EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017226

ERABAKIA, 2017ko azaroaren 9koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarena. Honen bidez, ente publikoaren 2017. urteko lekualdatze-lehiaketarako irizpide orokorrak onartzen dira.

Xedapenaren data: 2017-11-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201705719
Maila: Akordioa
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/08/08an argitaratutako 2016/07/18ko AKORDIOA [201603499]

Administrazio Kontseiluak erabaki hau hartu du Osakidetza Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5 eta 12.5 artikuluetan eginiko aurreikuspenaren arabera eta, izaera orokorrarekin, Ente Publikoko langileen esparruan hainbat araudik jasotzen dituzten arauen arabera: aipatutako dekretuak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legeak eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak. Azken horrek bere 37.1 artikuluko c) atalean, negoziazio kolektiboko gaien artean, giza baliabideen horniketaren arloko irizpide orokorrak jasotzen ditu.
2017. urtean, Osasuneko Mahai Sektorialak negoziazio-prozesuari hasiera eman zion eta 2017ko ekainaren 23an SATSE, SME eta UGT sindikatuekin aurreakordioa sinatu zuen.
Aipatutako aurreakordioak, beste hainbat gairen artean, 2017. urtean lekualdatze-lehiaketa bat egitea aurreikusten du. Bertan jasotzen da datorren Enplegu Publikoaren Eskaintzan eskainiko diren lanpostuen % 90 deituko liratekeela eta deialdi ezberdin horien oinarriak aurtengo azken lauhilekoan zehar argitaratu behar direla.
Era berean, aipatutako Osasuneko Mahai Sektorialeko aurreakordioan adierazten da 2017. urterako lekualdatze-lehiaketaren deialdiak Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren erabaki berri bat onartzea eskatuko duela, 2016ko uztailaren 18ko Erabakia ordezkatzeko; hots, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak ente publikoaren 2016. urterako lekualdatze-lehiaketaren irizpide orokorrak onartzeko hartutakoa ordezkatzeko (2016ko abuztuaren 8ko EHAA, 149. zk.).
Aipatutako 2016. urteko lekualdatze-lehiaketa ez zen deitu. Hortaz, 2016ko uztailaren 18ko Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren erabaki hori integratuta gelditzen da erabaki honetan, eragin guztiekin, baita baremazioari dagozkienekin ere. Ondorioz, 2016ko lekualdatze-lehiaketan eskainitako lanpostu-kopurua 2017ko lekualdatze-lehiaketan txertatuta gelditzen da.
Azkenik, adierazi behar da 2017ko urriaren 31n Osasuneko Mahai Sektorialean akordio bat lortu zela SATSE, SME eta UGT sindikatuekin. Horren arabera, 2017. urterako Osakidetzako lekualdatze-lehiaketan lanpostuak eskaintzeko eta destinoak esleitzeko irizpideak eta horren oinarriak ezartzen dira.
Hori dela eta, adierazitakoarekin bat etorriz, zuzendari nagusiaren proposamenez, eta ente publikoaren estatutuetako 8.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, osakidetzako administrazio kontseiluak hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– 2017. urtean lekualdatze-lehiaketa bat deitzea, Osakidetzako zerbitzu-erakunde ezberdinetako langileen behin betiko borondatezko mugikortasuna ahalbidetzeko, 2017ko ekainaren 23an sinatutako Osasuneko Mahai Sektorialaren aurreakordioan eta baita 2017ko urriaren 31n Osasuneko Mahai Sektorialeko akordioan ere horri buruz aipatutako irizpideekin bat etorriz.
Behin betiko borondatezko mugikortasuneko prozesua lehiaketa bidez ebatziko da. Dagokien kategorietako lekualdatze-lehiaketa arautuko dituzten oinarriek honakoak zehaztuko dituzte: parte hartzeko baldintzak, eskainitako destinoak, prozedura eta merezimenduen baremoa.
Lekualdatze-lehiaketa abiarazteko beharrezko jardunak erabaki honek eta hori garatzeko emango diren oinarrien ebazpenek birtualtasun juridiko egokia lortu eta berehala jarriko dira martxan.
Bigarrena.– Osakidetzako 2017ko lekualdatze-lehiaketan sartuko diren kategoriak zehazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira horien deialdi ezberdinak.
Deialdiak honela multzokatuko dira:
1.– Fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldea (Arreta Espezializatua).
2.– Fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldea (Lehen Mailako Arreta).
3.– Diplomadun sanitarioen lanbide-taldea.
4.– Tekniko espezialista sanitarioen lanbide-taldea.
5.– Teknikari laguntzaile sanitarioen lanbide-taldea.
6.– Kudeaketa eta zerbitzuetako langileak.
Osakidetzako 2017ko lekualdatze-lehiaketako deialdi honetan, 3.004 destino eskainiko dira. Dokumentu honen eranskinean zehazten da horien banaketa lanpostu funtzionaletan.
Aipatutako destino-kopurua zuzendu eta aldatu ahalko da, edozein akats antzemanez gero edo sortutako antolaketa-arrazoiengatik, epaiak exekutatzeagatik, langileak lanera itzultzen direlako edo antzeko beste edozein egoerarengatik.
Horrela bada, zuzenketa eta aldaketa horiek lanpostuak betetzeko deialdi baten bidez egingo dira.
Hirugarrena.– Lekualdatze-lehiaketa deialdi ezberdinetako oinarriek zehaztutakoaren arabera garatuko da.
Etengabeko prestakuntzari dagokion merezimendu-baremoaren atalari lotuta, erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.
Laugarrena.– Derrigorrezko mugikortasun-prozesua izan duten langile finkoek haien lanpostu funtzionalari dagokion destinoa lortzeko duten lehentasuna errespetatuz, prozesu horiek araudi espezifikoak hala ezarri duenean lekualdatze-lehiaketa honetarako, baldin eta lehiaketa hau haien lanpostu berrian benetan lanean hasi direnetik deitu duten lehenengoa bada eta behin betiko barne-mugikortasuneko prozesu batean lehentasun horretaz baliatu ez badira.
Lehentasunezko eskubide horretaz behin bakarrik baliatu ahalko dira, ezohiko izaera izango du eta interesdunek alegatu beharko dute lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskabidea formalizatzen dutenean.
Esleipena egiteko, lekualdatze-lehiaketan ezarritako baremazio-irizpide berari jarraituko zaio, baina langile horien lehentasuna errespetatuko da.
Bosgarrena.– Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emango du 2017ko lekualdatze-lehiaketan sartuko diren lanpostuak hautatzeko irizpideak zehazteko.
Seigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia arduratuko da behin betiko borondatezko mugikortasun-prozesuen deialdia kudeatzeaz. Agindu horren arabera, lekualdatze-lehiaketa arautuko duten oinarriak jasoko dituzten ebazpenak idatzi, izapidetu eta eman beharko ditu, deialdian sartu beharreko lanpostuak zehaztuko ditu, epaimahai kalifikatzaileak esleituko ditu eta deialdiak eta destinoen esleipena ebatziko ditu. Kategoria baliokideak eta erreferentziako kategoriak martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretuaren eranskinean jasotako katalogoak ezarritakoak izango dira.
Zazpigarrena.– Erabaki honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Vitoria-Gasteizko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 9a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidentea,
JON DARPÓN SIERRA.