EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017209

AGINDUA, 2017ko urriaren 9koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Vitoria-Gasteizko «Fundación Tecnológica para la Promoción de la Movilidad Sostenible» fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-10-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201705241
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Vitoria-Gasteizko «Fundación Tecnológica para la Promoción de la Movilidad Sostenible» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko maiatzaren 5ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, Vitoria-Gasteizko «Fundación Tecnológica para la Promoción de la Movilidad Sostenible» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko («Sorestsel Lab Consulting, S.L.», «Energy Revival, S.L.» eta Benjamín Ballesteros Cabo jaunak sortu zuten fundazio hori). Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2017ko maiatzaren 18ko, otsailaren 21eko eta irailaren 29ko idazkien bidez, fundazioari eskatu zion zuzen zitzala bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak, eta 2017ko ekainaren 20an, uztailaren 19an eta urriaren 4an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskatutako dokumentazio hori.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2017ko irailaren 28an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Laugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3.1. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren interes orokorreko helburuak hauek dira:
«- Elektromugikortasunaren hedapenaren azkartzeari laguntzea bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Estatuan eta bai Europan ere.
– Mugikortasun jasangarriko giroa sustatzea, kontzientziatzea eta hedatzea.
– EBko energia-politikaren hiru helburu nagusiak bultzatzen bat egitea: 1- Hornidura elektrikoa ziurtatzea. 2- Sektorearen lehiakortasuna hobetzea. 3- Jasangarritasuna bermatzea.
– Fundazio honek proposatutako eskabideen bideragarritasun ekonomikoa, bideragarritasun soziala eta ingurumen-bideragarritasuna ziurtatzen duten esperientzia pilotuak martxan jartzea.
– Energia berriztagarrietan oinarritutako mugikortasun sistema garatzeko, testatzeko eta balidatzeko I+G jarduerak egitea.
– Beste erakunde publiko eta pribatu batzuetan zuzenean parte hartzea ingurumenaren zaintza eta kultura sustatu eta garatzeko jardueretan, bai eta garraioko teknologia ekologiko berrien ikerketa eta berrikuntzarako jardueretan ere.
– Fundazioaren jarduera-esparruarekin lotutako kultur ekintzak sustatzen eta garatzen laguntzea administrazioei, erakundeei eta entitate publiko eta pribatuei.
– Energia berriztagarriak sartzeko gaur egun dauden oztopoak gainditzen laguntzeko politikak sustatzea.
– Energia berriztagarrien portzentajea handitzea mix elektriko erregionalean, ekonomia jasangarria bultzatuz; hau da, karbono-emisio gutxi eragin eta ingurumena errespetatzen duena, eta automobil-energia berriztagarrien produkzioan eta berotze globalaren kontrako borrokan aitzindari izango dena.
– Erakundeak, enpresak eta unibertsitateak sistema eta irtenbide jasangarrien garapen, produkzio eta testatzearekin lotutako inbertsio berriak sortu eta erakartzeko baldintzak sortzen inplikatzea.»
Bosgarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Zearkalea 36, Ermua (Bizkaia). Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du, bereziki, bere jarduna.
Seigarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da; hasieran, 7.500 euro ipiniko dira, eta gainerakoa bost urteko epean, eratzeko eskritura publikoa egilesten denetik aurrera.
Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago xedatuta fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Hasierako patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, hauek izango dira lau urtez, eta hautagai izateko aukera izango dute berriro:
– Lehendakaria: Benjamín Ballesteros Cabo jauna.
– Idazkaria: «Sorestsel Lab Consulting, S.L.»
– Bokala: «Energy Revival, S.L.»
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluak ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7.etik 12.era bitarteko artikuluetan eta 51.2. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-420 erregistro-zenbakiarekin–: Vitoria-Gasteizko «Fundación Tecnológica para la Promoción de la Movilidad Sostenible» fundazioaren eraketa, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek zortzigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek espresuki onartu dituzte euren karguak, 2017ko martxoaren 21ean Juan Luis Prieto Rubio notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo zk.: 423). Eskritura hori konpondu egin zen notario beraren aurrean 2017ko ekainaren 13an eta uztailaren 13an egiletsitako eskrituren bidez (protokolo zenbakiak: 805 eta 978).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 9a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.