EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017222

EBAZPENA, 2017ko urriaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Zamudioko Udalak sustatutako Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren-Komunitate Ekipamenduko Sistema Orokorraren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Xedapenaren data: 2017-10-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201705602
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko uztailaren 6an, Zamudioko Udalak Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren-Komunitate Ekipamenduko Sistema Orokorraren (aurrerantzean plan berezia) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko eskatu zion ingurumen-organoari, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerari plan bereziaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko uztailaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari egin zitzaien eskaera.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Zamudioko Udalaren Hiri Berrikuntzako Plan Berezia-Komunitate Ekipamenduko Sistema Orokorra (aurrerantzean plan berezia), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitarte arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta plan bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plan aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zamudioko Udalaren Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren-Komunitate Ekipamenduko Sistema Orokorraren (aurrerantzean plan berezia) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehaztutako baldintzetan:
A) Plan bereziaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan bereziaren aplikazioak esleitutako azpi-erabilera zehatz-mehatz antolatzea du xede, betiere ekipamenduekin lotutako erabilera globalaren barnean; Eusko Jaurlaritzak eskola zaharraren instalazioen desafektazioa onartu eta gero, orain asmoa ekipamenduari erabilera soziokulturala ematea da egungo irakaskuntzako erabileraren ordez.
Era berean, eremuaren garapenean jarraitu beharreko irizpideak zehaztu nahi dira, bolumena, lerrokadurak eta sestrak berrantolatu, eta eraikuntzei eman nahi zaien erabilera berriak esleitu. Horrenbestez, eskola zaharraren egungo patioaren azpialdea aparkaleku publiko gisa erabiltzea baimenduko da, eta, estalitako gunea erabilera publikoko aire zabaleko gune bezala. Era berean, ibilgailuek zuzenean herrigunera igarotzeko aukera izan dezaten, Aresti kaleko bidea luzatzea aurreikusten da. Antolamendu berriaren barruan, eremuan egun dagoen eraikinetako bat antolamendutik kanpo uztea eta derrigorrean eraitsi beharrekotzat jotzea erabaki da.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Plan bereziaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Plan bereziak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Plan bereziak aurretik ezarritako antolamendu xehatua aldatzen du, eta horrek ekimenarekin lotuta beste urbanizazio-proiektu bat egitea eskatuko du.
b) Zenbaterainoko eragina duen plan bereziak beste plan edo programa batzuetan. Plan berezia ezarritako antolamendu xehatuaren hirigintza-parametro batzuk aldatzera mugatzen da soilik; beraz, esan daiteke ez duela eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plan berezia egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Plan bereziak proposatutako zehaztapenen onarpenak udalerriko bide-azpiegitura hobetuko du eta herriguneko zuzkidura-espazioak areagotuko ditu, herri-eredu konpaktuagoa ahalbidetuz.
Era berean, organo sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentazioan eraikinen diseinuan «Guía de Edificación Sostenible para la vivienda en la CAPV» gidaliburuan ezarritako energia-efizientziako neurriak jarraitzea proposatzen da.
Hori dela eta, plan bereziaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.
d) Ez da hauteman plan berezia onartzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, aztertzen ari garen eremuan egin beharreko esku-hartze eta jarduerak, besteak beste, segurtasunaren, osasunaren, ingurumenaren, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta kultur ondarearen zaintzan indarrean dauden araudiak jarraituz egiten badira.
e) Era berean, plan berezia egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo kalteberarik.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta plan berezian berean jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.
– Lur eta soberakinen kudeaketa: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak zein garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuen ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Zamudioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, ekainaren 25eko 1/2015 Legearen (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) 10.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia aurrezpena eta efizientzia zein energia berriztagarriak sustatzeko.
Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo kontsumoa murriztea.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
• Barne kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesu gutxiago egitea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren-Komunitate Ekipamenduko Sistema Orokorraren aldaketa puntualak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik ez duela aurreikusten adieraztea, eta, horrenbestez, ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.
Hirugarrena.– Zamudioko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 30a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.