EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017206

EBAZPENA, 2017ko urriaren 9koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «MZ.10 Basozabal» Hiri Antolamenduko Plan Partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2017-10-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201705171
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko ekainaren 5ean, Donostiako Udalak «MZ.10 Basozabal» Hiri Antolamenduko Plan Partzialari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskabidea osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabide hori Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen esparruan egiten da. Eskabidearekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, ekainaren 19an eta abuztuaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien eta Naturguneen Zuzendaritza Nagusia, Uraren Euskal Agentzia eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan. Gainera, ekainaren 22an, Donostiako Udalari prozedura hasiko zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Gipuzkoako Osasun Lurralde Ordezkaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
«MZ.10 Basozabal» Hiri Antolamenduko Plan Partzialak (aurrerantzean, Plana) ez du ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin die eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, lekuaren kudeaketarekin loturarik izan gabe. Ondorioz, Plana ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean, zeinak ezartzen baitu ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan dago plana; hor ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29-32 bitarteko artikuluetan arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo horrek baitu eskumena, hala xedatuta dago-eta otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako «MZ.10 Basozabal» Hiri Antolamenduko Plan Partzialari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, eduki hau izango duena:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua «MZ.10 Basozabal» hirigintza-eremuaren (Miramon Zorroaga) antolamendu xehatua egitea da. Planaren mugak eta antolamendu-gidalerroak Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (2010eko ekainaren 25ean behin betiko onartua) jasota daude.
Proposatutako antolamendua dentsitate txikiko etxebizitza-garapen bat ezartzeaz ari da, hiri-ingurune harmoniatsu bat sortzea irizpidea duelarik, ondoan golf-zelaia duena eta kokatuta dagoen ingurune naturalean integratuta dagoena. Bizitegi-erabilerako lau irabazizko lurzati aurreikusita daude. Eremuaren hego-mendebaldeko zonan, lurzoru-zati bat gune libreen zuzkiduretarako eta izaera pribatuko komunitate-ekipamendurako erreserbatuta dago. Zuzkidura publikoak, batez ere gune libreenak eta berdeguneak, eremuaren ipar-ekialdean daude, Urumea ibaiaren ibarraren eta antolamenduko bizitegi-eremu berriaren arteko trantsizio moduan. Eremuaren iparraldera (Goiaztxiki) joateko bide-sistema ingurura joateko bide gisa definitzen da, eta handik abiatzen da aurreikusitako bizitegi-eremuan sartzeko barne-banaketarako bidea.
B.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak:
a) Planak proiektuetarako eta bestelako jardueretarako markoa ezartzen duen neurria: Planak eremuan eraikitzeko eta urbanizatzeko proiektuetarako markoa ahalbidetzen eta ezartzen du eta ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten dien bestelako planei edo programei: lurralde- eta sektore-plan ezberdinetan Planak izan dezakeen eragin posibleak aztertuta, haiekin bateragarria den zehazten da.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, garapen jasangarria sustatzeko helburu bereziarekin: eremuan aplika daitezkeen IV. Ingurumen Esparru Programa izenekoaren ingurumen-helburuak aintzat hartzen ditu plan honek.
d) Ez da atzematen Plana egikaritzearen ondoriozko ingurumenaren gaineko arazo adierazgarririk.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasoko duen eremuaren ezaugarriak:
Eraginpeko lekuaren inguruan ez dago gune natural esanguratsurik, ez eta balio handiko eta ingurume-zaurgarritasun handiko eremurik ere, salbu eta birsortzen ari diren baso mistoko formazio batzuk. Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten planak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.
Ingurumen-agiri estrategikoak garapen-agirietan jasotzeko neurriak proposatzen ditu, bai eta proiektuak betearazteko fasean kontuan hartu beharreko neurriak ere, eta haiek guztiak aplikatu egin beharko dira. Intereseko landaretzaren zainketan eta eremuaren ipar-ekialdeko zonan planteatutako berlandaretzan ez ezik, arreta berezia jarriko da, baita ere, espezie exotiko inbaditzaileen kontrolean; horretarako, atal espezifiko bana idatzi beharko da behar diren proiektuetan.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten «MZ.10 Basozabal» Hiri Antolamenduko Plan Partzialak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri Donostiako Udalari ematea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.