EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017209

239/2017 DEKRETUA, urriaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Araba Logística S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan harpidetze-eskubide berria erabiltzeko baimena ematen diona.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700239
Xedapenaren data: 2017-10-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201705243
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/10/19an argitaratutako 2017/10/17ko 201700233 DEKRETUA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7.1 artikuluaren arabera lurreko garraioaren arloan dituen eskumenak erabiliz, eta horrekin bat, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari esleitzen dio merkantzien eta bidaiarien garraioen plangintza eta antolamendua, bai eta garraioen inguruko jarduera lagungarri eta osagarriena ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoan garraioaren logistika-politikak garatzea.
Alfredo Pérez Ávila jaunak –Bilboko Elkargoko notario denak– 2003ko otsailaren 13an egindako 473 protokolo-zenbakidun eskrituraren bitartez eratu zen «Araba Logística, Sociedad Anónima» izeneko merkataritza-sozietatea, sozietate anonimo gisa, hasierako bazkideak honakoak zirela: Álava Agencia de Desarrollo S.A., Araba Gertu S.A. eta Acesa Promotora Logística S.A.
Jarduera logistikoetarako eta zerbitzu komunak emateko eraikinak altxatu, urbanizatu, garatu eta ustiatzea da sozietatearen xedea, hain justu ere aipatu obra eta zerbitzuen planifikazioa, laguntza teknikoa, kudeaketa, antolamendua, koordinazioa, zuzendaritza, mantentzea eta kontserbazioari dagokionez, zuzenbidean onartutako edozein eratako kontratupean. Halaber, garraio- eta komunikazio-azpiegituren obra eta zerbitzuei atxikitako zerbitzu-guneak kudeatu, mantendu eta ustiatzen ditu.
Fernando Ramos Alcázar jaunak –Bilboko Elkargoko notario denak– 2004ko apirilaren 20an egindako 1519 protokolo-zenbakidun eskrituraren arabera, Álava Agencia de Desarrollo S.A. merkataritza-konpainiak honakoak saldu eta transmititu zizkion Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari: Araba Logística S.A. sozietatearen hamar mila akzio izendun, 11.001etik 21.000ra zenbakituak (biak barne), bakoitza hogeita hamar (30,00) euroko balio nominala zuena, guztiak ere ordainduak, guztira hirurehun mila (300.000,00) euro egiten zutenak.
Adostutako gehikuntza egin aurretik, sozietatearen kapitala milioi bat eta bost (1.000.005,00) eurokoa da, 7,5 euro balio nominaleko ehun eta hogeita hamahiru mila, hirurehun eta hogeita hamalau (133.334) akzio izendunez osatua; akziook 1etik 133.334rako (biak barne) zenbakitze korrelatiboko serie bakarra egiten dute, eta kapital guztia harpidetu eta ordaindu da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak harpidetutako akzioek laurogeita hemeretzi mila, bederatziehun eta laurogeita hamazazpi euro eta berrogeita hamar zentimo (99.997,50) egiten dute, eta hori kapital sozialaren % 10 da.
Egun, sozietateak bost bazkide ditu:
– Kartera 2 S.L.U., 58.649 akzioren titularra, hau da, eskrituran jasota dagoen kapital sozialaren % 43,99rena.
– Merlin Parques Logísticos S.A., 58.649 akzioren titularra, hau da, eskrituran jasota dagoen kapital sozialaren % 43,99rena.
– Álava Agencia de Desarrollo S.A., 2.601 akzioren titularra, hau da, eskrituran jasota dagoen kapital sozialaren % 1,95ena.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, 13.333 akzioren titularra, hau da, eskrituran jasota dagoen kapital sozialaren % 10ena.
– Erriberabeitiko Udala, 102 akzioren titularra, hau da, eskrituran jasota dagoen kapital sozialaren % 0,07rena.
Sozietateak 2017rako dituen diruzaintza-aurreikuspenen arabera, sozietatearen akziodunen batzarrari proposatuko zaio zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000,00) euroko kapital-gehikuntza egiteko erabakia har dezan (aurrerantzean, Gehikuntza), deialdia eginez ehun mila (100.000) akzio jaulki eta zirkulazioan jartzeko; akziook modu korrelatiboan zenbakituta egongo dira 133.335etik 233.334ra (biak barne), bakoitzak 7,5 euroko balio nominala izango du eta lehendik dauden akzioen mota berekoak izango dira.
Akzio berriak 250.000 euroko guztizko jaulkipen-prima izango dute, hau da, jaulkiko diren 100.000 akzio berrietatik 2,5 euroko jaulkipen-prima akzio bakoitzeko.
750.000 euroko kapitalaz eta 250.000 euroko jaulkipen-primaz onartu zen Gehikuntza, hau da, guztira 1.000.000 euroko ekarpena egitea onartu zen; lehenengo errondan, gehikuntza honetara etorri diren bazkideek 292.650 euro jarri dituzte kapital gisa, eta 97.550 euro jaulkipen-prima modura, eta, beraz, guztira 390.200 euroko ekarpena egin da.
2017ko urriaren 17an, Gobernu Kontseiluak baimena eman zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak parte har dezan Araba Logística S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan, Araba Logística S.A.ren diruzaintza-aurreikuspenen arabera, hirurogeita hamabost mila (75.000,00) euroko balio nominal eta hogeita bost mila (25.000,00) euroko jaulkipen-primako ekarpena eginez, hau da, ehun mila (100.000,00) euroko ordainketa, guztira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Araba Logística S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen dion urriaren 17ko 233/2017 Dekretua 2017ko urriaren 19ko EHAAn argitaratu zen.
Álava Agencia de Desarrollo S.A. eta Erriberabeitiko Udalak ere Gehikuntzaren lehenengo errondan parte hartu dute garaiz eta behar bezala, 2017ko irailaren 11n akziodunen batzar nagusiak onartutako modu eta baldintzetan, eta, lehentasunezko harpidetze-eskubidea erabiliz, akzio guztiak harpidetu eta ordaindu dituzte.
Merlin Parques Logísticos S.A.k ez du harpidetu Gehikuntzan zegozkion 43.990 akzioetatik bat bera ere, eta, beraz, ez da azaldu gehikuntzaren lehen errondan. Kartera 2 S.L.U.k zati batean hartu du parte lehenengo erronda honetan, hau da, Gehikuntzan zegozkion 43.900 akzioetatik 27.000 akzio harpidetu eta ordaindu ditu garaiz eta behar bezala. Hori guztia aintzat hartuta, Merlin Parques Logísticos S.A.k eta Kartera 2 S.L.U.k ez dute eskubiderik izango Gehikuntzaren bigarren erronda batean parte hartzeko, eta, beraz, ezingo dituzte harpidetu lehen errondan harpidetzeke eta ordaintzeke geratu diren akzioak.
Horrenbestez, ikusita akziodunek gaurdaino harpidetu duten akzio-kopurua, Gehikuntza ez da guztiz bete, oraindik 60.980 akzio geratu baitira harpidetu gabe, eta, beraz, 457.350,00 euroko kapitala eta horri lotutako 152.450 euroko jaulkipen-prima geratu dira harpidetu gabe; guztira, 609.800 euroko ekarpena geratu da egin gabe.
Administrazio-organoaren 2017ko uztailaren 28ko txostenean ezarritakoaren arabera –2017ko irailaren 11ko Batzar Nagusiak onartua–, epe berri bat irekitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Álava Agencia de Desarrollo S.A.k eta Erriberabeitiko Udalak lehentasunezko eskubide berri bat erabil dezaten hasieran harpidetu ez diren gainerako 60.980 akzioen gainean; akzio horiei dagokienez, akzio bakoitzeko 7,5 euro balio nominaleko ekarpena eta 2,5 euroko jaulkipen-prima eskatuko da.
EAEko Administrazioak garraio-sektorearen logistika-zentroak sustatzeko duen politikari jarraituz, egokitzat jotzen da Araba Logística S.A. sozietatearen aipatu kapital-gehikuntzan parte hartzea, eta ez dago aldaketarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kapital sozialean duen partaidetza-portzentajean, hau da, % 10 izaten jarraitzen du, betiere Euskadiren Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110. artikuluak ezarritako prozeduraren arabera.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko urriaren 24an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea kapital-gehikuntzan harpidetze-eskubide berria erabiltzeko, Araba Logística S.A.ren diruzaintza-aurreikuspenen arabera, 30.000 akzio erosteko berrehun eta hogeita bost mila (225.000,00) euroko balio nominalez eta hirurogeita hamabost mila (75.000,00) euroko jaulkipen-primaz, guztira hirurehun mila (300.000,00) euro ordainduz. Akzio berriak harpidetu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetza % 22,857koa izango da.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari baimena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, akzioak harpidetu eta estaltzeko beharrezkoak diren ordainketak eta ekarpenak egiteko, kapital-gehikuntzak gizarte-estatutuetan eragiten duen aldaketa onartzeko, bai eta, orokorrean, aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren gainerako jarduketak gauzatzeko ere.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko urriaren 24an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.