EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017203

AGINDUA, 2017ko urriaren 17koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta berrabiarazteko laguntzak ezartzen dituen Bideratu Berria programa.

Xedapenaren data: 2017-10-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201705093
Maila: Agindua
2000. urteko lehen hamarraldian, egoera ekonomikoa aldekoa zelarik, euskal industria egitura-aldaketa garrantzitsu bat gauzatzeko gai izan zen eta, horrela, bere lehiakortasunaren hainbat alderdi hobetu ahal izan zituen, hala nola, teknifikazio- eta berrikuntza-maila, merkatu berrietan zuen tokia, sinergien aprobetxamendua eta enpresa-aliantzak ugaritzea. Faktore horiei esker, enpresen akzio-egitura aldatu zen, balantzeetako finantza-egoera sendotu zen, kudeaketa-teknologia berriak sartu ziren eta giza baliabideen kudeaketa arrazionalago bat egin ahal izan zen, besteak beste.
Hala eta guztiz ere, aipatutako moduan egituratutako euskal industria-sareak ezin izan dio 2008. urtean lehertutako krisi sakonetik kanpo eutsi. Krisi horren ezaugarrien artean, merkatuaren neurria modu adierazgarrian murriztu izana da aipagarrienetakoa. Gainera, aldi berean, kostu urriko herrialdeetako ekoizpen-enpresa berri eta indartsuak erantsi zaizkio merkatuari eta, horren ondorioz, asko jaitsi dira fakturazio-marjinak zein -bolumenak.
Enpresa askok, egoera horri aurre egiteko, doikuntza-neurriak abiarazi dituzte merkatuko errealitate berrira moldatzen saiatzeko eta, horrela, beren jarduera- eta lan-kostuak murriztu dituzte, bai eta beren ekoizpen-ahalmena berrantolatu edo urritu ere.
Enpresa batzuen moldaketa partziala izan da, ordea; beste batzuek, berriz, lehiakortasunari dagokionez beren egoera birbideratzeko gai izan badira ere, hainbat finantza-desoreka dituzte, epe ertain eta luzean beren bideragarritasun-aukerak baldintzatzen dituztenak.
Eusko Jaurlaritzak, moldaketa-prozesu horretan buru-belarri diharduten enpresaburu eta langileek beren gain hartutako ahaleginetan lagundu nahian, sendotu egin nahi ditu produktua eta merkatua edukitzeagatik lehiakorrak izan daitezkeen arren, aurreko egoera gaitz haren ondorioak jasaten ari diren enpresa edo jarduera-sektoreak. Edo, beste modu batean esanda, moldaketa-neurriak aplikatzeko egindako finantza-ahaleginen ondorioz, orain sendotze- eta garapen-proiektu berriak abian jartzeko finantzaketa bilatzeko zailtasunak dituzten enpresak.
Gauzak horrela, lehia askean erakundeen esku-hartzea minimizatzeko irizpidean oinarrituta, lehia-baldintzak azkar eta egonkorki berrezartzen lagunduko duten finantza-tresnak garatzearen eta aplikatzearen alde egin du Eusko Jaurlaritzak, zailtasun-egoeratik irteteko prozesu formalak azkartuz eta inplikatutako alderdi guztiei etorkizunera begira benetako konpromisoak eskatuz.
Hala, bada, krisiak jotako enpresak berregituratzera eta berrabiaraztera bideratutako laguntzak emateko araubideak nahitaez men egin behar die honako honetan bildutako printzipioei: Batzordearen jakinarazpena, Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzen gaineko Europako Erkidegoko zuzentarauei buruzkoa (EBAO 2014/C 249/01).
Araubide horrek kontuan hartzen eta errespetatzen ditu, orobat, aplikatu beharreko Europako Erkidegoko zuzentarauak, eta Europar Batasunak ezarritako laguntza-tipologiara egokituta dago, baita laguntza horiek baimentzeko oinarrizko baldintzetara ere. Europako Batzordearen 2017ko uztailaren 19ko C (2017) 4984 azken Erabakiak ondorioztatzen duenez, proiektua bateragarria da barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuak 107.3 artikuluko c) letran ezarritakoaren babesean, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia-tasa handiagoa bada Europar Batasuneko batezbestekoa baino. Ondorioz, baldintza hori urtero egiaztatuko da, laguntzen deialdia egin baino lehen.
Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri izanaren ondorioz (2015-10-02ko BOE, 236. zk.), aintzat hartu behar da, eta izapidetze elektronikoa gehitu behar da.
Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko industria-arloan laguntza-programa bat arautzea, krisialdian dauden enpresak berregituratzera eta berrabiaraztera bideratuta. Bideratu Berria programa.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak horretarako gaitutako kredituetatik hartuko dira, neurri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean jasota baitaude, ekitaldi bakoitzerako.
2.– Bideratu Berria programaren helburua da laguntzak eskatzen direnetik ematen direnera arte ahalik eta denbora gutxien igarotzea, eta, beraz, horretarako, laguntzak ordenan emango dira, espedientea osatzen den unearen arabera, lehiaketaren teknikara jo gabe; horrela, laguntzek gainditzen badute dagokion urteko deialdian zehaztutakoaren arabera eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoa, administrazio-ebazpen bidez ukatuko dira. Zenbateko horrek ezin izango du gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorretan xede horretarako bideratutako ordainketa- eta konpromiso-kredituen zuzkiduren batura. Horregatik, programa hau indarrean dagoen bitartean, baldin eta ekonomia-ekitaldiren batean zenbateko horretara iristen bada, egoera horren berri emango du industria-arloan eskuduna den sailburuordetzako titularrak: administrazio-ebazpen bat argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, diru-zenbatekoa zein egunetan agortu den adieraziz.
3. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak.
1.– Sustatu egingo dira industria- eta finantza-arloa berregituratzeko eta berrabiarazteko neurriak, krisialdian dauden enpresei epe ertain eta luzera bideragarritasuna itzultzeko, eta neurriok berregituraketa-planen barruan egon behar dute.
Diruz lagun daitezke artikulu honen hurrengo ataletan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta enpresak errentagarri bilakatzeko horiek berregituratzera eta jarduerak arrazionalizatzera bideratutako ekintzak biltzen dituzten planetan jasota dauden neurriak aplikatzetik eratorritako kostuak, hala nola, jarduera defizitarioak murriztea edo uztea, lehiakortasuna berreskura dezaketen jarduerak berregituratzea edo jarduera errentagarri berrietara dibertsifikatzea.
2.– Berregituraketa-planak baldintza hauek bete behar ditu:
a) Planean jasotako neurriak aplikatzeko epeak ahal bezain laburra izan beharko du, eta horri esker arrazoizko denbora-tarte batean berrezarri beharko da enpresaren bideragarritasuna, etorkizuneko esplotazio-baldintzei buruzko hipotesi errealistetan oinarrituta.
b) Bideragarritasunaren hobekuntzak berregituraketa-planean jasotako barne-neurrien emaitza izan beharko du; nolanahi ere, enpresaren eraginpean ez dauden kanpoko faktore batzuetan ere oinarritu ahalko da, adibidez, prezioen edo eskariaren igoeran, baldin eta, planean jaso beharreko merkatu-azterlanean egin diren merkatuari buruzko hipotesiek gehiengoaren onespena badute.
c) Alderdi hauek hartu beharko ditu aintzat: enpresaren zailtasunak eragin dituzten inguruabarrak, dena delako produktuek merkatuan duten eskaintza eta eskariaren egoera, eta aurreikus daitekeen bilakaera, betiere, hipotesi baikorrak, ezkorrak eta bitartekoak adierazita eta enpresaren alderdi indartsuak zein ahuleziak kontuan hartuta.
d) Gauzatu ondoren, enpresaren kostu guztiak estaltzeko gai izango den aldaketa bat proposatu beharko du, amortizazioari eta finantza-kargei dagozkien kostuak barne.
3.– Era berean, berregituraketa-planean honako hauek adierazi beharko dira:
a) Plana gauzatzen den bitartean enpresa onuradunak bere ekoizpen-ahalmena areagotuko ez duela dioen konpromisoa.
b) Zer baliabide dituzten enpresa onuradunek –kapital-ekarpenak, maileguak, bermeak edo beste baliabide-mota batzuk– berregituraketa-plana gauzatzen laguntzeko.
4.– Onartutako berregituraketa-plana aldatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta berrikusitako berregituraketa-planak helburutzat badu arrazoizko epe baten buruan bideragarri izatera itzultzea.
4. artikulua.– Lehiaren gaineko faltsutze bidegabeei aurrea hartzea.
1.– Merkataritza-baldintzen gaineko ondorio negatiboak ahalik eta gehien murrizteko helburuz, enpresa txiki eta ertainek kontrapartidak sartu behar dituzte. Eskaera, bestela, «guztien interesen aurkakotzat» joko da, eta, ondorioz, ezin izango da merkatu erkidearekin bateratu. Kontrapartiden egokitasuna zehaztean, kontuan hartuko da epe luzera bideragarritasuna berrezartzeko helburua.
2.– Neurri hauetariko batzuk izan daitezke aktiboak saltzea, enpresaren neurria edo merkatuan duen tokia murriztea, eta dagozkion merkatuetan sartzeko oztopoak gutxitzea. Kontrapartidak egokiak diren ebaluatzean, kontuan hartu beharko dira merkatuaren egitura eta lehiaren baldintzak, neurri hauetariko batek ere merkatuaren egitura okertzen ez duela bermatzeko, adibidez, ziurtatuz ez duela zeharka monopolio edo oligopolio mugatuko egoerarik eragiten. Egoera hau sortuko dela egiazta badaiteke, ezarritako kontrapartidek helburutzat izan beharko dute halakorik saihestea.
3.– Lehiaren gaineko faltsutze bidegabeei aurrea hartzeari dagokion beste edozein gaitarako, aintzat hartuko da Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzen gaineko Europako Erkidegoko zuzentarauetan xedatutakoa, eta, bereziki, aipatutako Europako Erkidegoko zuzentarauen 78. artikulutik 81. artikulura bitartean jasotakoa (DOK 249, 2014-07-31).
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak jaso ahal izateko, Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) baldintza hauek bete beharko dituzte: erauzketetako, eraldaketarako, produkzioko edo aurrekoei lotutako zerbitzu teknikoetako (produktu-prozesuari lotuak) ETE industrialak izatea, edota komunikazio eta informazioaren gizartearen arlokoak izatea, betiere krisi-egoeran badaude.
2.– Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak joko dira enpresa txiki eta ertaintzat (ETE):
– 250 langile baino gutxiago izatea.
– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi eurokoa izatea.
Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa-taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.
Aurretiaz adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L124, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoa edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenak hartuko dira kontuan.
3.– Krisi-egoeran daudela ulertuko da, baldintza hauek betetzen direnean: enpresak ezin izatea galerak estali bere finantza-baliabideen bidez edo akziodun zein hartzekodunak emateko prest dauden baliabideen bidez eta, kanpoko esku-hartzerik izan ezean, galera horiek epe labur edo ertainean desagerpen ekonomikora eramatea.
Bereziki, agindu honen ondorioetarako eta Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzen gaineko Europako Erkidegoko zuzentarauetan (2014/C 249/01) aurreikusitakoaren arabera, enpresa txiki edo ertain bat krisiak jota dagoela ulertuko da ondoko hiru irizpideetako bat betetzen badu:
i) erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da, metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;
ii) sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;
iii) enpresa porrot edo kaudimengabezia prozeduran dagoenean edo bere Zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot edo kaudimengabezia prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;
4.– Agindu honetan araututako laguntzetatik kanpo geratzen dira Europar Batasunaren Fundazio Tratatuaren I. eranskineko produktuekin lotutako jarduerak eta Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoko Tratatuko sektoreak.
5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzez baliatu:
a) Ikatzaren edo altzairuaren sektoreko enpresak, eta finantza-erakundeentzako berariazko arauez estaliak.
b) Enpresa eratu berriak, batez ere lehengo enpresa bat likidatzean edo haren aktiboak bereganatzean sortutako enpresa berriak, nahiz eta hasierako finantza-egoera prekarioa izan.
Arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, enpresa bat berria dela esaten da dagokion jarduera-sektorean jarduten hasi ondoko hiru urteetan.
Ondorio berberetarako, ez da enpresa eratu berritzat joko enpresa batek beste enpresa bateko aktiboak eta, hala badagokio, pasiboak eskuratzeko asmo bakarrarekin sorturiko filiala.
c) Talde bateko kide diren enpresak, salbu eta egiaztatzen bada enpresak dituen zailtasunak enpresarenak berarenak direla, eta ez direla taldearen barruko kostuen esleipen arbitrario baten ondorio.
d) Aspaldidanik gehiegizko egitura-gaitasuna duen merkatuan diharduten enpresak, Europako Erkidegoko sektore anitzeko zuzentarauen testuinguruan definitzen denaren arabera, inbertsio-proiektu handietarako eskualde-laguntzei buruz.
6. artikulua.– Onuradunen betekizunak.
1.– Onuradun izateko, eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Eraginpeko lantokia eta/edo ustiaketa-zentroa izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.
b) Laguntzak eskatu aurreko bi ekitaldietan, beheko bi baldintza hauetako bat betetzea, gutxienez:
i) Ekitaldi bakoitzean zehar enplegatutako langileen batez besteko kopurua 40tik gorakoa izatea.
ii) Aktiboko partiden guztizkoak 1,5 milioi euroko zenbatekoa gainditzea.
iii) Urteko negozio-zifraren zenbateko garbiak 3,0 milioi euroko zenbatekoa gainditzea.
2.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden erakundeak.
3.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituzten erakundeek bakarrik lortu ahal izango dituzte agindu honetan jasotako diru-laguntzak.
4.– Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten erakundeek ezin izango dute onuradun-izaera lortu.
5.– Diru-laguntzen onuradun izateko, erakunde eskatzaileek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dira egon behar zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntzak edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ez eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
6.– ETEek ere, onuradun izateko, bete egin beharko dituzte 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa), Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei ezartzen zaizkienak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
7.– Orobat, agindu honetan araututako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat; horrez gain, eskatzaileak administrazio horrekin ezin izango du zorrik izan epe exekutiboan.
8.– Diru-laguntza hauen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.
9.– Horrez guztiaz gainera, eskatzaileek agindu honen 11. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK
7. artikulua.– Berregituraketa Plana finantzatzeko laguntzak emateko prozedura eta laguntzen izaera.
1.– Eman beharreko laguntzak aurrerakin itzulgarrien bidez gauzatuko dira, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira, betiere espedientea osatuta dagoen unearen arabera, lehiaketaren teknika erabili gabe, agindu honen 2.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Emandako laguntzaren zenbatekoa planean sartutako berregituraketa-neurrien kostu osoaren % 50era iritsi ahalko da, 1.000.000 euroko gehienekora iritsi arte, baldin eta laguntzen onuradunak proportzio bereko ekarpena egiten badu bere baliabideetatik neurri haiek finantzatzeko; horretarako, enpresaren biziraupenerako nahitaezkoak ez diren aktiboak saldu ahalko ditu, edo kanpo-finantzazioa lortu ahalko du unean uneko merkatu-baldintzetan.
Laguntzaren zenbatekoa eta intentsitatea berregituraketa egin ahal izateko behar-beharrezkoak diren berregituraketa-kostuetara mugatuko da, betiere, enpresaren, horren akziodunen edo kide den enpresa-taldearen finantza-baliabideen arabera.
Laguntza itzuliko dela bermatze aldera, eta enpresa onuradunaren erantzukizun pertsonala gorabehera, sozietateak laguntza itzuliko duela bermatzeko dituen ondasun eta eskubideak aitortu beharko ditu. Halakorik balego, laguntza ordaindu baino lehen eratu beharko du bermea enpresa onuradunak.
8. artikulua.– Laguntzen mugak eta bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarri izango dira beste Erakunde edo Administrazio Publiko batzuek helburu berbererako emaniko beste laguntza batzuekin. Laguntzaren zenbatekoak, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin batera, ezin izango ditu gainditu artikulu honen 2. zenbakian ezarritako mugak.
2.– Enpresa bakar batek jasotako berregituraketa-laguntza guztien –kapital-ekarpenak, aurrerakin itzulgarriak, maileguak, bermeak, zor-barkatzeak, zerga-kenkariak edo Gizarte Segurantzarako kotizazio-murriztapenak– baturak 10 milioi euroko zenbatekoa gaindituko balu, Europako Batzordeak eman beharko luke aurretiazko baimena arau honetan ezarritako laguntzak esleitzeko, Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzen gaineko Europako Erkidegoko zuzentarauen 6.1 puntuan ezarritakoaren arabera.
3.– Krisialdiak jotako enpresa bati laguntza bidegabe bat aitortu bazaio aurrez, eta Batzordeak horri buruzko erabaki negatiboa hartu eta laguntza hori berreskuratzeko agindua eman arren eskuratu ez badu, EE Tratatuko 93. artikuluko aplikazio-xedapenak ezartzen dituen 1999ko martxoaren 22ko Kontseiluaren 659/1999 (EE) Erregelamenduaren 14. artikuluaren arabera, orduan, enpresa horri berari agindu honen arabera emango zaion laguntzaren ebaluazioan, kontuan hartu beharko da, lehenik, bi laguntzen ondorio metagarria –zaharraren eta berriaren artekoa–, eta bigarrenik, lehendabizikoa ez dela itzuli.
9. artikulua.– Laguntza bakarraren printzipioa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako berregituraketa-laguntzak behin bakarrik emango dira, eta ezingo da beste berregituraketa-laguntzarik eman azken berregituraketatik gutxienez hamar urte igaro diren arte.
2.– Arau horri ez dio eragingo laguntza eman ondoren enpresa onuradunaren jabetzan aldaketaren bat izateak, ez eta epaitegiko edo administrazioko prozeduraren baten ondorioz enpresaren balantzea saneatzeak, enpresaren kredituak murrizteak edo aurreko zorrak likidatzeak ere. Izan ere, gisa horretako egoeretan, enpresa beraren jarraipena besterik ez litzateke izango.
3.– Aurrekoa eragotzi gabe, erreskatatzeko eta berregituratzeko zuzentarauen 75. apartatuaren arabera, enpresa eskuratzaileak ez du bete behar laguntza bakarraren printzipioa, baldin eta ez badago jarraitutasun ekonomikorik enpresaren edo aktiboen eta erosle/eskuratzailearen artean. Zehazki, baldin eta hauek betetzen badira:
a) Erosleak ez badu inolako loturarik enpresarekin; argi eta garbi banatuta egon beharko du enpresaren kontroletik edo akziodunetatik.
b) Beste enpresak saldutako aktiboak merkatu-prezioan eskuratu baditu.
c) Likidazioa edo berreskurapena eta xurgapena ez badira laguntza bakarraren printzipioa aplikatzea eragozteko formulak.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
10. artikulua.– Prozedura hastea.
Agindu honetan araututako laguntzetarako deialdi publiko bat egingo da urtean.
Industriaren arloan eskuduna den sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez egingo da deialdia, eta honako hauek zehaztuko ditu: ekitaldi horretan eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa, eta eskabideak aurkezteko epea, tokia eta era.
11. artikulua.– Eskabideak eta gainerako agiriak aurkeztea. Izapidetze telematikoa.
1.– Eskabideak aurkeztea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
2.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.eus/industria. Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
3.– Eskabidea osatzeko, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinaduraz gain, agiri hauek aurkeztu behar dira: aginduaren artikulu honen 6. eta 7. zenbakietan aipatzen den dokumentazio osagarria, eta Administrazioak eska dezakeen beste edozein agiri, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean xedatutako moduan.
4.– Eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, diru-laguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
5.– Diru-laguntza eskaera bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiri elektronikoak aurkeztu beharko ditu.
6.– Eskatzaileek, eskabide-orria betetzeaz gain, Berregituraketa Plan bat aurkeztu beharko dute, gutxienez datu hauek jasoko dituena:
a) Enpresaren azken urteetako bilakaera eta egungo egoera.
b) Enpresa krisialdira eraman duten faktoreen azterketa.
c) Merkatuaren bilakaeraren gaineko hipotesien azterketa, merkatu-azterketatik ateratzen diren hipotesiena.
d) Enpresa desagertzeak eskualdean edo herrialdean izan ditzakeen ondorio ekonomiko eta sozialen ebaluazioa.
e) Plan Estrategikoaren proposamen bat, aurreikusitako berregituraketa-neurriak eta horien kostuak jasoko dituena.
f) Neurriak aplikatzeko egutegia eta berregituraketa-plana osoki gauzatzeko epea.
g) Aplikatu beharreko finantza-neurrien deskribapen xehea, enpresako akziodunen finantza-konpromisoak barne (kapital-ekarpenak, zorrak barkatzea, maileguak, bermeak eta baliabideak emateko beste modu batzuk).
h) Emaitza-kontuen hurrengo bost urteetarako aurreikuspena, enpresaren funtsen errentagarritasunaren kalkuluarekin eta sentikortasun-analisiarekin, hainbat hipotesitan oinarrituta.
i) Enpresaren bi egoera hauek konparatzea: enpresaren egoera berregituraketa-plana egin ostean, eta enpresaren egoera plan hori burutuko ez balu.
j) Berregituraketa-planean ezarritako neurriak gauzatzeko lan-akordioa, bereziki neurri horiek langile-murrizketa jasotzen badute.
k) Laguntzak eman ondoren dibidendu-banaketa egingo ez delako konpromisoa, ez eta berregituraketa-plana gauzatzeko epean ere.
l) Laguntza eman ostean eta data horretatik zenbatzen hasita hiru urteko epean enpresak hirugarrenei akzioak besterentzen badizkie eta horrek kontrol-aldaketa badakar, enpresak Eusko Jaurlaritzari aurretiaz baimena eskatuko diola adierazten duen konpromisoa.
m) Berregituraketa-aldian beste enpresa batzuetan partaidetzarik ez eskuratzeko konpromisoa, kasu honetan izan ezik: partaidetzak eskuratzea ezinbestekoa izatea onuradunaren epe luzerako bideragarritasuna bermatzeko badauden merkatuetan edo berrietan.
n) Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzean, lehia-abantaila gisa, estatuaren laguntzari publizitaterik ez emateko konpromisoa.
ñ) Adieraztea berdintasun-plana duen edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lankidetzan ari den erakunde baten ziurtagiriak dituen, baita jazarpen sexistaren kontrako protokoloak, lana eta familia uztartzeko neurriak eta abar ere.
7.– Halaber, dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Enpresaren eraketa-eskritura, bai eta estatutuena ere, eskumeneko erregistroan behar bezala inskribatuta, eta ondorengo aldaketena, halakorik balego.
b) Identifikazio Fiskaleko Txartela.
c) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea.
d) Azken bi ekitaldietako Urteko Kontu Auditatuak; horiek izan ezean, Sozietate Zergaren azkeneko bi aitorpenak.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren aktiboak osatzen dituzten ondasunak edo eskubideak zehazten dituena, ekoizpen-prozesuari lotuta dauden edo ez gorabehera, eta balorazio-irizpide orokorren araberako balorazio eguneratua jasotzen duena, bai eta haien kargen zehaztapena ere.
8.– Enpresa eskatzaileak gezurrezko daturen bat ematen badu eskaeran eta, bereziki, erantzukizunpeko adierazpenetan, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraituz.
9.– Betiere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean industria-garapenaren arloko eskuduna den zuzendaritzak –laguntza-programa kudeatzeko organoa– beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari, beharrezkotzat jotzen badu hark aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
12. artikulua.– Zuzenketak.
Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
13. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.
1.– Urteroko deialdian eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, industria-garapenaren arloan eskuduna den zuzendaritzako titularrak gehienez ere hiru hilabeteko epean egin eta jakinaraziko du administrazio-ebazpena, eta ebazpen horretan zehaztuko ditu, laguntzaren zenbatekoaz gainera, laguntzaren xede diren berregituraketa-neurriak, horiek gauzatzeko epea eta laguntzen onuradunek beren aldetik jarri behar dituzten baliabideak.
Berregituraketa-neurriek hainbat urte irauten badituzte, eta, laguntzen onuradunak egin beharreko ekarpenak ere hainbat urtetan gauzatzekoak badira, laguntzak emateari buruzko ebazpenak egutegi hori ere zehaztuko du.
Atal honetako 1. paragrafoan adierazitako epea bukatu ostean ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, enpresa eskatzaileak bere eskabidea baietsi dela ulertu ahal izango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.1. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, eskatutako laguntzari buruzko berariazko ebazpena eman behar du administrazioak, aipatutako 24. artikuluaren 3. zenbakian aurreikusitako eran. Halaber, eskabideak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, eskatutako laguntza ukatzeko ebazpena emango du industria-garapenaren arloan eskuduna den zuzendaritzako titularrak.
2.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek organo eskudunaren aurrean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
3.– Laguntza emateko ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunak berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badio, laguntza onartutzat joko da.
2.– Berregituraketa-planean jasotako neurriak bete eta justifikatzea. Gehienez ere hilabeteren buruan, neurri horiek burutu ondoren, justifikatu beharko da neurriak gauzatu izana; horrez gainera, onartutako planean jasotako gauzatze-epea bukatzen denean enpresak gauzatze-maila justifikatzeko txosten bat aurkeztu beharko du.
3.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.
4.– Berregituraketa-plana gauzatzen ari den bitartean eta laguntza itzultzeko epea bukatu arte, enpresaren urteko kontu auditatuen txostena ere bidali behar zaio industria-garapenaren arloan eskuduna den zuzendaritzari, txostena onartu eta ondorengo hilabeteko epearen barruan.
5.– Era berean, onuradunak informazio osagarria ere bidali beharko du industria-garapenaren arloan eskuduna den zuzendaritzara, halakorik eskatzen bazaio, Administrazioak egoki iritzitako egiaztapen guztiak egin ditzan berregituraketa-planaren garapenaz eta burutzapenaz.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunak gauzatuz, eskatzen duten informazioa ematea, Agindu honen kargura jasotako laguntzaren inguruan.
7.– Laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, industria-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzari horren berri ematea.
8.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jaso dituen diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea industria-garapenaren arloan eskuduna den zuzendaritzari.
9.– Bere egiten dituzte, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik diru-laguntzak jasotzen dituztenei 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
10.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein betebehar.
15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
Laguntza ordaindu ahal izateko, enpresak berak berregituraketa-neurriak finantzatzen laguntzeko egindako ekarpenen justifikazioa aurkeztu beharko du lehenik Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean industria-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzan, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zein Ogasunarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak ere.
Laguntza ordainketa bakarrean edo hainbat zatitan ordaindu ahalko da, laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren onuradunaren ekarpenen arabera.
16. artikulua.– Laguntza itzultzea.
Prozedura honen bitartez itzuliko da diru-laguntza:
1.– Egindako aurrerakinen itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian itzuliko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu batean, bost urtean.
2.– Honela itzuliko da urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa: berregituraketa-plana gauzatzeko ezarritako epea amaitu eta gero, enpresek urtebete izango dute itzulketak egiten hasi aurretik. Hau da, berregituraketa-plana amaitu eta 2. urtean gauzatuko da lehenengo itzulketa, eta gainerakoak, berriz, elkarren segidan egingo dira, bosgarren urtera arte.
3.– Ordaindutako aurrerakina modu finkoan itzuliko da: urtean bosten bat. Urtean bi itzulketa egingo dira. Otsailean, % 50 itzuliko da, eta, gainerako % 50a, berriz, uztailean.
4.– Itzulketa bi horiek eginda, eta haiek egiten diren ekonomia-ekitaldiko uztaileko azken egun balioduna baino lehenago, enpresak egindako banku-transferentzien kopia bat bidali beharko dio industria-garapenaren arloan eskuduna den zuzendaritzari.
5.– Urteko itzulketak egin ondoren, urteko likidazio-txostena idatziko du Administrazioak, eta txosten horretan azalduko du zer diferentzia egon den Administrazioaren alde edo aurka –halakorik egonez gero– eta zer interes aplikatu den (interesik aplikatu bada). Diferentzia horiek, berriz, hurrengo autolikidazioan konpentsatuko dira, behin betiko likidazio-txostenean ezarritako eran. Diferentziak Administrazioaren aurkakoak izanez gero, egoki diren interesak aplikatu beharko dira, enpresa onuradunak oker egindako autolikidazioa egin zenetik aurrera. Diferentziak azken autolikidazioan aurkituko balira, enpresa onuradunak, hiru hileko epean, autolikidazio hori zuzendu eta erregularizatu egin beharko luke, eta dagokion kopurua itzuli, baita onuradunak autolikidazio okerra egin zuenetik ezargarriak diren legezko interesak ere. Hori guztiori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak, xedatutakoaren arabera.
IV. KAPITULUA
EZ-BETETZEAK
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, arau honetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37. eta hurrengo artikuluetakoak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, industria-garapenaren arloan eskuduna den zuzendaritzako titularrak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntzaren printzipala eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan. Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Egon litezkeen ez-betetzeen arrazoien artean, berariaz jasota dago hau: laguntza emateko ebazpena egiterakoan kontuan hartutakoa baino % 25 txikiagoa den ekarpena egitea enpresa onuradunak.
18. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik laguntza gehiago lortzen bada, eta bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere laguntzaren onuraduna izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
Enpresa onuradunak laguntza emateko ebazpena gauzatzeko aintzat hartutakoa baino ekarpen txikiagoa egiten badu, baina ekarpen hori % 75 baino handiagoa bada, emandako laguntza murriztuko da.
Salbuespen gisa, enpresak hala eskatzen eta justifikatzen badu, planean jasotako neurriak aldatu ahal izango dira, betiere aldaketa horiek hasieran onartu zen plana hutsaltzen ez badute; edo enpresak egin beharreko ekarpenak aldatu ahal izango dira; edo plana gauzatzeko ezarritako epeen luzapena eman ahal izango da –luzapen hori ez da izango hasieran ezarritako epearen erdia baino luzeagoa–; era berean, aurrerakinak itzultzeko epeak atzeratu ahal izango dira, betiere emandako arrazoiek hala justifikatuta.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 17a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.