EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2017199

AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, «Basque Label Harategiak» marka berrira atxiki diren harategi tradizionalei minimis-araubidean jasotako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onartzekoa, 2017ko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2017-09-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201704986
Maila: Agindua
Behi-aziendaren haragiaren egoera zaila izan da azken urteetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreak haren berri izan du. Gaur egun, behi-aziendaren haragiaren elikadura-katearen multzoan, honako elementu erabakigarri hauek nabarmendu behar dira: haragi-kontsumoa egonkorra edo beheranzkoa da; kontsumitzaileak positiboki baloratzen du behi-aziendaren haragia tokikoa izatea, eta haren truke ordaintzeko prest dago; EAEko tokiko produkzioa ez da nahikoa eskaria betetzeko; egiturazko defizita dago, behi gutxi daudelako eta daudenen emankortasuna txikia delako; ganaduaren salmenta-prezioa geldirik dago, eta diru-laguntzen aurreko marjina negatiboa da; tokiko haragia harategietan saltzen da nagusiki, eta establezimendu horiek egokitzapen-aldian daude; supermerkatuen eta hipermerkatuen bidez behi-aziendaren haragia saltzeko aukera mugatua da, eta kontsumitzaileak ordaintzen dituen prezioek aukera ematen dute marjina handiak lortzeko supermerkatuaren eta hipermerkatuaren zein harategien segmentuan.
Harategi tradizionalei bultzada eman nahi zaie, kanal-marka bat garatuz, kasu honetan, «Basque Label Harategiak». Halaber, harategi tradizionalen irudia eta kontzeptua bilakatu nahi da, lehen-sektorearekiko eta Euskadiko kalitatezko produktuekiko haren konpromisoa balioztatzeko. Ekintza estrategiko horren xedea da lehen-sektorearekin eta Eusko Labeldun behi-aziendaren haragiaren inguruko proiektu instituzionalarekiko konpromisoa duten harategi-kopurua handitzea; izan ere, gaur egun Euskadin dauden harategien % 10 baino ez dira.
Agindu honen bidez babesten den diru-laguntzaren helburua da «Basque Label Harategiak» kanal-markaren garapenean parte hartzen duten harategi tradizionalei laguntzea, eskumena duten administrazioek bultzatutako egoera berri horretara egokitzeko egin duten inbertsioa konpentsatzeko.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis-araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
Horregatik guztiagatik, aintzat hartuta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko aipatutako Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 2/2017 Legea, apirilaren 11koa, 2017ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onartzen dituena; eta 7/1981 Legea, ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzkoa, 26.4 artikulua.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea «Basque Label Harategiak» marka berrira gehitzeko harategi tradizionalentzako 2017ko ekitaldirako minimis-araubideari heldutako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, I. eranskinean adierazitako terminoetan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria – Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2017rako diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzea, harategi tradizionalen sektorea egituratzeko. Harategi horiek haragi-ebaketako salmenta-operazioak egiten dituzte Eusko Labelekin, eta, diru-laguntzen bidez, «Basque Label Harategiak» kanal-marka garatzeko markoan ezarri diren eskakizun berrietara egokitu nahi dira.
2.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis-araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
2. oinarria – Pertsona onuradunak.
Diru-laguntzaren onuradun izan ahalko dira pertsona fisikoak eta juridikoak, zehazki, balio juridikoko edozein agirirekin autonomia-erkidegoaren lurralde-eremuan marka berrira egokitzen den harategi tradizionaleko jarduerarako erabiltzen den establezimendu baten titular eskubide osoz direla egiaztatzen dutenak, eta, eskaera egiteko unean, hemen ezarri diren baldintzak eta Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoak betetzen dituztenak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatutako harategi tradizionala izatea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikadura Produktuen Kontrol eta Ziurtagiriko Erakundeen Erregistroa sortu eta arautu dituen maiatzaren 10eko 93/2011 Dekretuak sortutako Kontrol eta Ziurtagiriko Erakundeen Erregistroan inskribatuta dagoen «Prozedura espezifikoa. Behi-aziendaren haragi ziurtatua. Operadoreen eta etiketatzaileen baldintzak» prozeduraren 1.6.1 atalean finkatutako baldintzak betetzea.
b) Harategia baimenduta egotea Eusko Label/Basque Label Harategiak markako harategi gisa, Eusko Labela duen behi-aziendaren haragiaren kontrol eta ziurtagiri-sistemarekin bat eginez.
c) Establezimenduaren azterketa osoa izatea, «Basque Label Harategiak» kanal-marka berriaren desberdintzeko oinarrizko elementuetara eta elementu osagarrietara egokitzeko; horiek III. eta IV. eranskinetan erantsi dira, hurrenez hurren.
d) Obrak egiteko udal-baimen edo -lizentzia izatea, obrak egin behar izanez gero.
e) Inbertsioak 2017ko ekitaldian egitea.
f) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko diru-laguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai diru-laguntza onartzen denean bai ordainketak egiten direnean.
g) Minimis araubideko laguntzetan 200.000 euro jaso ez izatea, kontzeptua edozein dela ere, deialdi honen aurretiko bi ekitaldi fiskaletan eta indarrean dagoen ekitaldi fiskalean.
h) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat eginez.
3. oinarria – Laguntzen finantzazioa eta bateragarritasuna.
1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2017ko ekitaldian eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa 500.000 eurokoa izango da.
2.– Beste administrazio publiko batzuek helburu bererako emandako laguntzekin bateragarriak dira laguntza hauek. Hala ere, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis-araubidearekin bat, onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskaleko epealdi batean; edozein delarik, bai laguntzaren helburua, bai laguntza ematen duen administrazio-organoa.
4. oinarria – Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak eta laguntzen zenbatekoa.
1.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen jarduketak:
a) Oinarrizko ekipamenduak erostea eta hobetzea, seinaleak egokitzeko (erakustegiak, kartelak, etab.) markaren irudi berrira. Ekipamendu horiek establezimenduan egindako azterketa osora egokituko dira. Ezarritako diru-laguntza 5,000 euro izango da, gehienez.
b) Eraikitzeko beste obra txiki batzuk, ekipamendu osagarriak erostea eta hobetzea establezimendua bertan egindako azterketa osoan xedatutakora egokitzeko. Ezarritako diru-laguntzaren zenbatekoa egindako inbertsioaren % 50 da, gehienez, 10.000 euro.
2.– Emango den diru-laguntza, gehienez, 15.000 euro izango da onuradun bakoitzeko.
3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legean ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna eman aurretik, salbu haien ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan horiek egiten, alokatzen edo hornitzen dituzten erakunde-kopuru nahikoa ez badago edo gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.
4.– Onuradunak diruz lagundutako jarduera azpikontratatu ahal izango du. Horretarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan eskatutakoa bete beharko du.
5. oinarria – Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Laguntza-eskabidea –II. eranskinean dago eredua– webgune honetan egongo da eskura: http: //www.euskadi.eus. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari igorri beharko zaio. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat eginez. Hilabeteko epea egongo da aurkezteko, agindu hau argitaratzen denetik hasita.
2.– Honako dokumentazio honen bi kopia aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:
a) Hazi Fundazioaren erregistroetan Eusko Label harategi gisa alta eman dela egiaztatzeko agiria.
b) «Basque Label Harategiak» markaren errekerimenduetara egokitzeko memoria-proiektua. Memoria-proiektu horrek oinarrizko ekipamenduak eta eraikitzeko obra txikiak eta ekipamendu osagarriak erosteko eta hobetzekoak jasoko ditu, III. eta IV. eranskinetan adierazitakoak.
c) Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak bete direla eta zerga-betebeharrak eguneraturik direla egiaztatzeko agiriak.
d) Hirugarrenaren alta eta NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada. Pertsona juridikoa izanez gero, erakundearen IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena eta legezko ordezkariaren NANarena, baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia ere, dagokion erregistroan zigilatuta.
e) Obrako udal-lizentziaren baimena.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, kontzeptua edozein delarik ere, minimis-araubideko laguntzei buruzkoa.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana; itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean ez izatea edo prozedura hori amaiturik izatea egiaztatzea; pertsona edo erakunde eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio- edo zigor-arloko zigorrik edo hartarako desgaitzen duen legezko debekurik ez izatea egiaztatzea; eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.
h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluak finkatutako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da aipatutako artikuluko 4., 5., 6. eta 7. ataletan xedatutakoaren arabera.
3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. lerrokadan xedatutakoarekin bat eginez, diru-laguntzaren eskaera aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du Elikadura Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten dokumentuak, NAN/IFK nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako dokumentu guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
4.– Eskatzaileek administrazio publiko honek edo beste batek eskatutako dokumentazioa aurkeztu badute, eta aldaketak egin ez direla berariaz adierazi bada, aurkezteko betebeharraz salbuetsita egongo dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. lerrokadan adierazitakoarekin bat etorriz. Halere, dokumentu horiek zer unetan eta zer organo administratibori aurkeztu dizkioten adierazi beharko dute. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideak akatsen edo zehaztasun ezaren bat badu, Elikadura Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak interesdunari aginduko dio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko dio horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; hirugarren baten alta ematen ez bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Zuzentzeko epea amaituta, Elikadura Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak Fundazioari helaraziko dizkio espedienteak, kudea ditzan.
6. oinarria – Laguntzak kudeatzea.
1.– Hazi Fundazioa izendatzen da agindu honen bidez deitutako diru-laguntzen erakunde laguntzaile, laguntzak kudeatzeko; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen Dekretuan (abenduaren 17ko 698/1991) xedatutakoaren arabera; dagokion hitzarmena sinatuko da.
2.– Espedienteak jasota, zuzentzeko legezko epearen ostean, Hazi Fundazioak espedienteak aztertuko ditu. Diru-laguntzak esleitzeko prozedura baldintzak betetzen dituzten pertsonen arteko lehiarik gabeko konkurrentziakoa izango da. Deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiek jasoko dute erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, diru-laguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.
3.– Ebazpen-proposamena ez da loteslea, eta Elikadura Kalitate eta Industriako zuzendariari igorriko zaio. Hark ebazpen bakarra emango du, eta, erabakia proposamenaz kanpokoa denean, arrazoitu beharko da. Horrek honako eduki hau jaso beharko du gutxienez:
– Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.
– Diruz laguntzea proposatu den proiektuen zerrenda. Bertan adieraziko dira proiektu bakoitza eskatu duen pertsonaren nortasuna, inbertsioaren zenbatekoa, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa eta eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.
– Atzera egin duten eskaeren ebazpena.
7. oinarria.– Ebazpena.
1.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 25. artikuluan.
2.– Lehiarik gabeko konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren b) letrako 1. lerrokadan xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira. Edonola ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
8. oinarria – Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan aurreikusitakoak; eta, edonola ere, honako hauek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost eguneko epean, onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza erabiltzea eman zaion horretarako, eta emateko edo, bestela, likidatzeko ebazpenean ezarritako baldintzekin bat eginez.
c) Eusko Label / Basque Label Harategiak kanal-markari atxikitako establezimenduak 5 urtez funtzionatu beharko du.
d) Inbertsio edo gastu osoa edo inbertsio edo gastuaren zati bat egin dutela jakinaraztea, eta behar den dokumentazio guztia haren esku uztea, diruz lagundu diren inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko.
e) Jakinaraztea xede bererako edozein administraziori edo erakunde publiko eta pribaturi eskatutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik zenbatzen hasita, eta, edonola ere, jasotako funtsak erabili direla justifikatu aurretik.
f) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.
g) Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesa dutela aipatzea. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (http://www.ivap.euskadi.eus/r61vedorok/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html).
h) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
i) Merkataritza-legeriak eta kasu bakoitzean onuradun bakoitzari aplikatu ahal zaion sektoreko legeriak eskatutako terminoetan behar bezala ikuskatutako kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak eskura izatea, egiaztapen- eta kontrol-eskumenak egoki bete direla bermatzeko.
j) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.
k) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea.
l) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.
9. oinarria.– Justifikazioa eta ordainketa.
1.– Ordainketa diru-laguntza justifikatu eta gero egingo da. Justifikatzeko, Hazi Fundazioari aurkeztuko zaizkio onuradunaren izenean dauden fakturak eta justifikatzeko beste dokumentu batzuk. Dokumentu horiek jatorrizkoak edo kopia erkatuak izango dira, eta inbertsioa amaitu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, beranduenez, 2018ko otsailaren 28an. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da. Haren bitartez zehaztuko da fakturak eta gainerako justifikazio-agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo justifikazio-dokumentu bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren ehunekoa.
2.– Dokumentazioa aztertu ondoren eta harekin bat eginez, Fundazioak dagokion ziurtagiria egingo du, eta justifikatzeko jatorrizko dokumentazioarekin batera, Fundazioak espedienteak helaraziko dizkio Elikadura Kalitatea eta Industriako Zuzendaritzari, ordainketa egiteko. Ez dira egingo konturako ordainketak ezta aurreratutako ordainketak ere.
3.– Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.
4.– Ordaindu aurretik, automatikoki, obligaziodunen baimena izan gabe, organo kudeatzaileak egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Edonola ere, eskatzaileak bere eskabidean berariaz uko egin ahal izango dio baimen horri; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
10. oinarria.– Laguntzaren jarraipena eta kontrola.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarraitzeko eta kontrolatzeko lanak Elikadura Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagozkio, baita diruz lagundutako proiektuak egoki bete direla egiaztatzeko ikuskapenak (behar beste) egitea ere. Ondorio horietarako, eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa eman beharko dute onuradunek.
11. oinarria – Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.
1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira, eta, hala bada, beste diru-laguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Esandakoaren ondorioetarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, eta, haren bitartez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.
2.– Onuradunek ez badituzte betetzen agindu honetan ezarritako baldintzak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan dirua itzultzeko aurreikusitako egoeraren batean badaude, jasotako dirua itzuli beharko dute, berandutze-interesekin batera, hain zuzen ere, diru-laguntza eman denetik itzultzeko agindu den arteko egunei dagozkien berandutze-interesekin. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: diru-laguntzei buruzko aipatutako Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
12. oinarria – Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.
2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak berariaz onartuko du uko egite hori, ebazpen bidez, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.
II. ERANSKINA
«BASQUE LABEL HARATEGIAK» MINIMIS DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO EREDUA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
III. ERANSKINA
«BASQUE LABEL HARATEGIAK» KANAL-MARKA BERRIAREN OINARRIZKO DESBERDINTZE-ELEMENTUAK
IV. ERANSKINA
«BASQUE LABEL HARATEGIAK» kanal-marka berriaren osagarrizko desberdintze-elementuak