EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017226

AGINDUA, 2017ko azaroaren 22koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskadiko zor publiko bat egitea eta Euskadiko zor publiko baten jaulkipena borondatezko trukearen bidez amortizatzea.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-11-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201705730
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/02/03an argitaratutako 2017/01/31ko 201700037 DEKRETUA
  • Ikus 2017/04/12an argitaratutako 2017/04/06ko AGINDUA [201701891]

Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30.1 artikuluaren arabera, zor publikoaren jaulkipena Gobernu Kontseiluak onartuko du dekretu bidez, zorpetze arloan aginpidea duen Sailak proposatuta. Segidan, 30.3 artikuluak honela dio: zorpetze arloan aginpidea duen Saileko buruari (gaur egun, Ogasun eta Ekonomiako sailburua) dagokio dekretuan adierazi ez diren jaulkipenaren ezaugarriak zehaztea. 33. artikuluan, berriz, hauxe dago xedatuta: Gobernu Kontseiluak baimena emango du, eta zorpetze arloan aginpidea duen Sailak (borondatez hartzekodunentzat) aldez aurretiko amortizazio-eragiketak, ordezkapena, trukea, bihurketa, luzapena, finantza elkartrukea edo antzekoak hitzartuko ditu, baldin eta, merkatu baldintzen aldaketengatik, finantza-kargan ekonomiak lortzea, aldiak berregituratzea edo arriskua murriztea edo dibertsifikatzea badago.
Urtarrilaren 31ko 37/2017 Dekretuaren bidez erabakitzen eta baimentzen da 2017ko ekitaldian zorpetze-eragiketak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak –luzatuta– onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legeak 10. artikuluko 1. paragrafoan Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legea onetsi zen. Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta -ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.
Jaurlaritzak 2017ko azaroaren 21ean hartutako erabakiaren bidez Euskadiko zor publikoaren bonuak trukatzeko eragiketa baimendu da, eta honela egingo da: beste zor-zenbateko bat jaulkiko da eta egun dagoen jaulkipen osoaren edo zati baten edukitzaileek, nahi izanez gero, lehenago amortizatu ahal izango dute.
Goian aipatutako lege babesa kontuan izanda eta aintzat harturik 2017ko apirilaren 18ko jaulkipenaren –kupoia: % 0,60; epemuga: 2022ko apirila– zirkulazio saldoa 150 milioi euro dela, Ogasun eta Ekonomia Sailaren aburuz gomendagarria da zenbatekoa handitzea, merkatuan likidezia gehitze aldera. Kasu honetan inbertitzaileek jaulkipenaren zabalpena Euskadiko Zor Publikoaren bonuak ematean ordain dezakete. Bonu horiek 2014ko martxoaren 18ko jaulkipenekoak dira; kupoia % 2,00koa da eta epemuga 2018ko uztailaren 23an da. Horrela, bost urterako zabalpenaren bidezko jaulkipena egiteaz gain, zatika amortizatuko da, 2018an epemuga duten bonuak borondatez trukatzearen bidez. Eragiketa honen bidez 2017an jaulkitako zabalpena errazteaz gain, amortizatutako balioak berriz inbertitzea errazten da eta hurrengo urteko epemugei bolumena kentzen zaie, beraz, 2018an jaulkipen gordinaren beharrizana gutxitzen da. Eragiketa biok eragiketok egiteko mandatua duten erakunde baten edo batzuen bidez egiten dira.
Goragokoa kontuan izanda, beharrezkoa da jaulkipena zabaltzea Euskadiko Zor Publikoaren bonuen ezaugarriak jendaurrean azaltzea, baita borondatezko trukaketaren baldintzak ere.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau ebatzi dut:
1. artikulua.– 2017ko apirilaren 18ko zor publikoaren jaulkipenaren zenbatekoa gehitzea. Jaulkipen hori Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2017ko apirilaren 6ko Aginduaren bidez baimendu da. Agindu horretan ezartzen zen 150.000.000 euroko Euskadiko zor publiko bat egingo zela eta jaulkipen horren ezaugarri jakin batzuk zehazten ziren.
2. artikulua.– Gehikuntzak honako ezaugarri hauek izango ditu.
a) Ogasun eta Ekonomia Sailak erabakiko ditu jaulkiko den zenbatekoa, jaulkipen data eta harpidetzaren prezioa, mandatua duen erakundeari edo erakundeei kontsulta egin eta gero, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
b) Amortizazioaren prezioa, data eta interesak: Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2017ko apirilaren 6ko Aginduan ezarrita daude (agindu horren bidez, ehun eta berrogeita hamar milioi euroko Euskadiko zor publikoa jaulki zen, eta eragiketa horren zenbait ezaugarri zehaztu ziren):
a.– Interesak: % 0,60ko urteko interes nominala; aurreneko kupoi luze bat ordainduko da 2018ko apirilaren 30ean.
b.– Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.
c.– Amortizazio-data: larunbata, 2022ko apirilaren 30a.
Gehikuntza horri dagozkion bonuek 2017ko apirilaren 6ko Aginduari jarraikiz jaulkitako bonuen eskubide berberak izango dituzte.
c) Baloreen adierazpidea: kontuko idatzoharrak.
d) Balio unitarioa: mila (1.000,00) euro.
e) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.
3. artikulua.– Trukearen bidezko harpidetza.
Jaulkipenaren zabalpena Euskadiko zor publikoaren honako bonu hauek borondatez trukatuz egingo da:
2014ko martxoaren 18ko jaulkipena, % 2,00ra; epemuga 2018ko uztailaren 23an; ISIN kodea: ES0000106536.
Ogasun eta Ekonomia Sailak bideratuko du jaulkipeneko baloreen trukaketa, hain justu ere, mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez, betiere bat etorriz balore-merkatuaren indarreko araudiarekin. Ogasun eta Ekonomia Sailak erabakiko du trukaketaren prezio garbia, mandatua duen erakundeari edo erakundeei kontsulta egin eta gero, eta agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, kasuan kasuko kupoi korrituarekin batera –trukaketaren datan eta sei hamartarrekin biribilduta.
Trukaketaren likidazioaren egunean, onartutako eskaintzen balioak amortizatuko dira.
Jaulkipen berriaren balioaren zenbateko bera duten emandako bonuekin egingo da trukaketa. Bonu berrien harpidetzaren prezioa jaulkipen datan likidatuko da eskudirutan, eta eskudirutan ere eta trukaketaren egunean ordainduko da trukaketarako onartutako bonuen prezioa, kupoi korrituarekin batera. Goragoko paragrafoan azaldu bezala, trukaketaren likidazio data bonuaren zabalpenaren jaulkipen data –mugapena 2022an– izango da.
4. artikulua.– Trukaketan aurkeztutako balioek ezin dute trabarik eduki likidazio egunean, ezin dira loturik egon inolako konpromisorekin, ez bada iraungipen-data hori baino lehen. Trukaketan aurkeztutako balioak saldu baziren aldi bereko eragiketa batean, titularraren kontuan eta 14:00ak baino lehen ordaindu beharko dira likidaziorako emandako egunaren balio datarekin.
5. artikulua.– Gaikuntza.
Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari baimena ematen zaie zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.
6. artikulua.– Harpidetza, trukatutako tituluen amortizazioa, jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Norbolsa, Sociedad de Valores SA enpresaren bidez ordainduko ditu Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores SA enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoari jarraituz. Trukatutako balioak kasuan kasuko kargu eta ordainketen bidez emango eta jasoko dira jaulkitako izendun balioa eta amortizaziorako trukaketan lortutako izendun balioa adierazita, «Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores, S. A.» aipatutakoan erregistratzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 22a.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.