EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2017207

113/2017 EBAZPENA, urriaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita polizia-koordinazio eta -elkarlanaren arloan Bergarako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.

Xedapenaren zenbakia: 201700113
Xedapenaren data: 2017-10-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201705196
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Polizia-koordinazio eta -elkarlanaren arloan Bergarako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Testua ebazpen honen eranskinean dago.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 16KO 113/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK ETA BERGARAKO UDALAK POLIZIA-KOORDINAZIO ETA -ELKARLANAREN ARLOAN SINATU BEHARREKOA
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 20a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arróniz Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu andrea agertu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bestetik, Elena Lete Garcia Bergarako alkate andrea, aipatu udalaren izenean eta hura ordezkatuz.
Ordezkariak direnez, eta hitzarmen hau egiteko legezko gaitasun nahikoa dutenez, honako hau
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak 42. artikuluan ezartzen duenez, erabilera komuneko komunikazio-sare bat sortu eta mantenduko da konektatzeko bai Ertzaintza eta udaltzaingoak elkarrekin bai bi horiek segurtasun publikoaren sistemako gainontzeko zerbitzu profesionalekin ere. Gaineratzen duenez, Ertzaintzak eta udaltzaingoek elkarri lagundu eta informazioa eman beharko diote, bakoitzak bere eginkizunen barruan.
Era berean, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko Legearen 36. artikuluaren arabera, koordinazioaz ari garenean, elkarri informazioa eman, baliabide material eta giza baliabideen dotazioa homogeneo izan eta elkarrekin aritzeko aukera ematen duten bitarteko eta baliabideak finkatzeko jardun-sistemen multzoaz ari gara, alegia, udalerriei nahiz Euskal Autonomia Erkidegoari agindutako jardun-ahalmenek bat egiteko moduan.
Bigarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar ditu, hain zuzen, jarduerak bikoiztea saihesteko eta polizia-kidego guztien ekintza-baliabideak optimizatzeko asmoz.
Hirugarrena.– Ondorioz, premiazkoa da zehaztea eta bultzatzea Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko informazio-trukea eta batera jardutea ahalbidetzen dituzten irizpide, prozedura eta bitartekoen ezarpena.
Ildo honi jarraituz, premiazkoa da komunikabide seguruagoak eta eraginkorragoak izatea; eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Segurtasun Sailaren bidez, TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren (IMSD) titularra denez, bi aldeek egokitzat jotzen dute azpiegitura hori erabiltzea Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko komunikazioa ezartzeko biderik aproposena baita.
Hori guztia dela eta, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea adostu dute, betiere toki-araubidearen oinarrizko legerian eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako esparruan, aintzakotzat hartuz hurrengo
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen helburua da udal sinatzaileen udaltzaingoa sartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarena den eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kudeatzen duen TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitala (IMSD) komunikazio sarean eta; bestetik, polizia-lankidetza eta -koordinazioa bultzatzen dituzten informazio- eta komunikazio-sistemen bitartez trukaketa ahalbidetzen duten mekanismoak aurreikustea.
Bigarrena.– TETRA sarerako sarbidea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bidez, udal sinatzaileko Udaltzaingoari doan utziko dio sartzen TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean (IMSD), polizia-zerbitzu horri dagozkion eskumenak betetzeko behar diren komunikazioak egin ditzan.
Udal sinatzaileko udaltzaingoa azaldutako komunikazio-sarean sartzea errazte aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Segurtasun Sailaren bitartez, udalari oinarri-emisorea esleituko dio.
Udal sinatzaileak, bere aldetik, konpromiso hauek hartzen ditu:
– Esleitutako ekipoa erabiltzeko langile egokiak izatea.
– Instalatu eta mantentzeagatik sortutako gastuak ordaintzea.
– Behar bezalako segurtasun-bermeekin gordetzea eta; lagatako materiala hondatu, lapurtu edo galduz gero, berriz jartzeaz arduratuko da.
– Ohiko erabilerak, erruak edo zabarkeriak eragindako matxurak konpontzea.
Hitzarmen hau sinatu duen udala komunikazio-sarearekin konektatzeko beharrezkoak diren gainerako komunikazioekipoak (walkie-talkieak eta beste emisore batzuk) eskuratu eta mantentzeaz arduratuko da.
Irrati mugikorreko terminalak eskuratu, ezarri, kudeatu eta mantentzeak kontuan hartuko ditu hitzarmen honen I. eranskinean aurreikusitako jarraibideak eta prozedurak.
Hirugarrena.– Elkarren arteko komunikazioa.
Udaltzaingoaren eta TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean (IMSD) dauden beste talde, agentzia edo zerbitzu batzuen arteko komunikazioa burutuko da erabiltzaileen artean onartutako eta aurretik zehaztutako flota-planen arabera.
Akordio horietan oinarrituta, Ertzaintzak eta udal sinatzailearen Udaltzaingoak ahots-zerbitzuen elkarreragingarritasuna zehaztu ahalko dute.
Laugarrena.– Datu baseetarako sarbidea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak udal sinatzailearen udaltzaingoari sartzen utziko dio Segurtasun Saileko datu-base edo fitxategi polizialetara TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren (IMSD), udaltzaingoen Atariaren edo beste aplikazio batzuen bidez, kontsultak edo beste polizia-izapide batzuk egin ahal izateko; baina bakar-bakarrik Ertzaintzaren eta udal sinatzailearen Udaltzaingoaren artean sinatutako protokolo bereziaren bitartez zehaztuko den eran eta moduan, eta horretan berariaz zehazten diren murrizketak, segurtasun-mailak eta sarbide-kontrola aintzat hartuz, betiere polizia-kidegoen arteko eskuduntzak banatzeari jarraituz.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Segurtasun Sailaren bitartez, udaleko Udaltzaingoari sartzen utziko dio Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datu-baseetan, lehenago esandako baliabideez eta helburuaz, Segurtasun Sailaren eta Barne Ministerioaren Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren artean aldez aurretik adostutako eran eta moduan.
Gorago adierazitako datu-zerbitzuetara sartzeko erabili beharreko irrati-terminalek erabiltzen dituzten funtzionarioei atxikirik egon beharko dute Udaltzaingoen Erregistroaren bidez. Horretarako, ezinbestekoa izango da kontsulta egiten duen agentearen identifikazioa eta erregistroa egitea.
Ondorio horietarako, udalak etengabe eguneratuta izan beharko ditu Udaltzaingoko agenteen datuak, asmo horretarako Autonomia Erkidegoak Segurtasun Sailaren bidez haren esku jarriko duen aplikatiboa baliatuz.
Datu pertsonalak dauzkaten datu-base edo fitxategietarako sarbideak errespetatu beharko du datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko araudia.
Hitzarmen hau sinatzean Udaltzaingoen Erregistroa erabiltzeko moduan egon ezean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko datu-base edo fitxategietara sartzen diren udaleko Udaltzaingoaren erabiltzaileen altak eta bajak gauzatuko dira Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzara bidaliz dagokion datu-fitxategia.
Bosgarrena.– Trafikoa.
Hitzarmen hau sinatzen duen udaleko Udaltzaingoak hitzematen du hilero Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari bidaliko dizkiola trafikoko istripuen kopuruari buruzko datu estatistikoak, gai horren gainean indarrean dagoen araudian aurreikusitako egiturari eta edukiei jarraiki eta, betiere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egoki zehazten duen modua erabiliz, besteak beste, faxa, posta elektronikoa, web zerbitzua.
Udal sinatzaileak Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak antolatutako bide-segurtasuneko kanpainetan elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzen du.
Seigarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmen hau egoki aplikatzen dela ziurtatzeko jarraipen-batzordea sortuko da, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko ordezkari batek eta sinatzen duen udaleko beste batek osatuko dute. Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean eragin daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.
Batzorde hori bilduko da hitzarmen horietako batek eskatzen duen bakoitzean eta, gutxienez, urtean behin.
Zazpigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean eta 2017ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du. Gainera, automatikoki, urtez urte luzatuko da, baldin eta alderdietako batek berariaz salatzen ez badu. Horrelakoetan, salaketa aurkeztu eta jakinarazi beharko da hitzarmena amaitu baino hilabete lehenago gutxienez.
Zortzigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.
Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.
Ezertan eragotzi gabe seigarren klausulan adierazitako jarraipen-organoaren gain utzitako eginkizunak, hitzarmen hau ulertzean eta betetzean sor litezkeen auziak Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ezagutzaren eta eskumenaren eraginpean geratuko dira.
Bederatzigarrena.– Eraginkortasuna.
Hitzarmena sinatzen denetik behartuko ditu administrazio parte-hartzaileak.
Eta bi alderdiak bat datozela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, hitzarmen hau izenpetzen dute, bi aletan, izenburuan esandako tokian eta egunean.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
Bergarako alkatea,
ELENA LETE GARCíA.
ERANSKINA
UDALTZAINGOEI DAGOZKIEN ETA SEGURTASUN SAILAREN «TETRA IMSD» SAREAN DAUDEN IRRATI MUGIKORREKO TERMINALAK ESKURATU, EZARRI, KUDEATU ETA MANTENTZEKO PROZEDURA
1.– Sarrera.
Agiri honek udaltzaingoei dagozkien eta Segurtasun Sailaren «TETRA IMSD» sarean dauden irrati mugikorren terminalak eskuratu, zabaldu, kudeatu eta mantentzeko oinarrizko prozedura jasotzen du; halaber, jarraitu beharreko gomendioak eta prozedurak ere jasotzen ditu, bai eta zerbitzua behar bezala emateko prebentzio- eta zuzenketa-ekintzak ere.
2.– Orokorra.
2.1.– Sarearen eskema.
Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien Alorrak (IKTA), besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko (EJHS) Irrati Mugikorreko Sare Digitala (IMSD) kudeatu eta ustiatu behar du.
TETRA estandarrak erabiltzen duen IMSD Segurtasun Saileko Komunikazioen Sareak ematen duen zerbitzuetako bat da; horrek garraiobidearen zeregina betetzen du, EAEn dauden oinarrizko estazio transmititzaile/hartzaileen eta gaur egun Erandion eta Vitoria-Gasteizen dauden kommutazio-zentroen arteko konexiorako aukera emateko. Sarearen osaera hauxe da:
Kommutazio Zentroetan beretan egiten dira interkonexio guztiak, IMSDren bidez egindako taldekako zein banakako dei guztiak ezartzeko.
Sarearen oinarrizko estazioen erdia Erandioko kommutazio-zentrora dago konektatuta eta beste erdia, Vitoria-Gasteizko kommutazio-zentrora. Konfigurazio horrek aukera emango luke sareak ibiltzen jarraitzeko, baldin eta kommutazio-zentroetako bat erortzen bada, lurraldearen ia % 100ean komunikazioak lanean izanik.
Oinarrizko estazioak zabaldu dira eta horietako bakoitzaren estaldura-zonak ondokoenekin estaltzen dira. Horrek esan nahi du kommutazio-zentro bati esleitutako estazio batek edo guztiek huts eginez gero, komunikazioek ibiltzen jarraituko dutela, nahiz eta, estaldura-mailari dagokionez, pixka bat motelago.
Gaur egun, sare honen bidez zerbitzua ematen zaie zenbait agentziari, bai segurtasunekoei, bai larrialdietakoei. Agentzien taldeen arteko deien pribatutasun eta segurtasuna bermatuta dago, TETRA sarearen egituraren beraren eta diseinuaren bidez. Agentzien taldean ezin du beste talde batek esku hartu/entzun, nahiz eta agentzia beraren beste talde bat izan. Taldeen arteko komunikazioa behar izanez gero, sistemak zeregin horiek betetzeko beharrezko baliabideak ematen ditu, baldin eta nahitaezko protokolo eta akordioak ezartzen badira.
Lan egiteko modu horren taula ezartzeko eta normalizatzeko, «Flota Planak» ezarri dira; horietan, taldeen artean egon daitezkeen komunikazio-beharrak zehazten dira. Badago zehaztutako Floten Esparru Plana; hala ere, floten plan hauek egokitu daitezke, une zehatzetan agentziaren beraren beste talde batzuekin edo beste agentzia batzuetako taldeekin elkarreragingarritasuna behar duten erabiltzaileen arteko akordioak oinarri hartuta. Horiek ezarri ondoren, terminalak programatzen dira, onetsitako Floten Planaren arabera.
2.2.– Arreta.
Erabiltzaileen Arreta Zentroa da, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien Alorraren mendekoa.
Hori harremanetarako puntu bakarra da, erabiltzaileei Segurtasun Sailak ematen dituen zerbitzuen gorabehera, matxura eta kontsulten gainean arreta emateko, bai informatika-arloan, ai telekomunikazio-arloan, gorabeherak gertatzen direnetik konpontzen direnera arteko kudeaketa egokia bermatzeko.
Honako prozesu hauek egiten ditu:
– Gorabeheren erregistroa, dei-egileak emandako datuen bidez.
– Zenbait kasutan, gorabehera unean bertan konpondu ahalko da; beste zenbaitetan, horren berri emango zaio euskarri espezializatuari, eta horrek kononduko du.Telefonoaren bidez edo, bestela, bertaratu egingo da. Kasu horietan, erabiltzaileari gorabeheraren zenbakia emango zaio, segimendua egiteko.
– Arazo baten berri ematean euskarri espezializatuari, Arretak gorabeheraren bilakaera monitorizatzen jarraitzen du, erabiltzailearen aurrean ebazteko arduraduna baita; horretarako, bilakaeraren segimendua egin eta erabiltzaileari horren gaineko informazioa emango dio.
2.3.– Sarea kudeatu eta mantentzeko zentroa.
Sarea Kudeatzeko Zentroa Erandion dago eta honako ardura hau du:
– Maila teknikoan, IMSD sistema –alegia, kontrol-zentroak, oinarrizko estazioak, sarearen hedatzaileak, bulegoko postuak– eta sistemaren gainerako elementuak ibiltzea.
– TETRA sarearen mantentze-zerbitzua kudeatzea; horretarako, prebentzio- zein zuzenketa-arloko mantentze-lanak behar bezala egiten direla egiaztatzea.
– Komunikazioen erabiltzaile, terminal, sare-elementu eta segurtasunaren osaera kudeatzea.
– Estatistika orokorrak eta xehatuak eskuratzea, bai sarearen funtzionamenduari dagokionez, bai terminalei dagokienez.
– Erabilgarritasun, saturazio, segurtasun, zerbitzuen kalitate, eta abarren gaineko parametroak aztertzea, zerbitzuaren maila egokia izan dadin.
2.4.– Terminalen laguntza teknikoa.
Irratien terminal berriek Segurtasun Sailaren IMSDren barruan ibili ahal izateko eta komunikazioen segurtasuna eta konfindentzialtasuna bermatu ahal izateko, aurretik, IKTAko zerbitzu teknikoek hasiera eman behar diete; IKTAk terminalaren eta sarearen konfigurazioetan behar bezalako parametroak sortuko ditu, ekipoa ibili ahal izateko.
Programatu ondoren, terminalak Segurtasun Sailaren Sarean lan egin ahalko du, eskura jarritako dei-taldeetan baino ez, bere profilari esleitutako Floten Planak jasotakoaren arabera.
Edozein aldaketa, konponketa edo terminala beste baliabide batera aldatu behar izanez gero, zerbitzu teknikoek berriro programatu beharko dute.
Aurretik azaldutakoa kontuan hartuta, beharrezkoa izango da, bai terminal berriak, bai konpondutakoak IKTAk bidaltzea; horretarako, kasu bakoitzerako egokiena den bidalketa-modua ezarriko da.
3.– Udaltzaingoekin funtzionatzeko protokoloa.
3.1.– Terminalak eskuratzea.
Udaltzaingoek edo, hala badagokio, udal egokiek berek eskuratu beharko dituzte egokitzat jotzen dituzten terminalak, beren ardurapekoak diren zereginak egokiro bete ahal izateko.
Terminalek GETen TETRA zehaztapenak bete behar dituzte, eta honakoak bete beharko dituzte, nahitaez:
– Komunikazio-protokoloak aire-interfazean, trunking moduan (V+D) eta modu zuzenean (DMO, batik bat modu efizientean maiztasunean).
– TETRA Vocoder.
– Interfazeak, kanpoko operadore eta gailuekin: MMI eta PEI.
– Segurtasuna: TEA2 aire-interfazean enkriptatzea eta terminalak autentifikatzea (edo prestazio hori epe laburrean sartzeko aukera).
– Handoverra edo gelaxken arteko deien transferentzia.
– Ekipoen onarpenaren eta elkarreragingarritasunaren probak. Motorolaren Dimetra 5.2 sistemaren bidez dokumentatutako elkarreragingarritasuna.
Funtzionamenduaren maiztasun-bandek maiztasunen esleipenaren nazioko koadroaren UN-28 nazionala erabiltzeko araua beteko dute.
– Trunking moduko transmisioko maiztasun-banda: 380-385MHz.
– Trunking moduko harrerako maiztasun-banda: 390-395MHz.
– Modu zuzeneko maiztasun-banda: 380-400MHz.
– RFren kanalaren banda-zabalera: 25KHz.
– Tx/Rx banaketa: 10MHz.
3.2.– Programazioa.
Dagokion udaltzaingoak terminalak eskuratu ondoren, horiek programatu egin beharko dira (ikusi 2.4. atala).
Eragiketa hau Segurtasun Sailaren erantzukizunpekoa da, eta horrek IKTAren bidez egingo du; horretarako, lankidetza-hitzarmenaren arabera dagozkion parametro tekniko eta operatiboak sartuko ditu.
Horiek programatu ondoren, igorgailuak instalatu ahalko dira.
3.3.– Oinarrizko igorgailuen instalazioa eta ibilgailuetakoa.
Oinarrizko igorgailuen instalazioa eta ibilgailuetan dauden igorgailuen instalazioa udaltzaingoen beren ardurapekoa izango da; horretarako, IKTAren Telekomunikazioen Arloaren zerbitzu teknikoen aholkularitza izango dute.
3.4.– Terminalen altak, bajak eta birprogramatzea.
Terminalen edozein alta, baja edo birprogramatzerako, IKTArekin jarri beharko da harremanetan.
– Terminalak berriro programatzeko mugigarriak (talkyak) badira, IKTAren egoitzara bidaliko dira, Erandiora, Telekomunikazioen Arloarentzat; horien zerbitzu teknikoek izango dute programatzeko eta jatorrizko egoerara bueltatzeko ardura.
– Igorgailuak diren kasuetan, bai finkoak, bai ibilgailuetan instalatutakoak, IKTAk baimendutako enpresa instalatzaileek izango dute terminalen zerbitzu teknikoetara joateko ardura, dagokion programazioa jasotzeko eta berriro programatzeko igorgailuetan instalatzeko. Lana egin ondoren, enpresa horiek sarea kudeatzeko zentroari emango diote abisua, sisteman alta emateko.
– Terminal bat bajan eman nahi izanez gero, Arreta zerbitzuari emango zaio abisua; gero, Arreta sarea kudeatzeko zentroarekin jarriko da harremanetan, baja egiteko. Baja aldi batekoa izan bada eta berriro alta eman nahi bazaio, Arretari emango zaio abisua, gaitzeko kudeaketa-lanak egiteko.
– Terminal bat matxuratuz gero (talkya edo igorgailua), protokoloa ezarriko da IKTArekin, ekipoetan sarearen segurtasuna arriskuan jar dezaketen datuak ezabatzeko, fabrikatzaileari konpontzeko bidali aurretik.
– Terminalak galdu edo ebatsiz gero, berehala emango zaio abisua Arreta zerbitzuari, sisteman baja emateko, eta terminal horretatik deirik egin edo jaso ezin izateko.
3.5.– Datu-zerbitzuetara sartzea.
Segurtasuna, sarreren kontrola eta DBLO betetzea bermatzeko, ezinbestekoa da datu pertsonalak atzitzeko sarrerek erregistroa uztea (zer informazio, nork eta noiz).
Hori dela eta, hitzarmenak IMSDren bidez datu-baseetara sartzeko funtzionaltasunak jasotzen dituenean, nahitaezkoa izango da zerbitzu horiek erabiliko dituzten udaltzaingoen irrati-terminalak erabiltzen dituzten agenteei lotuta egotea, Udaltzaingoen Erregistroaren bidez. Erregistro independentea egongo da, eta udaltzaingo bakoitza baino ezingo da sartu eta horrek baino ez du kudeatuko.
Erregistro hauek kontsultatu ahalko dira, Udaltzaingoen Erregistroan jasotako aukera espezifikoen bidez. Horretarako, udaltzaingo bakoitzari sartzeko kodea emango zaio, esleitzen/baimentzen duten pertsonak bakarrik sartu ahal izateko sarreren erregistroetara eta agenteen terminalen esleipenera.
Hasiera batean, urtebeteko antzinatasuna duten erregistroak gordeko dira.
3.6.– Prestakuntza.
Udaltzaingoen erabiltzaileen prestakuntzarako, TETRA sarearen ekipo eta zerbitzuak erabiltzeko, IKTAk prestakuntza-saioak emango dizkio agentzia bakoitzeko erabiltzaile aurreratuen kopuru txiki bati, eta horiek izango dute ezagutza hori dagokion udaltzaingoaren gainerako erabiltzaileei emateko ardura.
Nolanahi ere, prestakuntza-saio berrien gaineko edozein zalantza edo beharren aurrean, IKTA erabilgarri egongo da une zehatz batean eskatzen duenarentzat.
3.7.– Gorabeheren kudeaketa.
Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren gaineko edozein gorabehera gertatuz gero, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien Alorrak (IKTA) Arreta izeneko Erabiltzaileen Arreta Zentroa du eskuragarri; horrek, gorabeherak kudeatzeko aplikazio baten bidez, aukera ematen du honako eragiketa hauek egiteko:
– Gorabeheren erregistroa.
– Jakinarazitako gorabeheren egoera kontsultatzea.
– Gorabehera baten informazio gehigarria ematea.
– Dagoeneko jakinarazitako gorabehera baten konponbidea erreklamatzea.
– Gorabehera konpondu dela berrestea.
Era berean, udaltzaingo bakoitzak, aurretik zehaztutako telefono edo harremanetarako pertsona jakinarazi beharko du, Arreta Zerbitzuak ordezkari bakarra izateko, jakinarazitako gorabeherei buruzko informazio gehiago emateko edo bilatzeko. Garrantzitsua da ordezkari edo harremanetarako telefono hori bakarra izatea, udaltzaingoaren bulegoen barruan harreman anitzak saihesteko.