EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2017204

AGINDUA, 2017ko urriaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epai bat betearaztea xedatzen duena. Donostiako (Gipuzkoa) Arte Ederren jauregia Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatzearen aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoaren presuntziozko ezespenarekin lotuta eman zuen auzitegi horrek aipatutako epaia.

Xedapenaren data: 2017-10-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201705130
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/09/12an argitaratutako 2014/09/08ko EBAZPENA [201403842]
  • 2015/03/06an argitaratutako 2015/03/04ko AGINDUA aldatzen du [201501100]

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, aplikagarriak diren lege-arauetan xedatutakoari jarraituz, Donostiako Arte Ederren jauregia Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen, 2014ko irailaren 8ko Ebazpenaren bidez (irailaren 12ko EHAA, 173. zk.).
Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, SA Deportes y Espectáculos (SADE) enpresak –babestu beharreko higiezinaren jabeak–, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Áncora herritar-elkarteak alegazioak aurkeztu zituzten epearen barruan.
Aurkeztutako alegazioak aztertu, higiezina sendotzeari eta eraberritzeari buruzko azterketa egin eta Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordeari entzun ondoren, espedientean jasota dauden Euskadiko Kultura Ondarearen Zentroaren txosten teknikoen bidez erantzun zitzaien alegazio haiei.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko martxoaren 4ko Aginduaren bidez, Arte Ederren jauregia monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa sartu zen Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian. Aipatutako agindua 2015eko martxoaren 6ko EHAAn argitaratu zen, 45. zenbakian.
SADEk aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu zuen agindu horren aurka. Nagusiki, errekurritutako agindua indargabetzea eskatu zuen eta, subsidiaroki, espedientea aurretiko une egokira atzeratzea, aginduan proposatutako neurriak balioetsiko zituen txosten ekonomikoa egiteko. Horrez gain, haren III. eranskina aldatzeko ere eskatu zuen, alderdi jakin batzuk zehaztearren. Berraztertzeko errekurtso hori ez zen onartu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko apirilaren 5eko Aginduaren bidez. Halaber, ez onartzeko ebazpen hori baino lehen, aipatutako enpresak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko martxoaren 4ko Aginduaren aurka.
Administrazio honi Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2017ko apirilaren 21eko 196/2017 epaia jakinarazi zioten 2017ko maiatzaren 3an, SADEren uzi subsidiarioa baietsi zuena. Epaiak, orobat, 2015eko Aginduaren bidez higiezina babesteko eman zen ebazpenaren aurreko unera darama administrazio-espedientea, eta Arte Ederren eraikinaren inguruan egokia den ebazpena egiteko agintzen du, beti ere izatezko aurri-egoera aintzat hartuta.
Epai hori irmo bihurtu da, eta, han adierazten denez, eraikinaren izatezko aurri-egoera aitortua izan da bide judizialetik, nahiz eta Udalak aurri-egoeraren adierazpen formalik egin gabe izan. Epaiak dio, era berean, aurri-egoeraren izaera aldakorra izan arren, espedientean dauden txostenetan ez dela frogatu aurri-egoera gutxienez ekonomikoa ez dagoenik. Are gehiago, lehenagotik epaileek onartutako aurri-egoera gainditzeko eraikinean errehabilitazio eta berreraikuntza lanen konstantziarik ez dagoenean.
Halaber, epaiak adierazten du legez posiblea dela aurri-egoeran dagoen eraikina babestea eta, aukera hori aztertzeko garaian, beharrezkotzat jotzen du bi gai kontuan izatea. Alde batetik, aurri-egoeran dagoen ondasuna babesteak ekar ditzakeen ondorio ekonomikoak aurreikustea. Eta, bestetik, eraikinaren kultura-balioak nahikoa garrantzitsuak diren argitzea, eraikina, dagoen egoeran, babestua izateko.
Aurri-egoeran dagoen ondasuna babesteak ekar ditzakeen ondorio ekonomikoei dagokienez, esan beharra dago, batetik, aurri-egoerak mugatzen duela jabeen betebeharra eraikina kontserbatzeko eta, halaber, zenbait betebehar dakarzkiola, baita ekonomikoak ere, kontserbazio kulturalaren gaian eskuduntza duen administrazioari, alegia, Foru Aldundiari. Administrazio horri dagokioke aurreikuspen ekonomikoa egitea, eta gaur egun ez dago aurreikuspen horren konstantziarik. Bestetik, aurri-egoeran dagoen eraikina babesteak erantzukizun patrimoniala sortuko lioke babesten duen administrazioari, jabe pribatuen mesedetan.
Bigarren gaiari dagokionez, hau da, ea eraikinaren kultura-balioak nahikoa garrantzitsuak diren aurri-egoeran dagoen eraikina babestua izateko, lehen aipatu bezala, horrek ekar ditzakeen ondorio ekonomikoak jakinda, esan beharra dago uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, ekainaren 25eko 16/1985 Legeak, Espainiako Ondare Historikoari Buruzkoak ez bezala, Estatuan lehendabiziko aldiz bi babes-maila ezberdin bereizi zituela kultura-ondasun higiezinetarako: ondasun kalifikatuak, hau da, garrantzirik eta berezitasunik handiena duten ondasunak, eta ondasun inbentariatuak, hots, hainbeste garrantzirik eta berezitasunik ez duten ondasunak. Arte Ederren Jauregia ondasun inbentariatu bezala balioetsi denez, beren kultura-balioak ez dira sartu garrantzirik eta berezitasunik handiena duten multzoan eta, ondorioz, Epaiak jarritako baldintza ez da betetzen.
Bestalde, Donostiako Arte Ederren eraikinaren kasu zehatzari dagokionez, kontuan hartu behar da, gainera, aipatutako higiezinak C mailako babesa duela hiriko Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian.
Hori guztia dela eta, eta espedientean dauden txosten teknikoak kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) Arte Ederren jauregia ez inskribatzea monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa, kontuan hartu ondoren higiezinaren izatezko aurri-egoera, ondorio ekonomikoak eta garrantzirik eta berezitasunik handiena duten ondasunen mailan sartu ez izana.
Bigarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.
Hirugarrena.– Agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 4a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.