EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017209

AGINDUA, 2017ko urriaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko 2018ko ekitaldiko laguntzen deialdia egiteko dena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-10-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201705249
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako Ikerketa-Espazioaren eraikuntzan. Horregatik, sail honek kudeatzen duen ekipamendu zientifikoko laguntzen programarekin aurrera jarraitu behar da.
Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie Euskal Autonomia Erkidegoan horrelakoak behar dituzten talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.
Herri Administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.
Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14.2. artikuluan ezartzen duenaren babespean, deialdi honen izapidetzea elektronikoa izango da.
Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua (2017ko apirilaren 21ko 76 zenbakidun EHAA) kontuan izanik.
Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdi honen xedea da 2018an 18.000 eta 240.000 euro bitarteko kostua (BEZik gabe) duten ekipamendu zientifikoak erosteko diru-laguntzak ematea.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Deialdi honetarako, 200.000 euro erabiliko dira.
3. artikulua.– Erakunde parte-hartzaileak.
1.– Erakunde onuradunak. Deialdiaren entitate onuraduntzat joko da eskabidea aurkezten duen entitatea, baldin eta bere proiektuak gauzatzeko ekipamenduaren beharra egiaztatzen badu. Gainera, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (aurrerantzean, ZTBESren) Erregistroan akreditatuta egon beharko du, –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasota dago erregistro hori–, honako kategoria hauetan:
Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak.
Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak (UPV/EHU izan ezik).
Ikerketa Kooperatiboko Zentroak.
Teknologia-zentroak.
2.– Ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan adierazitako egoeretakoren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
3.– Beste erakundeak. Horretaz gain, eskaerak jaso ahal izango du erakunde laguntzaileen parte-hartzea, zeinek, beraien proiektuetan, eskaeraren helburua den ekipamendua zientifikoa erabiliko duten ikerketa taldeak ekarriko dituzten, erakunde eskatzaileak adierazitako beharra sendotzeko. Erakunde hauek ere aurreko 1. atalean aipaturiko erakunde onuradunen ezaugarri berberak jasoko dituzte.
4. artikulua.– Diruz lagun daitekeena eta ekipamenduen eta proiektuen betekizunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, agindu honen 1. artikuluan definitutako ekipamendu zientifikoak izango dira diruz lagun daitezkeen gastuak, baldin eta inongo zalantzarik gabe behar-beharrezkoak badira eta artikulu honen hurrengo zenbakian zehaztutako epean egiten badira.
Ekipamenduaren eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
2.– Ekipamenduek eskaeran parte hartzen duten erakundeetako ikerketa-taldeen oraingo zein etorkizuneko ikerketa-proiektuak egiteko egokiak eta beharrezkoak izan behar dute. Ekipamendua erabiliko duten proiektuak 2018an eta 2019an garatuko dira, ekipamendua erakunde onuradunean funtzionatzen hasi eta gero.
Ez dira diruz lagunduko deialdi hau ebatzi aurretik eskuratutako ekipamenduen gastuak.
3.– Agindu honen bidez diruz lagunduko diren ondasunak diru-laguntza eman den xede jakinera bideratuko dira, bost urtez, gutxienez, erregistro publikoan inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta bi urtez bestelako ondasunentzat.
4.– Administrazio publikoek espresuki finantzatu behar dizkiete ekipamenduaren erabilerarekin lotuta dauden proiektuak eskabidean parte hartzen duten erakundeei.
Ekipamendua eskatzen den proiektua onartzeko, ezinbestekoa izango da ikertzaile nagusiak eskaeran parte hartzea; gainera, eskaera sinatzen duten gainerako pertsonek ere berariaz lan egin beharko dute proiektuotan.
5.– Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza, eta 18.000 euro eta 240.000 euro artekoa. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.
Ezin izango dira finantzatu firma komertzial bat baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago eskatu.
6.– Agindu honen bidez diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan kontratu txikirako zehaztutako zenbatekoak gainditzen dituenez, arau orokor gisa, onuradunak ekipamendua eskuratzeko hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez eskaeran. Ez du halakorik egin beharko, dena dela, ekipamenduak hornituko dituen erakunde kopuru nahikorik ez badago merkatuan, ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla eta. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da eskaeran.
7.– Ekipamendu bat beste erakunde batekin batera kofinantzatzen bada, hori esleitzeko ebazpenak ekipamendua erosteko zer finantzazio ematen duen adieraziko du. Finantzazio horrek deialdi honetan eskatutakoaren berbera izan beharko du.
8.– 90.000 eurotik gorako ekipamenduak langile espezializatuek erabili behar dituzte, eta zorrotz egin behar dira mantentze-lanak. Hori dela eta, eskaeran parte hartzen duten erakundeek ekipamenduaren ahalik eta eskuragarritasun eta errentagarritasun handiena egiaztatu behar dute. Hori horrela, erabiliko duten langile egokiak eta aseguratuko duen urteko mantentze-kontratua izateko konpromisoa hartuko dute.
9.– Eskaeran erakunde laguntzaile batek parte hartzen badu, eskatutako ekipamenduaren erabilera eskaerako parte-hartzaileen artean kudeatzeko araudi bat aurkeztu beharko da.
10.– Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira ondoko hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko (alegia, erabilera ez-zientifikoko) altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzari, gailu eta tresnak; kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartu egingo dira.
11.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.
5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta horiek zehaztea.
1.– Eskaerako onarturiko zenbatekoa eta finantza daitekeen gehieneko ehunekoa.
1.1 Eskaerako onarturiko zenbatekoa zehaztuko da ekipamenduaren inguruko egiaztaturiko beharrak eta, kofinantziazioa dagoenean, kanpoko erakunde ebaluatzaileak aipaturiko kofinantziazioaren bidezkotasunaren inguruko txostena aintzat hartu ondoren; horren ondoren gainfinantziazioa saihesteko beharrezkoak diren kalkulu aritmetikoak aplikatuko dira.
1.2 Emaitza horri ekipamenduaren zenbateko osoaren araberako ondorengo taulako finantza daitekeen gehieneko ehunekoa aplikatuko zaio.
Diru-kopuru horrek osatuko du diru-laguntzaren zenbatekoa.
2.– Erakunde eskatzaileak deialdi honen bidez jasoko duen laguntza osatzeko kopurua jartzeko konpromisoa hartuko du, harik eta, gutxienez, eskatutako ekipamendurako organo kudeatzaileak onartu duen eskaeraren zenbatekora iritsi arte; zenbateko hori aurreko paragrafoan deskribatu da.
3.– Erosketarekin lotutako zergei edo finantza-gastuei dagozkien kostuak ez dira finantzatuko.
6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.
1.– Eskaeran parte hartzen duen erakunde bakoitzeko (eskatzailea edo laguntzakoa) gutxienez 3 ikertzaile zerrendatuko dira eskaeran. Ikertzaileok, bada, ekipamendu zientifikoa erabiliko den proiektuan/proiektuetan lan egingo duen ikertzaile-taldea osatuko dute.
2.– Tresna erabiliko den proiektuetako ikertzaile nagusiek ekipamendu-eskaeran parte hartu beharko dute, ikerketa-talde eskatzaileetan zein horien talde laguntzaileetan.
3.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetarako eskaera bakarrean parte hartu ahal izango du, dela erakunde eskatzailearen kide gisa, dela laguntza-erakundearen kide gisa. Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonek ezingo dute ekipamenduen eskaeran parte hartu (prestatzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera).
4.– 2017rako eta 2018rako eskatu dituzten edo eman zaizkien beste proiektu batzuetan zenbat orduko lan-konpromisoa duten aitortu beharko dute parte hartzen duten ikertzaileek.
5.– 2017-2018 urteetarako deialdian diru-laguntza bat jaso zuen eskaera batean parte hartu duten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetako eskaera batean parte hartu, ezta aurreko urteetan emandako ekipamendurako diru-laguntzei dagozkien burutu gabeko eginbideak dituztenek ere.
6.– Erakunde eskatzaileak edo laguntzakoak deialdiko eskaerak entregatzeko epea amaitu baino lehen kontratatu behar du ikertzaile bakoitza, 2019ko abenduaren 31ra arteko aldirako, gutxienez, eta ekipamendua erabiliko duten proiektuetan aurreikusitako dedikazioaren berbererako, gutxienez.
7.– Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena, halakorik bada. Gainera, aipatutako obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, argi gelditu dadin nahikoa ordu eskain diezazkiela proiektuetan konprometitutako jarduerei.
8.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Asociate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako langileak direla ulertuko da; betiere, atxikipen-agiria aurkezten badute.
7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Hezkuntza, Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
8. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.
Datuak aipatu gabe uzteak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du, kasua larria bada.
2.– Eskabidea agindu honen I. eranskinaren arabera bete beharko da. Eskaera egiteko inprimakia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ekizien/y22-izapide/eu/
Eskaera hori bi urratsetan egin beharko da:
Lehenik, laguntza eskatuko duen ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko ez bada, edo ziurtapen elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Hori egin eta gero, aipatutako aplikazioan zehaztutako jarraibideei jarraitu beharko die, harik eta eskaera erabat bete arte.
Ostean, eskaera aipatutako aplikazioan bete ondoren eta agindu honen I. eranskinean zehaztutako agiri atxikiak gehitu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du, eta erregistratuta geldituko da. Hala egin ezean, ez da erregistratuta geldituko. Horretarako, erakunde eskatzaileak erakundearen txartela eduki beharko du eskaera elektronikoki sinatzeko edo, bestela, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistroan alta emanda egon beharko du (Agindua, 2012ko abenduaren 14koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena), esteka honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak
3.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia, aipatutako aplikazioan, elektronikoki.
4.– Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpena jaso beharko du: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakia –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartua–; baita diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharretan egunean dagoela dioen adierazpena ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera.
5.– Erakunde batek baino gehiagok erabiliko badituzte ekipamenduok, 3. artikuluan jasotako erakundeak izan beharko dira, eta horietako bat bakarrik izango da eskatzailea; besteak laguntzaileak izango dira. Erakunde eskatzailea eskaeraren koordinatzailea izango da: ekipamendua eskuratzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da, eta administrazioarekin harremanetan egongo da. Berariaz adieraziko da hori eskaeran, bai eta horren alde egingo duten eta, beraz, gailua erabiltzeko eskubidea izango duten erakundeak zeintzuk diren ere.
6.– Diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, erakunde eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari, zuzenean egiazta dezan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak betetzen dituen.
Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.
Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Zorrotz bete beharreko epe bat adieraziko duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebaztea eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:
1.– Diru-laguntzaren eskaerak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileei hauxe eskatuko zaie: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko. Epe horretan ez badute zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezartzen duenaren arabera.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu) argitaratuko da akatsak zuzentzeko jakinarazpena, eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
2.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaltzea, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
10. artikulua.– Hautapen Batzordea. Ebaluatzeko prozedura.
1.– Hautapen Batzordeak egingo du laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpen-proposamena, betiere agindu honetan jasotzen diren baldintzak behar bezala ezartzen direla zainduz, batez ere ebaluatzeko irizpideei dagokienez. Dena den, hori baino lehen, eskaerak izapidetzeko onartzen edo baztertzen diren erabaki behar izango du.
2.– Batzordea honako hauek osatuko dute: Ikerketa Zuzendaritzako titularra, Anaia Esquisabel Alegría, batzordeburua izango dena, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzako titularra,Mirez Artaraz Miñon eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria den Juanjo Ruiz de Mendoza Txabarri.
3.– Proiektuak ebaluatzean bi urrats emango dira: hautapen Batzordeak onartu den eskaera bakoitzaren gaineko txostena egiteko eskatuko dio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Koordinazio eta Ebaluazio Subdibisioari. Azken horrek, hain zuzen, puntuazio bat eman beharko die beheko 11. artikuluan azaltzen diren irizpideei, 7. irizpidea salbuespen moduan hartuz, horrela ezartzen baita proiektuen lagundutako finantzaketaren gaineko hurrengo artikuluan. Irizpide hori Hautapen Batzordeak baloratuko du. Bi ebaluazio horien ondorioz puntuazio orokorra aterako da.
11. artikulua.– Ebaluatzeko irizpideak.
1.– Diru-laguntzak ebazteko proposamena egite aldera, Hautapen Batzordeak irizpide jakin batzuk hartuko ditu kontuan linea bakoitzerako, eta eskaeren lehentasunaren arabera aplikatuko ditu horiek ebaluatzean, hautatzean eta antolatzean:
2.– Salbuetsitako irizpideen balorazioa.
Zerrenda horretako 7. irizpidea (eskatutako ekipamenduen lagundutako finantzaketari buruzkoa) baloratzeko, eta erakunde ebaluatzailearen bidezkotasunari buruzko informazio aintzat hartuta, Hautapen Batzordeak honako datu hauek erabiliz aztertuko du irizpide horren balioa:
Kofinanziazio- irizpidearen balioa = [(Kofin.– koef.)/0,80]*10, (gehienez 10 puntu). Azalpena:
– Kofinatziazio-koefizientea = ekipamenduaren lagundutako finantzaketa, onartuta badago/eskatu den ekipamenduaren zenbateko garbia.
3.– Ebaluatzeko sistema homogeneo bihurtzeko eta irizpideak aplikatzean modu objektiboagoan jardun ahal izateko, deialdiaren II. eranskinean jasotzen dira irizpideak zorrotz baloratzeko alderdien xehetasunak, ebaluatzaileek lagungarri izan ditzaten. Horrela, ebaluatzeko prozedura gardenagoa izango da.
4.– Puntuazio orokorrean berdinketa gertatzen bada, honako urratsak emango dira: 1. irizpidean puntuazio altuena lortu duenak izango du lehentasuna, eta hala ere berdinketa badago, 5. irizpidean puntuazio altuena lortu duenak izango du lehentasuna. Horrela ere berdinketa badago, eskaerak betetzeko aplikazioak ausaz eskaera bakoitzari ematen dion zenbakia hartuko da kontuan, goranzko joerarekin. Zenbaki hori berariaz agertuko da aplikazio telematikoak sortzen duen eskaeraren inprimakian.
12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Hautapen Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaeren ebaluazioa oinarri hartuta. Diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eta eskaera bakoitzak balorazio-fasean lortu duen puntuazio orokorraren araberako lehentasun-ordenari jarraikiz zehaztuko dira. Diru-laguntzaren zenbatekoa 5. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz esleituko da, horretara bideratutako kreditu erabilgarria agortu arte, 2. artikuluaren arabera.
2.– Ebaluazioan gutxienez 50 puntu lortzen dituzten eskaerak soilik joko dira finantzagarritzat.
3.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendua eskuratzeko beste erakunde publiko baten kofinantzaketa badago, lehia bidezko deialdi bidez irmoki esleituta, esleituko den zenbatekoa Hautapen Batzordeak ekipamendurako onartutako kostuari beste erakunde horrek emandako diru-laguntzaren zenbatekoa kenduta ateratzen den emaitza baino txikiagoa izango da.
13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo uko egitea.
1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio, eta azken horrek esleitu edo, hala badagokio, ukatu edo baztertu egingo du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie.
2.– Onartzen den eskera bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:
– Eskabidearen kodea.
– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.
– Erakunde onuraduna.
Finantzatutako eskaeretarako:
– Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.
– Deialdiaren bidez esleitzen den laguntzaren zenbatekoa.
– Erakunde laguntzailea, badagokio.
Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako:
– Ez finantzatzearen edo bazter uztearen zergatia.
3.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu/) argitaratuko da ebazpena, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaltzea, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.
4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.
Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabideak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira. Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ebazteko epe hori eten ahal izango da ebaluazioak irauten duen bitartean.
5.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (9.2 artikulua) ebazpena argitaratzen denetik hasita 10 egun naturaleko epean erakunde onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da. 15.3artikuluan gastua gauzatzeko eta 16. artikuluan diru-laguntzaren erabileraren jarraipena egiteko ezarritako epeak kontatzen hasiko dira diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera.
6.– Modu berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 ezarritakoaren arabera, 2007ko martxoaren 27ko Gobernu Kontseiluaren erabakiarekin loturiko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan jasotzen den izaera publikoko diru-laguntzen publikotasun egokia egiteko, organo kudeatzaileak diruz lagundu diren eskaeren zerrenda publikatzeari ekingo dio EHAAn, ebazpena irmo bihurtu ondorengo hilabetean.
14. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna / bateraezintasuna.
Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste finantza-erakunde batzuek eman ditzaketenekin. Onuradunak beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdi batean parte hartu badu eta ekipamendu beraren erosketa zati batean finantzatu bada, gelditzen den zatia finantzatu ahal izango da deialdi honen bidez. Nolanahi ere, finantzaketa osoak ezingo ditu eskatutako beharrak gainditu. Gainfinantzaketarik atzemanez gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.
15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.
1.– Agindu honek garatzen duen diru-laguntzaren ordainketa bi momentutan gauzatuko da: onartu den zenbatekoaren % 75a 2018.urtean zehar gauzatuko da eta % 25a 2019.urtean, beti ere erakunde onuradunak 16.2 artikuluan deskribatzen den jarraipena eta zuribiderako dokumentazio eman ondoren.
2.– 13.5 artikuluaren arabera diru laguntza onartu ostean, zenbatekoaren % 75aren ordainketa egin ahal izango zaio jarraian zehazten den moduan:
2.1.– Diru-laguntzaren % 75ko ordainketa hori erosi aurretik edo ondoren egin ahal izango da.
2.2.– Aurreordainketa ebazpenaren ondorengo hiru hilabeteetako aldian egingo da, agiri hauek aurkeztu eta gero:
– Erosketa egin aurretiko proformako faktura, ebazpenean adierazten den ekipamendua jasotzen duena.
– Firma komertzial bati ekipamendua erosteko eginiko eskaera formala.
– Erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako ziurtagiria, diru-laguntza osatzeko beharko litzatekeen zenbatekoa eskuratzeko modua baduela adierazten duena, baldin eta ekipamenduaren kostu osoa jasotako diru-laguntza baino handiagoa bada.
2.3.– Ordainketa aldez aurretik egin ez bada, erosketa-faktura aurkeztu ondoren egingo da.
3.– Edonola ere, diru-laguntzak xede duen gastua 2018ko abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharko da.
4.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzulketen sistema orokorra arautzen du, eta hura kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen ditu.
5.– Erakunde onuradunak egunean egon beharko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari dagokionez; horrez gain, diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izan beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren arabera.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren erabileraren jarraipena.
Diru-laguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, diru-laguntza erabiltzeko edo gauzatzeko fasea hasiko da, baita jarraipena egitekoa ere. Horretarako, erakunde onuradunak honako agiri hauek entregatu beharko ditu bide telematikozko aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin, adierazten diren epeetan:
1.– Diru-laguntza onartu zenetik (13.5. artikulua) zazpi hilabete igaro baino lehen, finantzatutako ekipamendu zientifikoaren erosketaren jatorrizko fakturak. Behin laguntzen organo kudeatzaileak zigilatu ostean, erakunde onuradunari itzuliko zaizkio. Ebazpenean aipatzen den ekipamenduaren deskribapena jaso beharko da fakturetan.
2.– Ebazpena onartu eta urtebete igaro ostean, eskuratutako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruzko txostena; txosten horrek, gutxienez, atal hauek jasoko ditu:
a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.
b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.
c) Laguntzako beste erakunde batekin partekatutako eskaera bat bada, talde eskatzaileen artean ekipamendua batera erabiltzeko programa.
3.– 15.3 artikuluan adierazitako epea amaitu baino lehen, eta deialdian aurreikusitako epeei dagokienez atzeratu egingo bada diruz lagundutako ekipamenduaren erosketa (salbuespenezko kasuetan), erakunde onuradunaren legezko ordezkariak gastua egiteko luzapena eskatu ahalko dio Ikerketa Zuzendaritzari –gehienez 3 hilabeteko luzapena–, betiere, luzapen hori eskatzeko dituen arrazoiak behar bezala egiaztatuta. Horretarako arrazoiak honako hauek soilik izan daitezke:
a) Diruz lagundutako ekipamendua instalatu eta martxan jartzeko beharrezkoak diren aurretiko lanak.
b) Hirugarrenen prozedura juridikoek eragindako atzerapenak ekipamendu beraren beste kofinantzaketa-prozedura posible batzuetan.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:
1.– Entitate onuradunak, talde ikertzailearen bitartez, Agindu honetan jasotzen denaren eta Ikerketa Zuzendaritzaren ildoen arabera egingo ditu gastuak, Diru-laguntzari egotzitako gastu orok behar bezala justifikatuta onartu den ekipamenduaren arabera.
2.– Dagozkien fakturek eta merkataritza-balioa duten agiriek egiaztatuko dute gastua. Dokumentu original hauek entitate onuradunak artxibatuko ditu, eta diru laguntza kudeatzen duen organoak egin nahi duen edozein egiaztapenerako eskuragarri izango ditu, batez ere 16.4 artikuluarekin lotuta egon daitekeena.
3.– Entitate onuradunek zaindu behar izango dituzte diru laguntzaren helburua diren fakturak eta egindako gastuen gainerako agiri guztiak, 15.2 edota 15.3 artikuluena araberako emate- datatik hasita eta gutxienezko bost urteko epean. Modu beran, entitate onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar die erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.
4.– Diru-laguntzaren eskaera aurkezteaz batera, erakunde eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiaztatu dezan 15.5 artikuluan jasotako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta dituela.
Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, aurreko atalean aurreikusitakoak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
5.– Erakunde onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza jaso dela adierazi beharko da, diru laguntzen izaera publikoaren publizitate egokiari buruz Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak jasotakorekin bat etorriz.
18. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Ikerketa Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak, honela:
– Diru-laguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa aldatu eta murriztu egingo da. Justifikatu ez den gastuaren zenbatekoan murriztuko da laguntza.
– Ebazpena eman ostean kofinantzaketaren bat lortu bada, eta, beraz, kofinantzaketa hori ebazpenean kontuan hartu ez bada, ebazpenaren zenbatekoa aldatu eta murriztu egingo da. Kofinantzaketa berri horren zenbatekoan murriztuko da laguntza.
Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik esleitu den diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen indibidual baten bidez jakinaraziko du.
19. artikulua.– Diru-laguntza itzuli behar izateko edo laguntzarako eskubidea galtzeko kausak.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion lege-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, jarraian adierazitako ez-betetzeak egiaztatzen badira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
1.– Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen erregimena aplikatuko da, alegia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa, horren bitartez onartu da-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, honako hauek diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo diru-laguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:
2.1.– Ikertzaile nagusiak edo diru-laguntza eskatu duen erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak ekipamenduari uko egiten badiote, edo ikertzaile nagusia jatorrizkoaz bestelako erakunde batera joaten bada, edo EAEtik kanpo lanera joaten bada, emandako ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza arriskuan jarriz.
2.2.– Talde bera osatzeko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ekipamenduaren aldaerak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.
2.3.– Diru-laguntza emandakoaz bestelako ekipamendu bat ordaintzeko erabiltzen bada, deialdiaren organismo kudeatzailearen baimenik gabe.
2.4.– Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agirien ez-betetze astuna egitea (osorik edo zati batez).
2.5.– Diru-laguntza agindu honetan ezarritako epeetan justifikaziorik gabe ez erabiltzea.
2.6.– Agindu honetko 17.5 artikuluan jasotzen den Laguntzen izaera publikoaren hedatze-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluarekin bat etorriz.
2.7.– Datuak ezkutatzea (arau-hauste astuna bada), datuak aldatzea edo edozein manipulazio egitea.
20. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena Ikerketa izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Ikerketa Zuzendaritza da. Ikerketa Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, aurkeztutako agiriak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egokia egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzen ebazpena.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 24a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA
1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:
a) Nortasuna: erakunde eskatzailearena, sinadura elektronikoaren bidez; ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren bidez; eta laguntza-erakundeena, IFKren bidez.
b) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.
c) Ikerketa-taldeak, eskatutako proiektuaren aldi berean, parte hartuko duen ikerketa-proiektuen zehaztu behar dira (aktibo daudenak edo eskaera-fasean daudenak), bai eta ekipamendua erabiliko den proiektuena ere.
d) Ekipamendu zientifiko bera erosteko beste erakunde batzuen finantzaketari buruzko informazioa, erakunde finantzatzailea eta eskatutako kopurua adierazita, edo emandakoa, dagoeneko eman bada.
e) Eskatutako ekipamenduaren ezaugarri tekniko eta ekonomikoei buruzko informazioa.
f) Kofinantzazioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (diru-laguntzei lotutako zehapen-prozedura desgaitzailea), 3.3 artikuluaren arabera.
g) Erakunde eskatzailearen adierazpena, hauei buruzkoa:
Ekipamendurik dagoen edo ez ingurune fisikoan.
Ekipamenduaren erosketan, onuradunari dagokion zatia ordaintzeko konpromisoa, 6. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, baldin eta diru-laguntza ematen bada.
Erakundearen konpromisoa, 90.000 euroko edo gehiagoko ekipamendua operatzeko eta mantentzeko. Konpromiso honetan, adierazi beharko du ekipamendua operatzeko zein sistema erabiliko duen (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko zein sistema erabiliko duen, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errendimendua ahalik eta handiena dela ziurtatuz.
2.– Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira.
2.1 Agiri teknikoak:
Agiri administratiboetatik bereiztuta, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, agiri teknikoek barne hartzen dute aurkezturiko proposamen zientifikoari buruzko ebaluazio teknikoa egiteko erabiliko den informazioa:
a) Proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatuko duen memoria teknikoa. Orain arte erabili izan diren ekipamenduen ordez orain eskatzen diren teknika eta tresna horiek zergatik diren beharrezko azaldu behar da, beraz. Proiektuetako bakoitzaren deskribapena (edo, gutxienez, ekipamenduaren erabileraren % 70 daukatenen deskribapena). Erabiltzen dituzten teknologia alternatiboak zehaztu behar dira, eta eskatutako ekipamenduak ekarriko lituzkeen onura eta abantailak azaldu. Ekipamendu zientifikoaren eta haren osagaien balorazio ekonomikoa.
b) Ikerketa-taldeko ikertzaile bakoitzaren curriculum vitae laburtua (deialdiaren datatik azken sei urteei dagokiena). Ikertzaileak sinatu beharko du dokumentuaren orri bakoitza. Ezaugarri horiek dituzten CVak bakarrik hartuko dira aintzat, eta halakoak betetzen ez badituzte, akatsak zuzentzeko errekerimendua egingo zaie.
c) Kofinantzatutako ekipamenduaren ebazpenaren kopia, hala dagokionean (eskaeran jasotako kofinantzazioak aintzat hartuko dira soil-soilik baldin eta ebazpena eman baino lehen organo kudeatzaileari aurkezten bazaio horien eskaeraren kopia eta emate-agiriaren kopia. Erakunde eskatzaileek, beraz, arreta berezia jarri beharko diote puntu honi).
d) Eskatutako ekipamenduaren proformako fakturak, gutxienez hiru firma komertzial ezberdinek emandakoak, 8.6 artikuluaren arabera, edo ezintasunaren justifikazioa.
e) Proposamena ezaugarri teknikoen arabera ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.
2.2.– Administrazio-agiriak:
f) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2018-2019 aldian aktibo dituen proiektuei zenbat denbora eskainiko dien, kofinantzatutako proiektua barne, eta bakoitzak eskatutako proiektuari zenbat denbora eskainiko dion, 6.2 artikuluaren arabera.
g) Parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak erakunde eskatzailean edo laguntzailean duen egoera laboralaren inguruko dokumentazioa (Gizarte Segurantzaren IDC delakoa edo antzekoa), datu hauek zehaztuta: kontratuaren hasiera eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazioa. Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, 6.4 eta 6.5 artikuluen arabera.
h) Ikerbasquek kontratatu badu, zentro eskatzaileari atxikitzeko agiria, 4.7 artikuluaren arabera.
i) Parte hartzen duten erakundeetan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: ekipamendu horien erosketako fakturak, egungo egoera, ekipamenduaren azken urteko erabileraren estatistika (erabileraren erregistroko liburuxkarekin bat) eta aurrekoarekiko ekipamendu berriak zer abantaila duen.
j) Eskaeran laguntza-erakunde batek parte hartuko badu, erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, sail honek abalaturik eta erakunde onuradunak sinaturik, eta araudi horrek bermatuko du ekipoaren erabilera beste ikerketa-talde batzuekin partekatuko dela.
k) Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 17.3 artikuluan aipatutakoak, betiere organo kudeatzaileari egiaztapen automatikoa egiteko baimenik eman ezean, 8.7 artikuluan aurreikusi bezala.
l) Irizpide administratiboen arabera proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazio administratiboa.