EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017203

237/2017 DEKRETUA, urriaren 17koa, Vitoria-Gasteizko (Araba) Aiztogile kaleko 45. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzea ebazten duena. Ondasun higiezin hori abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren eraginpean dago, zeinaren bitartez Vitoria-Gasteizko hirigune historikoari monumentu-multzoaren izendapena eta kultura-ondasunaren kalifikazioa ematen baitzaio eta hura zaintzeko babes-araubidea ezartzen baitu.

Xedapenaren zenbakia: 201700237
Xedapenaren data: 2017-10-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201705099
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1998/01/15ean argitaratutako 1997/12/23ko 199700312 DEKRETUA

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunak botatzerik, baldin eta aldez aurretik euren aurri-egoera adierazi ez bada eta bakoitzari dagokion foru-aldundiak eraisteko baimenik eman ez badu. Era berean, nahitaezkoa izango da Eusko Jaurlaritzak sailkatutako kultura-ondasun izatetik kentzeari buruzko baimena aldez aurretik ematea.
Aipatutako araudia garatzeko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua eman zen sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruz eta beroriek eraisteko ebazpenaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruz (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).
2016ko abenduaren 15ean, Vitoria-Gasteizko Udalak, 306/1998 Dekretuari jarraituz, Euskal Kultura Ondarearen zentroari igorri zion Vitoria-Gasteizko hirigune historikoan den higiezina desafektatzeko eskaera (Aiztogile kalea 45), eraikina aurri-egoeran zegoela aintzat hartuta.
Izan ere, abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuak Vitoria-Gasteizko hirigune historikoari monumentu-multzoaren izendapena eta kultura-ondasunaren kalifikazioa eman zion eta hura zaintzeko babes-araubidea ezarri zuen (urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.). Horren arabera, higiezin horrek oinarrizko babesa du.
Zerbitzu teknikoen txostenak kontuan harturik, eta aurri-egoeraren espedientea eta izan diren ekintzak ikusirik, Euskadiko Monumentu Ondarearen Aholku Batzordeak, 2017ko martxoaren 28an egindako saioan, Vitoria-Gasteizko Aiztogile kaleko 45. zenbakiko eraikina partzialki desafektatzea eta lursailari dagokion babesa mantentzea erabaki zuen. Lursailari elementu ordezkagarrietarako araubidea ezarriko zaio.
Kulturako sailburuordearen 2017ko uztailaren 21eko Ebazpenaren bidez (abuztuaren 1eko EHAA, 145. zk.) Vitoria-Gasteizko Aiztogile kaleko 45. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion, jendaurrean jarri zen eta interesdunei entzun zitzaien.
Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Hori dela eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenari jarraituz eta Gobernu Kontseiluak gaia 2017ko urriaren 17ko bilkuran aztertu ondoren, honako hau
XEDATzen DUT:
Artikulu bakarra.– Aiztogile kaleko 45. zenbakiko higiezina partzialki desafektatzea. Higiezinak oinarrizko babesa du abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren arabera. Dekretu horren bidez Vitoria-Gasteizko hirigune historikoari monumentu-multzoaren izendapena eta kultura-ondasunaren kalifikazioa eman zion eta hura zaintzeko babes arauak ezarri ziren. Eta horretaz gain, lursailari dagokion babesari eustea, hau da, lursailari elementu ordezkagarrientzako araubidea ezartzea.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari eskatuko dio ezaba dezala zentro horri atxikita dagoen higiezin horren prebentziozko idatzoharra Kultura Ondasun Kalifikatuen Erregistrotik.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu hau jakinaraziko die interesdunei, Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Ingurumen eta Hirigintza Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea, jende guztiak honen berri izan dezan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko urriaren 17an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.