EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2017202

AGINDUA, 2017ko urriaren 4koa, Hezkuntzako sailburuarena, atzerrian ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko plazetarako deialdia egiten duena Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-10-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201705071
Maila: Agindua
Hezkuntza Sailak onartu duen Heziberri 2020 planak hauxe du helburu: Europako esparruan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea, egoera funtzional konplexuak konpontze aldera.
Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzako definitutako abiapuntuko profil orokorra, hau da, oinarrizko hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, zenbait zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: arazoak konpontzeko edo bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko behar dira. Beste zenbait, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Zeharkako konpetentzietako bat da ahozko komunikaziorako, ez-ahozko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, eta, diziplina barrukoen artean, berriz, hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia dago.
Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Eta diziplina barruko oinarrizko konpetentziatzat hartzen da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia. Konpetentzia horren helburua da ahozko eta idatzizko testuak –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan– erabiltzea, hizkuntza-aniztasunarekiko modu egokian, eraginkorrean eta adeitsuan komunikatzeko, bizitzako hainbat egoeratan, bai eta literaturaren inguruko hezkuntza bat garatzea ere, norbere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutu ahal izateko.
Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, indarrean dauden hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen laguntzeko. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko du euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean komunikazio-konpetentzia praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere nahikoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzea baztertu gabe, hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Halaber, xedatzen da sailak berak sustatuko duela hizkuntzen trataera integratua eta integrala, komunikazio-konpetentzia eleanitza garatzeko asmoz.
Testuinguru horretan, atzerri-hizkuntza bat jakitea hezkuntza-sistemaren helburu nagusietako bat da gaur egun; izan ere, prestakuntza osoaren bidean jartzen ditu ikasleak, eta bitarteko oso baliagarria da giro soziokultural anitzetara gerturatzeko. Aski frogatuta dago osagarri egokia dela atzerriko herrialdeetan egonaldi bat egitea, ikasturtean zehar ikasitako hizkuntzaren jakintza indartzeko.
Hezkuntza Saila, 1989ko udan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat.
Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko baldintzak aldatuz joan dira, plaza horien aprobetxamendu egokia bermatzeko. Zehazki, 2005ean, errendimendu akademikoko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ziren plaza horiek eskuratu ahal izateko, eta, era berean, zirrikitu bat zabaldu zitzaion bekadunak ez ziren ikasleak hartzeko aukerari.
Beka izan zein ez izan, gaur egun, familia askok ezin dituzte seme-alabak atzerrira bidali hizkuntza bat ikastera, joan-etorriek eta egonaldiek kostu ekonomiko handia dutelako.
Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da errendimendu akademiko handiko ahalik eta ikasle-kopuru handienak izatea aukera, udan atzerri-egonaldi bat egiteko, baina, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia jartzeari utzi gabe.
Hartarako, 2012ko udarako deialdian, beste betekizun bat ezarri zen: ekarpen indibidualak egitea, familiaren maila ekonomikoaren arabera, hain justu ere plazaren kostuaren parte bati aurre egiteko, eta, hala, errenta txikienak dituztenentzako plaza gehiago erreserbatu ziren. Ikasleen ahalegin indibiduala aitortzeko, errendimendu akademikoaren arabera esleitzen dira deialdiko plazak.
Ildo horretan, deialdi honetan eutsi egiten zaio Administrazioak eta ikasleak egindako ekarpenari, eta, ikasleei dagokienez, bekadunen eta beka bakoen arteko bereizketa ezartzen da, eta horietako bakoitzarentzat plaza kopuru eta ekarpen ekonomiko ezberdinak finkatzen dira.
Horrenbestez, aintzat hartuta zer arautzen duten azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenek, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren arloko diru-laguntzak arautzen dituen heinean; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenek, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren proposamena, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdiaren xedea da 533 plazatarako deialdia egitea, hain zuzen ere Erresuma Batuan, Irlandan, Frantzian eta Alemanian 3 asteko egonaldia eta ikastaroak egiteko, 2018ko udan, hurrengo artikuluan zehazten denaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat izango dira plaza horiek.
2.– Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, beste 19 plaza gehituko zaizkie Erresuma Batuko plazei. Batxilergoko Aparteko Saria lortu duten 15 pertsonentzat eta matematika-olinpiadan lehen lau postuak lortu dituzten DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira plaza gehigarri horiek. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plaza horiek hurrengo paragrafoan adierazten direnen antzeko edukia izango dute.
3.– Kontzeptu hauek izango ditu deialdi honetako plaza bakoitzak: EAEko hiru hiriburuetatik egonaldia egingo duen herrialderainoko joan-etorriko bidaia, bidaia-asegurua, egingo duen hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, ostatua, mantenu-gastuak eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa.
4.– Ikastaroak eta familia-bizikidetza antolatzeko, administrazio-kontratu baterako deialdia egin eta ebatziko du Administrazioak, hurrengo puntuan adierazten dena betetzeko.
5.– Agindu honetako deialdiko plazak finantzatzeko 2018ko ekitaldian Hezkuntza Sailak egingo duen diru-ekarpenaren zenbatekoa 847.038 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura.
6.– Adierazitako diru-zenbateko hori ez bada nahikoa eskaintzen diren 552 plazak finantzatzeko, diru-zenbateko hori handitzeko aukera izan daiteke, deialdia ebatzi aurretik, baldin eta diru nahikoa geratzen bada, Hezkuntza Saileko beste laguntza-programek ez dituztelako beren aurrekontu-sailak osoki erabili. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez.
2. artikulua.– Deitutako plazak eta dakarten partaidetza ekonomikoa.
1.– Deialdi honen xede diren ikasleentzat deitzen diren plazak partaidetza-kuota ezberdineko bi tartetan banatzen dira, hezkuntza-mailaren arabera, eta hizkuntza eta herrialde bakoitzerako. Aipatu partaidetza-kuotak familien egoera ekonomikoari egokitu zaizkio. Hauxe da banaketa:
2.– Ikasleek deialdiko plazak eskuratzeko eskubidea izango dute, baldin eta dagokien partaidetza-kuota ordaintzen badute.
1. tartea: 170 euro.
2. tartea: 680 euro.
3. artikulua.– Tarteak.
1. tartean sartuko dira eskabidea aurkeztu aurreko ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken deialdian beka jaso duten ikasleak.
2. tartean, berriz, aurreko paragrafoan zehaztutako deialdian bekarik jaso ez duten ikasleak.
4. artikulua.– Baldintzak.
Agindu honen bitartez deitzen diren plazak lortzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Aurreko ikasturtean 7,00 puntuko gutxieneko nota lortu izana eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu izana aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.
b) Eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak ikasten aritu izana, eskaera aurkezten den dataren aurreko bi ikasturteetan (2015-2016 eta 2016-2017), eta azkenengo ikasturtean funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean ikasi izana.
c) Epe-barruan egitea plaza atxikitzen zaion tarteari dagokion diru-ekarpena (2.2 artikuluan jaso da).
d) Aurreko urteetan, Hezkuntza Sailak egindako deialdian plazarik eskuratu ez izana atzerrian hizkuntzak ikasteko; baldintza hau betetzetik salbuetsita daude Matematika Olinpiadetako sari gisa plaza lortu duten ikasleak.
e) Beranduenez 2018an betetzea 19 urte.
f) Ezingo dute agindu honen bidez araututako laguntza publikoen deialdian parte hartu zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena jaso dutenek, ezarri zaien zigorrak ezartzen duen aldian, baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea galdu badute edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badaude, sexu-diskriminazioagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.
g) Ezin izango dira onuradun izan Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.
5. artikulua.– Parte hartzeko eskabidea.
1.– Nahitaezkoa da eskabidea egitea, eredu normalizatuan. Eredu hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus orrian eskuratuko da, Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak / Unibertsitatez kanpoko ikasleak atalean. Deialdiari dagokion agindua EHAAn argitaratu eta hilabeteko epean egongo da eskuragarri inprimaki hori. Adierazitako epe hori igarota, ezingo da nahitaezko eskabide hori eskuratu. Agindu honen I. eranskinean jasota dago eskabide-eredu hori.
2.– Alderdi hauek jasoko dira eskabidean:
a) Eskabide-egilearen datu pertsonalak; izena eta abizenak, jaioteguna, nortasun agiri nazionala, helbide osoa, harremanetan jartzeko telefonoa/k, e-maila eta sexua.
b) Eskabidea egiten den unean zer ikastetxetan eta mailatan dagoen matrikulatuta.
c) Eskatzen den herrialdea, lehentasun-hurrenkeran (3 aukera, gehienez). Eskatutako herrialderako soilik balioko dute eskabideek, eta, herrialderik adierazi ez bada, eskabideak ez du baliorik izango.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, non zehaztuko baita unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken 2016-2017ko ikasturtean bekadun izan den ala ez. Bekaduna izan ez bada, 2. tartean sartuko da eskabidea, eta 680 euroko partaidetza-kuota izango du.
e) Erantzukizunpeko deklarazio bat, adierazten duena eskatzaileak ez duela plazarik lortu Hezkuntza Sailak hizkuntzak ikasteko xedez aurretiaz egin dituen deialdietan eta ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea debekatzen dion zigor edo inhabilitaziorik.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ikastetxeko zuzendariari ematen zaiola –hurrengo artikuluak aurreikusitakoa aplikatzeko– eskabidea izapidetzeko ordezkatze-ahalmena.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena 2016-2017ko ikasturtean gutxienez 7,00 puntuko nota lortu dela eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu dela aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak ikasten aritu dela eskaera egin deneko dataren aurreko bi ikasturteetan (2015-2016 eta 2016-2017), eta azkenengo ikasturtean funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean ikasten aritu dela.
i) Aitaren, amaren edo legezko tutoreak ikasleari emandako baimena, bidaia egiteko eta dagokion atzerriko herrialdean bizitzeko.
3.– Inprimatu egin behar da eskaera, eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskabide-egileak izenpetu behar du, eta haren aitak, amak edo legezko tutoreak baimendu behar du.
4.– Inprimatu eta izenpetu ondoren, eskabide-egilea matrikulatuta dagoen ikastetxean entregatuko da eskabidea, artikulu honetako 1. puntuan adierazi den epea amaitu ondorengo lehen egun balioduneko idazkaritza-ordutegia amaitu baino lehen.
5.– Eskabidea egiten duen ikaslearen nortasuna egiaztatuko du ikastetxeak, eta jakinaraziko dio eskabidea dagokion epean eta haren izenean tramitatuko duela, edo zer egunetan jarriko dituen haren esku matrikularen eta noten eskabidea eta ziurtagiria.
6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko lekua eta epeak.
1.– Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazen eskaerak egutegiko 10 eguneko epean aurkeztuko dira, 5.1 artikuluan adierazitako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita, Zuzenean–Herritarrei Arreta Emateko bulegoetan edo Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan. Eskabideak, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan adierazitako lekuetan aurkeztu ahal izango dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistroetan ere.
2.– Baliozkoa izateko, eskabide indibiduala eta ikastetxeak egin beharreko ziurtagiri akademikoa jaso behar ditu eskabideak. Ziurtagiri horretan agertu behar da ikasleak 2016-2017ko ikasturtean batez besteko zer nota atera duen eskatutako hizkuntzan edo hizkuntzetan. Era berean, ikastetxeak ziurtatu behar du 2015-2016ko eta 2016-2017ko ikasturteetan ikaslea eskatutako hizkuntza edo hizkuntzak ikasten aritu dela eta azken ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batean ikasi duela.
Bi dezimalekin kalkulatuko da batez besteko nota, aurreko ikasturtean ikasitako ikasgai guztiak kontuan hartuta.
2016-2017 ikasturtean, Musika edo Dantzako ikasketa profesionalak eta Batxilergoko lehenengo ikasturtea ikasten aritu diren ikasleen kasuan, Batxilergoko ikasgai komunen kalifikazioekin batera ikasketa profesional horien bosgarren ikasturteko ikasgaien kalifikazioak ere sartuko dira.
3.– Ikastetxeak emango du ziurtagiri akademiko hori bai tramitazio indibidualean bai kolektiboan. Horretarako, prozedura hauetako bat erabili behar du:
a) Ikastetxearen tramitazio kolektiboa.
Ikastetxeak sartu behar ditu eskabideko datuak eta 6.2 artikuluan jasotako datu akademikoak Hezkuntza Sailak egindako aplikazio informatikoan.
Ikastetxeak, aplikazioa ixteaz batera, izapidetutako eskabideen akta jasoko du, eta, han, agertuko da eskatzaile bakoitza nor den eta nolako datu akademikoak dituen. Ikastetxeak aktaren kopia bat gorde behar du; akta hori ikasleei erakutsi behar die, haiek hala eskatzen badute, jasotako datuak zuzenak diren aztertzeko.
Akta horrek, ikastetxeko idazkariak eta zuzendariak izenpetu ondoren, eskabide kolektiboaren izaera izango du, eta artikulu honetako lehen paragrafoan adierazten den lekuan, moduan eta epean aurkeztu beharko da.
b) Tramitazio indibiduala.
Aurreko a) letran ezarri den prozedura ez erabiltzea erabakitzen duten itunpeko ikastetxeek horren berri eman behar diete beren ikasleei, eta azken horiei itzuliko dizkiete jasotzen dituzten eskabideak, haiek aurkezteko eskubidea erabili ahal izateko behar den aurrerapen nahikoz. Agindu honen II. eranskinean jasotzen den ereduaren araberako ziurtagiri akademikoarekin batera itzuliko dute eskabidea.
Artikulu honetako lehen paragrafoan adierazten diren leku, modu eta epean aurkeztu behar ditu eskatzaileak eskabidea eta ziurtagiri akademikoa.
4.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («udako hizkuntza-ikasketak» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
7. artikulua.– Plazak esleitzeko prozesua.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.
2.– Ikasle eskatzaileen zerrenda egingo du organo kudeatzaileak, eta, han, adieraziko ditu: zer tartetan sartu den eskaera bakoitza, ikasleen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota, eta esleipen-proposamena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Proposamena plaza ematekoa, erreserba-taldeetan sartzekoa edo deialditik baztertzekoa izango da. Azken kasu horretan, baztertze-proposamenaren arrazoia adierazi beharko da.
3.– Bi tarteetako bakoitzean plazak esleitzeko proposamena egiteko, 2016-2017 ikasturtean izandako batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren nota batuta lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraituko zaio.
Berdinketarik badago, errenta indibidual egiaztatu apalena duen familia-unitateko ikasleari esleituko zaio plaza, eta, datu hori jakin ezin bada, adinez zaharrenari.
4.– Ikasle batek ezin izango du agindu honetako deialdiko plaza bat baino gehiago eskuratu. Ikaslearen puntuazioak eskubidea ematen badio herrialde batean baino gehiagotan plaza eskuratzeko, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi duen lehentasun-ordenari dagokiona esleituko zaio.
5.– Baldin eta 2. artikuluan ezartzen diren tarteetako batean plazarik sobera bada, plaza horiek goranzko hurrengo tartean pilatuko dira, herrialde berean eta hezkuntza-maila berean.
6.– Zerrenda hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus webgunean jarriko da ikusgai, 6.1 artikuluan eskaerak egiteko emandako epea amaitu eta hurrengo 20 egun balioduneko epean.
7.– Zerrenda alfabetikoan jasotako datuetan akatsik aurkituz gero, interesdunek aukera izango dute idatzizko alegazioak egiteko eta datuak aldatzeko frogak aurkezteko, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan, zerrenda argitaratu eta 10 egun balioduneko epean.
8.– Erreklamazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, deialdia ebatz dezan.
8. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du tarte, hezkuntza-maila eta herrialde bakoitzeko, eta ebazpen horietan zerrendatuta adieraziko dira lehen esleipenean plaza eskuratu dutenak. Horretaz gainera, ebazpen bat emango du honako honetarako: tarte, maila eta destinoko herrialde bakoitzean erreserban geratzen diren ikasleen zerrendak adierazteko, eta beste bat baztertu diren eskaerak zerrendatzeko. Azken kasu horretan, baztertzearen arrazoiak adieraziko dira.
Jakinarazpena egiteko, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus webgunean argitaratuko dira ebazpen horiek.
2.– Baldin eta deialdia ez bada artikulu honetan araututako prozeduraren arabera ebazten 6.1 artikuluan adierazitako eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hiru hiletan, eskaerak ezetsi direla ulertu behar dute interesdunek. Nolanahi ere, Administrazioak berariazko ebazpena emateko obligazioa du.
3.– Deialdi-ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epea amaitu baino lehen, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
9. artikulua.– Plazak erreserbatzea.
1.– Lehen esleipenean plaza lortu dutenek, ikastaroa egiteko kontratatutako enpresarekin, plazen erreserba egin beharko dute, hain justu ere hilabeteko epearen barruan, 8.1 artikuluko lehen paragrafoan jasotako ebazpena argitara ematen denetik hara.
Plazak aukeratzeko prozedura:
Irlanda eta Erresuma Batuaren kasuan, ikasle esleipendunek aukeratuko dituzte plazak, lehentasunezko taldeen arabera, talde bakoitzarentzat berariaz seinalatutako egunetan eta tarte bakoitzerako erreserbatutako ehunekoak errespetatuta, eta, Irlanda eta Erresuma Baturako ingeles-plazen kasuan, mailak ere izan beharko dira kontuan. Hau da, enpresak egunean 100 plaza kudeatu baditzake, lehen egunean plaza aukeratuko dute 1. tarteko lehen 77 postuak betetzen dituzten ikasleek, eta 2. tarteko lehen 23 ikasleek. Bigarren egunean, hurrengo 100 postuek aukeratuko dute plaza, banaketa-hurrenkera berean, eta sistema horri jarraituko zaio, harik eta plaza guztiak betetzen diren arte. Tarte bateko plazak betetzen badira, egoera horretara egokituko da prozedura. Eta horren guztiaren ondorioetarako, enpresa esleipendunak adierazten dion bitartekoa erabiliz, esleipendunak, tokatzen zaion egunean, libre dauden plaza guztien artean bat aukeratuko du.
Enpresak ezin badu plaza kopuru hori (100) kudeatu, adierazten den proportzioaren arabera doituko da hautatze-prozedura.
Norbaitek ezin badu plaza aukeratu bere talderako ezarritako egunean, hurrengo egunetan egin dezake, 9.1 artikuluko lehen zenbakian zehaztutako epearen azken egunera bitartean, baina une horretan libre dauden plazen artetik aukeratu beharko du.
Frantziarako eta Alemaniarako, plaza kopurua txikiagoa denez, hainbat destino edota irteera-data egonez gero, ikasleek zein nahiago duten jakinaraziko diote enpresa esleipendunari, enpresak esandako baliabideak erabiliz. Aukera hori egiteko epea 9.1 artikuluko lehen zenbakian zehaztutako epearen azken egunean bukatuko da. Enpresa esleipendunak esango die zer herrialde eta irteera-data esleitu zaien. Horretarako, kontuan hartuko du zer tokitan dagoen ikaslea Hezkuntza Sailak emandako zerrendan. Lortutako kalifikazioen hurrenkeraren arabera egongo da ordenatuta zerrenda.
2.– Plaza hautatu ondoren, 170 euro ordainduta gauzatuko da erreserba. Ez bada diru hori ordaintzen epe barruan, esleitutako edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.
2. tartearen kasuari dagokionez, ekainaren 15a baino lehen eta enpresak adierazten duen egunean ordaindu beharko da partaidetza-kuotari dagokion gainerako diru-zenbatekoa, 2. artikuluaren arabera aplikatu beharrekoa. Halakorik egiten ez bada, kontratatutako enpresak plaza-erreserba baliogabetu dezake, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-zenbatekoa galduko da.
3.– 9.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunaren ondoko bost egun igarota, enpresek Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari jakinaraziko diote zer plaza geratu diren hutsik erreserba ordaindu ez delako.
Plaza horiek bigarren esleipenean esleituko zaizkie erreserbako lehen postuak betetzen dituzten ikasleei, hutsik dauden plazei dagozkien tarteetan.
Esleipen-proposamena argitara emango da, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus web-orrian. Esleipendunek plaza zehatzen erreserba egin beharko dute ikastaroa egiteko kontratatu den enpresarekin, jakinaraziko zaien epean. Plaza nola aukeratu eta erreserbatu 9.1 artikuluan jasota dago.
4.– Azken epe hori igaro ondoren plaza hutsik gelditzen bada, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak banaka eta lehentasun-ordenari jarraituz eskainiko dizkie erreserba-egoeran dauden izangaiei, harik eta kontratatutako plaza-kopurua bete arte.
10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetako plazaren bat lortu duten onuradunek egonaldia hasi, egin eta amaitu egin beharko dute adierazitako egunetan, joan-etorriak barne, ikastaroaren antolaketak adierazitako programazio eta jarraibideen arabera. Ikaslea adinez nagusi bada eta gurasoen eta aitaren, amaren edo legezko tutorearen berariazko baimena badu soilik baimenduko dira antolaketa horretatik kanpoko joan-etorriak. Adingabeko ikasleei itzulera-bidaian baimena emango zaie antolaketatik kanpoko joan-etorriak egiteko, baldin eta aitak, amak edo legezko tutoreak laguntzen badie, edo aitak, amak edo legezko tutoreak baimendutako adinez nagusiko pertsona batek; laguntzaile horiek agiri bat izenpetu beharko dute ikaslea jasotzeko unean, eta, haren bidez, enpresa esleipenduna nahiz Eusko Jaurlaritza salbuetsita geratuko dira ikaslea zaintzeko erantzukizun orotik.
Onuradunek nahitaez bete beharko dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.
11. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.
1.– Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen badira, edo agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez badituzte.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
12. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.
Deialdi honetako plaza bat esleitzea bateragarria da beste edozein erakunde publiko edo pribatuk ematen duen edozein laguntza edo diru-laguntzarekin.
Dena den, deialdi honetan ezin izango dute plazarik eskuratu aurreko urteetan Hezkuntza Sailak egindako deialdietan atzerrian hizkuntzak ikasteko plazaren bat eskuratu dutenek; salbuespena izango dira Matematika Olinpiadetako sari gisa aurreko deialdietan plaza lortutako ikasleak.
13. artikulua.– Ordainketak, eta programari uko egitea edo/eta uztea.
Egiaz ematen dituzten zerbitzuei dagozkien zenbatekoak soilik ordainduko dizkie Eusko Jaurlaritzak enpresa esleipendunei. Horrenbestez, aseguru-bidaia bat kontratatu beharko dute esleitutako prezioa eskuratuko dutela bermatzeko, baldin eta heriotzarik edo gaixotasun edo istripu larririk gertatzen bada, bai programan parte hartzen duten ikasleena, bai haien 2. mailarainoko senideena, baldin eta horrek programa uztera eta ikaslea etxera bueltatzea eragiten badu.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoak, 5.3 artikuluan adierazitako xedeetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, aurrez kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2018. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak emateko.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 4a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.