuaren txostena aurkeztu beharko dute; Herri ikastetxeen edota hitzartutako Ikastetxeetako ikasleek euren ikastetxeko egokitzapen-txostena ere aurkeztu behar dute.
6. artikulua.– Prezio Publikoa.
1.– Izena eman eta matrikula egiteko epean azterketen prezio publikoa ordaindu beharko da hezkuntza zerbitzuen prezio publikoak finkatzeko Hezkuntza Sailak onartutako araudiaren arabera. Zenbatekoa www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara atariaren bidez emango da ezagutzera.
Matrikularen ordainketa Administrazioko Ordainketa-pasarelaren bidez egin behar da. Interesatuak horretarako prest egongo den webgunean sartu eta ondoren zehazten diren prozeduretako edozein erabili ahal izango du:
a) On-line ordainketa (Internetez). Ordainketa ordenagailuaren edo beste gailu baten bidez egingo da banketxe batera joan beharrik izan gabe, kreditu-txartel baten bidez edo banka elektroniko bidez.
b) Off-line ordainketa. Aplikazio informatikotik ordainketa-agiria inprimatu beharko da eta dokumentu horrekin banketxe batera edo kutxazain automatiko batera jo beharko da, dagokion ordainketa egiteko.
2.– Hezkuntza Sailaren zerbitzuen prezio publikoak ezartzen dituen 2013ko uztailaren 10eko Aginduak, 4. artikuluan ezartzen duenari jarraiki, zenbait pertsonak ez du prezio publikoa ordaindu beharko: hain zuzen ere, ondoan aipatzen diren salbuespen-motiboak betetzen dituztenek, matrikula-orrian hala aipatu badute eta salbuespen-motiboaren egiaztagiria atxiki badute.
Prezio publikoa ordaintzeko salbuetsita daude:
a) Espetxean daude pertsonak.
b) Kategoria bereziko familia ugarietako partaideak.
c) Terrorismoaren Biktimen Laguntza-programa arautzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuan aipatzen diren egoeran dauden pertsonak.
3.– 4. artikuluak ezarritakoaren arabera, % 50eko hobaria aplikatuko zaie kategoria orokorreko familia ugarien partaide direla egiaztatzen duten pertsonei.
4.– Salbuespena edo hobaria eskatzeko izaera matrikulan bertan markatu beharko da, eta dokumentuz egiaztatu. Izen-ematea egiten den unean familia ugariaren dokumentuak eguneratua egon beharko du.
5.– Matrikulatzeko/izena emateko epean dagokion ordainketa egiten ez bada eta salbuespen edo hobaritarako motiborik argudiatzen ez bada, prozeduratik kanpora geldituko da eskaera.
6.– Behin prezio publikoa ordainduta, zenbatekoa itzultzeko eskubidea kasu honetan izango da soil-soilik: Sailak azterketak ez egitea erabakitzen duenean.
7. artikulua.– Azterketak egiteko onartuen eta ez-onartuen zerrendak: behin-behinekoa eta behin betikoa.
1.– Onartuen eta ez-onartuen behin-behineko zerrendak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren ebazpenez onartuko dira. Ez-onartuen kasuan, ez onartzeko zergatia jasoko da.
Ebazpenen horretatik aurrera hamar egun balioduneko epea irekiko da erreklamatu ahal izateko eta matrikulazioan izan litezkeen akatsak eta hutsuneak zuzentzeko.
2.– Onartuen eta ez-onartuen behin betiko zerrendak organo berak onartuko ditu, behin erreklamazio- eta zuzenketa-epea amaitzen denean. Behin betiko ez-onartuen kasuan, erabakiaren zergatia ere zehaztu beharko da. Erreklamazioak eta zuzenketak ebatzitzat joko dira behin betiko zerrendak onesten direnean (ikus 2.2 artikulua).
Behin betiko zerrenda onartzen duen zerrendaren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da, Hezkuntza sailburuordearen aurrean, 3. artikuluan azaldutako tokietan, argitaratu eta hilabeteko epean.
8. artikulua.– Azterketak.
1.– Azterketaren probak edo faseak 1. artikuluan aipatzen diren datetan egingo dira.
2.– Izena emandako pertsona bakoitzari dagokion azterketa-lekua eta ordua web-orri honetan agertuko da: http://www4.hezkuntza.net/w22MatriculacionWar/comunOP/w22convs.do?t=1. Aldi berean, onartuen eta ez-onartuen behin-behineko zerrendak edota aurreko faseko behin-behineko emaitzak argitaratuko dira.
3.– Azterketetarako onartuta dauden pertsonek probak egitera joan beharko dute adierazitako leku, data eta orduan. Proba egiteko lekua edo ordua aldatzeko eskatu ahal izango da deialdi eta fase bakoitzaren barruan, baina salbuespeneko zirkunstantziak daudenean bakarrik, eta beti ere eskaera arrazoitua aurrez aurkeztuta, prozeduraren fase bakoitzaren behin-behineko zerrenden osteko erreklamazio-epean. Arau orokor gisa, goian aipatu epeak pasatzen direnean, ezin izango da aldaketarik egin. Nolanahi ere, EGA azterketaren antolaketaz arduratzen den organoak onartu ahal izango ditu epez kanpora aurkeztutako eskaerak, baldin eta eskaera motibatu duen gertaera epe horien ostekoa bada, beti ere eskueran dauden baliabideak ikusita eta 1. artikuluan argitaratu diren datak kontuan izanda.
4.– Azterketaren programa I. Eranskinean adierazten da non hainbat alderdi zehaztu dira, besteak beste, edukien gainekoak, azterketaren egitura, haren zatiak eta balioespen-irizpideak.
5.– Azterketara aurkezten diren pertsonek nortasun-agiria eraman beharko dute une oro aldean (NA, pasaportea, gidabaimena edo egoitza-baimena) eta eskatzen zaienean aurkeztu egin beharko dute. Aurkezten ez badute, azterketan ez onartzeko edo kanporatzeko motiboa izan liteke.
6.– Beharrezko neurriak hartuko dira ezgaitasunen bat duten pertsonek, hala eskatu badute, azterketa egin ahal izan dezaten, beste partaide guztien antzeko baldintzetan, hala behar balitz azterketa-denboren egokitzapena ere barne delarik, betiere eskakizun-mailaren aldaketarik gabe.
9. artikulua.– Epaimahaiak.
1.– Azterketak osatu, zuzendu eta neurtuko dituen Azterketa Batzorde Ofiziala 1982ko irailaren 20ko Aginduaren 4, 19, 20 eta 37 artikuluetan xedatutakoa da.
2.– Ahozko probak bi Batzordekidek osatutako ekipo baten aurrean egingo dira eta berauek kalifikatuko dute proba. Batzordekideok 1982ko irailaren 20ko Aginduak ezarritakoaren arabera izendatutako dira.
3.– Azterketa Batzorde Ofizialak 1982ko irailaren 20ko Aginduaren 11 artikuluan, 12 artikuluan, 22 artikuluaren 4. eta 8. ataletan eta 37. artikuluaren 2. eta 3. ataletan aipatzen diren aktak eta fitxak jasoko ditu.
10. artikulua.– Proben zuzenketa eta emaitzak.
1.– Azterketaren proba edo fase bakoitzaren zuzenketak I. Eranskinean bildutako irizpideen arabera izango dira.
2.– Azterketa Batzorde Ofizialak onartuko ditu emaitzak eta onartutako kalifikazioak eta atalez ataleko puntuazioak aktan jasoko dira.
3.– Erreklamazioa aurkeztu ahal izango da behin-behineko emaitzak argitaratzen direnean, epaimahaiaren aurrean eta II. Eranskinaren 1. artikuluan emandako epean. Epe horrek gutxienez 5 egun baliodun izango ditu, emaitzak argitaratzen diren biharamunetik kontatzen hasita.
4.– Behin-behineko kalifikazioen aurkako erreklamazioen erabakia inplizituki ulertuko da behin betiko kalifikazioen onespenean eta azterketaren azken emaitzen onespenean. Edonola ere, proba idatziaren edota ahozko probaren emaitza erreklamatzen dutenek emandako kalifikazioaren azalpen arrazoitua jasoko dute idatziz, matrikula egiterakoan jarritako helbidean; bertan azterketa ikusteko aukera ere emango zaie, informazio helburuekin soilik. Proba idatziaren erreklamazioaren ondorioz, ahozko proba egin behar izango balute, Hezkuntza Ordezkaritzak jakinaraziko dizkie interesatuei proba hori noiz eta non egingo den.
11. artikulua.– Azterketaren azken emaitza.
1.– I. Eranskinean jasotako programaren 6. Atalean bildutako irizpideak aplikatuz aterako da azterketaren azken emaitza.
2.– Azken emaitza Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren Ebazpenez onartuko da. Horren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean Hezkuntza sailburuordearen aurrean, 1.2.g) edo 1.3.g) artikuluetan (azterketa-fase bakoitzari dagokiona) esandako argitaratze-datatik kontatzen hasita.
12. artikulua.– Ziurtagiria.
1.– Azken emaitzan GAI izan duten pertsonek ziurtagiria jaso ahal izango dute, horren frogagarri, azken emaitzak argitaratu eta bi hilabeteko epean.
2.– Ziurtagiria eskuratzeko, aurretik dagokion tasa ordaindu beharko da, euskararen ezaguera egiaztatzen duten ziurtagiriena, hain zuzen ere, Tasa eta Prezio Publikoen Legeak 69.5 artikuluan zehazten duen zenbatekoan (Lege horren testu bategina irailaren 11ko 1/2007 Lege Dekretuaren bidez onartua), ziurtagiria luzatzen den ekonomia-ekitaldirako idazkuntzan.
3.– Ziurtagiria azterketa egin zen lurralde historikoko Zuzenean zerbitzuan jaso ahal izango da.
4.– Ziurtagiria eskuratzeko prozeduraren gaineko argibideak Interneteko helbide honetan ikus litezke:
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/contenidos/informacion/dih1_ega/es_ega/adjuntos/EGA/agiriak_jasotzeko_c.pdf