EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017222

EEBAZPENA, 2017ko azaroaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Sestaoko Udalak (Bizkaia) Txikito Bidea eremuan sustatutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Xedapenaren data: 2017-11-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201705603
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/10/17an argitaratutako 2016/09/26ko EBAZPENA [201604363]

AURREKARIAK
2017ko maiatzaren 25ean, Sestaoko Udalak Txikito Bidea eremuan sustatu duen Sestaoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskatu zion ingurumen-organoari, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Ingurumen-agiri horrek, aldiz, ez zituen behar bezala identifikatzen egileak, eta, hortaz, ez du betetzen abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluak ezarritakoa. Hori dela eta, ekainaren 14an Sestaoko Udalari informazio hori emateko eskatu zitzaion.
Prozedura arindu eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko asmoz, 2017ko ekainaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien eskaera: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Ura Uraren Euskal Agentzia, IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa eta Bizkaiko Ekologistak Martxan.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.
2017ko ekainaren 22an, Sestaoko Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen, egindako eskaera osatzeko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Uraren Euskal Agentziaren eta Ihoberen txostenak jaso dira, espedientean bertan islatutako emaitzarekin. Hartara, araudian jasotzen denez eta aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzeko helburua izanik.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Sestaoko Udalak Txikito Bidea eremuan sustatutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketak (aurrerantzean plana), ez du ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin die eragin Natura 2000 Sareko guneei, ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere. Ondorioz, plana ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean; izan ere, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan dago plana; hor ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, planean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde eginez eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasoz, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sestaoko Udalak Txikito Bidea eremuan sustatutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehaztutako baldintzetan:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua 2010ean behin betiko onartutako Sestaoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren lehen aldaketan jasotako Txikito Bidea eremuaren egiturazko antolamendua aldatzea da; zehazki, uneotan izapidetzen ari den hiri-antolamendurako plan berezi xehatuaren geroagoko onarpena baimentzea da asmoa.
Egiturazko antolamenduaren zehaztapenetako berezko parametro jakinen aldaketarekin, kalitatezko hiri deseinu bat lortu nahi da, aparkalekuak mugatuta, bizitegi-erabilera ezberdinak baimenduta, puntu beltzak ezabatuta eta hurbiltasunezko merkataritza sustatuta. Tokiko sistemen dimentsionatze-irizpideak eta eraikuntzen arteko gutxieneko tarteei buruzkoak ere aldatuko dira.
Horrez gain, indarrean den plangintzaren aldean, azalera berdea eta zuhaiztiak areagotuko dira, oinezkoei lehentasuna emango zaie ibilgailuen aurrean eta metro-sarreraren ondoko kaleko aparkalekuak kenduko dira trafikoak sortutako kalteak murrizten laguntzeko. Bestalde, lurzoruaren kalitatea hiri-antolamendurako plan xehatuan ezarritako erabilerak kontuan izanik erremediatu eta egokitzea ahalbidetuko da.
Txikito Bidea eremua San Diego, La Iberia eta Chavarri Rivas kaleetako eraikinen atzealdeen eta Zumalakarregi kalearen arteko gunea da eta 13.661,17 metro koadroko azalera du. Gunea erabat utzita dago, erabilera desberdin eta desordenatuak hartzen ditu eta kalitate baxuko hirigintza-uharte bat da. Lursailak desnibel handia du eta behealdean ortuak, aparkaleku gisa erabiltzen diren zelaiguneak, zolarriak eta eraikin zaharren hondakinak daude.
Behealdeko lursailok irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren arabera inbentariatuta daude –lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioak nola egin arautzen du dekretu horrek–.
Lursailok ingurumen-arlotik begiratuta inolako elementu garrantzitsurik ez duen ingurune guztiz urbanizatu batean izanik, ez da planaren ondoriozko ingurumen-eragin kaltegarri nabarmenik aurreikusten. Potentzialki kutsatuta izateko arriskua duten eremuko lurzoruen kalitatea aztertuko da eta, beharrezkoa baldin bada, erremediatze-neurriak ezarriko dira. Bestalde, indusketa-lanen ondoriozko produktuak behar bezala kudeatu beharko dira, betiere egindako kalitate-azterketaren emaitzak kontuan izanik.
Planaren zehaztapenek ahalbidetutako hirigintza-antolamenduaren gauzatzearekin, eremuaren ingurumen-hobekuntza ahalbidetzen da, batik bat zona berdeak eta zuhaiztiak areagotuta eta trafikoa murriztuta.
B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: planak hiri-lurzoru eremu baten egiturazko antolamendua arinki aldatzen du, baimendutako erabilerak zertxobait aldatuz baina hirigintza-eraikigarritasunaren zenbateko totala aldatu gabe. Gainera, proposatutako aldaketak ez du aurreikusten kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduarekin lotutako baldintzarik etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako bateko proiektuak baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen planak beste plan edo programa batzuetan: planak lurralde-plan eta plan sektorial ezberdinetan izan ditzakeen balizko eraginak aztertuta, berauekin bateragarria dela zehaztu da.
c) Plana edo programa egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: plana onartuta, eremuaren hirigintza-kalitatea hobetzeaz gain, zona berdeak areagotzen dira eta lehentasuna ematen zaie bai oinezkoentzako guneei bai saltoki txikiei, bide batez jasangarritasuna sustatuta.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ez da hauteman plana onartzearen ondoriozko arazo adierazgarririk, betiere, aztertzen ari garen eremuan egin beharreko esku-hartze eta jarduerak, besteak beste, segurtasun, osasun eta ingurumen-arloetan indarrean dagoen araudia zein ingurumen-dokumentu estrategikoak jasotako neurriak jarraituz egiten badira.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legeria txertatzeko.
2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk ez ingurumen-balio altuko lekurik. Horrenbestez, ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriak aplikatzearekin ingurumen-eragin kaltegarri garrantzitsurik ez dela izango aurreikusten da. Bestalde, planaren ondoriozko jarduketek kontuan izan beharko dute eremuan dauden ondare historiko-arkitektonikoko elementuen gaineko balizko eragina.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, Sestaoko Udalak Txikito Bidea eremuan sustatutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketak eragindako ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik ez dela aurreikusten adieraztea.
Hirugarrena.– Sestaoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.