EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2017216

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 629/2014 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2017-10-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201705410
Maila: Ediktua
Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.
Judizioa: seme-alabentzako neurrietarako 629/2014 auzia.
Demandatzailea: Dixia Edith Molina Bustillo.
Abokatua: Elena Arocena del Campo.
Prokuradorea: Juan Guillermo Gonzalez Belmonte.
Demandatua: Victor Leonel Oseguera Reyes.
Gaia: guraso eta seme-alaben arteko harremanak arautzea.
Judizio horretan, epaia eman zen 2017ko urriaren 10ean, eta hau da haren epaitza:
XEDAPENAK
Partez baiesten dut González Belmonte auzitegietako prokuradoreak Dixia Edith Molina Bustillo-ren izenean eta haren ordez aurkeztutako demanda, Victor Leonel Oseguera Reyes-en aurkakoa. Horrenbestez, honako neurri hauek hartzen ditut XXXXX alaba adingabeari dagokionez:
1.– Guraso-ahala. Bi gurasoek izango dute adingabearen guraso-ahala; nolanahi ere, aita absente dagoen bitartean, amak egikarituko du modu esklusiboan.
Amak, guraso-ahala esklusiboki egikaritzen duenean, aukera izango du adingabeari buruzko erabaki garrantzizkoak hartzeko, aitari adostasuna eskatu beharrik izan gabe. Guraso-ahalaren esparruan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea eta adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan izan ezik.
b) Ikastetxea aukeratzea eta, hala behar denean, ikastetxea aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak (bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak).
e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
2.– Zaintza eta jagoletza esleitzea. Alaba adingabearen zaintza eta jagoletza Dixia Edith Molina Bustillo amari esleitzen zaizkio.
3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da ezartzen aitaren eta alabaren arteko bisita-araubiderik. Aitak alabarekin harremanak berriro hasteko nahia adierazten badu, gurasoen artean adostu beharko dute hori, eta, desadostasunik bada, neurri hau aldatzeko eskatu ahal izango da, horretarako dagoen legezko prozeduraren bidez.
4.– Mantenu-pentsioa. Aitak XXXXX alaba adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean 180 eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; indizea abendutik abendura zenbatuko da, eta lehen eguneratzea 2018ko urtarrilaren batean gauzatuko da.
5.– Ezohiko gastuak. Gurasoek erdibana ordainduko dituzte alabaren ezohiko gastuak, ados baldin badaude eta gastuak agiri bidez egiaztatuta geratzen badira. Bi gurasoen adostasunez erabakiko da halako gastuak egitea, edo, ados ez badaude, epaile batek baimena emanda, eta betiere gastuak egin baino lehen. Kontzeptu horretatik kanpo, zenbait gastu utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira). Beste zenbait gastu, berriz, sartu egingo dira ezohikoen kontzeptuan, eta, katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.
Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo adingabearentzat oso komenigarria bada eta familiaren egoerari egokitzen bazaio. Araubide horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.
Ezohiko gastuak ordaindu beharra amaitu egingo da alaba, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe 150. eta 152. artikuluetan betebeharra amaitzeko adierazten diren kausak.
6.– Ez da hartzen beste inolako neurririk.
Berariaz ez da kosturik ezartzen.
Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Victor Leonel Oseguera Reyes demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (PZLb).
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatuak, zeina auzi-ihesean baitago.
Interesdunak eskuragarri du jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, auzitegi honetako bulego judizialean.
Donostia, 2017ko urriaren 11.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.