EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017209

AGINDUA, 2017ko urriaren 20koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Barakaldoko udalerriko Urban Galindon, 72 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

Xedapenaren data: 2017-10-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201705247
Maila: Agindua
GERTAKARIAK
1.– Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.
2.– Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkariaren 2017ko uztailaren 21eko Ebazpenaren bidez babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du Barakaldoko udalerriko Urban Galindo. El Carmengo 72 babes ofizialeko etxebizitzako sustapenak. Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (VISESA) baltzu publikoak sustatzen du, eta, EB2-1118/17-LC-000 da bere espediente zenbakia. Etxebizitza horietako 3, hiru logelakoak, 110,24 m²-ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 69 etxebizitzetatik, 20 bi logelakoak dira, eta 58,71 m² eta 70 m² bitarteko azalerak dituzte; 48 hiru logelakoak dira, eta 73,53 m² eta 75,85 m² bitarteko azalerak dituzte; etxebizitza bat lau logelakoa da, eta 110,08 m²-ko azalera dauka. Etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio honako agindu hau ematea, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera (agindua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa).
2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.
3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.
4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.
5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ezean.
6.– Agindu horretan honako hau ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela.
7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
8.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan zazpi kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu.
Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barakaldoko udalerriko babes ofizialeko 72 etxebizitzen esleipenari hasiera ematea; udalerri hori Bilbao Metropolitanoko eskualde egituran kokatzen da.
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.
Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsonek edo bizikidetza unitateek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.
Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Bilbao Metropolitanoko eskualde egiturako udalerrietako bat izan beharko da.
Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean urte beteko antzinatasunez erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, agindu hau argitaratzen den datan.
Seigarrena.– 2016. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituak edo desgaitu psikikoek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea. Genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko.
Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan erosketa-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2017ko azaroaren 20a eta abenduaren 1a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:
– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao.
– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 5. solairua, 48011 Bilbao.
Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 3, 110,24 m² azalera dutenak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude, etxebizitzak hiru logelakoak dira. Etxebizitza horiek, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza unitateen artean, esleituko dira.
Etxebizitza horiek honako ordena honetan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.
Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko 69 etxebizitzetatik 20 bi logelakoak dira, eta 58,71 m² eta 70 m² bitarteko azalerak dituzte; 48 hiru logelakoak dira, eta eta 73,53 m² eta 75,85 m² bitarteko azalerak dituzte; etxebizitza bat lau logelakoa da, eta 110,08 m²-ko azalera dauka. Etxebizitza horiek, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta esleituko dira.
Hamargarrena.– Honako agindu hau argitaratu ondoren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroari jakinarazitako bizikidetza unitateen aldaketak ez dira kontuan hartuko, egun hori baino lehen eman badira ere, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen honakoa salbu: matrimonio bidez elkartuta edo Elkarketa Zibilen Erregistroan inskribatuta dauden pertsonek babes ofizialeko etxebizitza eskuratzekotan elkarrekin izan beharko duela.
Hamaikagarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.
Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak agindu horretako 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
Hamabigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Hamairugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 20a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.