EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017210

EBAZPENA, 2017ko urriaren 25ekoa, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariarena, akordio hau argitaratzea xedatzen duena: Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendiorako akordioa, 2017-2018 ikasturtean Ertzaintzako langileentzat lan orduz kanpoko euskara ikastaroak antolatzeko dena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201705278
Maila: Ebazpena
Segurtasun Sailak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) kudeaketa-gomendio hori sinatu dutenez, eta horri behar bezalako zabalkundea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian akordio hau argitaratzea: Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendiorako akordioa, 2017-2018 ikasturtean Ertzaintzako langileentzat lan orduz kanpoko euskara ikastaroak antolatzeko dena.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 25a.
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendaria,
EUGENIO ARTETXE PALOMAR.
AKORDIOA, EUSKO JAURLARITZAREN SEGURTASUN SAILEKO SAILBURUAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKOA, 2017-2018 IKASTURTEAN ERTZAINTZAKO LANGILEEN LANORDUZ KANPOKO EUSKARA IKASTAROAK ANTOLATZEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 19a
BILDURIK:
Alde batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz, Segurtasuneko sailburua, Lehendakariaren urtarrilaren 22ko 35/2016 Dekretuaren bidez izendatua.
Bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lehendakariaren azaroaren 26ko 34/2016 Dekretuaren bidez izendatua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) buru gisa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortarazteko eta euskaltegiak araupetzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legean ezarritakoaren arabera. Honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
I.– Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila da Ertzaintzan hizkuntza-normalizazioaren gaineko eskumena duen organoa, hala xedatuta baitago Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 12. artikuluan, eta Ertzaintzako hizkuntza-helburu horiek lortzeko, aurreikusita dauzka euskarazko hizkuntza-prestakuntza, euskara-azterketa ofizialak egitea, eta HABEren Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi publiko, pribatu homologatu eta autoikaskuntzako zentroetan lanorduz kanpoko ikastaroetan parte hartzea.
II.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortarazteko azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE erakundea izaera administratibodun erakunde autonomiadun bat da eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago; nortasun juridiko propioa eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa du. Halaber, HABEren helburu aipagarrienetako bat helduen euskalduntzea sustatzea da, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideak betez.
III.– HABE erakundeak lehen esandako Segurtasun Sailaren beharrizanei erantzuteko antolaketa eta beharrezko baliabideak ditu.
IV.– Arestian esandako horrengatik guztiarengatik, bildutakoek, parte hartzen duten aldetik, Segurtasun Sailak eta HABEk elkarrekin lankidetzan aritzeko interesa dutela, eta lankidetza hori interes publikoaren onerako izan daitekeela, kudeaketa-gomendio hau sinatzea erabaki dute, honako hauen arabera
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Akordio honen bidez, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABE) eman nahi zaio Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren eskumenekoak diren jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak kudeatzeko gomendioa, lanorduz kanpoko euskalduntze-ikastaroak antolatzeko, bai aurrez aurrekoak, bai autoikaskuntzakoak.
Bigarrena.– Ertzaintzako langileentzako lanalditik kanpoko euskalduntze-ikastaroak bat etorriko dira HABEk homologatutakoekin eta Segurtasun Sailak bere deialdietan zehazten dituen moduluekin.
Hirugarrena.– Ertzaintzako langileentzako lanalditik kanpoko euskalduntze-ikastaroen deialdiak Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak egingo ditu, eta berak jaso eta bideratuko ditu parte hartzeko eskabideak.
Laugarrena.– HABEk egin beharreko jarduerak:
a) HABEk euskalduntze-ikastaroak emateko euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen bitartez giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu.
b) HABEk, ikasleen matrikulen kudeaketari dagokionez, euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek igorritako matrikula-orriak, jaso, aztertu, zuzenarazi eta hala balegokio, onartuko ditu eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari bidaliko dizkio, matrikulei dagokien fakturazioarekin batera.
c) HABEk kudeaketa-gomendio honen helburu diren Ertzaintzako langileen aprobetxamendu mailaren ebaluazioari eta asistentziari buruzko informazioa bidaliko dio Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
Bosgarrena.– Kudeaketa-gomendio honen jardueren finantzaketa Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren kontura joango da, HABEk eskaintzen dituen zerbitzuen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Aginduan oinarritutako hurrengo irizpideen arabera:
a) Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi publikoetan: 9,20 euro/ikasleko/orduko.
b) Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi pribatuetan:
– Lurralde historikoetako hiriburuetan: 6,52 euro/ikasleko/orduko.
– Gainerako herrietan: 4,99 euro/ikasleko/orduko.
c) Hizkuntza-trebakuntzarako ikastaroen koordinazio eta jarraipenei dagozkien zerbitzuak:
– Ikasle solteak bestelako taldeetan: 0,48 euro/ikasleko/orduko.
d) Autoikaskuntza ikastaroetako matrikulen prezioak ikastaroen iraupenaren araberakoak izango dira:
– Ikasturte osoa, 190 ordu, 9 hilabete, 1.500 euro.
– Ikasturte erdia, 100 ordu, 4 hilabete, 750 euro.
– Udako ikastaro trinkoa, 60 ordu, 450 euro.
Aurrekoa gorabehera, kudeaketa-gomendioaren finantzaketari buruzko klausulak HABEren prezio publikoen Aginduan egin daitezkeen aldaketen arabera egokituko dira.
Seigarrena.– Giza Baliabideen Zuzendaritzak egoki jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren transferentzia egingo du. Gastuen justifikazioa honela egingo du HABEk:
– Udako ikastaroetako prestakuntza-jarduerak irailaren 30erako beranduenez.
– Urrian hasten diren prestakuntza-jarduerak azaroaren 30erako beranduenez.
– Ikasturtean zehar hasten diren prestakuntza-jarduerak apirilaren 30erako beranduenez.
Ordainketei dagokienez, gehienez ere 21 egun naturaleko epea ezartzen da, HABEk faktura aurkezten duenetik hasita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak datuok Aurrekontu Informazioko Sistema Bateratuan (IKUS) sar ditzan eta HABEk fakturatutako zenbatekoari dagozkion gastuen kudeaketa-agiria izapidetu dezan.
Zazpigarrena.– Kudeaketa-gomendio honen xedea finantzatzera bideratuko den kreditua 575.386,99 euro da; horietatik 375.386,99 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 200.000 euro 2018ko konpromiso-kredituari.
Zortzigarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren araberakoa da, eta kudeaketa-gomendio horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzen direnik. Gomendioa egiten duen erakundearen ardurapekoa da gomendioaren xede den jarduera material zehatzaren euskarri diren edo zati diren beharrezko egintza edo ebazpen juridikoak ematea.
Edonola ere, gomendioa jasotzen duen erakundea edo organoa kudeaketa-gomendioa gauzatzerakoan eskuratu ditzakeen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna izango da, eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko zaio.
Bederatzigarrena.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Giza Baliabideen Zuzendaritzako eta HABEko kideek osatua, kudeaketa-gomendio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.
Jarraipen-batzordeak honako osaera hau izango du:
– Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren izenean:
a) Ebaluazio, Hornikuntza eta Lantokien Arloko burua.
b) Prestakuntza eta Hizkuntza Normalkuntza Ataleko burua.
c) Prestakuntza eta Hizkuntza Normalkuntza Ataleko teknikaria.
– HABEren izenean:
a) HABEko Kudeaketa Zerbitzuko burua.
b) HABEko Ikuskatzailetzaren arduraduna.
c) Herri administrazioetako ikasleen jarraipenerako HABEko koordinatzailea.
Hamargarrena.– Kudeaketa-gomendio hau bertan behera utziko da, bere indarraldia amaitzen denean eta, horrez gain, honako hauek dira akordio hau eteteko arrazoiak, baina hasitako jarduerak amaitu beharko dira:
a) Alderdien arteko adostasunez.
b) Agindutako jarduerak egitea ezinezkoa bada edo beharrezkoa ez bada.
c) Akordio honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, aldeetako edozeinek aldez aurretik iragarrita, behar bezala jakinaraziz. Bertan behera uzteko nahia jakinarazi eta handik hiru hilabetera galduko du indarra kudeaketa-gomendioak.
Hamaikagarrena.– Kudeaketa-gomendio honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2018ko irailaren 30 arte izango ditu ondorioak, akordioa eteteko arrazoirik gertatzen ez bada.
Kudeaketa-gomendioa urtero luzatuko da, alde biek hala adosten badute. Gehienez lau urtera arte luzatu daiteke, dagokion ekitaldian horretarako aurrekontu-esleipen egokia eta nahikoa egiten bada.
Hamabigarrena.– Ondoriorik gabe geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta HABEren arteko lankidetza-hitzarmena, 2016-2017 ikasturtean Ertzaintzako langileen lanorduz kanpoko ikastaroetako matrikulazioa eta jarraipena bideratzeko.
Esandakoarekin bat datozela frogatzeko, bi aldeek kudeaketa-gomendioa izenpetzen dute,
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
HABEko lehendakaria,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.