EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017210

240/2017 DEKRETUA, urriaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201700240
Xedapenaren data: 2017-10-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201705265
Maila: Dekretua
Baliabide genetikoen, batez ere autoktonoen, kontserbazioa, karakterizazioa eta hobekuntza Europako legeria berria diseinatzeko eta FAOren mundu-estrategia diseinatzeko eredu izan dira. Horrek eskatzen du laguntza-mekanismoak ezartzea, politika horiek abeltzain-elkarteen jarduerara moldatzeko; izan ere, horrela, funtsezko zeregina betetzen dute sektorea arau-esparru berrira egokitzeko.
Batetik, ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituzte, liburu genealogikoak kudeatuz, hautaketa-programak baliatuz eta errendimenduen kontrola eginez. Bestetik, lortutako emaitzak jakinarazten dituzte, eta abereen eta haien produktuen merkaturatzean laguntzen dute; modu horretan, produkzioa eraginkorragoa izatea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriagoak izatea lortzen dute, programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuz apurka-apurka. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuen eta mendi-nekazaritzako inguruen garapen eta sustapenean laguntzen dute.
Neurriak erabat eraginkorrak izatea ziurtatzeko, eta balizko hartzaile guztiek lortzeko eta gozatzeko aukera berak izatea bermatzeko, baita araudi zooteknikoaren aplikazioa homogeneoa izan dadin ere, beharrezkoa da, arau honen bidez, diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Eusko Jaurlaritzan nekazaritza arloko eskumena duen zuzendaritzara atxikita dagoen abere-arrazak sustatzeko elkarteen erregistroan inskribatuta dauden elkarteek egiten dituzten jarduerak sustatu eta babesteko diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezartzen ditu dekretuak.
Dekretu honek aurreikusten dituen diru-laguntzak arautu dira orain arte Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzko («Elkarteak» programa) azaroaren 15eko 233/2011 («Elkarteak» programa) Dekretuaren bidez. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteak sustatu nahi dira, liburu genealogikoen kudeaketarekin lotutako jarduera berriak gara ditzaten; izan ere, ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuan ezarritako betekizun berrietara egokitu behar dira (81/2015 Dekretua, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzekoa eta animalia-arrazak sustatzen dituzten entitateak arautzekoa).
Diru-laguntza hauek bat datoz Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
Dekretuan aintzat hatu da genero ikuspegia, bai dekretua bera egitean, bai aplikatzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean adierazten denez.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiei iritzia eskatu zaie dekretu hau egiteko garaian, bai eta sektorean esanguratsuak diren erakundeei ere.
Konstituzioaren 148.1.7 eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorrita, nekazaritzako eta abeltzaintzako eskumen guztiak autonomia-erkidegoari dagozkio, ekonomiaren antolakuntza orokorraren arabera, eta hori kontuan izanda eman da dekretu hau.
Dagozkion nahitaezko txostenak eman ondoren, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko urriaren 24an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen xedea da produkzioko arraza garbien abeltzain elkarteei zuzendutako diru-laguntzak ezartzea, arraza horiek kontserbatzeko, hautatzeko, hobetzeko eta sustatzeko.
2.– Diru-laguntza hauek bat datoz Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 24. eta 27. artikuluetan xedatutakoarekin. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 193. zk., 2014ko uztailaren 1ekoa, 1-75 or.).
2. artikulua.– Finantzaketa.
1.– Diru-laguntza hauetara zuzendutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira.
2.– Dekretu honen bidez ekitaldi bakoitzean eman beharreko diru-laguntzen gehieneko kopuru osoa ekitaldi horretako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretako kontsignazio espezifikoaren kargura emango da.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Xedapen honetan ezarritako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan jarduten duten arraza garbien abeltzain-elkarteek, baldin eta Animalia Arrazak Sustatzeko Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude.
2.– Arraza garbien euskal elkarteek liburu genealogikoa eramateko aitorpena beharko dute, eta, gainera, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzeko entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuan ezarritako xedapenak bete beharko dituzte.
3.– Elkarte onuradunek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Diru-laguntza honen xede diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatzea.
b) Ez edukitzea administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez egotea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta.
c) Ez dadila izan krisian den enpresa, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauekin bat etorriz (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).
d) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako inguruabarretan ez izatea.
f) Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako eginbeharretan egunean egotea eta horrela mantendu emandako diru-laguntza jaso arte.
g) Diru-laguntzen itzulketen beharretan egunean egotea eta horrela mantendu emandako diru-laguntza jaso arte.
h) Enpresa txiki eta ertaina izatea (ETE), Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera (erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).
4. artikulua.– Diru-laguntzen araubidea.
1.– Dekretu honetan ezarritako diru-laguntzak esleitzean, balorazio-fasera pasa daitezke eskabidea epearen barruan aurkeztu duten elkarte guztiak, baldin eta eskatzen diren baldintza subjektibo eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute, ezarritako eran.
2.– Diru-laguntzak emateko prozedura elkarte onuradunen arteko norgehiagoka izango da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan ezartzen den bezala.
3.– Diru-laguntzaren hainbanatzea egingo da elkarte onuradunen artean kasu honetan: elkarte onuradun guztien artean diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa estaltzeko bestekoa ez denean deialdiaren diru-kopurua. Hainbanatzea artikulu honen 4.c.3 atalean adierazitakoarekin bat etorriz egingo da.
4.– Hau izango da eskabideak baloratzeko prozedura:
a) Gastuen aurrekontu zehaztu bakoitzerako (2. inprimakia), diruz lagun daitekeen kopuru bat aterako da dekretu honen 6., 7. eta 8. artikuluak aplikatuta, eta diruz lagun daitekeen batukari osoa kalkulatuko da.
b) Batukari hori ez balitz dagokion ekitaldian aurrekontuaren arabera eman beharreko diru-laguntzaren gehieneko kopuru osoa baino handiagoa izango, elkarte bakoitzari diruz lagun daitekeen gastuari dagokion diru-laguntza emango zaio.
c) Batukariak deialdiaren gehieneko kopuru osoa gainditzen badu, hainbanatzea egingo da, modu honetan:
i) 4. inprimakian aurkeztu beharreko txosten deskriptiboak ebaluatuko dira, hamargarren artikuluko b) letrako interes zientifiko eta teknikoari dagokion puntuazioa lortzeko.
ii) Hamargarren artikuluko gainerako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko dira, eta, aurreko atalarekin batuta, elkarte bakoitzari dagokion puntu-kopurua aterako da.
iii) Puntu guztiak batu ondoren, elkarte bakoitzari dagokion puntu-portzentajea kalkulatuko da, eta portzentaje hori dagokion ekitaldian aurrekontuan ezarri den gehieneko kopuru osoari aplikatuko zaio.
iv) Elkarte batek ezin du ezein kasutan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa gainditzen duen diru-laguntzarik jaso. Horrela, 3.iii) atalean ateratzen den zenbatekoak diruz lagun daitekeen gastua gainditzen duenean, soberakina egoera horretan ez dauden gainontzeko elkarte onuradunen artean banatuko da.
v) Soberakina –elkarte bati diruz lagun dakiokeen gastuaren zenbatekotik ateratzen dena– metatu egingo da, eta gehieneko kopurura iritsi ez diren gainontzeko elkarteen artean banatuko da. Horretarako, beste banaketa bat egingo da, egoera berean dauden elkarteen puntuen guztizko partzialari dagokion portzentajearen arabera. Eragiketa hori behin eta berriro egingo da, harik eta aurrekontu-partida agortzen den arte.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta gehieneko kopuruak.
1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira, kasuan-kasuan ezartzen den mugara iritsi arte, hurrengo artikuluetan aurreikusitako gastuak.
2.– Dena dela, diruz laguntzeko moduko kostuak agiri bidez bermatu beharko dira, eta agiri argiak, espezifikoak eta eguneratuak izango dira, besteak beste, fakturak, ziurtagiri analitikoen buletinak, iragarki-kartelak, argitalpenak, aseguru-ziurtagiriak eta beste egiaztagiri batzuk.
3.– Elkarte onuradunak diruz lagundutako jardueraren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez ere; hala ere, portzentaje hori % 95erainokoa izan daiteke, kontua liburu genealogikoa eramatea denean. Azpikontratatzeko muntak gainditzen dituenean 3/2011 Legegintzako Errege-dekretuak ezartzen dituenak kontratu txikientzat, hiru eskaintza eskatu beharko ditu.
4.– Elkarteak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua eta hurrengoak betetzen dituela egiaztatu beharko du, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikulua ere.
6. artikulua.– Abere-sariketak antolatzeak eta lehiaketa horietan parte hartzeak dakartzan gastuak.
1.– Jarduera hauek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 24. artikuluaren barruan sartzen dira –erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz–; eta, beraz, diru-laguntzek ezin izango dituzte artikulu horretako mugak gainditu.
2.– Abere-sariketen antolaketak eta haietan parte hartzeak dakartzan gastuen % 80raino lagundu ahal izango da diruz (probak, lehiaketak eta azokak, Euskadiko txapelketaren maila dutenak); era berean, diruz lagundu ahal izango dira Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren egutegiaren barruan sartutako enkanteetan parte hartzeak dakartzan kostuak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen eremuan egiten badira.
3.– Parte-hartze gastuen, bidaia-gastuen eta abere-garraio gastuen % 100eraino lagundu ahal izango da diruz; abere-garraiorako diru-laguntza Euskadiko txapelketetara eramateko eskatzen denean, kanpoan utziko dira sariketa egiten den lurralde historikoan dauden ustiategietako abereei dagozkienak.
4.– Elkarteek adierazi egin beharko dute zer sariketa egingo duten diru-laguntzari dagokion aldian, eta zeintzuetara joango diren; eta adierazi beharko dute zein arrazak parte hartuko duten, eta zeintzuk diren egunak eta tokiak.
5.– Sariketak antolatzeko, honako hauek izango dira finantzatu daitezkeen kontzeptuak: sariketa egiten den tokiari, lokalari edo instalazioari dagozkion gastuak, barne direla alokairuak, inskripzio-gastuak eta gastu arruntak; argitalpenen gastuak; eta kategoria bakoitzeko lehenengo sariari eskudirutan eman beharreko sari jakin batzuk.
7. artikulua.– Liburu genealogikoak sortu edo eramateko gastuak.
1.– Elkarte onuradunek liburu genealogikoa eramateko aitorpena beharko dute, edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan dagokion liburu genealogikoa eskuordetuta kudeatzeko aitorpena.
2.– Honako gastu hauek lagundu daitezke, ondoren aipatzen den mugaraino lagundu ere:
a) % 90eraino lagundu ahal izango dira diruz bazkideek Autonomia Erkidegoaren, estatuaren eta Europako Erkidegoaren eremuetan dituzten interesak defendatzeko elkarteei aitortzen eta ematen zaizkien ordezkaritza-funtzioek eragindako gastuak; besteak beste, ostatu, bidaia edo otordu gastuak.
b) % 100eraino lagundu ahal izango dira diruz funtzionamendu-gastu arrunt hauek:
– Nominan dauden langileen gastuak.
– Bulego-gastuak.
– Gastu orokorrak.
– Profesional independenteen zerbitzuak; besteak beste, kudeaketa, aholkularitza, edo elkarte eskatzailearen jarduerarekin zuzenean lotutako kontsultak.
Zenbait funtzionamendu-gastutan (bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairuak, aseguru-primak, garbiketaren eta komunitatearen gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenen kuotak, eta kontserbazio- eta konponketa-gastuak), 50 eurotik gorako fakturak (BEZ barne) soilik izango dira diruz laguntzeko modukoak.
c) % 100eraino lagundu ahal izango da diruz hirugarren erakunde batzuek honako hauek egitea: arrazari buruzko ikerketa genetikoak, kontserbazio-programara lotutako jarduerak edo liburu genealogikoak eta hazitarako abereen eta ugalketarako emeen katalogoak editatu eta argitaratzea. Kasu horretan, barruan sartzen dira laginak hartzea, garraioa eta laborategiko analisiak, baita emaitzen ustiapena ere. Ez dira diruz laguntzekoak izango filiazio-analisiak, liburu genealogikoaren ondorioetarako: inskripzioa, kalifikazioa eta filiazioaren kontrola.
d) 81/2015 Dekretuaren eranskineko Euskal Herriko abere-arraza autoktonoen kasuan, % 100eraino lagundu ahal izango dira diruz honako hauek: epaile kalifikatzaileak prestatzea, prestakuntza egiteko lokalaren edo instalazioaren alokairua, prestakuntzako materiala editatu eta banatzea, eta prestatzaileen ordainsariak, bidaia-gastuak, ostatu-gastuak eta mantenu-gastuak barne direla.
8. artikulua.– Ganaduaren kalitate genetikoa edo errendimendua zehazteko proben gastuak.
1.– Ganaduaren kalitate genetiko edo errendimendua zehazteko proben gastuak % 70eraino lagundu ahal izango dira diruz.
2.– Errendimendua kontrolatzeko probak ezarri eta garatzeak dakartzan gastuak ordaintzera bideratuko dira diru-laguntzak, baita arraza garbiak hautatzeko ofizialki onartutako programetarako ere.
3.– Hona hemen diruz lagun daitezkeen jarduerak:
a) Material inbentariagarria, ekipo informatikoak, softwarea eta bulegoko materiala alokatzea, eta balorazio genetikorako testak egiteko lokal edo zentroak alokatzea.
b) Hobekuntza-programa koordinatuko duten langile tekniko eta administratiboak kontratatzea eta haien gastuak estaltzea. Kanpoan gelditzen dira ustiategian laginak hartzera bideratutako langileen kostuak.
c) Genetika departamentu batek hobekuntza, garapen eta eguneratze programa prestatzea, ebaluazio genetikoa eta analisi genetikoak egitea, ekoizpenerako interesgarriak diren markagailu molekularrak aztertzeko edo ekoizpen- edo ugalketa-indizeei eragiten dieten alterazio genetikoak edo kromosomatikoak detektatu eta prebenitzeko. Kanpoan gelditzen dira informazioa jasotzeko, laginak hartzeko, laborategira eramateko eta analisiak egiteko gastuak.
d) Arrazak hobetzeko planetarako hautaketa-proba ofizialak eta testatze zentroetako probak antolatu eta egitea, baita garraio-gastuak eta probetan parte-hartzeak dakartzan gastuak ere.
e) Hobetzeko programetan parte hartzen duten ugalketarako abereen argitalpen eta katalogoak.
f) Hautaketa-probetan parte hartzen duten abereen aseguruak.
g) Galzorian dauden arrazen kasuan, hobetzeko programan deskribatutako germoplasma-bankuak eratzeko eta mantentzeko gastuak.
9. artikulua.– Diruz ezin lagun daitezkeen gastuak.
1.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Elkarte eskatzaileak, zerbitzuak emateagatik edo errentamenduengatik, bera parte den edo bere parte diren beste elkarte batzuei ordaintzen dizkien gastuak. Salbuetsiko dira, eta lagunduak izan ahalko dira, hobekuntza-programaren barruan garatutako zerbitzuei dagozkien gastuak, goragoko edo beheko mailako elkarte batek bakarrik burutu ditzakeenak horretarako ofizialki aitortua den bakarra delako.
b) Elkarte eskatzailearen gobernu-organoetako kideren bat kontratatzeak eragin ditzakeen langileria eta zerbitzu profesionalen gastuak.
c) Autopista eta aparkaleku gastuak.
d) Elkarte eskatzailearen soldatapeko langileen kaleratzeek eta erretiro aurreratuak eragindako kalte-ordainak.
e) Ustiategi elkartuei egindako analisiei dagozkien gastuak.
f) Partaide dituen bigarren mailako edo goragoko elkarteei ordaindutako kuotak.
2.– Dena dela, diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dioten gastuak bakarrik lagunduko dira diruz, behar-beharrezko direnak eta uneko urtean egiten direnak. Laguntzaren ondorioetarako, kanpoan geratuko dira eskumena duen sailaren ustez elkartearen funtzionamendu edo ordezkaritzarako beharrezko edo funtsezko ez diren gastuak.
10. artikulua.– Zenbatekoa zehazteko irizpideak.
Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko –betiere 6., 7. eta 8. artikuluetan ezarritako mugen barruan– irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta azken 2 urteetan sortu berri den elkartea: 5 puntu.
b) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta beren emaitzek arloaren hobekuntzari, garapenari eta modernizazioari ekar diezaieketen abantailak ere. Txosten deskriptiboak baloratuko dira (4. inprimakia): 15 puntu gehienez; hobekien baloratzen den proiektuak 15 puntuak eskuratuko ditu.
c) Elkartea osatzen duten ustiategi edo enpresen tamaina edo bolumena, AzLUtan neurtua (azienda larri unitatea, Batzordearen 2016ko apirilaren 28ko Betearazpen Erregelamenduaren (EB) II. eranskinaren arabera, zeinaren bidez 808/2014 Betearazpen Erregelamendua (EB) aldatzen baita, landa-garapeneko programen aldaketari eta edukiari dagokienez, haien publikotasunari dagokionez eta azienda larrien unitateetarako bihurketa-tasei dagokienez), arrazen informazioko sistema nazionalaren (ARCA) datuen arabera adieraziak: 45 puntu gehienez; hobekien baloratzen den proiektuak 45 puntuak eskuratuko ditu.
d) Euskal Herriko arraza autoktonoa, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzeko entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuaren eranskinean sartuta dagoena: 10 puntu.
e) Galzorian dagoen arraza, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzeko entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuaren eranskinean sartuta dagoena: 5 puntu.
f) Elkartearen zuzendaritza-organoetan emakumeak egotea kontuan hartuko da, Emakume Nekazarien Estatutuan ezarritakoaren arabera.
g) Eusko Jaurlaritzak emandako Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria edukitzea, edota Euskararen Erabilera Plana edukitzea: 5 puntu.
11. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzan abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendariari bidali behar zaizkio, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan aurkeztuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat etorriz, diru-laguntza hauen eskabide-espedienteen izapidetze elektronikoa ahalbidetzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko dira.
3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da gutxienez, deialdi bakoitza argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, elkarte eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoaren arabera.
5.– Eskabide-inprimaki normalizatuak aurkeztuko dira, eranskinean azaltzen direnak; elkarte eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko ditu inprimaki horiek, eta ondoren adierazten den dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira:
a) 1. inprimakia: eskabidea.
b) 2. inprimakia: gastuak. Dagokion ekitaldiaren gastuen aurrekontu zehaztuan, diruz lagun daitezkeen gastuen aurreikuspenaren banakapena sartuko da, bai eta elkartearen aurrekontuaren kopia bat ere.
c) 3. inprimakia: zinpeko deklarazioa; bertan adieraziko dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuei zer eskabide egin zaien –eta zenbatekoak izan diren eskabide horiek–, ustiategi elkartuen zerrenda eta haietako bakoitzak aurreko ekitaldian egin duen ekarpena, bai eta elkartearen xede soziala ere.
d) 4. inprimakia: sozietatearen erabakia eta txosten deskriptiboa; bertan, eskabidea aurkezten den ekitaldian zehar egiteko diren jarduera eta ekimenak zehaztuko dira, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren artikuluetan aurreikusitako diruz laguntzekoak diren gastuen arabera; era berean, bertan adieraziko dira jarduera eta ekimenen datak, giza baliabideak eta baliabide materialak, ustiategi elkartuen kopurua eta zerrenda eta haien ekarpen-kuota, eta diru-laguntzaren beharra eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen beste alderdi guztiak ere.
6.– Txosten deskriptiboan, zenbatekoa zehazteko 10. artikuluan ezarritako irizpideen arabera eskabidea baloratu ahal izateko behar besteko informazioa jaso beharko da.
7.– Eskatzaileak, 5. atalean adierazitako inprimakiekin batera, honako agiriak aurkeztu beharko ditu:
a) Eraketa-aktaren eta estatutuen kopia autentikoa.
b) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia autentikoa.
c) Arraza garbien liburu genealogikoak eramateko elkarteen kasuan, estatu-esparruko federazioak edo konfederazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta bertan azaldu beharko da elkarte hori dela Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean liburu genealogikoa kudeatzeko baimena duen elkarte aitortua.
8.– Eskabidean akatsen bat edo zehaztasunik eza atzematen bada, edo ezarritako betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio ezen, hamar eguneko epean, hutsa zuzen dezan edo beharrezko agiriak aurkez ditzan; eta, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio.
9.– Dena dela, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen diren agiri eta argibide osagarriak eskatu ahal izango zaizkie eskatzaileei.
10.– Eskabidea egiteak berekin dakar eskatzaileak baimena ematen diola abeltzaintza-arloan eskumena duen sailari ogasunaren arloan eskumena duen sailetik eta, hala badagokio, beste zerga-administrazio batzuetatik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik ziurtagiriak eta egiaztapenak jaso ditzan, eskatzailea erakunde horiei dagokienez zer egoeratan dagoen jakiteko xedez. Eskari-egileak baimen hori uka dezake berariaz; halakoetan, ziurtagiria ekarri beharko du, azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzen Lege orokorraren Arautegia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22 artikuluaren arabera.
12. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendariak Balorazio Batzordea izendatuko du; bere zuzendaritzako teknikari mailako hiru pertsonek osatuko dute batzorde hori.
2.– Batzordeko kideak izendatzerakoan kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea eta gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da.
3.– Batzordeak egoki iritzitako pertsonek parte har dezaten eskatu ahal izango du, dauzkaten ezagutza espezifikoengatik, eta, horrela, eskabideak hobeto baloratu daitezen.
4.– Batzordearen eginkizunak izango dira aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, dekretu honen 4. eta 10. artikuluekin bat etorriz. Balorazio Batzordeak diru-laguntzen zenbatekoak zehaztuko ditu lortutako puntuen arabera. Diru-laguntzak eskuratzeko betekizunak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren xede den zenbatekoa baino, Batzordeak zenbateko oso hori onuradunen artean hainbanatuko du, eta hori egingo du proiektuei egokitutako gastuen aurrekontuaren arabera, dagozkion programekin bat etorriz, baldin eta diru-laguntzaren baldintzak, xedea eta helburua aldatzen ez badira.
5.– Era berean, Batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo dio Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendariari. Bertan, ematea proposatzen diren diru-laguntzen zerrenda jasoko da, honako hauek adieraziz: zein den elkarte onuraduna, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak eta zenbatekoa banakatuta; edo, hala badagokio, diru-laguntza ukatuko du, eskabidea egin duen elkartea eta zergatik ukatu den adierazita.
13. artikulua.– Deialdiak.
Xedapen gehigarrian 2017ko deialdiarentzat aurreikusitakoaren kalterik gabe, urtero, eta abeltzaintzan eskumena duen sailburuaren aginduz, dekretu honek arautzen dituen diru-laguntzetarako deialdia egingo da; aginduak finkatuko du ekitaldi horretara bideratutako diru-kopurua, ezarriko du eskabideak aurkezteko epea, eta, beharrezkoa den artean, zehaztuko ditu Emakume Nekazarien Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren ondorioak.
14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.
1.– Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendaria izango da diru-laguntzak kudeatzeko organoa.
2.– Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Prozedura hori ebazteko arduraduna Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendaria izango da.
3.– Emango den ebazpenean zehaztuko da eskatutako diru-laguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; ematekotan, adierazi beharko da zein den erakunde onuradunen izen soziala, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, zer jardueratan parte hartzeko ematen den eta emandako diru-laguntza jardueraka banakatuta. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
4.– Emandako ebazpenak elkarte interesdunek planteatutako gai guztiak erabakiko ditu, eta, hala badagokio, Balorazio Batzordearen proposamenetik kanpo zergatik uzten den arrazoitu beharko du.
5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie elkarte interesdunei. Dena dela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira elkarte onuradunen zerrenda, bakoitzari eman zaion diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako jarduera.
6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko prozedura oro amaiturik izan beharko da, elkarte onuradunei diru-laguntzak emateko eta, egoki bada, ordaintzeko.
15. artikulua.– Ordainketa.
1.– Diru-laguntzak ondoren zehazten den moduan ordaindu beharko dira:
a) Lehenengo ordainketa, emandako zenbatekoaren % 50a, eman dela jakinarazi ondoren egingo da, jakinarazpena jaso eta hilabete igaro ondoren.
b) Gainontzeko zenbatekoa diru-laguntzaren xede diren gastu guztiak behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da, eskabidea egin den ekitaldiaren ondorengo ekitaldiko urtarrilaren 31 baino lehen; eta, horretarako, gastua justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Diru-laguntzak ordaintzeko, amaitu egin beharko da izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro. Ez da ordainketa egingo harik eta elkarte onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete arte, edo itzulketaren bidezkotasuna adierazten duen ebazpen bat tarteko dela zorduna bada.
3.– Diru-laguntzaren likidazioa egiteko eta ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordaintzeko, elkarte onuradunek agiri bidez justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatu dela, baita haren kostua ere, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izaten jarraitzen dutela ere.
16. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan aurreikusitakoak, EAEko Ogasun Orokorra Ordenatzeko Printzipioen Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoak; eta, edonola ere, honako hauek:
a) Zertarako ematen den, horretarako erabiltzea diru-laguntza.
b) Arrazari buruzko araudi espezifikoa eta dagokion administrazioak onartutako hobekuntza-programa betetzea.
c) Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendaritzak eta Europar Batasuneko organo eskudunek egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
d) Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendaritzak, Europar Batasuneko organo eskudunek, Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
e) Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinaraztea bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketak ere.
f) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiola dioen jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean elkarte onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idatziz uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.
g) Elkarte onuradunek jasotako diru-laguntzen eta laguntzen berri eman beharko dute, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutako moduan eta baldintzetan.
h) Elkarte onuradunek behar bezala jakinarazi beharko dute, erregelamendu bidez xedatutako moduan, diru-laguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketa hori publikoa izan dela.
2.– Elkarte onuradunak eskabidea aurkezten den urtean egin beharko ditu diruz lagundutako gastuak, eta, eskabidea egin den ekitaldiaren ondorengo ekitaldiko urtarrilaren 31 baino lehen, Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendaritzari honako agiriak bidali beharko dizkio:
a) Eskabidearekin aurkeztu eta Sailak onetsitako gastu eta sarreren aurrekontua nola gauzatu den zehatz-mehatz azaltzen duen txostena.
b) Fakturak edo ordainagiriak, diru-laguntza onartu den ekitaldiari dagozkionak, eta diru-laguntzaren xedearen gastua egin dela justifikatzen dutenak. Gainera, 2.500 eurotik gorako fakturei banku-ordainagiria erantsiko zaie.
c) Elkartearen plantillako langileen izenen zerrenda.
d) Egindako jardueren txostena.
a), b) eta c) puntuek balioko dute ETE izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren definizioaren arabera.
17. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.
1.– Diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere dekretu honetako 3. artikuluan ezarritako betekizunak errespetatzen badira. Ez-betetzea dagoela ulertuko da aurreikusitako jardueren % 50 egiten ez direnean.
2.– EAEko Ogasun Orokorra Ordenatzeko Printzipioen Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, ezin izango da laguntzaren edo diru-laguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, laguntza edo diru-laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren diru-laguntza gaietan aplikatzekoak diren korrituak galdatzea.
3.– Elkarte onuradunek arau honetan ezarritako betekizunak bete ezean, Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendariak emandako ebazpen bidez, diru-laguntzarako eskubidea galdu dutela adieraziko da; horretarako, aldez aurretik, ez-betetzeari buruzko espedientea bideratuko da, eta, bertan, interesdunari entzungo zaio; era berean, hala badagokio, ezarriko da jasotako diru-laguntzaren printzipala eta diru-laguntza gaietan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzuli beharra, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
18. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Dekretu honetan ezarritako diru-laguntzak ematea bateragarria izango da xedapen honen arabera diruz laguntzekoak diren gastuak ordaintzeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzekin, 702/2014 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako mugetaraino.
2.– Beste diru-laguntza batzuk lortzearen ondorioz diruz lagun daitekeen gehieneko muga gaindituz gero, dekretu honetan araututako diru-laguntzak emateko ebazpena aldatuko da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendariak aldatzeko ebazpena emango du, eta, bertan, emandako zenbatekoak gutxituko dira, elkarte interesdunari entzun ondoren.
19. artikulua.– Datuak babestea.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Produkzioko arraza garbien abeltzain elkarteei zuzendutako diru-laguntzen deialdia egiten da 2017rako, arraza horiek kontserbatzeko, hautatzeko, hobetzeko eta sustatzeko.
2.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio, eta aurrez aurre abeltzaintzaren alorrean eskumena duen sailaren bulegoetan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduetako batean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoarekin bat.
3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, dekretu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.– Elkartearen zuzendaritza-organoetan emakumearen presentziarik bada, 15 puntu emango dira.
5.– Deialdi honetan sartuta dauden diru-laguntzek 2017ko aurrekontu-ekitaldirako 17.1.03.32.0200.1.454.99.71110.002.M aurrekontu-kontsignazioa izango dute, 350.000 eurokoa.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko urriaren 24an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.