EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2017198

EDIKTUA, epaia argitzeko autoari buruz bideratutako 242/2017 prozedura arruntaren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2017-09-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201704970
Maila: Ediktua
Zuzeneko Laguntza Zibila emateko Unitate Prozesala – Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia.
Judizioa: 242/2017 prozedura arrunta.
Demandatzailea: Ana Maria Cobo Martinez eta Gonzalo Obregon Pozo.
Abokatua.
Prokuradorea: Maria Odile Seoane Osa eta Maria Odile Seoane Osa.
Demandatua: Turihoteles Vacations Club S.L. eta Caja de Ahorros del Mediterráneo.
Gaia: judizio arrunta.
Judizio horretan, epaia argitzeko autoa eman da 2017-09-26an, eta haren xedapen-zatiak hauxe dio, hitzez hitz:
177 Epaia argitzeko autoa eta 2017-09-19ko auto argigarria
Epaia eman duen epaile-magistratua: Jose Luis Nuñez Corral.
Lekua: Vitoria-Gasteiz.
Eguna: bi mila eta hamazazpiko irailaren hogeita seia.
EGITATEAK
Bakarra.– Epaile honek epaia eman du 2017ko irailaren 4an, eta haren emaitza autoetan jasota dago. Ondoren, 2017ko irailaren 19an epaia argitzeko autoa eman da.
Auzi-jartzailearen ordezkaritzak auto horren jarduketen deuseztasuna aurkeztu du, eta haren emaitza autoetan jasota dago. Halaber, aipatu autoa argitzea komeni da 2017ko irailaren 22ko idazkian emandako arrazoi eta zergatiak direla-eta.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Jarduketen deuseztasunaren eskabidea ezin da ezta izapideak egiteko ere onartu (PZLb-ko 228. artikulua).
Epaile honek ez du ikusi prozedura urratu denik ez eta alderdi eskatzailearen defentsa-gabezia eragin denik ere, eta horiek dira eskatu den jarduketa-deuseztasuna erabakitzeko funtsezko edo nahitaezko oinarriak. Beraz, ez da bidezkoa auzi-jartzaileak eskatu duena.
Bigarrena.– Dena den, agerikoa eta nabaria da epaile honek egin duen akatsa demandatuak eskatutako argitzea egiterakoan, eta, beraz, hori zuzendu behar da berehala.
Hain zuzen ere, auzi-jartzaileak ez du inoiz eskatu Kode Zibileko 1300. artikuluaren eta hurrengoen araberako deuseztasun-ekintza bat, baina bai lege berezi baten araberakoa.
Beraz, prestazioak itzultzearen gaia ez denez mahai gainean jarri, Kode Zibileko 1300. artikulua eta hurrengoak ez direnez aplikatu auzia ebazteko, baztertzekoa den egintza berri baten aurrean gaude. Dena den, epaile honek, noski, ez du onartzen argitu beharreko autoari egindako gaitzespena –neurrigabekoa eta errepikakorra– epaile honek inoiz ez baitu aldatu epaiak aipatzen duen demandatuen arteko solidaritatea, ezta gaiari bildutako edo gaiaren azpian dauden gainerako alderdiak ere. Aipatu argitze-autoari hitzez hitz lotzen natzaio.
Beraz, adierazitako zirkunstantziei erreparatuta, alderdi demandatuak mahai gainean jarritako gaia berria denez, Kode Zibileko 1300. artikuluko eta hurrengoetako ekintzarik ez denez gauzatu, eta epaile honek, akats nabarmena eginez, erantzun okerra eman duenez, bidezkoa da argitu beharreko autoa baliogabetzea.
Epaile honek ez du beharrezko ikusten auzi-jartzailearen idazkia bidaltzea, jarduketen deuseztasuna baztertu egin behar baita eta Kode Zibileko 1300. artikuluko eta hurrengoetako ekintza ez erabiltzeagatik egindako akats material nabarmena zuzendu; epaile honek nahigabe egin du akats hori eta zuzendu egin behar da.
XEDATZEN DUT
Argitu, zuzendu eta osatzen ditut 2017ko irailaren 4an emandako epaia eta 2017ko irailaren 19ko autoa, ebazpen honen zuzenbideko oinarri bakarrean adierazi bezala.
Ebazpen hau irmoa da, eta beraren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu. Jatorrizko ebazpenaren aurka, ostera, epaia jakinaraztean zehaztutako errekurtsoak jar daitezke (PZLb, 214 artikulua).
Aurreko idatzi-zatian aipatzen diren errekurtsoak aurkezteko epeak, bidezkoak badira, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasiko dira kontatzen (PZLb, 267.9 artikulua).
Hala erabaki, agindu eta izenpetu du Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegiko José Luis Núñez Corral epaile-magistratuak. Fede ematen dut.
Epailearen sinadura.
Turihoteles Vacations Club S.L. demandatuaren egungo egoitza ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibileko 1/2000 Legearen 497.2 artikuluaren arabera (PZLb).
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 26a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.