EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017208

AGINDUA, 2017ko urriaren 18koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren bidez araututako diru-laguntzak emateko 2017ko deialdia egiteko dena. Dekretu horren bidez, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak arautzen dira (Lehiatu Sustapena Programa).

Xedapenaren data: 2017-10-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201705218
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/10/03an argitaratutako 2014/09/23ko 201400179 DEKRETUA

Irailaren 23ko 179/2014 Dekretua nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzei buruzkoa da –Lehiatu Sustapena Programa–, eta nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak EAEtik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzen erregimena ezartzen eta arautzen du.
Aipatu dekretuaren 9. artikuluak xedatzen duenez, urtero, dekretuan ezarritako laguntzetarako deialdia egin eta artikulu horretan jasotzen diren zenbait alderdi zehaztuko dira.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, diru-laguntzen plan estrategiko bat dauka, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko ekainaren 5eko Aginduaren bidez onartua (http/www.euskadi.eus).
Hori dela eta, 2017. ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko deialdi hau egiten da, 2017. ekitaldirako.
Hori dela bide, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da irailaren 23ko 179/2017 Dekretuak araututako diru-laguntzak emateko 2015eko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak arautzen dira (Lehiatu Sustapena Programa).
Bigarrena.– Betekizunak.
Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako betekizunez gain, puntu honetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Betekizun horiek Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak jasotzen dituzte. Hauek dira:
1.– Konkurtso-deklarazioa eskatuta ez edukitzea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
2.– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik Administrazioarekin hitzartutako edozein kontratu ezeztatzea eragin ez izana.
3.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
4.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
5.– Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.
6.– Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.
1.– Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuak ezarritako laguntza deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea, 2017ko ekitaldirako, hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Eskabide-eredua eta prozeduraren eskuliburua onartzen dira, eta eskuragarri jarriko dira http/www.euskadi.eus web-orrian eta argitara emango dira agindu honen eranskinetan.
3.– Dekretu arautzailearen 8. artikuluan zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskatzaileek. Gainera, erantzukizunpeko adierazpena bete beharko dute, ebazpen-zatiko bigarren puntuan ezarritako betekizunak betez.
4.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:
A) Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.
B) Pertsona juridikoentzat: eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren kopia.
Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.
5.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, eskatzaileak dagokion foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duten agiriak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eta Sozietateen gaineko Zerga. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.
6.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. paragrafoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.
7.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean) xedatutakoa betez.
Laugarrena.– Betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek, irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako betekizunez gain, puntu honetan ezarritako betekizunak bete behar dituzte. Betekizun horiek Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak jasotzen dituzte. Hauek dira:
1) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzak finantzatu dituela jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.
2) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta diru-laguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
3) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.
4) Minimis laguntzen araubidera bildutako basogintza-sektoreko lankidetzarako laguntzei eta nekazaritzakoak ez diren landa-eremuetako garapen-proiektuei dagokienez, adierazi minimis laguntzei buruzko Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotutako laguntzarik jaso den uneko zerga-ekitaldian edo aurreko bietan. Informazio hori laguntza-eskabidean adierazi beharko da.
Bosgarrena.– Aurrekontu-zuzkidura.
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako aurrekontu-kredituak, deialdi honetarako, laurehun eta laurogei mila (480.000) eurokoak dira.
Seigarrena.– Onuradun bakoitzari gehienez emango zaion laguntzaren zenbatekoa.
Onuradun bakoitzari gehienez bost mila (5.000) euroko laguntza emango zaio, dekretu arautzailearen 6. artikuluko 1.A) paragrafoan xedatzen diren ekintza indibidualetarako, eta hogei mila (20.000) eurokoa agindu arautzaile horren 1.B) paragrafoan zehaztutako sustapen-programetarako.
Dena den, honako araudi hauetan ezarritako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak errespetatu beharko dira: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak –arrantzaren eta akuikulturaren alorrean– minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2014ko ekainaren 27ko Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduan; horiek aplikagarri izango dira baldin eta enpresa onuraduna nekazaritza edo arrantza sektorekoa bada, eta, hori horrela izanik, lehenengo kasuan laguntza 200.000 eurokoa izango da, hiru zergalditan ematekoa; bigarren kasuan, berriz, 30.000 eurokoa izango da, hiru-zergalditan ematekoa.
Zazpigarrena.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak.
Honako ekintza hauek sartu ahal izango dira diru-laguntza deialdi honetan:
A.– Ekintza indibidualak. Jarduera hauek hartzen dira ekintza indibidualtzat:
1.– Izaera profesionala duten nazioarteko azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz erakusmahai indibidual edo partekatuetan.
2.– Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako nazioarteko azoketara.
3.– Zuzeneko misioak egitea eta estatuz kanpoko merkatuetan produktuak aurkeztea, hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkezteko edo/eta dastatzeko ekintzak egitea, atzerriko merkatu horietan merkataritza-harremanak eta produktuen esportazioa areagotzeko.
4.– Alderantzizko misioak egitea, hau da, atzerriko erosleei edo iritzi-emaileei gonbitea egitea enpresen ekoizpen-establezimenduetan euretan bisitaldiak egin ditzaten; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egingo dira bisitaldi horiek.
5.– Estatutik kanpoko merkatuetako salmenta-puntuetan sustapen ekintza zehatz eta espezifikoak egitea, produktuaren publizitatea eginez eta hura dastatzeko aukera emanez, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko.
6.– Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da, enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea, gutxienez atzerriko hizkuntza batean.
B.– Sustapen-programak:
1.– Sustapen-programetan, plan edo programa integral bat prestatu behar da, A idatzi-zatian aurreikusitako ekintza indibidualen artetik gutxienez sei jarduera burutzeko hiru herrialdetan. Kanpoan geratzen da enpresatik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzea, eskatzailearen produktuak sustatzeko programa garatzeko aholkularitza emateko.
2.– Ez da diru-laguntzarik emango azoketan parte hartzeko, baldin eta azoka horietan erakusmahai bat jarri badu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, edo Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberek, edo kanpoko merkatuan enpresei laguntza finantzarioa ematen dieten antzeko erakundeek, eta erakunde horiek euskal enpresei azoka horietan parte hartzeko tokia eskaini badiete. Hala ere, diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte aipatutako erakundeei azoketan tokia eskatu baina baiezko erantzunik jaso ez duten enpresek.
Zortzigarrena.– Guztizko zenbatekoa, eremu geografikoaren arabera.
Eremu geografiko hauetarako guztizko zenbatekoa honako hau izango da:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoa (alderantzizko misioak baino ez) eta Estatuko gainerako tokiak: mila (1.000) euro.
2.– Europa: mila eta bostehun (1.500) euro.
3.– Amerika eta Afrika: bi mila eta bostehun (2.500) euro.
4.– Asia eta Ozeania: bi mila eta bostehun (2.500) euro.
Zortzigarrena.– Bateraezintasunak.
Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera, dekretu horretan araututako eta agindu honen bidez deitutako laguntza bateraezina izango da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 19ko Aginduaren bidez araututako laguntzekin (banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzeko Global Lehian programa garatzen du agindu horrek); laguntza horien deialdia 2017rako, hain zuzen ere, Industriako sailburuordearen 2017ko martxoaren 9ko Ebazpenaren bidez egin zen (ebazpen horrek argitara eman zuen Global Lehian programaren diru-laguntzak emateko deialdia).
Bederatzigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
Hamargarrena.– Ondorioak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 18a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.