EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017209

115/2017 EBAZPENA, urriaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki hau argitaratzea xedatzen duena: Erabakia, zeinaren bidez ebazten diren Euskadiko Industrialdeetan 2017ko ekitaldirako belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautzen eta deitzen duen Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko ekainaren 27ko Aginduaren barruan aurkeztutako eskaerak.

Xedapenaren zenbakia: 201700115
Xedapenaren data: 2017-10-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201705242
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/07/10rean argitaratutako 2017/06/27ko AGINDUA [201703465]

Gobernu Kontseiluak, 2017ko urriaren 17an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen: Erabakia, zeinaren bidez ebazten diren Euskadiko Industrialdeetan 2017ko ekitaldirako belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautzen eta deitzen duen Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko ekainaren 27ko Aginduaren barruan aurkeztutako eskaerak; eta horri beharrezko zabalkundea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea honako erabaki hau: Erabakia, zeinaren bidez ebazten diren Euskadiko Industrialdeetan 2017ko ekitaldirako belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautzen eta deitzen duen Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko ekainaren 27ko Aginduaren barruan aurkeztutako eskaerak. Eranskinean jaso da.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 17a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK URRIAREN 17AN EMANDAKO 115/2017 EBAZPENARENA
ERABAKIA, Gobernu Kontseiluarena, 2017ko urriaren 17koa, zeinaren bidez ebazten diren Euskadiko Industrialdeetan 2017ko ekitaldirako belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautzen eta deitzen duen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko ekainaren 27ko Aginduaren barruan aurkeztutako eskaerak.
2017ko ekainaren 27ko Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautu eta horiek deitzen dituena, 2017ko ekitaldirako.
Agindu honen xedea da jarduera ekonomikoak, ahal dela industrialak, hartzen dituzten edo hartzea aurreikusita duten Euskadiko gune geografikoetan banda zabal ultraazkarreko sareak hedatzeko laguntzak arautzea, gune horiek «NGA gune zuritzat» hartzen badira, hau da, NGA Banda Zabaleko baldintzetan Interneten sartzeko zerbitzuak ahalbidetzeko telekomunikazioen azpiegiturarik egon ez eta datozen 3 urteetan egotea espero ez den guneak.
Deialdian xedatutakoarekin bat eginda, aipatu xedera zuzendutako baliabide ekonomikoak 8.739.848,10 euro dira, honela xehatuta:
– 8.200.000,00 euro, konektibitate behar oso handia duten industrialdeetarako (1. lotea), guztiak ere Telekomunikazioetako eta Informazio Gizarterako Estatu Idazkaritzak Gune Zuri moduan sailkatuta 2017ko ekitaldirako.
– 539.848,10 euro, konektibitate behar handia duten industrialdeetarako (2. lotea), guztiak ere Telekomunikazioetako eta Informazio Gizarterako Estatu Idazkaritzak Gune Zuri moduan sailkatuta 2017ko ekitaldirako.
Laguntzen programan ezartzen denaren arabera, aipatu Aginduan adierazitako diru laguntzen onuradunak izan daitezke sektore pribatuko pertsona fisikoak edo juridikoak, behar bezala gaitutako operadorearen izaera badute, Telekomunikazioei buruzko 9/2014 Lege Orokorraren, maiatzaren 9koaren, 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta 2017ko ekitaldirako Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautu eta deitzen dituen Aginduan eskatutako gainerako betekizunak betetzen badituzte.
Espedientean dauden Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizartearen Zuzendaritzaren Memorian eta ebaluazio organoaren 2017ko irailaren 27ko aktan honako ohar hauek jasoarazten dira:
– Laguntzen programan sartutako bi loteetarako (1. lotea eta 2. lotea) eskariak aurkezteko epea amaitu eta gero, eskari bakarra aurkeztu da, Telefónica de España SAU entitatearena, 1. lotearen hedapena egiteko.
– Aurkeztutako eskaintza bakarrak agindu arautzailean ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen ditu, guztira 83 punturekin.
– 1. lotearen behin-behineko balorazioaren proposamena onartu eta gero, Telefónica de España, SAU berari jakinarazi zitzaion, komenigarritzat jotzen zituen alegazioak aurkezteko 10 eguneko epearekin. Alegazioen epearen barruan, Manuel Angel Alonso Perezek, PEBA 00002-2017 espedientearen ondorioetarako Telefonicak ahalorde notarial bitartez balioztatutako ordezkari moduan, izenpetutako idatzia jaso zen.
– 1. lotea behin-behinean Telefónica de España SAUri esleitzeko proposamena 2017ko irailaren 27ko datarekin onartu eta gero, Ebaluazio Organoak esleipenaren behin-behineko proposamena behin betiko proposamen moduan jaso eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari bidali zaio, Gobernu Kontseilura jaso dezan. Behin betiko proposamenean ezartzen da:
1) Onartutako laguntzen zenbatekoa 7.977.068,10 euro da, aurkeztuta eta onartutako 8.863.409,00 euroko aurrekontuaren % 90.
2) Laguntza hori 1. lotean sartutako industrialdeen zerrendan aurkeztutako proiektuak gauzatzera zuzenduko da (146 industrialde), konektibitate behar oso handia duten industrialdeen lotekoak, amaierako erabiltzaileko gutxienez 300 Mb simetrikoko abiadurak lortu ahal izateko NGA sareak ezartzeko, erabiltzaileengandik hurbilen dagoen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta Industrialde horiek Agindu arautzailearen II. eranskinean eta Ebaluazio Organoaren aktan adierazitakoak dira.
Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI), Erakunde Laguntzailea den heinean, agindu arautzailearen 16.2.d) artikuluaren arabera, proiektuak gauzatu direla egiaztatzeko ikuskapenak egingo ditu, bereziki aipatu aginduaren 5. eta 6. artikuluetan aipatzen diren zerbitzuaren baldintza teknikoen gainean, handizkako zerbitzuei dagokienez.
2017ko ekitaldirako Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautu eta deitzen duen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko ekainaren 27ko Aginduaren 31.1 artikuluak xedatzen duenez, aurkeztutako eskariak prozedura bakarrean tramitatuko dira, eta horren ebazpena Gobernu Kontseiluari dagokio, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eskatuta, zeinak ebaluazio organoak formulatutako proposamena helaraziko dion.
Horren guztiaren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, eta dagokion bezala eztabaidatu ondoren, Gobernu Batzordeak hauxe erabaki du:
ERABAKIA
«Lehenengoa.– Telefónica de España SAUk aurkeztutako proiektua onartzea, zeina PEBA 00002-2017 espediente kodeari dagokion, horri 1. lotea esleitzea, aurkeztutako gastuetan guztira 8.863.409,00 euro onartzea eta Telefónica de España SAUri 7.977.068,10 eurora arteko diru-laguntza bat ematea.
Bigarrena.– Laguntza hori 1. Lotean sartutako industrialdeen zerrendan aurkeztutako proiektuak gauzatzera zuzenduko da (146 industrialde), "konektibitate behar oso handia duten industrialdeak" izanik, agindu arautzailearen II. eranskinean adierazten denaren eta erabaki honen eranskinean zehazten denaren arabera.
Proiektua gauzatzeko gehieneko epea 16 hilabete izango da, Erabaki hau jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, eta guztira hemezortzi hilabetera arte luzatu ahal izango da, Agindu arautzailean ezarritako baldintzak betetzen badira.
Hirugarrena.– Erabaki hau interesdunari jakinaraztea. Erabakia aurkatu ahal izango da Jaurlaritzaren Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarrita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean.»