EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017210

ERABAKIA, 2017ko urriaren 25koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurarena; honen bidez, irakasle eta ikertzaileen ordainsari-osagarrien deialdia onartzen da.

Xedapenaren data: 2017-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201705280
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2006/10/31n argitaratutako 2006/10/17ko 200600209 DEKRETUA
  • Ikus 2011/04/14an argitaratutako 2011/03/29ko 201100064 DEKRETUA

María Pilar Elorrieta Santosek, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluko idazkari nagusia den aldetik, hau
ZIURTATZEN DU:
Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak, bere ehun eta laurogeita hamazortzigarren bileran, bi mila eta hamazazpiko urriaren hogeita bostean jarraian ageri duen erabakia onetsi duela, aztergaien zerrendako bigarren gaiari buruz. Irakasleen ordainsari-osagarrien 2017ko deialdia. Ekonomi eta Finantza Batzordeak Osoko Bilkurari aurkezten dion erabaki-proposamena.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak 1462/2017 epaia eman zuen, 2017ko ekainaren 20koa, lan arloko auzi kolektiboei buruzko 4/2014 zenbakiko autoetan, LABek eta STEE-EILASek ezarritakoak UPV/EHUren, Eusko Jaurlaritzaren, CCOOren, ELAren eta UGTren aurka.
Epai honek konkurrentzia ikusten du jurisdikzio-eskumenik ezaren prozesu-salbuespenaren kasuan, eta deklaratzen du Lan Jurisdikzioak ez duela eskumenik sindikatu demandatzaileek abiarazi duten gatazka kolektiboko prozeduraz arduratzeko.
Epai honen arabera, 4/2014 zenbakiko autoetan eginiko tramitazio guztia deuseza da (238.1. artikulua, BJLO). Deuseztzat hartzen diren prozesu egintzen artean, Salaren 2014-03-18ko epaia dago, ordainsari-osagarri gehigarrien deialdia agintzen zuena, eta 2016-02-09ko autoa, epai hori betearaztekoa. Beraz, deusezak dira lege-ondorioetarako.
1462/2017 epaia ez da irmoa.
Bigarrena.– EAEko Auzitegi Nagusiko Administraziorekiko Auzien Salak (1. sekzioa) 278/2017 epaia eman zuen, 2017ko ekainaren 23koa, CCOOk ezarritako 649/2016 apelazio errekurtsoan (Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak emandako 2016-04-19ko epaiaren aurkako errekurtsoa), 268/2015 zenbakiko auto arruntetan, demandatzailea CCOO eta demandatua Eusko Jaurlaritza izanik.
Salaren epai honen bidez, deuseztzat jotzen da UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen ordainsari-osagarri gehigarriak ebaluatu eta esleitzeko protokoloaren II. eranskina, baina ez dago jasota haren aplikazioa bertan behera dagoenik.
Egun indarrean dagoen protokoloa argitara eman zen Unibasqeko zuzendariaren 2015-06-04ko erabakiaren bidez (2015-07-07ko EHAA, 126. zk.). 1. sekzioaren epaiak deuseztzat jo duen dokumentuaren II. eranskinak ebaluazio irizpideak biltzen ditu, lau ataletan banatuak (dagozkien azpiatalak dituzte). Honako hauek dira:
• 1. atala – Irakaskuntza (hamar azpiatal).
• 2. atala – Ikerketa eta ezagutzaren transferentzia (zortzi azpiatal).
• 3. atala – Kudeaketa (hiru azpiatal).
• 4. atala – A mailara heltzeko irizpideak (bi azpiatal).
II. eranskina deuseztzat jo ondoren, indarrean jarraitzen dute eranskin hauek:
• I. eranskina – Balorazioa tarteen eta mailen arabera.
• III. eranskina – Argitalpenak eta patenteak ebaluatzeko irizpideak.
278/2017 epaia ez da irmoa.
IKUSIRIK:
Lehenengoa.– 209/2006 Dekretua, urriaren 17koa, UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen ordainsari-osagarri gehigarriei buruzkoa, 64/2011 Dekretuak, martxoaren 24koak, aldatutakoa, eta bereziki:
• Dekretuaren 7.1 artikulua, honako hau ezartzen duena:«Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak deialdia onartu eta argitaratuko du urtero. Bertan, ordainsari-osagarri gehigarriak esleitzeko oinarri diren merezimenduak ebaluatzeko epeak, era eta betekizun orokorrak finkatuko dira».
• Dekretuaren 7.4 artikulua, honako hau ezartzen duena: «Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak sei hilabeteko epea izango du ordainsari-osagarri gehigarriak esleitzeko erabakiak hartu eta jakinarazteko, deialdia argitaratzen den egunetik aurrera».
• Aipatutako 7.4 artikulua, honako hau ezartzen duena Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoa beteko da; artikulu horren bidez, ofizioz hasitako prozeduretan berariazko ebazpenik eza arautzen da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak indargabetutako 30/1992 Legearen 44. artikuluari eginiko erreferentzia aipatutako 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluari egiten zaiola ulertu behar da, non berariazko ebazpenik eza arautzen baita ofizioz hasitako prozeduretan, isiltasunaren ondorioa izanik aurkeztutako eskaera ezestea.
Bigarrena.– Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendariaren 2015eko ekainaren 4ko Erabakia, UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen ordainsari-osagarri gehigarriak ebaluatzeko eta esleitzeko protokoloa argitaratzen duena.
Hirugarrena.– Gobernu Kontseiluaren erabakia, 2016ko abenduaren 15ekoa eta 2017ko urriaren 18ko zuzenketak, idazkari nagusiak aurkeztutakoak.
UPV/EHUren Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak, hau
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Erabaki honi erantsitako Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileen ordainsari-osagarri gehigarrien deialdia onartzea.
Bigarrena.– Erabaki hau eta erantsitako deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Errekurtsoak jartzea.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40.2 artikuluak ezarritakoa betetzeko, jakinarazten da erabaki honek bide administratiboa agortzen duela, Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2004 Lege Organikoaren 6.4 artikuluaren arabera. Egintzari errekurtsoa jarri ahal izango zaio, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Bilboko Epaitegiaren aurrean jakinarazten denetik zenbatzen hasita (46.1 artikulua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzeko Legea).
Era berean, interesdunek hala aukeratuta, egintzari bide administratibotik 39/2015 Legearen 123. artikuluak eta hurrengoek araututako aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango zaio, hilabeteko epean, argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
Nolanahi ere, interesdunek aplikagarritzat jotzen dituzten errekurtsoak erabil ditzakete.
Eta horrela ager dadin, akta oraindik onetsi gabe dagoela ohartarazirik, ziurtagiri hau eman dut kontseiluburuaren aginduz, eta berak ontzat emanda. Bilbon, bi mila eta hamazazpiko urriaren hogeita bostean.
Kontseiluburua,
JOSEBA AGUSTÍN EIZAGUIRRE AGOTE.
Idazkari nagusia,
MARIA PILAR ELORRIETA SANTOS.
2017KO DEIALDIA, ORDAINSARI OSAGARRI GEHIGARRIAK ESLEITZEKO EBALUAZIOA ESKATZEKO
Lehenengoa.– Deialdiaren helburua.
1.– Deialdi honen helburua da irakasle eta ikertzaileei ordainsari-osagarri gehigarriak esleitzea, haien merezimenduak ebaluatu eta gero. Ebaluazioa egingo da deialdia argitaratzen den unean indarrean dagoen Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Egiaztatzeko Agentziaren ebaluazio protokoloari jarraikiz.
2.– Ordainsari-osagarri gehigarriak metatu daitezkeen hiru mailatan sailkatuko dira eta tarte progresibo desberdinak izango dituzte. Hain zuzen:
● C maila, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako jardun profesionala saritzen duena.
● B maila, kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzeko.
● A maila, bikaintasuna saritzen duena.
3.– Hauek arautuko dute deialdi hau: deialdiaren beraren testuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari osagarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak (64/2011 Dekretuak egindako aldaketekin). Horietan jasota ez dagoenerako, eutsiko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legeari.
Bigarrena.– Aplikazio esparrua.
1.– Hauek eska dezakete merezimenduak ebaluatzea:
UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek, hala funtzionarioek nola administrazio kontratudunek edo lan kontratudunek, baldin eta zerrenda honetako 2. puntukoen artekoak ez badira.
2.– Honako hauek ezin dute ebaluazioa eskatu:
a) Aurreko deialdietan ebaluatuak izan direnek, ebaluatutako aurreko alditik bost urte igaro ez badira, salbu eta C2 eta B1 mailetarako ebaluazioa eskatu nahi badute.
b) Agentziarekin kolaboratzen duten irakasle eta ikertzaileek, kanpoan uzten baititu urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko hirugarren xedapen gehigarriak, martxoaren 24ko 64/2011 Dekretuak egindako aldaketen arabera.
c) Martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsariei buruzkoak, kanpo uzten dituenak.
Hirugarrena.– Eskariak aurkeztea/formalizatzea.
1.– Edozelan ere, eskariak bide telematikoz egingo dira, horretarako jarritako aplikazio informatikoaren bidez, 64/2011 Dekretuaren bitartez aldatutako urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko 7.2 artikuluari jarraikiz.
Aplikazio informatikoaren bidez eskatzaileak eskariaren laburpen bat jasoko du; interesatuak dokumentu hori sinatu eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari bidali beharko dio, deialdi honetan zehaztutako epearen barruan. Dokumentu hori bidali ezean eskaria ez da ondo burututzat joko.
2.– Deialdia bi fasetan ebatziko da: aurrena, C mailako ordainsari-osagarri gehigarriak esleituko dira eta, gero, A, B eta berariazko unibertsitate eskolako titular ez doktoreen mailetako osagarriak.
3.– C maila eskatzeko epea 2017ko azaroaren 15era arte izango da, hau barne.
4.– B, A eta berariazko unibertsitate eskolako titular ez doktoreen mailetako osagarriak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
5.– B, A eta berariazko unibertsitate eskolako titular ez doktore maila eskatzeaz gain C maila ere eskatzen dutenek, 3 atalean aipatutako epean nahitaez itxi beharko dute eskaria. Behin eskaera itxita, laburpen-dokumentua bidali beharko dute eta, hau bidalita, eskaera berriro irekiko zaie B, A eta berariazko unibertsitate eskolako titular ez doktoreen mailen eskaerarekin jarraitzeko.
6.–(1/2007 Legegintzako Dekretua) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen 95 bis eta 95 quinquies artikuluei jarraikiz (9/2015 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, aldatu ditu artikulu horiek), Unibasqen alde ebaluazio eskubideari dagokion 45,46 euroko Tasa ezartzen da. Tasa horren ordainketa burutu denaren ziurtagiria bidali beharko da aplikazio informatikoak ezartzen duen eran. Ziurtagiri hori aurkeztu ezean, eskaera ez da ontzat emango. Soilik C tarteen esleipena eskatzen dutenek ez dute tasa hori ordaindu beharrik.
Laugarrena.– Espedienteak Unibasq-era bidaltzea.
Eskariak Unibasq-era bidaliko dira, balorazio txostena egin dezan, nahitaezkoa baita. Eskariok agentziara bidaltzen direnean txostena eskatzeko, eten egingo da prozedura ebazteko epea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 d) artikuluari jarraikiz.
Bosgarrena.– Akatsak zuzentzea.
Epearen barruan aurkeztutako eskariek deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenean edo baldintzak egiaztatzeko behar den dokumenturen bat aurkeztu ez denean, interesatuari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko (hau da, nahitaezkoak diren dokumentuak edo alegatutakoa egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko). Horretarako, hamar egun balioduneko epea izango du, zuzenketa egitea eskatzen zaion egunaren biharamunetik hasita.
Seigarrena.– Merezimenduen ebaluazioa.
Maila eta tarte bakoitzerako merezimenduak behin egiaztatuta, deialdia argitaratzen denean indarrean dagoen ebaluazio-protokoloan (Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Egiaztatzeko Agentziarena) zehaztutako moduan ebaluatuko dira.
Edozein kasutan, merezimenduen egiaztapen dokumentuak baldintzen egiaztapen dokumentuekin batera bidaliko dira aplikazio informatikoak ezartzen duen eran. Eskariak aurkezteko epea behin amaituta, eskatzaileek errekerimendua jasoko dute euren merezimenduen egiaztapen dokumentuak konproba ditzaten, eta, hala egin ezean, merezimendu horiek ebaluatuko ez direla adieraziz.
Zazpigarrena.– Ebazpena.
1.– 3.2 oinarriari jarraikiz, Gizarte Kontseiluak, Gobernu Kontseiluaren proposamenez, ordainsari-osagarri gehigarriak esleituko dizkie irakasle eta ikertzaileei banan-banan, banakako erabakiak emanez, Unibasq-ek bere txostenean (ikus laugarren oinarria) irakasle eta ikertzaile bakoitza kokatu duen maila eta tarteen arabera. Erabaki horri Unibasq-ek egindako ebaluazioa erantsiko zaio.
2.– Erabaki horien aurka interesatuek aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango dute, jakinarazpena egiten zaienetik hilabeteko epean; bestela, zuzenean haien aurka egin dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan bi hilabeteko epean, jakinarazpena hartzen dutenetik hasita.
Zortzigarrena.– Ondorio ekonomikoak.
Merezimenduen ebaluazioa eta osagarrien esleipena ebaluazioaren hurrengo urtean hasiko dira ondorio ekonomikoak izaten, 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretuaren 10. artikuluari jarraikiz.
Bederatzigarrena.– C mailako osagarrietarako berariazko oinarriak.
1.– Helburua.
1.1.– C mailak, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako jardun profesionala saritzen duenak, bi tarte ditu:
● C1 tartea. Hau eskuratzeko hiru urteko lotura izatea egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin.
● C2 tartea. Hau eskuratzeko zazpi urteko lotura izatea egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin.
1.2.– Zenbaketa egiteko kontuan hartuko dira eskaria egiteko epea amaitzen den azken egunera arte unibertsitatean egindako zerbitzuak. Antzinatasuna UPV/EHUk egiaztatuko du bere kabuz.
1.3.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeagatiko eszedentziak, familia zaintzeko eszedentziak eta genero indarkeriaren biktimak diren funtzionarioen lehen sei hilabeteko eszedentziak edo, lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen kasuan, antzeko egoerak.
2.– Unibertsitatean egindako jardun profesionala aitor dakien lehen aldiz ebaluazioa eskatzen dutenek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Jardun profesionala saritzen duten C1 eta C2 mailak lortzeko ebaluaziora lehen aldiz aurkezten direnek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
● Deialdi honetan I. Eranskin moduan dagoen eskabide-orria.
● Saileko Kontseiluaren txostena, 2.1 ereduaren arabera egina. Honako hauek jasoko ditu:
● Irakaslanari buruzko txosten negatiborik ez egotea, hau da, betebehar formalei buruzko ez-betetzerik ez egotea (tutoretzak, eskola emateak, akten epeak, eta abar).
● Irakaslanari buruzko inkestak sistematikoki betetzea; balioespen negatibo errepikaturik ez egotea.
3.– Ordainsari-osagarri gehigarriak eskuratzeko ebaluazioetara aurretik aurkeztu direnek aurkeztu beharreko dokumentuak:
● Deialdi honetan I. Eranskin moduan dagoen eskabide-orria.
● Saileko Kontseiluaren txosten positiboa, arrazoitua eta argumentatua, 2.2 ereduaren arabera egina. Honako hauek izango ditu oinarri:
● Irakasleak bere lanari buruzko txosten negatiborik ez egotea.
● Irakaslanari buruzko inkestak sistematikoki bete izana, ahal den guztietan behintzat, eta halakoetan balioespen negatibo errepikaturik ez izatea.
● Tutoretzak bete direla egiaztatzeko ikuskaritzak egindako txostenak.
● Irakasleak bere jardueraz egindako txostena.
● Irakasleak egindako ikerlanak eta ezagutzak transferitzeko jarduerak.
4.– Nor dagoen txostena aurkeztetik salbuetsita.
Kasu hauetan ez da beharrezkoa izango aurreko bi ataletan aipatutako txostena aurkeztea:
● Irakasleak ohiko irakaskuntzatik salbuetsita daudenean edo aldi batez egon direnean, guztiz edo zati batean, kargu akademikoak betetzeagatik edo liberatuta egoteagatik (liberazio sindikala, euskara ikastekoa, sabatikoa, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan eguneratzekoa, eta abar). Kasu hauetan beharrezkoa izango da irakaskuntzatik kanpo egotearen arrazoia egiaztatzea.
● Langileak zerbitzu bereziak ematen, seme-alabak zaintzeko eszedentzian edo, irakasle eta ikertzaile kontratatuen kasuan, antzeko egoeretan egon direnean; kasu horietan beharrezkoa izango da interesatuak ohiko irakaskuntzatik kanpo egoteko arrazoia egiaztatzea.
5.– Ikertzaileek ebaluaziorako aurkeztu beharreko dokumentazioa.
● Deialdi honetan I. Eranskin moduan dagoen eskabide-orria.
● Ikertzailea atxikita dagoen Saileko Kontseiluak egindako aldeko txostena, 2.3 ereduaren arabera egina. Bertan egiaztatuko da interesatuak bere betebeharrak bete dituela.
Hamargarrena.– B eta A mailetako osagarriak eskatzeko berariazko oinarriak.
1.– Helburua.
1.1.– B mailak, hau da, kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzen dituenak, hiru tarte ditu:
● B1 maila. Tarte hau lortzeko baldintza hauek bete beharko dira: gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gainera C1 tartea eta 25 puntu izatea.
● B2 maila. Maila hori lortzeko baldintza hauek bete beharko dira gutxienez: hamar urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta 50 puntu izatea.
● B3 maila. Maila hori lortzeko baldintza hauek bete beharko dira: hamar urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta 75 puntu izatea.
1.2.– A mailak, hau da, bikaintasuna saritzen duenak, bi tarte ditu:
● A1 maila. Maila hori lortzeko baldintza hauek bete beharko dira: hamabost urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta gutxienez 90 puntu izatea.
● A2 maila. Maila hori lortzeko baldintza hauek bete beharko dira: hamabost urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta gutxienez 90 puntu izatea.
1.3.– Zenbaketa egiteko, kontuan hartuko dira eskaria egiteko epea amaitzen den egunera arte egindako zerbitzuak. Antzinatasuna UPV/EHUk egiaztatuko du bere kabuz.
1.4.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeko eszedentziak, familia zaintzeko eszedentziak eta genero indarkeriaren biktimak diren funtzionarioen lehen sei hilabeteko eszedentziak edo, irakasle eta ikertzaile kontratatuen kasuan, antzeko egoerak.
1.5.– Lehen aldiz ebaluaziora aurkezten direnek beren bizitza akademiko osoko merezimenduak alegatu ahal izango dituzte. Aurretik ebaluaziora aurkeztu direnek aurkeztu ahal izango dituzte ebaluazio horretatik eskaria egiteko epea amaitzen den egunera arte.
1.6.– Eskariarekin batera merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, 1.1 oinarrian aipatutako protokoloan esaten den legez.
2.– Ebaluazio berri bat eskatu nahi dutenek edo lehen aldiz ebaluaziora aurkezten direnek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
● Deialdi honetan II. Eranskin moduan dagoen eskabide-orria.
● B2, B3, A1 eta A2 tarteetarako besterik ez: beste unibertsitate edo ikergune batzuetan –edozelako lotura laboral, estatutario edo administratiborekin– egindako irakaskuntza, ikerketa eta jakintzaren transferentziako zerbitzuak edo kudeaketa zerbitzuak egiaztatzea. Bakarrik aztertuko da eta, hala badagokio, onartuko da ebaluazioa B2 tartetik aurrera eskatzen bada eta UPV/EHUk ez badu 15 urtetik gorako antzinatasuna aitortu.
Hamaikagarrena.– Unibertsitate eskolako irakasle titularrentzako ordainsari-osagarri gehigarria.
1.– Helburua.
1.1.– Unibertsitate eskoletako irakasle titularrek, doktore izan ez eta 10 urteko antzinatasuna badute, ordainsari-osagarri gehigarria lortzeko eskubidea izango dute ebaluazioan, gutxienez, 50 puntu lortzen badute; edo beste ordainsari-osagarri gehigarri bat lortzeko eskubidea izango dute ebaluazioan, gutxienez, 75 puntu lortzen badute.
1.2.– Zenbaketa egiteko kontuan hartuko dira eskaria aurkezteko azken egunera arte egindako zerbitzuak. Antzinatasuna UPV/EHUk egiaztatuko du bere kabuz.
1.3.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeagatiko eszedentziak, familia zaintzeko eszedentziak eta genero indarkeriaren biktimak diren funtzionarioen lehen sei hilabeteko eszedentziak edo, lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen kasuan, antzeko egoerak.
1.4.– Lehen aldiz ebaluaziora aurkezten direnek beren bizitza akademiko osoko merezimenduak alegatu ahal izango dituzte. Aurretik ebaluaziora aurkeztu direnek aurkeztu ahal izango dituzte ebaluazio horretatik eskaria egiteko epea amaitzen den egunera arte.
1.5.– Eskariarekin batera merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, 1.1 oinarrian aipatutako protokoloan esaten den legez.
2.– Ebaluaziorako behar den dokumentazioa.
● Deialdi honetan III. eranskin moduan dagoen eskabide-orria.
● Beste unibertsitate edo ikergune batzuetan –edozelako lotura laboral, estatutario edo administratiborekin– egindako irakaskuntza, ikerketa eta jakintzaren transferentziako zerbitzuak edo kudeaketa zerbitzuak egiaztatzea. Bakarrik aztertuko da eta, hala badagokio, onartuko da unibertsitate eskolako irakasle titularrentzako ordainsari-osagarri gehigarria lortzeko ebaluazioa eskatzen bada eta UPV/EHUk ez badu 15 urtetik gorako antzinatasuna aitortu.
Hamabigarrena.– 2015. urteko deialdia baino lehenagokoetan ordainsari-osagarri gehigarriak lortu zituztenek, eta 2015. edo 2016. urteko deialdietara aurkeztera behartuta ez bazeuden (ez baitzen 5 urteko epea igaro aurreko ebaluaziotik) edo ezin izan baziren aurkeztu, aurtengo deialdian osagarri horien kontsolidazioa eska dezakete. Horretarako, IV. eranskina behar bezala beteta bidali beharko dute.
Hamahirugarrena.– Deialdi honetako tarte eta mailak ebaluatzeko eskatutako urteak zenbatzeko, kontuan hartuko da baita beka ofizialekin emandako denbora ere, betiere, unibertsitate honetako zentroren bati atxikita egon bada onuraduna (beka ofizialtzat hartuko dira UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzak edo Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak deitutakoak). Behin graduatuta, prestakuntza jarduerak eta espezializazio zientifiko eta teknikoak burutzeko ematen diren bekak dira hemen aintzat hartzen direnak; prestakuntzako ikertzaile izaera ematen dutenak, hain zuzen ere.
ERANSKINAK
Deialdiaren bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren eta hamabigarren oinarrietan aipatzen diren I., II., III. eta IV. eranskinak, irakasle-ikertzaileen errektoreordearen ebazpen baten bidez onartuak, eskaria egiteko nahitaez erabili behar den aplikazio informatikoan daude.