EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2017218

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 2koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilbao-Donostia lineako Usansolo-Lemoa tartean trenbide-pasaguneak kentzeko eta bidea ixteko eraikuntza-proiektua. Lasarmintegiko trenbide-pasagunea» izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartu eta titularrei ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldirako deia egiten diena.

Xedapenaren data: 2017-11-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201705455
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/08/04an argitaratutako 2017/07/18ko EBAZPENA [201703948]

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2017ko martxoaren 20ko Ebazpenaren bitartez, «Bilbao-Donostia lineako Usansolo-Lemoa tartean trenbide-pasaguneak kentzeko eta bidea ixteko eraikuntza-proiektua. Lasarmintegiko trenbide-pasagunea» izeneko proiektua onartu da.
«Bilbao-Donostia lineako Usansolo-Lemoa tartean trenbide-pasaguneak kentzeko eta bidea ixteko eraikuntza-proiektua. Lasarmintegiko trenbide-pasagunea» izeneko proiektuak trenbide-pasagunea kentzeko beharrezkoak diren obren definizio teknikoa eta balorazio ekonomikoa ditu helburu.
Proiektu horretan garatzen diren jarduketak Lasarmintegiko trenbide-pasagunea kentzera bideratuta daude. Laburbilduta, honako hauek dira: bide berri bat eraikitzea, itxitura bat jartzea trenbide-pasagunean, eta trenbide-pasaguneko seinaleak kentzea.
Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, proiektuan ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda xehatua eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak datoz.
2017ko uztailaren 18ko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrera ateratzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta honako hauetan argitaratu zen: 2017ko abuztuaren 4an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (148. zk.) eta «Deia» eta «El Correo» egunkarietan; 2017ko abuztuaren 7an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (149. zk.); era berean, Galdakaoko Udaleko iragarki-oholean jarri zen.
Izapide horretan, argitaratutako ondasun eta eskubideen zerrenda dela-eta, alegazio bat aurkeztu da. Alegazioa aztertu ondoren, banan-banako erantzuna eman da.
Organo honek Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegituretako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko eskumena dauka, betiere Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari buruzko eta horren egitura organiko eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 174/2017 Dekretuaren 22.1 c) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak ezartzen duenez, trenbideak jarri edo lineak zabaltzeko proiektuak ofizialki onartzeak berekin ekarriko du proiektuaren eraginpeko eta identifikaturiko ondasunak okupatzea onura publikokotzat eta lehenbailehen egin beharrekotzat jotzea; eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru-kopurua ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da; eta, bidezkoa bada, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.
Beraz, aurrekariak, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– « Bilbao-Donostia lineako Usansolo-Lemoa tartean trenbide-pasaguneak kentzeko eta bidea ixteko eraikuntza-proiektua. Lasarmintegiko trenbide-pasagunea» izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta lehenbailehen okupatu beharrekotzat jotzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioekin.
Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, bertan adierazitako egunean eta orduan Galdakaoko Udalera ager daitezen ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.
Ekintza horretara interesdunek berek edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkariek joan beharko dute, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiri-paperak (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri-paper aurkeztu beharko dituzte. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako hutsak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (Lakua I).
Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraio Azpiegituren zuzendariari edo Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondorengo egunetik aurrera kontatzen hasi eta hilabeteko epean.
Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 2a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.