EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2017197

AGINDUA, 2017ko urriaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2017-2018 ikasturtean atzerriko hizkuntza indartzeko diru-laguntzen deialdia egiten duena, heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-10-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201704947
Maila: Agindua
Hezkuntza Saila ekimen multzo bat bultzatzen dabil derrigorrezko hezkuntzan eta derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten gaitasuna hobetu dezaten.
Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza Sailak Europako programa hauek finantzatzen parte hartzen du: Erasmus +, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako praktikak egiteko; programa horien bidez, ikasleei aukera ematen zaie praktiken bidezko prestakuntza jasotzeko Europar Batasuneko herrialdeetan. Horretaz gainera, heziketa-moduluak atzerriko hizkuntzetan egitea ere eskaintzen du.
Ekimen horien osagarri, Europa 2020 estrategiaren barruan, ikasleek atzerriko hizkuntzan duten gaitasuna indartu dezaten nahi da, atzerrian praktiken bidez prestatu ahal izateko. Hizkuntzak giltzarri dira ikasleen enplegagarritasuna eta mugigarritasuna hobetzeko, enpresek merkatu global batean jardutea eskatzen dutenez gero. Hizkuntzak jakiteak ez luke oztopo izan behar langileen joan-etorri askerako.
Horregatik, Europako Batzordeak hizkuntzak jakitearen garrantzia eta hizkuntzei arreta berezia eman beharra azpimarratzen du; izan ere, hizkuntzak mintzatzeko gaitasuna ezinbestekoa da lehiakorrak izateko.
Hori guztia aintzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, atzerriko hizkuntza indartzeko programaren deialdia egiten da. Programa hori heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan egingo da 2017-2018 ikasturtean.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– 146.250 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, gehienez, 40 eurokoa da baimendutako talde bakoitzean emandako ordu bakoitzeko. Guztira eman beharreko zenbatekoak gainditu egiten badu agindu honen aurrekontu-zuzkidura, ordu bakoitzeko zenbatekoa murriztu egingo da, emango diren prestakuntza-orduen guztizko kopurua kontuan hartuta, baimenduko diren taldeen arabera, diru-laguntzaren guztizkoa aurrekontu-zuzkidurara egokitu arte.
Deialdi honen ondorioetarako, agindu honetako baldintzak edo betekizunak betetzen dituena izango da diru-laguntza jasotzeko baimendutako taldea.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan ahalko dira EAEn lanbide-heziketako heziketa-zikloak emateko baimen ofiziala duten itunpeko ikastetxe pribatu guztiak. Laguntza hauen onuradun izateko, ikastetxe eskatzaileak indarreko arauak bete beharko ditu: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez.
Horrekin lotuta, diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, erakunde eskatzaileak baimena emango dio diru-laguntza emango duen organoari zuzenean egiazta dezan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan azaldutako eskakizunak betetzen dituen ala ez. Nolanahi ere, erakunde eskatzaileak espresuki ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako eran.
Edozein ordainketa egin aurretik, egiaztatu beharko da ikastetxe onuradunak egunean daudela zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei dagokienez.
3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
4.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena betez.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.
1.– Lanbide-heziketako zikloetako ikasleei atzerriko hizkuntza irakastea lagundu daiteke, ikastetxean bertan, eskola-orduetatik kanpo, gutxienez 80 orduz eta gehienez 100 orduz, astean gutxienez 4 orduz eta gehienez 8 orduz, 2017-2018 ikasturtean zehar.
2.– Ikastetxeko irakasleek berek emango dituzte eskolak, ikastetxean bertan. Irakasleek Europako erreferentzia-esparru bateratuko B2 mailari dagokion hizkuntza-ziurtagiria izan beharko dute, gutxienez. Ikastetxeetako zuzendaritzaren ardura izango da baldintza hori bermatzea.
3.– Mintzamenaren komunikazio-gaitasuna landuko da, solasaldiak eta ahozko azalpenak –banaka eta taldean–, eta multimedia-baliabideak sartuko dira eguneroko lanean. Eskola-jarduera horiek eskolaz kanpoko beste batzuekin osa daitezke, hizkuntzaren erabilera sustatzera bideratzen direnekin, alegia.
4.– Nominen bidez justifikatu beharreko ikastaroen gastuek bakarrik jaso dezakete diru-laguntza. Hezkuntza-itunen bideari dagokion ordainketa eskuordetuak ez du estaliko atzerriko hizkuntza indartzeko eskolak emango dituzten irakasleei dagokien ordainsari-kostua.
5. artikulua.– Programan parte har dezaketen ikasleak.
Erdi-mailako edo goi-mailako edozein heziketa-ziklotako itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleek parte har dezakete atzerriko hizkuntza indartzeko programan.
6. artikulua.– Ikasleen izen-ematea, hautaketa eta asistentzia.
1.– Boluntarioa eta doakoa den matrikula bat eskainiko da atzerriko hizkuntzako ikastaroetan, eta asistentzia derrigorrezkoa izango da.
2.– Ikastetxe bateko eskaerak gehiago izango balira bertan eskaini ahal dituen plazak baino, berdintasuna, lehia eta objektibotasuna errespetatzen duen metodo bat erabiliko da hautaketa egiteko. Eskabide-orrian agertuko da hautaketa egiteko modua.
7. artikulua.– Taldeak antolatzea.
1.– Hizkuntza bakoitzeko taldean gutxienez 10 ikasle egongo dira, eta gehienez 20.
2.– Hizkuntza bakoitzean, maila bakoitzeko, gehienez, talde bat osatuko da, hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera: A2, B1.1, B1.2 eta B2.
8. artikulua.– Hizkuntza-ikastaroen ebaluazioa.
Eskolak amaitu ostean, ikastetxeek gogobetetze-inkesta egin beharko diete ikasleei (B3 inprimakia, V. eranskina). Inkesta horren emaitzak ikastaroen ebaluazio-fitxetan jasoko dira, eta, fitxa horiek, inkesten kopiekin batera, justifikazioari erantsiko zaizkio.
9. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen diru-laguntzekin.
10. artikulua.– Datu pertsonalak.
Deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak «Diru-laguntzak eta Laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, eta fitxategi horren xedea izango da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea, eta deialdian parte hartzen duten pertsonei haren garapenaren berri ematea. Deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute datu hauek tratatu eta argitaratzeko.
Fitxategi horren arduraduna Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Hori guztia bat dator datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei buruzko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.
3.– Eskabideak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).
12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Ikastetxe eskatzaileek behar bezala beteta aurkeztu beharko dituzte eskabide-orria (I. eranskina) eta A1 inprimakia (II. eranskina), proposatzen duten talde bakoitzeko.
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
14. artikulua.– Aurkezpen eta izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duenak.
3.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidea erabiliz.
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/fp_hizkuntzak/y22-izapide/es helbidean argitaratuko da deialdi honen fitxa. Fitxa horren bidez, prozesuan parte hartzea eskatzeko erabilera-gidak eta jarraibideak lortu ahal izango dituzte erabiltzaileek, eta prozeduraren jarraipena egin ahal izango dute.
15. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzen dituen organoa.
Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da agindu honetan araututako diru-laguntzen organo kudeatzailea.
16. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu guztiek jasoko dute diru-laguntza.
2.– Guztira eman beharreko zenbatekoak agindu honen 2.1 artikuluan jasotako aurrekontu-zuzkidura gainditzen badu, emateko eskolen ordu bakoitzeko zenbatekoa modu proportzionalean egokituko da, baimendutako taldeei guztira eman beharreko orduen arabera, diru-laguntzen guztizkoa aurrekontu-zuzkidurara egokitu arte.
17. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean bideratuko dira, eta prozedura hori ebaztea Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari dagokio.
2.– Ebatzitakoa banan-banan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei bide elektronikoak erabiliz, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak; horrek ez du eragotziko hura Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea publikotasun-ondorioetarako.
3.– Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesdun guztiei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarota, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Prozeduraren ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da haren aurka Lanbide Heziketako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
III. KAPITULUA
ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA
18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da: lehena, emandako laguntza osoaren % 80, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerako % 20a ordainduko da hizkuntza-ikastaroak amaitzean eta zuzendaritzak ongi egin direla egiaztatzean, justifikazioa aurkeztuz 20. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan.
19. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
2.– 2017-2018 ikasturteko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak.
3.– Agindu honen 3., 4., 5. eta 6. artikuluetako baldintzak betetzen direla ikuskatzea.
4.– Emandako diru-laguntza justifikatzea 20. artikuluan jasotakoaren arabera.
5.– Gutxienez 4 urtean artxibatzea gastuen frogagirien originalak, erakunde eskudunek egiaztatze- eta kontrol-lanak egin ahal izan ditzaten.
6.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
7.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, diru-laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.
8.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, besteak beste agindu honen xede diren programen finantzaketaren izaera publikoari dagokion publikotasuna ematea. Horrekin lotuta, ikastetxe onuradunak ikasleei eta haien familiei jakinarazi beharko die programa hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lagundu duela diruz.
20. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Ikastetxe onuradunek, 2018ko ekainaren 28a baino lehen, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidea erabiliz aurkeztu beharko dute dokumentazio hau:
a) Prestakuntza-jarduerak baloratzeko fitxak (B1 inprimakia, III. eranskina), sinaturik. Fitxa bat aurkeztuko da programan parte hartzen duen talde bakoitzeko.
b) Ikasleen asebetetze-inkesten kopiak (B3 inprimakia, V. eranskina).
c) Memoria ekonomikoa (B2 inprimakia, IV. eranskina).
d) Ikastaroak eman dituzten pertsonen nominen kopiak; kopia horiek konpultsatu egingo dira –originalak ikusita–, eta ikastetxeari itzuliko zaizkio.
2.– Artikulu honen aurreko atalean adierazitako justifikazio-aldia baino lehen ordaindu diren nominak bakarrik onartuko dira eginiko gastu gisa.
21. artikulua.– Jarraipena.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako prestakuntza-jarduerei, Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko.
2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, dagokion Ikuskaritzako Lurralde Burutzak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.
22. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, ebazpena aldatu ahal izango da. Ezinbesteko baldintza izango da baimendutako taldeetako bakoitzean izena eman zuten ikasleen % 60 talde horri guztira dagozkion eskola-orduen % 80ra joatea gutxienez, eta diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak mantentzea.
2.– Arrazoia edozein izanda ere, ikastaroaren ordu-kopurua murriztu egiten bada, laguntza ere murriztu egingo da, azkenean emango den ordu-kopuruaren proportzioan, hasieran emandako orduko zenbatekoa aintzat hartuta; betiere, 65 eskola-ordu emango dira gutxienez.
3.– Ondorio horietarako, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, soberan jasotakoa itzultzeko aginduko da.
23 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:
a) Ez betetzea agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza.
b) Ez betetzea EAEko aurrekontuen konturako diru-laguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan daude jasota.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako itzulketa-kausaren bat gertatzen denean.
d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein diru-laguntza jaso izana.
2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko (EAEko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duena) II. tituluari jarraituko zaio.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdi honetako laguntzak ez dira emango harik eta kreditu egokiak eta behar bestekoak egon arte Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018rako aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Deialdi hau administrazio publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz; horrez gain, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 3a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.