EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2017204

116/2017 EBAZPENA, urriaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Laneko Segurtasuna eta Osasuna Unibertsitate-Masterreko titulu ofiziala ematen duten graduondoko ikasketetako praktikak edo master amaierako lana egitearen ingurukoa dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700116
Xedapenaren data: 2017-10-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201705127
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Laneko Segurtasuna eta Osasuna Unibertsitate-Masterreko titulu ofiziala ematen duten graduondoko ikasketetako praktikak edo master amaierako lana egitearen ingurukoa; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 18a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 18KOA 116/2017 EBAZPENARENA.
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA, LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA UNIBERTSITATE-MASTERREKO TITULU OFIZIALA EMATEN DUTEN GRADUONDOKO IKASKETETAKO PRAKTIKAK EDO MASTER AMAIERAKO LANA EGITEAREN INGURUKOA
Vitoria-Gasteizen, 2017ko urriaren 3an.
BILDU DIRA:
Batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz andrea, Segurtasuneko sailburua, Segurtasun Sailaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (IFK: S4833001C; helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz –Araba–) ordezkatuz. Horretarako zilegitasuna eman dio Segurtasuneko sailburu izendatzeko lehendakariaren abenduaren 15eko 27/2012 Dekretuak (2012ko abenduaren 17ko EHAA, 243. zk.).
Bestetik, Araceli Garín Martín andrea, Graduko eta Graduondoko Ikasketetako errektoreordea, Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz (aurrerantzean, UPV/EHU), eskumenak eskuordetu zaizkiolako (2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpena, EHUko errektorearena, 2017-02-03ko EHAA); indarrean dagoen unibertsitateko masterretako ikasketak prestatu eta onartzeko prozedurari buruzko arautegian ezarritako eskumenen eta Ikasleen kanpoko praktika akademikoen araudian ezarritakoaren arabera.
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren (4/2007 Lege Organikoak aldatua) 2. artikuluak ezartzen du unibertsitateen autonomiak, besteak beste, honako hau barne hartzen duela: «Harremanak ezartzea beste erakunde batzuekin bere xede instituzionalak sustatzeko eta betetzeko».
Bigarrena.– Unibertsitateko irakaskuntza ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 EDaren (uztailaren 2ko 861/2010 EDak aldatua) 15.2 artikuluak jasotzen duenez, ikaskuntza ofizialek barne hartu ahal izango dituzte kanpo-praktikak eta -lanak ikasleak behar duen prestakuntza praktikorako, masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialen kasuan.
Hirugarrena.– UPV/EHUko Estatutuen 123. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernuaren Kontseiluak baimendu dezake, ikastegiek eta, hala badagokie, ikerketarako unibertsitate-sailek edo -institutuek proposatuta, beste erakunde batzuek zati bat irakastea, hitzarmenaren bidez eta irakaskuntzaren izaerako arrazoiengatik.
Laugarrena.– Bestalde, Segurtasun Saila da Euskal Autonomia Erkidegoan babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko alorretan eskumena duen organoa, eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak du ardura Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gerta daitezkeen era guztietako larrialdiei erantzun integrala ematearen gainean, hondamendi edo lazeria kasuetan zein hain larriak ez direnetan, baldin eta horietan arreta koordinatu eta eraginkorra behar bada, baina eragozpen sozialik sortu gabe eta funtsezko zerbitzuek gainezka egitea eragin gabe.
Segurtasun Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, babes zibilaren eta larrialdien alorrean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari dagokio Segurtasun Sailak alor horietan dituen xedeak eta eskumenak egikaritzeko eta betetzeko ardura.
Bosgarrena.– UPV/EHUk Laneko Segurtasuna eta Osasuna Masterra eskaintzen du. Titulu ofizial horrek Osalanen aitorpena du, eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko goi-mailako teknikari izateko gaitasuna ematen du. Halaber, ikasleen prestakuntza errazteko eta etorkizunean ikasleak laneratzea prestatzeko, Segurtasun Sailarekin elkarlanean aritzea du helburu, kanpoko praktika akademikoen prestakuntzaren alorrean.
Seigarrena.– Hitzarmen honen xedea da Segurtasun Sailaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza ahalik eta handiena izan dadin bultzatzea, ikasleek prestakuntza akademikoan ikasitako ezagutzak aplikatzeko eta osatzeko, jarduera profesionaletarako prestakuntza emango dieten eskumenak lortzeko eta beren enplegagarritasuna eta ekimen-gaitasuna hobetzeko.
Zazpigarrena.– Kontraprestazio ekonomikorik ez duen lankidetza horren bidez, aipatutako titulazio horretako ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi da; lantokietako egoera errealetara egokitu behar da prestakuntza, eta kolektibo horrek harreman zuzena izan behar du lan-errealitatearekin eta egungo arazoekin. Titulazioa lortuko duten pertsonek lanbide-kualifikazio hobea izatea ekarriko du horrek.
Zortzigarrena.– Aurreko adierazpen horiek kontuan izanik, tarteko diren aldeen arteko lankidetza erakundetzeko asmoz, alde biek hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen bidez, UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arteko lankidetza-programa ezartzen da, Laneko Segurtasuna eta Osasuna unibertsitate-masterrean matrikulatu diren UPV/EHUko ikasleek masterreko praktika edo master amaierako lana egin dezaten Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzan.
Bigarrena.– UPV/EHUren konpromiso espezifikoak.
– UPV/EHUk, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin koordinatuta, praktiketako eta prestakuntza-jardueretako programa bat ezarriko du, praktikak hasi aurrekoa.
– Unibertsitateak ordezkari bat izendatuko du jarraipen-batzordean, eta hark Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako ordezkariarekin batera egingo du lan, programatutako prestakuntza-jarduerak betetze aldera.
– Ikasleei hitzarmen honetako edukien berri emango zaie.
Hirugarrena.– Segurtasun Sailaren konpromiso espezifikoak.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bermatuko du beharrezko instalazioak eta baliabideak erabiliko direla praktikak gauzatzeko. Zenbat ikasle jaso ditzakeen jakinaraziko du, erabilgarri dauden baliabideen eta lortu nahi diren xedeen arabera.
– Ikasleei aholkuak eta laguntza ematea egonaldian zehar sortzen zaizkien zalantzak eta zailtasunak ebazteko.
– Segurtasun Sailak ziurtagiri bat eman beharko dio ikasleari praktikak amaitutakoan; zer lan egin duen azalduko da han, eta adieraziko da ziurtagiria informaziozkoa dela eta lanari dagokionez ez dela loteslea.
Laugarrena.– Praktika- edo lan-programa egiteko lekua eta iraupena.
Praktikak edo lanak non egingo diren hitzarmen honen eranskinean zehaztuko da.
Praktiken iraupena eta ordutegiak zehaztuko dira horien ezaugarriak kontuan hartuta eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak dituen aukeren arabera. Edonola ere ahalegina egingo da erakundearen ohiko jarduerari ahalik eta eragozpen txikiena sortzeko.
Bosgarrena.– Prestakuntza-jardueren programa.
Jarraipen-batzordeko UPV/EHUren eta Segurtasun Sailaren ordezkariek Laneko Segurtasun eta Osasuna unibertsitate-masterreko ikasleek egin beharreko jarduerak koordinatuko dituzte, eta horien berri emango diete Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako arduradunei, prestakuntza-programa hasi aurretik. Programa horretan, gutxienez, hitzarmen honen eranskinean jasotako datu hauek zehaztuko dira, Segurtasun Sailak onartu beharko dituenak.
– Prestakuntza-programaren barruan egin beharreko praktikak edo lanak UPV/EHUren zer ikasketatakoak diren.
– Praktikak edo lanak zein erakundetan eta zein lekutan egingo diren.
– Unibertsitateko irakaslea, tutorea edo zuzendaria.
– Enpresako instruktorea.
– Eragindako ikasleen zerrenda.
– Egin beharreko praktiken edo lanen helburua.
– Programa-xedeen eta aurreikusitako jardueren edo lanen proposamena.
– Ebaluazio eta kontroleko sistemak.
– Praktiken edo lanen egutegi- eta ordutegi-proposamena.
Seigarrena.– Koordinazioa.
UPV/EHUri dagokionez, erakunde horrek berak izendatutako irakasleak jardungo du tutore zuzendari lanetan, aplika daitekeen araudiaren arabera.
Unibertsitateko tutoreak edo zuzendariak honako hauek egin beharko ditu:
– Praktiken edo lanen jarraipena eta ikuskaritza, plantea litezkeen gaiak ebazteko.
– Prestakuntza-programaren eta lanen edo masterrean egin beharreko tesiaren jarraipena, egoki aprobetxatzen ari dela egiaztatzeko.
– Egindako praktikei eta lanei dagokien amaierako ebaluazioaren txostena egitea.
– Praktikak edo lanak egin diren zentroari edo erakundeari buruzko urteko txostena egitea (horiek amaitu eta gero).
UPV/EHUko tutoreak edo zuzendariak honako eskubide hauek izango ditu:
– Jarduera akademikoaren egiazko errekonozimendua jasotzekoa.
– Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari buruzko informazioa jasotzekoa, baita hezkuntza-proiektuari buruzkoa ere; halaber, tutoretzapeko ikaslearen egonaldia zein baldintzetan egingo den jakiteko eskubidea izango du.
– Segurtasun Sailerako sarbidea izatekoa, bere funtzioari dagozkion helburuak bete daitezen.
Halaber, honako betebehar hauek izango ditu:
– Hezkuntza-proiektua era normalean garatzen dela bermatu beharko du; hala, praktikak egiteko ordutegia eta ikaslearen betebehar akademikoak, prestakuntza-betebeharrak eta ordezkaritza- eta partaidetza-betebeharrak bateratzen direla egiaztatuko du.
– Prestakuntza-proiektuan egiten diren aldaketak baimendu beharko ditu.
– Tutoretzapeko ikaslearen praktiken prozesu ebaluatzailea gauzatu beharko du.
– Tutore gisa jardutearen ondorioz ezagutzen duen edozein informazio isilpean gorde beharko du.
– Unibertsitateko kanpoko praktiken organo arduradunari izandako balizko gorabeheren berri eman beharko dio.
– Ikasleak aukera-berdintasuneko, diskriminaziorik gabeko eta irisgarritasun unibertsalaren baldintzetan daudela bermatzeko beharrezkoak diren laguntza-baliabide egokiak daudela gainbegiratuko du, eta halakorik behar bada, eskatu egingo ditu.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aldetik, ikasleen instruktore arituko da Zuzendaritzak praktikak edo lanak egin bitartean izendatzen duen pertsona.
Instruktoreak honakoak egin beharko ditu:
– Ikasleari harrera egitea.
– Ikaslearen lan-plana egitea.
– Ikasleei orientazioa eta laguntza eskaintzea erakundean egon bitartean lanaren garapenean izan ditzaketen zalantza eta zailtasunak gainditzeko.
– Erakundea nola antolatzen den eta nola funtzionatzen duen azaltzea (xedeak, eginkizunak, ondorio deontologikoak eta abar).
– Dagokion irakaskuntza praktikoa ematea.
– Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea.
– Praktikek irauten duten artean jazo daitezkeen gertakarien berri ematea jarraipen-batzordeari.
– Egindako praktikei eta lanei dagokien amaierako ebaluazioaren txostena egitea.
Honako eskubide hauek izango ditu instruktoreak:
– UPV/EHUk instruktoreari venia docendi ematekoa lankidetza-hitzarmenean araututakoaren arabera; horretarako, tituluko praktika akademikoen arduradunak dagokion izendapena egingo du.
– Kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren inguruko informazioaren berri izatekoa, baita prestakuntza-proiektuaren eta horren garapenaren baldintzen ingurukoa ere.
– UPV/EHUra sarbidea izateko eskubidea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta babesa eskuratzeko.
– Instruktoreek euren etengabeko prestakuntzari lagun diezaioketen unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak (liburutegiak, mintegiak eta abar) erabiltzeko eskubidea. Praktiketako Programaren arduradunak venia docendiren emakidarekin batera eskatu beharko du sarbide hori, zer instalazio eta zerbitzuetara sartu nahi duen eta zergatik zehaztuta.
Unibertsitate-masterreko praktikak edo lanak egiteko prestakuntza-jardueretan parte hartzen duten ikasleek prestakuntza-programan zehaztutako zereginak egingo dituzte.
Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek batzorde paritarioa ezarriko dute jarraipeneko batzorde mistoa osatze aldera. Batzorde hori Lan Harreman eta Gizarte Langintzako Fakultateko bi ordezkarik eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako bi ordezkarik osatuko dute.
Batzorde horretan parte hartu ahal izango dute aldeek adostuta izendatzen diren beste kide batzuek.
Batzorde horren ardura izango da praktikak edo lanak egin bitartean edo hitzarmen hau betetzean sor litezkeen interpretazio- edo egikaritze-arazoak konpontzea. Horretarako, informazioa aldizka trukatuko du, gutxienez, 6 hilean behin, jarduerei eta ikasleei dagokienez.
Zortzigarrena.– Kudeaketa.
UPV/EHUren ordezkariak (masterreko arduraduna, praktika-programaren arduraduna, lanaren tutorea edo zuzendaria) gainbegiratu beharko ditu ikasleen kanpoko prestakuntza-jarduerak. Halaber, Segurtasun Sailarekin koordinatu beharko du, behar diren baliabideak erabiltzeko eta prestakuntza-programa egoki garatzeko.
Bederatzigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
Hitzarmen honetatik eratorritako ikasleen eskubideak eta betekizunak honako hauek dira:
– Praktikak edo lanak adostutako egunean eta baldintzetan hastea.
– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak finkatutako ordutegiak eta arauak betetzea.
– Praktikak edo lanak arduraz eta behar bezala egitea, programaren eta onartutako baldintza espezifikoen arabera.
– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari jakinaraztea praktikak edo lanak egoki egiteari eragiten dion edozer gertakari.
– Sekretu profesionala eta konfidentzialtasuna zorroztasun osoz betetzea hirugarrenei jakinarazteari edo komunikatzeari buruz, Segurtasun Sailean jasotako informazioetan.
– Hitzarmen honen klausulek ez dute, inola ere, Segurtasun Sailaren titulartasunpeko jabetza intelektual eta industrialaren eskubideak lagatzerik edo eskualdatzerik ekarriko.
Hamargarrena.– Ikasleen eta Segurtasun Sailaren arteko harremanaren izaera.
Segurtasun Sailak hitzarmen hau izenpetzeak ez du ekarriko bertan zehaztutakoaz kanpoko konpromisorik eta inola ere ez du ekarriko lan-kontratu baten barneko betekizunik; izan ere, ikasleek eta erakundeak ez dute lan-harremanik edo bestelako harremanik izango Segurtasun Sailarekin, eta jarduera horrek ez du ordainketarik ekarriko.
Hamaikagarrena.– Ziurtagiriak.
Praktikak edo lanak edota doktorego-tesiak amaitzean, Segurtasun Sailak ziurtagiri bat emango dio ikasleari, eta, haren bitartez, berariaz jasoko da ikaslearen prestakuntza zer espezialitatekoa den, bai eta egindako praktiken edo lanen iraupena eta haren errendimendua ere.
Halaber, UPV/EHUk ziurtagiri bat emango dio Segurtasun Saileko instruktoreari, praktikak edo lanak egin bitartean elkarlanean aritu direnaren adierazle.
Bestalde, masterreko arduradunek ziurtagiriak egin ahal izango dituzte Segurtasun Sailaren izenean, lankidetza dela medio.
Hamabigarrena.– Asegurua UPV/EHUko ikasleen asegurua.
– Eskola aseguruak 28 urtera arte babesten ditu ikasleak, bai espainiarrak eta bai atzerritarrak. Edonola ere, eskola aseguruaren aseguru osagarria izan nahi duten ikasleek unibertsitateak istripuetarako hitzartuta duen «cum laude» talde poliza sina dezakete.
– Master amaierako lanak edo praktikak hitzarmen honen barruan egiten dituzten 28 urtetik gorako ikasleek beren istripu eta gaixotasun asegurua izan beharko dute, edo aurreko paragrafoan aipatutako «cum laude» asegurua sinatu.
– UPV/EHUk erantzukizun zibileko poliza bat dauka kontratatuta, ikasleek praktikak edo master amaierako lanak egitean hirugarrenei sor diezaieketen kalteei aurre egiteko.
– Ez unibertsitateak ez ikasleak ez dute bere gain hartuko kalteen erantzukizunik, baldin eta kalteok sortu badira erakundeko zuzendariak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako instruktoreak Master Amaierako Laneko edo praktiketako eginkizunen planean jasota ez dagoen agindu edo jarraibideren bat ematearen ondorioz.
Hamahirugarrena.– Hitzarmena interpretatzeko araubidea.
– Hitzarmen honek administrazio izaera du eta, interpretatzeko eta garatzeko indarreko ordenamendu juridiko-administratiboari lotu behar zaio.
– Hitzarmen honek edo haren aplikazioak sor ditzakeen arazoak jarraipen-batzordeak ebatzi beharko ditu; hain zuzen, hitzarmen honetako zazpigarren klausulan dago araututa batzorde hori.
– Aldeen artean sor daitezkeen eztabaidak ez baditu jarraipen-batzordeak konpontzen, eztabaidak administrazioarekiko auzien ordena jurisdikzionalean ebatziko dira.
Hamalaugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
1.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, sinatzen denetik hasita. Indarraldia amaitu eta gero, automatikoki berrituko da beste lau urterako, ez bada hitzarmena sinatu duten aldeek salatu egiten dutela hitzartutakoak eraginik ez izatea nahi duten ikasturtearen aurreko ekainaren 30 baino lehen. Hitzarmena salatuz gero, beste aldeari jakinarazi beharko zaio.
2.– Alderdietako batek hartutako konpromisoak bete ezean, hitzarmena indargabetzea eskatzeko eskubidea izango du besteak. Hitzarmen honetan ezarritako jarraipen-batzordeari jakinaraziko zaio ez-betetzea, eta horrek praktikak lehenago etetea egokia ote den erabaki beharko du, 10 eguneko epean, gehienez.
Hamabosgarrena.– Azkentzeko arrazoiak.
Hitzarmena azkendu egingo da hauetako bat gertatuz gero:
– Alde izenpetzaileak ados egotea edo horietako batek hamabosgarren klausulan aurreikusitako terminoetan salaketa egitea.
– Hitzarmen honen xede diren ikasketa ofizialen desagerpena.
Hamaseigarrena.– Praktikak amaitzea, hitzarmena azkenduz gero.
Hitzarmena azkenduta, praktikak egiten ari diren ikasleei prestakuntza-jarduerak amaitzeko aukera bermatu behar zaie.
Eta, adostasuna eta onarpena adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte aldeek, hasieran adierazitako lekuan eta datan.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreordea,
ARACELI GARÍN MARTÍN.