EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2017211

241/2017 DEKRETUA, urriaren 31koa, zeinaren bidez baimentzen baita Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoa sortzea eta Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk bertan parte hartzea.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700241
Xedapenaren data: 2017-10-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201705294
Maila: Dekretua
Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 aldirako Plana agiriak laburbiltzen du Jaurlaritzak arlo horretan duen borondate politikoa, eta horren ondorio da XI. legegintzaldiaren Gobernu Programa, zeinak definitzen baitu enpresa-nazioartekotzeari sustapen-lerro bat ematea «Basque Country» Estrategiaren parte gisa.
Aipatu Enpresak Nazioartekotzeko Planean zehazten da, 6 zenbakiko esku hartzeko ardatz estrategiko gisa, nazioartekotze-aktiboen berrantolaketa instituzionala. Horren xedea da «Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-gaitasunak eta -aktiboak barne hartu eta indartzea».
Nazioartekotzeari laguntzeko eredu berria gauzatzeko, egoki irizten da erakunde integratuago bat aktibatzea, funtzionamendu-dinamika egokituak dituena (zerbitzuak ematea, espezializazioa, enpresei hurbiltzea, merkataritza-proaktibotasuna, laguntzaileekiko harremana gisako alderdietan). Aitzitik, nazioartekotzearen sustapen publikoko egungo antolaketa-eredua bere mugara heldu da, eta ez du gehiagorako ematen. Argi dago ez dela funtzionala programen eta zerbitzuen arteko marra zatitzaile bat ezartzea. Ohartu gara enpresak nazioartekotzeko sustapenaren alorrean erreforma bat egiteko beharra dagoela Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean eta Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAn eta, administrazio publikoan betetzen duten tokiaren arabera, programak edo zerbitzuak txandaka ematen dituzten bi eragile bereizi izan behar direla.
Planean azaldutakoarekin bat, Eusko Jaurlaritzaren gaitasun eta zerbitzu guztiak barne hartzen dituen Nazioartekotzeko entitate bakarra sortzea izango da tresna nagusia balio erantsiko zerbitzuen eredu bateranzko trantsizioa errazteko eta etorkizunean haren garapena ahalbidetzeko. Enpresei laguntza eraginkorra emateak hauek dakartza: egun dagoen antolaketa erreformatzea dauden errekurtsoei probetxu handiagoa ateratzeko; zerbitzu batzuetan dauden funtzionamendu arazo nabarmenak konpontzea, eta enpresak galdegiten ari direna eman ahal izateko beharrezko diren zerbitzu eta tresna berrien arloko gabezia nabarmenak arintzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, merkataritza-sozietateak sozietate publiko izango dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeek merkataritza-sozietateen kapitaletan duten partaidetza nagusi bada, erakunde horiek zuzenbide publikokoak edo pribatukoak izan. Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzeko, aipatutako erakunde guztien partaidetzak hartuko dira kontuan.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 20.1 artikuluaren arabera, enpresa publiko bat sortzea da izaera publikoko nolakotasuna duen merkataritza-sozietate bat sortzea. Xedapen horren 3. atalean ezartzen denez, Jaurlaritzaren dekretu bat beharko da sozietate publikoak sortu edo azkentzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak edo haren erakundeek sozietate horietako partaide nagusi bilakatzeko edo izaera hori galtzeko.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan ezartzen denez, sozietate publikoak merkataritza-legeriaren arabera eratuko dira, sortzeaz batera fundatutako sozietate anonimo gisa, ahal dela, eta sozietate-mota bakoitzerako unean-unean indarrean dagoen araubide juridikoa aplikatuko zaie.
2017ko ekainaren 27an, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak erabaki zuen onartzea Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren mendeko merkataritza-sozietate baten eraketa, zeinak euskal enpresen nazioartekotzearen alorrean lan egingo baitu, eta haren lehendakariari, lehendakariordeari, zuzendari nagusiari eta Nazioartekotzeko zuzendariari ahalmenak ematen zaizkie, bai behar diren izapideak egiteko, bai aipatu xederako behar diren agiri publikoak zein pribatuak sinatzeko; gainera, goragoko paragrafoetan adierazitakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluari horretarako baimena eskatzen zaio.
Sozietatearen helburu soziala ekonomiaren eta euskal enpresen nazioartekotzea izango da, eta enpresei eta eragile eskudunei sostengua ematea haien nazioartekotze-proiekzioan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko inbertsioak erakartzeko.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko urriaren 31n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoa sortzen da, eta Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA izango da haren bazkide bakarra.
2. artikulua.– Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoaren helburu soziala ekonomiaren eta euskal enpresen nazioartekotzea izango da, eta enpresei eta eragile eskudunei sostengua ematea haien nazioartekotze-proiekzioan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko inbertsioak erakartzeko.
3. artikulua.– 1.– Bilbon izango du egoitza soziala Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoak.
2.– Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoak, bere helburuak betetzeko, bulego-sare bat izan ahal izango du, batez ere kanpoan, eta, horretarako, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, irabazi asmorik gabeko merkataritza-sozietate, fundazio edo erakundeak sortu ahal izango ditu, eta horietan parte hartu, hala behar denean.
4. artikulua.– Hirurogei mila 60.000,00 ) eurokoa da (Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoaren kapital soziala, eta osorik (% 100) harpidetuko du Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk.
5. artikulua.– Erregimen aplikagarria: Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoa bere estatutu sozialek, sozietate publikoei aplikatzen zaizkien xedapenek eta kapital-sozietateen legerian xedatutakoak zuzenduko dute.
6. artikulua.– Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAri baimena ematen zaio Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoa eratzeko beharrezkoak diren agiri publikoak edo pribatuak harpidetu ditzan haren legezko ordezkariaren bidez edo horretarako izendatutako pertsonaren edo pertsonen bidez. Baimena ematen zaio, halaber, sozietatearen estatutu sozialak ezartzeko, administrazio-organoak izendatzeko, beharrezkoak diren ahalmenak emateko, kapital sozialari egin beharreko ekarpena finkatzeko, akzioak izenpetzeko eta dekretu honetan xedatutakoa gauzatzeko egoki diren gainerako erabakiak hartzeko.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoaren jarduerak hastea.
1.– Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoaren jarduna eratze-eskritura ematean hasiko da.
2.– Baldin eta jardueren hasiera eta dagokion aurrekontuen legea indarrean sartzea ez badira batera gertatzen, Gobernu Kontseiluak onartuko ditu Agentziaren ustiapeneko eta kapitaleko aurrekontuak, baita Agentziaren jarduerak hasten diren ekonomia-ekitaldiari dagozkion finantza-arloko behin-behineko egoera-orriak ere, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari, 15 eguneko epean. Horretarako, aurrekontuen arloan eskumena duen Jaurlaritzako sailari baimena ematen zaio aurrekontuok osatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko, baina aldaketa horiek ezin dute handitu Agentziaren jardueren hasieran indarrean zeuden aurrekontu orokorretako partidetan izendaturiko zenbateko globala.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAri atxikitako langileak integratzea.
Bertan integratuko dira Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAn zerbitzuak ematen dituzten eta, dekretu honekin, estatutu sozialekin, sozietate publikoaren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduarekin eta ezartzen den araudiarekin bat, sozietate publiko horrek bere gain hartutako egitekoak betetzen dituzten langile lan-kontratudunak, lan-legeria aplikagarriarekin bat.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Egitekoak esleitzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren baliabideak eta ondasunak adskribatzea.
Gobernu Kontseiluak, dekretu baten bidez, Administrazio Orokorreko sailen eta haren erakunde autonomoen egitura organikoak eta lanpostuen zerrendak egokituko ditu, hala egitea komenigarri bada, hain zuzen ere, Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoari esleitzeko dekretu honetan, bere estatutu sozialetan eta antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduan ezarritako helburuak betetzeko behar diren egitekoak eta bitarteko pertsonalak, eta bidezko diren ondasun eta bitarteko materialak adskribatzeko.
Sozietate publikoak ezingo du inolaz ere karrerako funtzionarioei erreserbatutako egitekoetan jardun.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoaren subrogazioa.
1.– Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA subrogatzen da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk egun Agentziari dagozkion egitekoei eta eskumenei buruzko arloetan aitortuak dituzten kontratu eta hitzarmenetan jatorria duten harreman juridiko subjektibo, eskubide eta betebehar guztietan.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk egindako kontratuen subrogazioa, Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoari esleitutako egitekoak garatzeko, dagokion entregatze- eta hartze-aktaren bidez gauzatuko da; hori Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak, Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA Administrazio Zuzendaritzak eta Agentziaren Administrazio eta Zerbitzuetako Zuzendaritzak sinatuko dute. Akta horretan berariaz jasoko dira ordaintzeke edo kobratzeke dauden zenbatekoak.
3.– Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoari esleitutako egitekoez baliatzeko, Sailak eta Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk hasitako kontratazio-espedienteei dagokienez, zeinak funtzionamenduan sartzeko egunean izapidetzen ari baitira, Sailak eta Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk, hurrenez hurren, jarduerekin jarraituko dute esleipenera arte. Esleipena egin eta gero, Agencia Vasca de Internacionalización / Basque Trade And Investment SA sozietate publikoaren subrogazioa gertatuko da kontratuak, ebazpenak eta horiei dagozkien betearazpenak formalizatzeko Sailaren eta Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren lekuan.
4.– Aurreko puntuetan jasotako kasuetarako, Ogasun eta Ekonomia Sailak beharrezko baliabide ekonomikoak transferituko ditu, kasuan kasu.
AMAIERAKO XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko urriaren 31n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARIA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO M.ª AZPIAZU URIARTE.