EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017226

252/2017 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko Dekretua aldatzen duena.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700252
Xedapenaren data: 2017-11-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201705718
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2017/06/14an argitaratutako 2017/06/02ko EBAZPENA aldatzen du [201702973]

Ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa) arautu zen Osasun Sistema Nazionalaren bidez funts publikoekin finantzatutako osasun-laguntzaren eremutik kanpo dauden pertsonek, ez asegurudun ez onuradun ez direlako, Euskal Osasun Sistemaren zerbitzu-zorroko osasun-prestazioak jasotzea.
Dekretu horren arabera Euskal Autonomia Erkidegoan, eta beste kolektibo batzuekin batera, Euskal Osasun Sistemaren zerbitzu-zorroko prestazioak jaso ahal izango dituzte honako baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan ohiko bizilekua izatea eta bertan erroldatuta egotea, urtebetez gutxienez, etenik gabe, osasun-laguntza aitortzeko eskaera egiteko unean. Urtebete horrek eskaera egin aurre-aurrekoa izan behar du.
b) Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruko prestazio ekonomikoak jasotzea edo legearen arabera gizarteratze eta gizarte-babeserako oinarrizko errentari dagokion zenbatekotik beheragoko diru-sarrerak izatea.
c) Beste edozein titulurengatik beste osasun-babes publiko sistemarik ez jasotzea.
114/2012 Dekretuari errekurtsoa jarri zitzaion Konstituzio Auzitegian. Epaia ez da oraindik eman, baina 2012ko abenduaren 13ko autoaren bidez Konstituzio Auzitegiak kendu egin zien indarraldiaren etenaldia dekretu horretako osasun-laguntzaren irismenari buruzko artikuluei.
Auto horretan Konstituzio Auzitegiak honako hau adierazi du: «aurkaratu diren neurriek ukitzen dituzten pertsonen osasunerako eta osotasun fisikorako eskubideak, eta oro har gizartearen osasunari lotuta arriskurik ez hartzeak, berebiziko garrantzia dute konstituzioaren esparruan; garrantzi hori ezin da indargabetu, gainera, zehaztu ezin izan den aldi baterako aurrezte ekonomiko batengatik».
Gai honi lotuta, autotik honako ondorio hauek atera daitezke:
a) 114/2012 Dekretua tresna arauemaile baliozkoa da kolektibo jakin batzuk (Osasun Sistema Nazionalak estaltzen ez dituenak) Euskal Osasun Sistemaren laguntza-estalduran sar daitezen.
b) Laguntza-estaldura kolektibo jakin batzuetara hel daitekeela onartuta, eta bizi den administrazio-egoera gorabehera, urtebeteko erroldatze-aldia izateko baldintza hori gehiago da argudio ekonomikoa argudio juridikoa baino.
Kolektibo horiei laguntza ematen lortu den esperientzia baliatuz, eta hainbat erakundek eta instituziok eman dituzten gomendioak kontuan hartuz, dekretu honen bidez ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren 2. artikuluan ezartzen den erroldatze-aldia aldatu nahi da, orain eskatzen den urtebeteko aldia eragozpen handia delako pertsonen kolektibo garrantzitsu batek osasun-laguntza eskura dezan.
Azaldutakoa dela bide, Osasuneko sailburuaren proposamenez eta egoki diren tramiteak egin ostean, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 21ean eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa) 2.3.a) artikulua. Honela geratzen da idatzita artikuluaren testua:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan ohiko bizilekua izatea eta bertan erroldatuta egotea, hiru hilabetez gutxienez, etenik gabe, osasun-laguntza aitortzeko eskaera egiteko unean. Urtebete horrek eskaera egin aurre-aurrekoa izan behar du.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko azaroaren 21ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.