EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2017197

AGINDUA, 2017ko urriaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-10-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201704948
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/06/01ean argitaratutako 2017/05/23ko AGINDUA [201702700]

Hezkuntzako sailburuaren 2017ko maiatzaren 23ko Aginduaren bidez (2017ko ekainaren 1eko EHAA, 103. zk.), 2017-2018 ikasturteko deialdia egin zen Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programaren laguntzak arautu eta laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko. Agindu horrek egonaldiak egiteko aukera ematen du programaren aplikazioz bestelakoak diren zentroetan; horrela, aginduak erantzuna ematen die egonaldiok duten interesari, hau da, ikertzaileak hobeto prestatu eta nazioarteko doktoregoa lortzeari.
Kontuan hartu da Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua (2017ko apirilaren 21eko EHAA), dekretu horrek aldatu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua.
1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) ezarritakoa kontuan izan da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra arautu zen, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezarri ziren. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.
Horretaz gainera, aintzat hartu da Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.
Horrenbestez, oinarri hartzen dut Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Deialdia egitea beka aplikatzen den zentroetan ez beste batzuetan doktoretza-aurreko egonaldiak egin ditzaten prestakuntzan ari diren ikertzaileek. Egonaldi horien helburua izango da ikertzaileak zientzia- eta teknika-ikerketan hobeto prestatzea eta, horretarako, ikerketa-lanak egitea, ikerketa-proiektuei aplikatzeko teknika berriak ikastea, bibliografia- eta ikerketa-funtsetan kontsultatzea eta beste edozein ikerketa jarduera egitea esku artean duen tesi-proiektuaren testuinguruan, ikertzailearen zientzia- eta teknika-prestakuntza hobetzeko, tesiaren garapena bultzatzeko eta nazioarteko doktoretza lortzea errazteko.
2.– Egonaldiak egin ahal izango dira unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+b-eko jarduera duten enpresetan, atzerrikoetan zein estataletan, betiere doktoretza aurreko programa aplikatzeko zentroan bertan barik beste hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatu egiten badu agindu honetan zehazten diren laguntza ekonomikoak ematea.
3.– Deialdi honetatik kanpo geratzen da biltzarretara eta batzar zientifikoetara joatea,bai eta, Ikerketa Zuzendaritzaren ustez, lehenengo paragrafoan ezarritakoarekin bat ez datozen bestelako egonaldietara joatea ere. Ez da onartuko, halaber, ohiko aplikazio-zentroa atzerrian duten ikertzaileek Espainiako zentroetan egonaldiak egitea.
2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.
175.000 euro erabiliko dira agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Honako hauek izango dute laguntzak eskatzea: doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko 2017- 2018 programaren onuradun direnek, Eusko Jaurlaritzak emanak.
2.– Laguntza hauetaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da prestakuntzan ari diren ikertzaileak jardunean egotea eta beka-programa lehenengoz, bigarrenez eta hirugarrenez berrituta izatea.
3.– Ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan aurretik deialdi honen xede bereko laguntza jaso duten ikertzaileak.
4.– Ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak:
a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen menpe daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.
c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.
d) Honako xedapen hauetakoren batean egotea: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badira, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak–.
f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.
g) Ordaindu gabe izatea diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Epai irmo bidez zehatuta ez egotea, eta beraz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz diru-laguntzak lortzeko aukera galdu ez izana.
4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.
1.– Laguntza hauen gai diren egonaldiak 2018. urtean hasi beharko dira.
2.– Hiru hilabeteko egonaldia egiteko izango da, eta, justifikatutako salbuespenak izan ezik, egonaldi horiek bat etorri beharko dute joan nahi den zentroetako aldi akademikoekin eta/edo ohiko jardunarekin.
3.– Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.
4.– Proiektua destinoko zentro bakarrean egingo da.
5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://euskadi.eus/diru_laguntza/2017/egonlabur/y22-izapide/es/) modu telematikoan eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin. Eskabideari atxikitako dokumentazioa harekin batera bidali beharko da, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta egin beharko du erabiltzaile gisa, eta aipatutako aplikazioan emandako argibideei jarraitu.
Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.
2.– Behin eskabide telematikoa erabat bete denean eta, aplikazioaren bitartez, artikulu honen 8. atalean adierazitako dokumentuak erantsi direnean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesua gauza dezake, Egoitza Elektronikoak onartzen dituen sinadura elektronikoaren sistemetako edozeinen bidez.
Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki eraldatuko balitz, eskabidea baztertuko da automatikoki.
3.– Paperez izapidetuz gero, eskatzaileak aplikazioak sortutako eskabide-inprimakia inprimatu eta sinatu behar du. Paperezko eskabideak artikulu honen 5. eta 6. ataletan adierazitako epean eta lekuan aurkeztuko dira.
4.– Nolanahi ere, eskabidearekin batera, Erantzukizunpeko Adierazpena aurkeztu behar da, hala xedatzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutakoa da). Adierazpenak egiaztatuko du hautagaiek obligazio hauek betetzen dituztela:
– Eskatzaileak helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo lortu dituen, edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribatu baten eskutik.
– Eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.
– Pertsona eskatzaileak diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik duen, edo horretarako desgaitzen duen legezko debekurik duen.
– Pertsona eskatzaileak Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako beste debekuren bat duen.
– Pertsona eskatzaileak baimena ematen dion organo kudeatzaileari, egiazta dezan betetzen dituela uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Pertsona eskatzaileak onuradun izateko baldintza guztiak betetzen dituela.
– Pertsona eskatzaileak konpromisoa hartzen duela Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazteko diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.
– Eskabideko datuak egiazkoak direla eta pertsona eskatzaileak bere gain hartuko dituela datuen zehaztasun-ezak ekar litzakeen erantzukizunak.
5.– Diru-laguntzak jasotzeko eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan hark zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, eskaerarekin batera aurkeztu beharko ditu beharrezko egiaztagiri eguneratuak.
6.– Eskabideak aurkezteko epeak.
Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
7.– Eskabidea paperean izapidetuz gero, helbide honetara bidaliko da:
Eusko Jaurlaritza
Hezkuntza Saila
Ikerketa Zuzendaritza
Erreferentzia: Doktoretza-aurreko egonaldiak
Donostia kalea 1
01010 Vitoria-Gasteiz
Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan ere eskabideak aurkeztu eta informazioa eska daiteke: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia kalea 13, 20003 Donostia), eta Araban (Ramiro Maeztu kalea 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta eskuratzeko, 012 zenbakira deitu daiteke.
Ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera:
– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).
– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia).
– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).
– Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkourriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezartzen dena aplikatuko da. Eskabideak, halaber, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duena– aipatzen dituen lekuetan aurkeztu ahal izango dira, deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.
Eskabideak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskabidearen goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.
8.– Eskatutako agiriak.
Eskabide-orria aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:
a) Egonaldiaren helburua deskribatzeko txostena (bi orri, gehienez ere).
b) Zentro hartzailearen gutun ofiziala, non egiaztatzen baita bisitaldia onartzen dela eskatutako egunetan.
c) Egitekoa den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen agiria, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.
Diruz lagundutako aldia –3 hilabete– baino egonaldi luzeagoetan, egonaldiaren aldi osorako adostasuna adierazten duen agiria eskatuko da.
d) Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen agiria, halakorik behar izanez gero.
6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena, 12. artikuluko 2. atalean ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.
7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
8. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta asegurua.
1.– Eguneko 25 eurokoa izango da mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa.
2.– Bidaia norberaren ibilgailuan egin daiteke, eta bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, honako taula honi begiratuko zaio:
Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.
Oro har, taldekako garraiobide publikoetan egingo dira joan-etorriak; hala ere, kasu bakoitzeko inguruabarren arabera, norbere ibilgailua erabiltzeko baimena eman dezake organo eskudunak.
Norbere ibilgailua erabiltzeko baimena emango da soilik frogatzen denean helmugara ezin dela garraiobide publikoen bidez heldu.
Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.
Bidai-gastuetarako laguntzaren zenbatekoak ez ditu barne hartzen norbere ibilgailuan aplikazio-zentrokoa ez den jatorri-hiri batetik aplikazio-zentrokora egindako joan-etorrien gastuak.
Joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.
Bidai-gastuetarako ematen den laguntzaren zenbatekoak ez ditu barne hartuko egonaldian egiten diren tokiko garraioaren gastuak.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak, laguntzak esleitu eta gero, justifikatuta dagoen kasuetan aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.
4.– Ikerketarako Zuzendaritzak baimenduta atzerrian egiten diren egonaldietarako, istripu eta osasun-laguntza asegurua kontratatuko da. Interesdunaren ezkontidea eta 25 urtetik beherako seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, aseguru hori haientzat ere zabaldu ahal izango da, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
9. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.
Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duen beste edozein diru-laguntzarekin, salbu doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako laguntza bera.
10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel (lehendakaria izango da); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria, Arantza Elgarresta (idazkaria izango da). Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko proposamena.
Proposamenak hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta erreserben zerrenda.
2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera balioetsiko dira:
a) Laguntza lehen aldiz berritzen duten eskatzaileak: puntu 1.
b) Laguntza bigarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 2 puntu.
c) Laguntza hirugarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 3 puntu.
11. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira; horien artean lehentasunak jartzeko, 10. artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuko dira, eta puntu gehien lortzen dituzten eskaerei baino ez zaizkie esleituko diru-laguntzak, harik eta agindu honetako 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira agindu honetan araututako laguntzak eta haien zenbatekoak zehaztuko, sei hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik hasita.
Ebazpen horrek jasoko ditu pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak. Halaber, ordezkoen zerrenda emango da, eta zerrenda horretan adieraziko dira erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz beka-proposamenean sartu ez direnak. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
2.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena.
3.– Alde batera utzi gabe aurreko 2. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
4.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango zaizkie laguntzak erreserben zerrendan ageri diren pertsona eskatzaileei.
Laguntza horiek emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie.
Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko.
5.– Baldin eta artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako diru-laguntzen barruan diru-laguntzak itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedura tramitatzen ari bada, prozedura hori bukatu egin beharko da diru-laguntza eman eta ordaintzeko.
8.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.
b) Egonaldiaren hasierako datak emate-ebazpenean adierazitakoa izan behar du. Salbuespenez, egonaldiaren aurretik eskatu ahal izango da, idatziz eta behar bezalako arrazoiak emanda, hasiera data aldatzeko. Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du aldaketa egin daitekeen ala ez, eta baimena eman ahal izango du behar bezala justifikatutakotzat jotzen dituen aldaketak egiteko.
c) Zentroan egon beharko du diruz laguntzen den denboraldi osoan. Diru-laguntza jasotzen duen ikertzaileak bere jarduera etenik gabe egin beharko du; zentroko lan-egutegiak bete beharko ditu, gainera. Ikerketa-arrazoien ondorioz aldi baterako zentrotik atera behar badu, Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, eta hark eman beharko dio horretarako baimena. Atzeratutako aldiak, baimendutakoak badira, ez dira errekuperatu behar.
d) Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
e) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero dagozkien funtzioak gauzatzerakoan.
g) Helburu bererako lortu den beste edozein laguntza deklaratzea.
h) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 15. artikuluan zehazten diren agiriak bidali beharko ditu Ikerketa Zuzendaritzara.
14. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko egiteko, Ikerketa zuzendariari jakinarazi beharko zaio, idazki baten bidez, eta onuradunak, tesi-proiektuaren zuzendariak eta ezarpen-zentro kontratugileko legezko ordezkariak sinatu beharko dute idazkia. Han, adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori, aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago. Horren berri, halaber, posta elektronikoz ere eman beharko da huisibas@euskadi.eus helbidera bidalita, uko-egitearen ondorioak hasten diren eguna baino lehenago.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.
Uko egitearen ondorio ekonomikoak hasiko dira uko egite hori gauzatzen den egun berean. Hala ere, bidegabeko ordainketak gauzatu badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.
15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Laguntza hauen ordainketa behin batez egingo da, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, onuradunak hirugarrenen altaren agiria eguneratua izan beharko du. Http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/ r51-341/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html
2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek bidali beharko dituzte Ikerketa Zuzendaritzara:
a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria: lankide izandako ikertzaile arduradunak izenpetutako jatorrizko idazki bat izango da. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak aipatu beharko dira han.
b) Egindako lanaren memoria zientifiko-teknikoa, diru-laguntzaren baldintzak bete direla justifikatzen duena, eta egindako jarduerak eta jasotako emaitzak zehazten dituena.
c) Bidaiaren kostuari eta bisatuaren izapidetzeak dakarren kostuari buruzko txosten ekonomikoa, honako dokumentu hauek erantsita:
– Garraio publikoan egindako bidaien jatorrizko txartelak eta fakturak.
– Bisatua tramitatzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien jatorrizko txartelak eta fakturak.
Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.
3.– Egonaldia esleitutakoa baino txikiagoa bada, mantenurako emandakoaren zati proportzionala itzuli egin beharko du onuradunak, hau da, egin gabeko aldiari dagokion zatia, betiere indarrean den legeriarekin bat etorriz.
4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa gertatzen bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.
5.– Dokumentazio hau guztia aurkezteko, aplikazio telematikoa erabiliko da.
6.– Egonaldia amaituta, eta emandako laguntzaren likidazioa behar bezala egiteko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko ditu pertsona onuradunak.
16. artikulua.– Ez-betetzea.
Egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion atzerapen interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren pentzutan ordaindu beharreko diru-laguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).
Aplikatzekoak dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
17. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatzen bada, horrekin batera beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo diru-laguntza batzuk jasotzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko hartu zen erabakia moldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzen onuradun izateko arauan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira.
Prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 15. artikuluaren 3. eta 4. ataletan adierazten diren kasuetan:
a) Prozedura hasi eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.
b) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta15 egun naturaleko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.
Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela jakinaraziko du, eta, hala badagokio, adieraziko du diru-zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion atzerapen interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian jasoko dira, «Bekadunentzako diru-laguntzak» izenekoan (deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena). Fitxategi hori jasota dago arau honen xedapen-esparruan: 2010eko urriaren 4ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko EHAA, 213. zk.).
Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Ikerketa Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 10a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIA
II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
III. ERANSKINA
Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak