EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017222

AGINDUA, 2017ko azaroaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ohiz besteko diru-laguntzetarako deialdia egiten baita, aniztasunari babesa emateko berariazko programak gauzatze aldera.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-11-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201705604
Maila: Agindua
Hezkuntza Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuinguru batera egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du, euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteak lortzeko.
Hezkuntza-sisteman sartu berriak diren ikasle etorkinei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea eta ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak ezartzea.
Aniztasun horri erantzuteko, ikastetxeek zenbait deialdi dituzte. Deialdi horiek eragina dute, batetik, irakasleen prestakuntza etengabean («Prest Gara», «Bikaintasunerantz» eta «Eleaniztasunerantz»), eta, bestetik, ikasleekiko jarduera zehatzetan (kulturartekotasuna sustatzeko programak, hizkuntza indartzeko programak, hezkuntzan berariaz sendotzeko programak, curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak).
Honelako programen bidez, besteak beste, honako hau lortu nahi da: ikastetxeak hausnarketako eta hobekuntzako prozesu bat abiatzea kultura aniztasunaren inguruan, eta, testuingurua eraldatzeko prozesuak egiten ari diren ikastetxeen kasuan, baliabideak integratzea eta haien eragingarritasuna optimizatzea. Hizkuntza-indartzea ikasle hasi berriei zuzenduta dago, zehatz esanda, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakitearekin lotutako komunikazio-zailtasun nabarmenak izateagatik hizkuntza indartzeko plangintza bat behar duten ikasleei.
Ohiz bestera, eta 2017ko ekitaldiko aurrekontuei aurkeztutako legebiltzar-zuzenketak kontuan hartuz, ikasle atzerritarren eta bekadunen ehuneko esanguratsu bat duten ikastetxeei lagundu nahi zaie, dituzten berariazko laguntza-programak finka ditzaten eta ikasleen aniztasunari hobeto erantzun diezaioten.
Kontuan harturik honako hauek zer dioten: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Agindu honen bidez, ohiz besteko diru-laguntza batzuen oinarriak ezarri eta haietarako deialdia egin nahi da. Diru-laguntza horiekin gauzatu nahi dira 2017-2018 ikasturtean ikastetxeetan dagoen aniztasunari erantzuteko berariazko laguntza-programak.
2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) euro jarri dira, honela banaturik:
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza: berrehun mila (200.000) euro.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa: ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro.
2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Diru-laguntza eman edo ez ebatzi arteko izapideak eta justifikazio-izapidea erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte. Hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako -PLATEA- Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/aniztasuna-berezi/y22-izapide/eu/
Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.
1.– Ikastetxe eskatzaileek, eskabidearekin batera, parte hartzeko proposamenaren eskabidea aurkeztu beharko dute, zeinak gai hauek jasoko baititu:
a) Ikastetxeak ikasle atzerritarren, ikasle etorkinen eta iritsi berri diren ikasleen aniztasunari buruzko jardueren sustapenean egin duen ibilbidearen deskripzioa.
b) Diagnostikoa:
● Premien zehaztapena.
● Aurkeztutako lehentasunak eta argumentuak.
c) Helburu orokorrak eta helburu bereziak.
d) Jarduerak.
● Irakasleei zuzendutako jarduerak.
● Ikasleei zuzendutako jarduerak.
e) Ebaluazioa:
● Proiektuan markatutako helburuen lorpenaren ebaluazio-irizpideak eta adierazleak.
● Ebaluatzeko tresnak eta uneak.
f) Aurrekontua:
● Eskatutako laguntza banakatzeko azalpenak.
g) Proiektuaren eragina:
● Eraginpeko irakasle eta taldeen kopurua.
● Proiektua zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzeko neurriak.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Euskadi.eus-en egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: https://www.euskadi.eus/
3.– Eskabide-eredua egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/aniztasuna-berezi/y22-izapide/eu/
4.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta beste dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Deialdi honen onuradun izan litezke Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zenbait ikastetxe pribatu, baldin eta Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan itundutako unitateak badituzte.
5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen baldintzak.
1.– Erakunde eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
– 2016-2017 ikasturtean, ikasle atzerritarren ehunekoa % 20 edo handiagoa izatea, aurreko artikuluan jasotako maila batean edo batzuetan. Ehuneko hori dagokion mailako ikasleak kontuan harturik kalkulatuko da.
– 2016-2017 ikasturtean, ikasle bekadunen ehunekoa % 60 edo handiagoa izatea, aurreko artikuluan jasotako maila batean edo batzuetan. Ehuneko hori dagokion mailako ikasleak kontuan harturik kalkulatuko da.
– Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte segurantzaren arloetan ezartzen dituzten betebeharretan egunean egotea.
2.– Ezin izango dira onuradun izan honako egoeraren hauetan dauden erakundeak:
– Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.
– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenak, bai eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenak ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.
3.– Onuradunei diru-laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaiturik egon behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoena.
6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Ikastetxe bakoitzaren ikasle atzerritarren kopurua Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuak emango du. Ikasle atzerritarren eta bekadunen ehunekoak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kalkulatuko ditu, Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuan dauden datuak kontuan hartuz. Datu guztiak 2016-2017 ikasturteari buruzkoak izango dira.
Ikastetxeek Administraziora jo ahal izango dute ikasle atzerritarren eta bekadunen datuak kontsultatzera.
Dirulaguntza-eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena emango du diru-laguntza ematen duen organoak zuzenean eskuratu ditzan aipatutako datuak.
2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezaritakoari jarraikiz eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, hala eginez gero, betetako betekizunen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
3.– Eskabideetan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.
4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan egindako aldaketa aplikatuz, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunezko adierazpen baten bidez:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Eskabidea egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren ildotik.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta izan beharko da. Onartu den diru-laguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio betekizun horri.
– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa ez eskatu izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izatea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
– Kausaren batean erruduntzat jotzearren, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa emanda ez egotea.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez dira Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Diru-laguntzak ikastetxeko ikasleen kultura-aniztasunari erantzuteko neurriak jasotzen dituzten berariazko laguntza-programak prestatu, gidatu eta kudeatzeko jardueretarako izango dira.
2.– Diruz lagundu daitezkeen jardueren tipologia:
a) Irakasleen prestakuntza. Eskola inklusiboaren esparruan hezkuntza-komunitatea heztea: hezkuntza arloan berariazko laguntza-premiak dituzten eta hezkuntza-irakaskuntza inklusiboetako metodologiak eta estrategiak behar dituzten ikasleak detektatu, identifikatu eta artatzea. Metodologia eta estrategia horiek ikasle guztien parte-hartzea, presentzia eta arrakasta lortzen lagunduko lukete, ikasle guztiena, hezkuntza arloan berariazko laguntza-premiak dituztena barne. Horrela, orobat, lortuko litzateke errazago kudeatzea gelan gertatzen diren gatazkak eta jarrera-arazo larriak, eskolako elkarbizitza eta ahalmen intelektual handiak; ikasle atzerritarren eta ijito ikasleen eskolatzea hobetuko litzateke, kultura-artekotasuna, jasangarritasuna, zuzentasuna, elkartasuna eta justizia soziala...
b) Ikasleekiko jarduerak. Hezkuntza-irakaskuntza inklusiboetako metodologiak eta estrategiak praktikan jartzea, tutore-ekintzako planari lotutako ekintzak, ikasle atzerritarrak hartzeko ekintzak, hizkuntza indartzeko irakasleen ekintzak...
3.– Motak:
a) Ekimen berriak: ez daude lotuta aniztasunari erantzuteko ikastetxe-planean jasotako proiektu bati ere.
b) Aniztasunari erantzuteko ikastetxe-planean jasotako proiekturen bati lotutako ekimenak edo horrelako proiektuekiko osagarriak diren ekimenak.
Jarduera guztietan erabili beharko da ikuspegi inklusiboa, hau da, ikastetxeko ekintza-plan baten barruan egongo da, ikasle eta irakasle guztiei zuzendutakoa izango da, beste eragile batzuek (familiartekoek, talde sozialek,...) parte hartzeko eta kolaboratzeko aukerarekin, eta eskola-arrakasta eta -errendimendua hobetzeko helburu orokorrari lotuta.
Ematen den irakaskuntza indarrean dagoen araudia betez Lehen Hezkuntzan edo Bigarrenean euskara irakasteko behar den titulazioa daukaten irakasleen eskutik etorriko da.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Artikulu honetako 2. atalean aipatzen diren ekintzak gauzatzeko sortutako gastuak lagundu daitezke diruz. Alegia, gastu horiek irakasleak prestatzeko jarduerekin edo ikasleekiko jarduerekin lotuta daude. Jarduera horiek izan litezke, besteak beste, hizlariak kontratatzea, irakasleak kontratatzea, esperientzia berritzaileak izan dituzten ikastetxeetara bidaiatzea, baliabide bibliografikoak eskuratzea eta metodologia berritzaileak ezartzeko baliabide didaktikoak eskuratzea.
Ordainketa eskuordetuak ez du inola ere estali beharko irakasleak kontratatzeko ordainsari-kostua.
8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.
9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Ikastetxe bakoitzak jaso ahal izango duen diru-laguntzaren zenbatekoa honako formula honen bidez kalkulatuko da:
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza:
Laguntza = Ikasle atzerritarren kopurua*300*(1+ikasle bekadunen %)
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa:
Laguntza = Ikasle atzerritarren kopurua*150*(1+ikasle bekadunen %)
Adibidea: Haur eta lehen hezkuntzan, 50 ikasle atzerritar eta ikasleen % 60 bekadun dituen ikastetxe batek 50*300*(1+0,60)=24.000,00 euro jasoko lituzke. Beste ikastetxe batek ikasle atzerritarren kopuru berdina badu eta ikasle bekadunak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 50*300*(1+0,8019) = 27.028,50 euro.
2.– Aurreko irizpideak aplikatu ondoren, ateratzen den kopurua txikiagoa bada 1. artikuluan bi mailetako baterako aipatzen den aurrekontu-kreditua baino, eta beste mailan handiagoa bada, soberako zenbatekoa aldatuko da maila horretara.
3.– Irizpide horiek aplikatu ondoren eman beharreko laguntzetan ateratzen den guztizko kopurua 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, onuradun bakoitzari kalkulatu zaizkion zenbatekoak proportzioan murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.
10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira eskatzaileak helburu bererako lortzen duen beste edozeinekin, administrazio publikoek edo erakunde publiko zein pribatuek emanda ere, baldin eta laguntza metatu guztien zenbatekoak gainditzen ez badu laguntza jasoko duen jardueraren kostua. Gaindituz gero, gaindikina bateraezina dela deklaratuko da, eta neurri berean txikiagotuko da agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa.
11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, hautaketa-batzorde bat eratuko da; hona hemen kideak:
a) Batzordeburua: Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuaren arduraduna.
b) Kideak:
Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde-burutzen arduradunak edo haiek izendatutako ordezkariak.
Berritzegune Nagusiko Aniztasuna eta Elkarbizitza arloko bi aholkulari, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuak.
Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatua.
2. artikulua.– Eskabideak hautatzea.
Proiektuak aukeratzeko orduan, I. eranskineko eskabide-baloraziorako baremoa hartuko da kontuan. Ukatu egingo dira GAI balorazioa lortzen ez duten proiektuak (gutxieneko puntuazioa: 100 puntutik 60).
Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak eskualdeko Berritzeguneari eskatu ahalko dizkio ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak.
12. artikulua.– Prozedurak kudeatu eta ebaztea.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena, emateko proposatzen dituen diru-laguntzak adieraziz, eta zehaztuz erakunde onuradunen identitatea, emango diren zenbatekoak, eta ukatzeko proposatzen dituenak, kasu horretan adierazi beharko dira eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko izan diren motiboak.
2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpena emango du, non zehaztuko baitira emandako diru-laguntzak, adieraziz erakunde onuradunen identitatea eta emandako zenbatekoak, bai eta ukatutako diru-laguntzak ere; kasu horretan adierazi beharko dira eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko izan dituzten arrazoiak:
A: Ikastetxeak ez betetzea atzerritar ikasleen arloan eskatu zaion ehunekoa.
B: Ikastetxeak ez betetzea ikasle bekadunen arloan eskatu zaion ehunekoa.
C: Proiektuak ez lortzea gaia izateko eskatzen den gutxieneko puntuazioa.
3.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu) argitaratuko da ebazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
4.– Aipatutako epea bukatu ondoren, aurreko paragrafoan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek beren eskabidea atzera bota dela interpretatu ahal izango dute, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.
5.– Deialdiko diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena bera jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurria ere hartu beharko dute, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Ikastetxean garatzen diren programei dagokienez, eskatzen zaien informazioa ematea Hezkuntzako Ikuskatzailetzari.
d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea, beren eginkizunetan dihardutela eskatzen dutena, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruzkoa.
e) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza hau eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu izana ere.
f) 2018ko otsailaren 28a baino lehenago aurkeztea, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean, gehienez ere bost orrialde izango dituen memoria bat, programa 2018ko urtarrilaren 31n nola dagoen adieraziko duena, 3.1 artikuluaren d), e), f) eta g) atalak azpimarratuko dituela.
2.– Erregistraturik egon ezean edo dauden datuak aldatu nahi izanez gero, erakunde interesdunak izapide hori bide elektronikotik egin ahal izango du helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:
a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 60koa, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 13.1.a) artikuluan aipatzen den epea amaituta gero, baldin eta tartean uko egiterik izan ez bada.
b) Bigarrena, gainerako % 40arena, 2018ko otsailaren 28koa, 13.1.f) artikuluan aipatutako memoria epe barruan jaso ondoren.
2.– 2018ko irailaren 15a baino lehen diruz lagundutako ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean:
a) Gauzatutako berariazko laguntza-programaren deskripzio-memoria, inprimaki normalizatuaren arabera egindakoa: Justifikazio-memoria (II. eranskina), non zehazten baitira, besteak beste, zuzendu den maila edo mailak, lortutako emaitzak, programaren balorazio orokorra eta programaren kostu ekonomiko banakatua (hala badagokio, III. eranskineko irakasle-kostuak jasoko dituena).
b) Egindako berariazko laguntza-programan jasotako langile-gastuen ziurtagiria, inprimaki normalizatuaren arabera egindakoa: irakasle-kostuen ziurtagiria (III. eranskina), non ageriko baitira eraginpeko irakasleen kostu banakatuak. Irakaskuntza-jarduera hori gauzatuz gero baino ez da aurkeztu behar inprimaki hori.
c) Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat–, zer egoera laboraletan dauden egiaztatzearren. Irakaskuntza-jarduera hori gauzatuz gero baino ez dira aurkeztu behar agiri horiek.
d) Izandako beste gastu batzuen frogagiriak, baldin eta gastu horiek berariazko programaren parte badira. Gastu horiek eginez gero baino ez dira aurkeztu behar agiri horiek.
e) Eskola Kontseiluaren onespenaren ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.
Artikulu honetako aipatzen diren eredu normalizatuak egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/aniztasuna-berezi/y22-izapide/eu/
3.– Jasotzeko den diru-zenbatekoak ezin du inola ere gainditu ikastetxeak justifikatutako zenbatekoa. 14.2.a) artikuluaren programaren deskripzio-memorian justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada hasieran onartu eta ordaindutako zenbatekoa baino, justifikatutako zenbatekoak ezarriko du diru-laguntzaren muga. Horrek ebazpena aldatzea ekarriko du, ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekora egokitu arte aldatu ere, eta hurrengo artikuluan jasotzen den itzultze-prozedura eragingo du.
15. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.
1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli egin beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):
– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat badago.
– Diru-laguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.
– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.
– Diru-laguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.
– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, diru-laguntza eman duen ebazpena aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 2a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
LAGUNTZEKO ESKABIDEAK - BERARIAZKO PROGRAMAK BALORATZEKO BAREMOA
1.– Proiektua testuinguruan jartzea eta justifikatzea: 40 puntu, gehienez ere.
1.1.– Ikastetxeak honako arlo hauetako jarduerak, programak, proiektuak, prestakuntza eta abar sustatzen egin duen bidea: ikasle etorkinak hartzeko plana, iritsi berri diren ikasleentzako hizkuntza-indartzea, kultura-artekotasuna, aniztasun handiko egoerei erantzuteko irakaskuntza-estrategiak..., (5 puntu, gehienez ere).
1.2.– Lan-egitasmoak diagnostikoan atzemandako beharrekin duen lotura (5 puntu, gehienez ere).
1.3.– Lortu nahi diren helburuen argitasuna eta zehaztasuna (10 puntu, gehienez ere).
1.4.– Prestakuntza-jarduerek eta ikasleekiko eskuhartze-jarduerek duten zehaztasuna (15 puntu, gehienez ere).
1.5.– Genero-ikuspegiaren txertaketa (5 puntu, gehienez ere).
2.– Proiektuaren bideragarritasuna, aplikagarritasuna eta kudeaketa: 20 puntu, gehienez ere
2.1.– Jardueren plangintza eta tenporalizazioa (5 puntu, gehienez ere).
2.2.– Koordinazio-egiturak ezartzea eta ardurak banatzea (5 puntu, gehienez ere).
2.3.– Erabili nahi diren materialak eta baliabideak antolatu eta zehaztea (5 puntu, gehienez ere).
2.4.– Material didaktikoa, zientifikoa edo teknologikoa sortzea (5 puntu, gehienez ere).
3.– Emaitzak ebaluatzeko plana: 20 puntu, gehienez ere.
3.1.– Proiektuan markatutako helburuen lorpena adierazten duten ebaluazio-irizpideak zehaztea (10 puntu, gehienez ere).
3.2.– Ebaluazio-tresnak eta ebaluazio-aldiak ezartzea (10 puntu, gehienez ere).
4.– Aurrekontua justifikatzea: 10 puntu, gehienez ere.
4.1.– Eskatutako aurrekontua koherentea izatea lan-egitasmoarekin eta ikastetxearen baliabideekin (5 puntu, gehienez ere).
4.2.– Eskatutako zuzkiduraren banakapen esplikatiboa (5 puntu, gehienez ere).
5.– Proiektuaren eragina: 10 puntu, gehienez ere.
5.1.– Proiektuan parte hartuko duten irakasleen eta taldeen kopurua (5 puntu, gehienez ere).
5.2.– Proiektua zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzeko neurriak (5 puntu, gehienez ere).
Proiektua gaitzat jotzeko, 60 puntu behar dira.