EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2017220

120/2017 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena; honen bitartez, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruz Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia argitara dadila xedatzen da.

Xedapenaren zenbakia: 201700120
Xedapenaren data: 2017-11-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201705529
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/03/12an argitaratutako 2015/03/10reko 201500015 EBAZPENA
  • Ikus 2016/03/18an argitaratutako 2016/03/15eko 201600014 EBAZPENA
  • Ikus 2017/06/09an argitaratutako 2017/06/06ko 201700065 EBAZPENA
  • Ikus 2017/11/07an argitaratutako 2017/11/02ko 201700003 LEGEA

Gobernu Kontseiluak, 2017ko azaroaren 14an egindako bilkuran, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruzko erabakia hartu du; beraz, beharrezko zabalkundea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruzko erabakiaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 14KO 120/2017 EBAZPENARENA
Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 14ko Ebazpena, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruzkoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriak dioenez, ohiz kanpoko ordainsari bat ordainduko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateetako langileei, 2012ko abenduan aparteko ordainsaria kendu zenean jaso ez zituzten zenbatekoen truke; horren zenbatekoa aparteko ordainsari haren sortzapen aldiko 48 eguni dagokion parte proportzionala izango da.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duen azaroaren 2ko 3/2017 Legean artikulu bakar bat onartu da, zeinaren bidez, hamabigarren xedapen gehigarrian, 1. zenbakiaren azken tartekia ezabatu baita; hona nola gelditzen den idatzita xedapen hori:
«1.– Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegorako 2017ko Aurrekontu Orokorren kontura eta aplikagarria den araudiarekin bat, kopuru hauek ordainduko dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen zerbitzuko langileei ohiz kanpoko ordainsari gisa: Aurrekontu Egonkortasuna eta Lehiakortasuna Bultzatzeko Neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren aplikazioaren ondorioz kendu zirenean 2012ko abenduari zegozkien aparteko ordainsaria, berariazko osagarriaren ordainsari gehigarria edo ordainsari gehigarriak, benetan jaso ez zituzten zenbatekoetatik oraindik errekuperatu gabe dituztenak.
2.– Horretarako, Gobernu Kontseiluak zehaztuko du, Gobernantza Publiko eta Autogobernu, eta Ogasun eta Ekonomia sailek proposatuta, zein zehaztapen, baldintza eta epetan ordainduko zaizkien ordainsari hori, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera, haiek jasotzeko eskubidea zuten langileei; ordainketa horrek, baina, ez du eragingo 2017ko ekitaldirako ezarritako ordainsariak handitzea.»
Gobernu Kontseiluaren erabaki honetan, xedapen gehigarri horretan ezarritakoarekin bat etorriz, aparteko ordainsari hori ordaintzea onartu dugu, jaso gabeko zenbatekoen berreskuratzea erabiliz kontzeptu modura, eta erabaki honetan bertan zehazturik dauden aplikazio-arauen eta epeen arabera.
Hortaz, erabaki honetan ezarritakoaren ondorioz ordaindu beharreko zenbatekoak onar daitezen, ezinbestekoa izango da zenbateko horiek benetan jaso gabe edukitzea 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarriak kentzeko legearen aplikazioaren ondorioz.
Zenbateko horiek lehendik ordaindutako zenbatekoei gehituko zaizkie; honako hauei, hain zuzen ere:
– Lehenengo ordainketa (2015eko apirileko nomina): Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 10eko bilkuran onartutakoa; 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren sortzapen aldiko 44 eguni dagokion parte proportzionala ordaindu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 5/2014 Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
– Bigarren ordainketa (2016ko apirileko nomina): Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 15eko bilkuran onartutakoa; 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren sortzapen aldiko 48 eguni dagokion parte proportzionala ordaindu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 9/2015 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
– Hirugarren ordainketa (2017ko ekaineko nomina): Gobernu Kontseiluak 2017ko ekainaren 6ko bilkuran onartutakoa; 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren sortzapen aldiko 48 eguni dagokion parte proportzionala ordaindu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen apirilaren 11ko 2/2017 Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
Era berean, Gobernu Kontseiluak, 2017ko maiatzaren 16an egindako bilkuran, erabaki zuen 2012ko abenduko aparteko ordainsaritik jaso gabe gelditutako zenbatekoa ordain dadin onartzea, abenduaren 30ari eta 31ri dagokiena izan ezik.
Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta gaia eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarria berreskuratzeko zenbatekoen ordainketa onartzea.
Aurrekontu Egonkortasuna eta Lehiakortasuna Bultzatzeko Neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua aplikatuz 2012ko aparteko ordainsaria kendu izanaren ondorioz benetan jaso gabe geratu ziren zenbatekoetatik oraindik jaso gabe dauden zenbateko guztiak 2017ko azaroko nominan ordain daitezen onartzea. Kontzeptu hau erabiliz egingo da ordainketa hori: «2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzea».
Erabaki honetako I. eranskinean jasota dauden jarraibideetan jartzen duen bezala kalkulatuko dira kontzeptu horretan ordaindu beharreko zenbatekoak.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua.
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoa osatzen duten erakundeetako langileei aplikatuko zaie erabaki honetan ezarritakoa, baldin eta 2012ko uztailaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean lanean jardun bazuten, eta 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta berariazko osagarriaren ordainsari gehigarria edo ordainsari gehigarriak ezabatu izana aplikatu bazitzaien, Aurrekontu Egonkortasuna eta Lehiakortasuna Bultzatzeko Neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua betez aplikatu ere.
Eta beste hauei ere bai: Jaurlaritzako kideei, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko goi-kargudunei, behin-behineko langileei, eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta partzuergoetako zuzendaritza-langileei, salbu eta 2012ko abenduko aparteko ordainsariari zegozkion kopuruak hil hartako bertako nominan jaso bazituzten.
Hirugarrena.– «2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzea» kontzeptuari dagokiona ordaintzeko eskatzeko eredua eta jarraibideak onartzea (eranskinetan jaso dira).
Zenbateko horiek zehazteko eta mugak ezartzeko jarraibideak onartzea (I. eranskina), eta onartzea, era berean, ordainketa eskatzeko eredua –«2012ko abenduko aparteko ordainsaria eta ordainsari gehigarria berreskuratzeko eskabidea»– (II. eranskina).
Laugarrena.– Argitaratzea eta ondorioak.
Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
ERABAKIAREN I. ERANSKINA
2012KO ABENDUKO APARTEKO ORDAINSARIAREN ZENBATEKOAK ZEHAZTEKO ETA MUGAK ZEDARRITZEKO JARRAIBIDEAK
Lehenengoa.– Aplikazio-arauak.
1.– Erabaki honen aplikazio-eremuan dauden eta 2012ko uztailaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitartean lanean jardun zuten langileek 2012ko abenduko aparteko ordainsaritik, berariazko osagarriaren ordainsari gehigarritik eta ordainsari gehigarrietatik oraindik jaso gabe dauzkaten zenbateko guztiei dagokien kopurua jasoko dute, kolektibo bakoitzean kolektibo bakoitzari aplikatu beharreko arauen arabera.
Jarraibide hauetan, aurrerantzean, modu laburtuan egingo zaio erreferentzia ordainsari horri: 2012ko abenduko aparteko ordainsaria.
2.– Ordainsarien araubidearen arabera aparteko ordainsaririk ez daukaten langileei edo urtean bi ordainsari baino gehiago jasotzeko eskubidea daukaten langileei zenbateko hau ordainduko zaie: uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua aplikatzearen ondorioz jaso ez zituzten zenbatekoetatik oraindik berreskuratu gabeko zenbatekoei dagokien kopurua.
3.– Zenbateko horiek ez dira ordainduko, ordea, baldin eta langileak beste edozein ordainsari baliokide jaso bazuen, edo 2012ko aparteko ordainsaria zehazteko arauek agindu bezala sortutako beste edozein lansari jaso bazuen, epaiak betetzearren edo beste edozein gorabehera bitarteko dela jasotakoak barne direla.
4.– Era berean, jaso beharreko zenbateko hauek murriztu egingo dira, baldin eta kontzeptu hori dela-eta zenbatekoren bat jaso baldin bada; hain zuzen ere, jaso beharrekotik jasotako zenbateko hori deskontatuko da.
5.– Erabaki hau aplikatuz egiten den kitapenean ezin da gainditu, inola ere, aparteko ordainsari hori kendu izanaren ondorioz jaso ez ziren zenbatekoei dagokien zatia.
Bigarrena.– Kasu bereziak.
1.– Erabaki honen aplikazio-eremuaren barruan dagoen langileari, 2017ko azaroaren 7an ez badago jardunean edo antzeko egoeran, edo edozein arrazoirengatik lan-harremana amaituta badauka, edo erabaki honen aplikazio-eremuaren barruan dagoen beste erakunde batera aldatuta badago, edo beste entitate edo administrazio batera badago aldatuta, halakoetan, sortzapen-aldian zein erakundetan ziharduen, hark egingo dio ordainketa, ofizioz. Erakunde horrek, horretarako, berariazko nomina bat sortuko du 2012ko abenduko aparteko ordainsarirako.
2.– Egindako ordainketaren bat itzultzen badu dena delako banketxeak, II. eranskineko banakako eskabidea erabiliz egingo da ordainketa.
Erabaki honetan mintzagai ditugun zenbatekoak ordaintzen saiatu baina ez badu lortzen, ordaindu behar dituen erakundea, orduan, beste zerbait egiten saia daiteke, ordaintzea lortzearren.
3.– Langileak lanean ziharduen organismoa edo erakunde publikoa kenduta baldin badago, akordio hau indarrean jartzen denean lanean diharduen erakundean nominez arduratzen den organoaren bidez ordainduko zaizkio zenbateko horiek.
Hirugarrena.– Deskontuak.
1.– 2017rako erabakita dauden hileroko kuotak besterik ez dira deskontatuko eskubide pasiboetarako hileko kuotetatik.
2.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako atxikipenetarako eta Gizarte Segurantzako erregimen orokorrerako atxikipenetarako, berriz, aplikatu beharreko arauak hartuko dira kontuan.
Laugarrena.– Eskabide-eredua.
II. eranskinean dago jasota «2012ko abenduko aparteko ordainsariaren eta ordainsari gehigarriaren zenbatekoak berreskuratzea» kontzeptuari dagokion zenbatekoa ordaintzeko eskatzeko eredua. Nork aurkeztu behar duen:
a) 2017ko azaroaren 1a baino lehen hildako langileen jaraunsleek, baldin eta ez bazuten dokumentazio hori aurkeztu 2012ko abenduko aparteko ordainsaria berreskuratzeari buruz Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 10eko, 2016ko martxoaren 15eko edo 2017ko ekainaren 6ko bilkuretan hartutako erabakiekin bat etorrita.
b) 2012ko abenduko aparteko ordainsariari dagokion zenbatekoa 2017ko abenduaren 31n ofizioz banku-kontuan ordaindu gabe daukaten langileek, jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat etorriz.