EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017223

AGINDUA, 2017ko urriaren 19koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren bigarren aldaketa.

Xedapenaren data: 2017-10-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201705632
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/12/05ean argitaratutako 2012/11/13ko AGINDUA aldatzen du [201205395]

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumena da bertako Errepide Plan Orokorra onartzea, hala ezarrita baitago honako xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikulua; Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroren 25eko 27/1983 Legearen 7.a.8 artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 7.1 artikulua. Errepide Plan Orokor horretan, arau teknikoak eta seinalizaziokoak ezartzen dira, gero EAEko administrazio publikoek errepide-sareetan indarrean jarriko dituztenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorrean jasotako arau teknikoek barne hartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen titulartasuneko errepideetan obrak gauzatzeko nahitaez bete beharreko arau edo instrukzioen multzoa, betiere errepideen arteko koordinazio teknikoa bermatzea helburu hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 7.1 eta 11.2 artikuluak).
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra idaztea eta ohiko aldaketak landu eta onartzea. Aldaketa horien artean, eraikuntzako eta materialetako arauei edo instrukzio teknikoei buruzkoak daude, Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan edozein obra egiteko bete beharrekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 4. eta 8.3 artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Bigarren Plan Orokorraren Berrikusketa onartzen duen azaroaren 23ko 307/2010 Dekretuaren 5. artikulua).
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren testu berrikusi eta osatua onartu zen.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko azaroaren 10eko Aginduaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren aldaketa onartu zen. Aldaketa horren bidez, 7. eranskina sartzen da testu horretan. 7. eranskina: Errodadura geruzetan erabili beharreko nahaste bituminosoetarako agregakinak.
Errepide Plan Orokorraren Batzordeak, batzordekide guztien adostasunez, Plana aldatzea erabaki zuen. Aldaketa horren arabera, aldatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko zoruak dimentsionatzeko Araua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez onartua, helburu hartuta arauaren testuan sartzea 8. eranskina: zementuaren tratatutako materialak (lurzoru-zementua eta legar-zementua). Eranskin horretan zehazten da material horiek bete beharreko eskakizunak.
Bestalde, errepide-plan horren gainean egindako ohiko aldaketak arlo horretako eskumena duen saileko sailburu titularrak onartuko ditu, agindu bidez, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 14. artikuluan.
Organo honek dauka aipatutako aldaketak onartzeko eskumena, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7.1.s artikuluan.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorraren ohiko aldaketa onartzea (ikus agindu honen eranskina). Aldaketa horren bidez, aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren testua; horretarako, 8. eranskina sartzen da testu horretan. 8. eranskina: zementuaren tratatutako materialak (lurzoru-zementua eta legar-zementua).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 19a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.