EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2017200

233/2017 DEKRETUA, urriaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Araba Logística SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700233
Xedapenaren data: 2017-10-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201705006
Maila: Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu eta ezabatu eta aldatzeari buruzko azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7.1 artikuluak lurreko garraioaren arloan emandako eskumenak erabilita, eta horrekin bat, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari esleitzen dio merkantzien eta bidaiarien garraioaren plangintza eta antolamendua, haren inguruko jarduera lagungarri eta osagarrienarekin batera, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan garraioaren logistika-politikak garatzea ere.
2003ko otsailaren 13an, 473 protokolo-zenbakiarekin, Bilboko elkargoko notario Alfredo Pérez Ávila jaunak emandako eskrituraren bitartez, «Araba Logística, Sociedad Anónima» izeneko merkataritza-sozietatea eratu zen, sozietate anonimo gisa, eta haren hasierako bazkideak hauek izan ziren: Álava Agencia de Desarrollo SA, Araba Gertu SA, Acesa Promotora Logística SA.
Zerbitzu komunetarako eta jarduera logistikoetarako eraikinak eraiki, urbanizatu, garatu eta ustiatzea da sozietatearen xedea, hain justu ere aipatutako obra eta zerbitzu horien planifikazioa, laguntza teknikoa, kudeaketa, antolamendua, koordinazioa, zuzendaritza, mantentze-lanak eta kontserbazioa, betiere zuzenbidez zilegi den edozein kontratu-motaren arabera. Halaber, garraio- eta komunikazio-azpiegituren obra eta zerbitzuei atxikitako «zerbitzuguneak» kudeatu, mantendu eta ustiatzen ditu.
2004ko apirilaren 20an, Bilboko elkargoko notario Fernando Ramos Alcázar jaunak (1519. zk.) egiletsitako eskrituraren arabera, «Álava Agencia de Desarrollo SA» merkataritza-konpainiak hauek saldu eta eskualdatu zizkion Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari: «Araba Logística SA» sozietatearen hamar mila akzio, 11001etik 21000ra zenbatuak (biak barne), bakoitza hogeita hamar (30,00) euroko balio izendatukoa, guztiak ere ordainduak, eta guztira hirurehun mila (300.000,00) euro egiten zutenak.
Aurreikusitako gehikuntza egin aurretik, sozietatearen kapitala milioi bat eta bost (1.000.005,00) eurokoa da, hau da, ehun eta hogeita hamahiru mila hirurehun eta hogeita hamalau (133.334) akzio izendun dira, bakoitza zazpi euro eta berrogeita hamar zentimoko (7,5) balio izendatukoa; akzioek 1etik 133334rako zenbaki korrelatiboko serie bakarra osatzen dute, eta kapital guztia, bestalde, harpidetua eta ordaindua da. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak parte hartu eta harpidetutako kapitala laurogeita hemeretzi mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpi euro eta berrogeita hamar zentimokoa da (99.997,50), sozietarearen kapitalaren % 10.
Konpainiak 2017ko ekitaldirako dituen diruzaintza-aurreikuspenekin bat etorrita, aurreikusi da helburu horri begira deitutako sozietatearen akziodunen batzarrari proposamena egitea entitatearen kapitala zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000,00) eurotan gehitzeko. Horretarako, ehun mila (100.000) akzio berri jaulki eta zirkulazioan jarriko dira, 133335etik 233334rako zenbaki korrelatiboetan (biak barne), bakoitzak zazpi euro eta berrogeita hamar zentimoko (7,5) balio izendatua izango du, eta existitzen direnen mota berekoak izango dira.
Akzio berriek, guztira, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000,00) euroko jaulkipen-saria izango dute, hau da, jaulkitzen diren 100.000 akzio horietariko bakoitzeko 2,5 euroko jaulkipen-sari unitarioa.
EAEko Administrazioaren asmoa da, kapital-gehikuntzan parte hartzeko, hirurogeita hamabost mila (75.000,00) euroko balio izenduna duten 10.000 akzio eta (25.000,00) hogeita bost milako jaulkipen-saria eskuratzea, hau da, guztira ehun mila (100.000,00) euro ordaintzea.
EAEko Administrazioaren politika garraio sektoreko logistika zentroak indartzea da; eta, jarrera horri ekinaz, egokitzat jo da Araba Logística SA sozietatearen kapital-gehikuntza horretan parte hartzea. Izan ere, EAEko Administrazioak partaidetza-ehuneko berberari eutsiko dio, hau da, sozietatearen kapitalaren % 10eko partaidetza izango du, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110. artikuluan eta gainerako xedapen bateragarrietan adierazitako prozedurarekin bat.
Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko urriaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, Araba Logística SAren diruzaintza-aurreikuspenen arabera. Gehikuntza hori Akziodunen Batzar Nagusiari proposatzea aurreikusi da –helburu horretarako berariaz deitua–. Administrazioaren ekarpena hirurogeita hamabost mila (75.000,00) euroko balio izendunekoa da, eta jaulkipen-saria hogeita bost mila (25.000,00) eurokoa, ehun mila (100.000,00) euroko ordainketa eginaz.
2. artikulua.– Sozietate anonimoan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen bazkide-eskubideak Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeak baliatuko ditu.
3. artikulua.– Baimena ematea Ogasun eta Ekonomia Saileko Ondare eta Kontratazioko zuzendariari eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, batari zein besteari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, akzioon zenbatekoa harpidetu eta estaltzeko beharrezkoak diren ordainketak eta ekarpenak egin ditzaten, baita aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren gainerako jarduketetarako ere.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko urriaren 17an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.