EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2017216

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 6koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko beken deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2017-11-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201705407
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/08/11n argitaratutako 2011/07/26ko 201100172 DEKRETUA

Uztailaren 26ko 172/2011 Dekretuak kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzen ditu (2011ko abuztuaren 11ko EHAA, 152. zk.). Martxoaren 18ko 36/2014 Dekretuak aldatu egiten du aurrekoa, beken iraupenari dagokionean, lehengo 24 hilabeteak 12 hilabetean utziz (2014ko martxoaren 24ko EHAA, 57. zk.).
172/2011 Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak deitzea 2017. urteko ekitaldirako; beka horiek Lehendakaritzako Diru-laguntzei buruzko 2017rako Plan Orokorrean jasota daude, zeina Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2017ko martxoaren 6ko Ebazpenaren bitartez onartuta baitago.
Ondorioz, honako hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Ebazpen honen helburua da kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko eta prestatzeko beken deialdia egitea 2017. urteko ekitaldirako.
2. artikulua.– Deitutako bekak.
1.– 12 hilabeteko iraupena duten lau beken deialdia egiten da.
2.– Bekadunek beraien eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren honako bulego hauetan burutuko dituzte:
– Bik, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.
– Batek, Euskadiren Argentinako Ordezkaritzan (Mercosur).
– Batek, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzan.
3. artikulua.– Dotazioa.
1.– Vitoria-Gasteizen burutu beharreko beka bakoitzak 16.000 euroko dotazioa izango du; eta Euskadiren Argentinako Ordezkaritzan (Mercosur) eta Estatu Batuetako Ordezkaritzan burutu beharreko beka bakoitzak, 24.000 eurokoa.
2.– Zenbateko horrek dagokion atxikipen fiskala izango du.
Lau beka horiek osotara 80.000 euroko ordainsaria dute.
4. artikulua.– Ordainketa.
1.– Beka zatika ordainduko da; honela, hain zuzen:
Lehenengo ordainketa beka onartu ondoren egingo da eta esleitutako diru-laguntzaren % 50ekoa izango da. Bekadunek hasierako txostenak aurkeztu beharko dituzte aurretik.
Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren % 40koa, bekaldia hasi eta sei hilabete igarotakoan egingo da, bekadunek zatikako txostenak aurkeztu ondoren.
Hirugarren ordainketa, geratzen den % 10ekoa, beka bukatzen denean egingo da, bekadunek amaiera txostenak aurkeztu ondoren. Bekadunaren aprobetxamenduaren aldeko txostena egin beharko du aurretik Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak.
2.– Ordezkoei ordainduko zaien diru-zenbatekoa uko egin duen bekadunak erabili ez duen bekaldiaren araberakoa izango da. Ordainketa egiteko, 1.1 artikuluan aurreikusitako ordainketa zatikatuak eta ehunekoak erabiliko dira.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia, modua eta epea.
1.– Interesa dutenek, uztailaren 26ko 172/2011 Dekretuan eskatutakoak betetzen badituzte, aukeraketa prozeduran parte hartzeko eskabideak aurkezteko aukera izango dute. Eranskinean jaso da horretarako inprimaki eredua.
2.– Tramitazioa egiteko zehaztasunak (bai aurrez aurreko kanalaren bitartez, bai elektronikoki, baita eskaeraren eredua ere) eskura daude ondorengo egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus
3.– Eskainitako kanal bat erabiltzeak, aurrez aurrekoa ala elektronikoa, eskaera edo dokumentazio ekarpenaren izapideak egiten direnean, ez du behartzen prozeduraren hurrengo izapideetan kanal bere erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke. Eskaeraren ondoko izapideak, kanal elektronikokoak, ondorengoaren bitartez egingo dira: www.euskadi.eus
4.– Eskaeren aurkezpen aurrez aurrekoa aukeratzekotan, pertsonek eranskinean agertzen den inprimaki eredua beteko dute. Inprimakia Eusko Jaurlaritzaren webgunean aurki daiteke: www.euskadi.eus/euskaldunak
Eskabideak helbide honetara zuzendu beharko dira:
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza.
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia.
Lehendakaritza – Eusko Jaurlaritza.
Nafarroa kalea, 2.
01007 Vitoria-Gasteiz.
Eskabideak honako toki hauetan aurkez daitezke: aurreko paragrafoan adierazitako helbidean, Euskadiren kanpoko ordezkaritzetan, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Laguntzeko bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurrez ikusitako moduan.
5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
1.– Uztailaren 26ko 172/2011 Dekretuaren 5.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, aurkeztu den dokumentazioa osorik ez badago Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak eskatzaileari dokumentazio osagarria hamar eguneko epean bidaltzeko eskatuko dio.
2.– Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu epe horretan -jakinarazi zaion egunaren biharamunetik kontatzen hasita-, eskaera bertan behera utzi duela pentsatuko da; aldez aurretik horretarako ebazpena eman beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraituz.
7. artikulua.– Onartutako eta baztertutakoen zerrenda argitaratzea.
1.– Uztailaren 26ko 172/2011 Dekretuaren 5.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda www.euskadi.eus/euskaldunak web gunean argitaratuko da. Baztertutako pertsonek hamar egun izango dituzte erreklamazioak aurkezteko.
2.– Epe horretan erreklamaziorik aurkezten ez bada, zerrenda behin betikotzat joko da.
3.– Erreklamaziorik aurkeztu bada, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak ebatzi beharko ditu horiek. Aurkeztutako erreklamazioen ondorioz zerrenda hori aldatzea ebazten bada, www.euskadi.eus/euskaldunak web gunean argitaratuko da behin betiko zerrenda.
8. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
Uztailaren 26ko 172/2011 Dekretuaren 6. artikuluan izendatutako Hautaketa Batzordea honako kide hauek osatuko dute:
Gorka Álvarez Aranburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeburua.
Andoni Martín Arce jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari atxikitako goi teknikaria.
Benan Oregi Iñurrieta jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari atxikitako goi teknikaria.
M.ª Isabel Etxabarria Pérez andrea, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari atxikitakoa; bera izango da idazkaria, eta hitza bai baina botorik ez du izango.
9. artikulua.– Balorazio irizpideak eta azpi-irizpideak eta horien ponderazioa.
1.– Ibilbide akademikoa gehienez ere 15 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
a) Ikasketa-espedientearengatik gehienez ere 5 puntu emango dira, unibertsitate ikasketen azken hiru urteetako batezbesteko nota kontuan hartuta. Agirien bidez egiaztatu beharko da nota hori. Honela banatuko dira puntuok:
– 1 puntu, batez besteko nota 5etik 5,99ra artean badago.
– 2 puntu, batez besteko nota 6tik 6,99ra artean badago.
– 3 puntu, batez besteko nota 7tik 7,99ra artean badago.
– 4 puntu, batez besteko nota 8tik 8,99ra artean badago.
– 5 puntu, batez besteko nota 9tik 10era artean badago.
b) Diaspora edo emigrazioari buruzko gradu-ondoko ikastaro edota masterrengatik gehienez ere 10 puntu emango dira; honela, hain zuzen:
– 2 puntu, gutxienez 50 orduko iraupena izan duen ikastaro bakoitzeko.
– 5 puntu, gutxienez 100 orduko iraupena izan duen ikastaro bakoitzeko.
2.– Atzerriko hizkuntzak ahoz zein idatziz menderatzea gehienez ere 15 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
a) Ingelesa menderatzeagatik gehienez ere 15 puntu emango dira; honela, hain zuzen:
– 10 puntu esleituko zaizkie B1 mailako ingeles ezaupideak egiaztatzen dituztenei.
– Beste 5 puntu esleituko zaizkie B2 edota goragoko bat egiaztatzen dutenei.
– Unibertsitate ikasketak ingelesez egin dituztenek 15 puntu lortuko dituzte.
Ezagutza horiek egiaztatzeko, agiriak aurkeztu beharko dira edo, bestela, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak horretarako antolatzen duen proba egin beharko da.
b) Atzerriko beste hizkuntza batzuk: 5 puntu esleituko zaizkie B1 mailako edota goragoko ezaupideak egiaztatzen dituztenei.
Ezagutza horiek egiaztatzeko, agiriak aurkeztu beharko dira.
3.– Ibilbide profesionala eta ikerketa lanak gehienez ere 10 punturekin baloratuko dira; honela, hain zuzen:
– 2 puntu, diaspora eta emigrazioari buruzko gaietan lanean emandako urte oso bakoitzeko.
– 2 puntu, diaspora eta emigrazioari buruzko ikerketa lan bakoitzeko (5 puntu, lanok argitaratu badira).
4.– Nazioarteko gaurkotasuna behar bezala ezagutzea gehienez ere 15 punturekin baloratuko da eta hurrengo artikuluan jasotako proban ebaluatuko da.
5.– Kanpoan dauden euskal gizataldeen gaiak behar bezala ezagutzea gehienez ere 15 punturekin baloratuko da eta hurrengo artikuluan jasotako proban ebaluatuko da.
6.– Euskara menderatzea gehienez ere 15 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
– B1 titulua edo baliokidea: 5 puntu.
– B2 titulua edo baliokidea: 10 puntu.
– C1 titulua edo baliokidea edo goragokoa: 15 puntu.
Atzerriko herrialdeetakoak diren pertsonek euskarazko ezagupenak badituztela alegatu eta ez badute horren titulurik, ezagutza horiek egiaztatzeko aukera izango dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak horretarako antolatzen duen proban.
7.– Pertsonaren profil akademiko-profesionala bekaren xedeari egokitzea gehienez ere 15 punturekin baloratuko da; honela, hain zuzen:
a) Profil akademikoa:
– 10 puntu, espezializazioaren helburuarekin zerikusi zuzenagoa duten unibertsitate ikasketengatik (profil juridikoa, gizarte alorreko edo ekonomia eta enpresa alorreko ikasketak).
– 5 puntu, unibertsitate ikasketa orokorragoengatik.
b) Profil profesionala:
– Gasteizen eta Argentinan burutu beharreko bekak: 5 puntu talde-lanetan esperientziak izateagatik.
– Estatu Batuetan burutu beharreko beka: 5 puntu ikerketa historikoko lanak egin izanagatik.
10. artikulua.– Egin beharreko probak.
1.– Hautaketa Batzordeak dei egingo die hautagaiei ahozko proba baten bitartez egiazta ditzaten 9.4 eta 9.5 artikuluan aipatutako ezagupenak.
2.– Proba hori hamarna galderako bi sortak osatuko dute, eta horretarako berariaz prestatutako galderen artetik itsu-itsuan aterako dira.
3.– Aurreikusitakoaren arabera, bestalde, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ahozko probak egingo dizkie atzerriko herrialdeetakoak diren pertsonei, euskara eta ingeleseko ezagupenak badituztela alegatu eta ez badute agiririk Euskadin balioa duenik ezagutza horiek egiaztatzeko.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lehendakaritzaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren 13.5 artikuluarekin bat etorriz, uztailaren 26ko 172/2011 Dekreturen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak eman beharreko ebazpena emango du, hautaketa batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren. Ebazpen horren bitartez, beken onuradunak eta, hala badagokie, ordezkoak izendatuko ditu, beka aldia noiz hasi eta non burutuko den zehaztuko du, edo esleitu gabe utziko ditu hautagai egokirik ez dutenak. Ebazpena arrazoitu egin beharko da.
2.– Esleipen ebazpena eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.eus webgunean argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.
3.– Administrazio bidea agortzen ez duen Ebazpen horren aurka gorajotze errekurtsoa aurkez daiteke Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.
4.– Ebazpen hori gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratzen den egunean kontatzen hasita.
5.– Epe hori igaro eta interesatuei inolako ebazpenik jakinarazi ez bazaie, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan eta uztailaren 26ko 172/2011 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Araubide Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Diru-lagutzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Diru-lagutzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina – testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen–.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko apean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.eus web gunean argitaratuko da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 6a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.