EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2017197

AGINDUA, 2017ko irailaren 20koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez hauteskundeak iragartzen baitira «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak hautatzeko.

Xedapenaren data: 2017-09-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201704946
Maila: Agindua
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Aginduaren bidez, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Arautegia onartu zen, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Arautegia aldatu zen, eta haren testu bategina onartu zen. Bada, aipatutako lehenengo arautegi horretako 32.3 artikuluan ezartzen denez, Kontseilu Arautzaileko hautetsiak lau urtetik behin berrituko dira, eta lehengoak berriz hautatu ahal izango dira. Bokal hautetsien agintaldia bukatuta dagoenez, haien agintaldia luzatzen da bokal berriak hautatu arte, eta hauteskundeak deitu eta arautu behar dira.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko 6 bokalak hautatzeko prozedura ezartzen da, eta hartarako deia egiten. Bokal horiek Jatorri Deituraren Arautegiaren 32. artikuluko 1. zenbakiko c) eta d) letretan aipatutako sektoreen ordezkariak izango dira, mahats-ekoizleen sektorearen eta elaboratzaileen sektorearen ordezkariak, alegia.
2. artikulua.– Hauteskunde-egutegia.
1.– I. eranskinean zehaztutako hauteskunde-prozesuari egokituko zaio egutegia.
2.– Hauteskunde-egutegian finkatutako egunen bat larunbata, igandea edo jaieguna bada, hurrengo egun balioduna prestatuko da horretarako.
3. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.
1.– «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordea sortzen da.
2.– Hauteskunde Batzordea Kontseilu Arautzailearen egoitzan, hau da, Mendibile Jauregian kokatuko da (Mendibile auzoa 42, Leioa, Bizkaia), eta hauek izango dira batzordekideak:
Lehendakaria: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak izendatuko du.
Lehendakariordea: Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren titularrak izendatuko du.
Bokalak izango direnak:
– (1) Aholkulari juridiko bat, Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak izendatua; batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.
– (1) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak izendaturiko pertsona bat.
– (1) Sindikatu-izaerako Nekazaritza Erakunde Profesionalen ordezkari bat; Jatorri Deituraren lurralde-eremuan ezarritako sindikatu-izaerako Nekazaritza Erakunde Profesionalen akordio bidez izendatuko da.
Hauteskunde Batzordea eratzeko I. eranskinean ezarritako eguna baino lehen hitzartu beharko da akordio hori. Ordurako akordiorik ez badago, berriz, Batzordea eratzeko egunean egingo da izendapena, zozketa bidez, ordezkari izateko aurkeztutako hautagaien artean.
– (1) «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren idazkari-gerentea.
3.– Hona hemen Hauteskunde Batzordearen egitekoak.
a) Jatorri Deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea, eta ikusgai jartzea horretarako zehaztuko diren tokietan.
b) Aipatutako erroldei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta ebazpen horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.
c) Behin betiko erroldak onestea.
d) Bokal izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.
e) Hautagaiak aldarrikatzea.
f) Hauteskunde Mahaia eratzea.
g) Bozketak zaintzea.
h) Bokal hautetsiak aldarrikatzea.
i) Hauteskunde prozesua bermatzea Kontseilu Arautzaileko lehendakariaren eta lehendakariordearen egitekoak egingo dituztenak proposatu arte.
4.– Agiriak zaintzea eta erabakiak betetzea izango da idazkariaren egitekoa.
II. KAPITULUA
HAUTESLE-ERROLDAK ETA HORIEK IKUSGAI JARTZEA
4. artikulua.– Erroldak prestatzea.
1.– Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesle-erroldak eta/edo azpierroldak, betiere, agindu hau indarrean jartzen den momentuan, Jatorri Deituraren Arautegiaren 15. artikuluan jasotako erregistroetan inskribaturik dauden pertsonekin, eta honela:
A) Mahastizainen erroldan hiru (3) azpierrolda ezarri dira:
V-1: 2016ko azaroaren 30ean 3,5 hektarea baino gutxiago inskribatuta duten mahastizainen azpierrolda; bokal bat hautatuko du.
V-2: 2016ko azaroaren 30ean 3,5 hektarea edo gehiago eta 15 hektarea baino gutxiago inskribatuta duten mahastizainen azpierrolda; bokal bat hautatuko du.
V-3: 2016ko azaroaren 30ean 15 hektarea edo gehiago inskribatuta duten mahastizainen azpierrolda; bokal bat hautatuko du.
B) Upeltegien erroldan, hiru (3) azpierrolda ezarri dira:
B-1: 2016ko azaroaren 30era arte 50.000 litrotik behera ekoitzi duten upeltegiak; bokal bat hautatuko dute.
B-2: 2016ko azaroaren 30era arte 50.000 litro edo gehiago eta 150.000 litrotik behera ekoitzi duten upeltegiak; bokal bat hautatuko dute.
B-3: 2016ko azaroaren 30era arte 150.000 litro edo gehiago ekoitzi duten upeltegiak; bokal bat hautatuko dute.
2.– Ekoizleen eta elaboratzaileen errolda bakoitzean hiru pertsona izango dira bokal, eta dagozkien azpierroldetan bokal bat azpierrolda bakoitzeko. Horregatik, II. eranskinean (boto-papera), titular baten eta ordezko baten izendapena baino ez da jasotzen.
5. artikulua.– Eskakizunak.
1.– Hautesleen erroldetan agertu ahal izateko, eskakizun hauek bete behar dira:
a) Agindu hau indarrean jartzen denean, Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egotea.
b) Jatorri Deituraren Erregelamenduak arautzen dituen arloetan arau-hauste larriak egiteagatik zehapenik jaso ez izana agindu hau argitaratu aurreko urtean.
c) Eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik ez egotea.
Kontseilu Arautzailearen erregistroetan azaltzen den pertsona bera izango da eskubidearen jabea.
d) Egunean izatea Jatorri Deiturari dagokionez ezarritako kuotak eta gainerako betebeharrak.
2.– Eskubidearen pertsona titulartzat joko da Kontseilu Arautzailearen Erregistroetan jasota dagoena.
6. artikulua.– Erroldak prestatzea.
Elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera prestatuko dira hautesle-erroldak. Errolda horietan, ordena alfabetikoaren arabera azalduko dira hautesleak udalerri bakoitzean.
7. artikulua.– Erroldak ikusgai jartzea.
1.– Kontseilua Arautzaileak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio hautesle-erroldak, ikusgai jartzeko behar den beste ale bidali ere. Hauteskunde Batzordeak, bestalde, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren, hautesle-erroldak bideratuko ditu, betiere, Batzordeko idazkariaren izenpearekin eta lehendakariaren oniritziarekin. Orobat, Batzordeak erroldak ikusgai jarriko ditu Kontseilu Arautzailearen egoitzan, Bizkaiko nekazaritzako eskualde-bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzan.
2.– Errolden gaineko erreklamazioak eta errekurtsoak I. eranskineko egutegiari egokituko zaizkio.
3.– Aldi berean ekoizleen sektorearen (Mahastien Erregistroa) eta elaboratzaileen sektorearen (Upeltegi Elaboratzaileak eta Botilaratzaileak) erroldetan inskribatuta dauden titularrek bi erroldetarako botoa eman ahal izango dute.
III. KAPITULUA
KONTSEILU ARAUTZAILEKO BOKAL IZATEKO HAUTAGAI-ZERRENDAK AURKEZTEA: HAUTAGAIAK ALDARRIKATZEA ETA FORMA
8. artikulua.– Hautagai-zerrenden eskakizunak.
1.– Errolda/azpierrolda bakoitzean ageri direnak izango dira errolda/azpierrolda bakoitzeko bokalak aukeratzeko hautagai, betiere Jatorri Deituraren Arautegiak arautzen dituen arloetan arau-hauste oso larriak egiteagatik zehapenik jaso ez badute agindu hau argitaratu aurreko urtean.
2.– Bokalak eta ordezkoak hautatzeko hautagai-zerrendak irekiak izango dira errolda/azpierrolda bakoitzean.
3.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio talde bakoitza ordezkatu behar duten bokalak aukeratzeko hautagai-zerrendak. Horretarako, aldarrikatze-eskabidea aurkeztu behar da, I. eranskinean zehaztutako epean.
4.– Inork, ez norberaren izenean ez besteren baten izenean, ezingo du bokal-kargu bat baino gehiago izan Kontseiluan.
9. artikulua.– Hautagai-zerrendak proposatzea.
1.– Nekazaritzako erakundeek, profesionalen elkarteek eta erakunde independenteek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak, baina, dena delako errolda edo azpierroldako hautesleen ehuneko hogeiren (%20) abala beharko dute, edonola ere.
2.– Ezein nekazaritza erakunde profesionalek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda edo azpierrolda bakoitzeko. Hautagai-zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.
3.– Baldin eta nekazaritzako erakunde profesional bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek aurkeztuz gero.
4.– Nekazaritzako erakundeek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.
5.– Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatu beharko da Hauteskunde Batzordearen aurrean, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan azaltzen ote diren egiaztatuko du Batzordeak.
6.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, honako datu hauek argi azalduta:
a) Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena eta hautagai-zerrendarena.
b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.
c) Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.
Hauteskunde Batzordeko idazkariak jasoko du zerrenda zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu den, horretarako bete beharreko eginbideak beteta.
7.– Proposatutako hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain, hautagai-zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, zeina zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.
8.– Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.
10. artikulua.– Hautagai-zerrendak aldarrikatzea.
1.– Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagai-zerrendak aurkezteko epea bukatzean, hautagai-zerrendak irmoak izango dira, eta Batzar Orokorrak aldarrikatuko ditu. Orobat, Batzarrak bazter utziko ditu, ofizioz edo salaketa bidez, hautagarritasun-eskakizunak betetzen ez dituzten hautagai-zerrendak edo aurkezteko eta aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.
2.– Hautagai-zerrendak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak ikusgai jarriko ditu 7.1 artikuluan hautesle-erroldak ikusgai jartzeko adierazitako tokietan.
3.– Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta ikusgai jarri ondoren, haren aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari, I. eranskinean ezarritako epeen arabera, betiere.
4.– Erroldaren edo azpierroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak –aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero– zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu bokal eta ordezko, eta bozketarik egin gabe esleituko dizkie bokal-karguak. Eta kasu guztietan hori bera gertatuz gero, hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du: aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira, eta lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte, horretarako zehaztuko den egunean.
IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE MAHAIAREN ERAKETA, BOZKETA ETA BOTO-ZENBAKETA
11. artikulua.– Hauteskunde Mahaia.
1.– Hauek dira Hauteskunde Mahaiaren egitekoak: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.
2.– Hauteskunde Batzordeak izendatutako lehendakari batek (1) eta bi ondokok (2) osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Agindu honetako I. eranskinean azaltzen den egunean, zozketaren bidez hautatuko dira karguok hautesleen artetik. Jardunbide bera erabiliz, lehendakariaren eta mahaikideen bina ordezko izendatuko dira.
Bokal izateko hautagaiak eta horien ordezkoak ezin izango dira izan Hauteskunde Mahaiko parte.
3.– Hautagai-zerrendek ikuskatzaileak izendatu ahal izango dituzte (Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko diote), bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten eta Hauteskunde Mahaian parte har dezaten. Ikuskatzaile horiek hautesle-erroldan ageri behar dira, eta ezingo dira hautagai izan.
12. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.
1.– Hauteskunde Mahaian aritu beharra nahitaezkoa da kideentzat. Izendapena egin ondoren, interesdunei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, delako arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epean. Hauteskunde Batzordeak ebatziko du, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu.
2.– Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti Mahaia eratu baino lehenago. Kasu horietan, Batzordeak berehala emango du ebazpena.
3.– Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak agertzen ez badira, agertutako kideren batek hala jakinaraziko dio Hauteskunde Batzordeari; Batzordeak, jarraian, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egiteko pertsona egokiak izendatu ahal izango ditu, askatasunez.
13. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.
1.– Bozketa-egunean, lehendakaria, ondokoak eta ordezkoak 09:00etan elkartuko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.
2.– Lehendakaria azaltzen ez bada, lehenengo ordezkoak ordeztuko du, eta, hori ere azaltzen ez bada, bigarren ordezkoak. Eta hori ere ez bada azaltzen, lehenengo ondokoa eta bigarren ondokoa, ordena horretan. Ordezkoek hartutako dituzte lehendakaritza duten ondokoen edo azaltzen ez direnen lekuak.
3.– Hauteskunde Mahaia ezingo da inola ere eratu, lehendakaria eta bi ondoko han ez badaude.
4.– Lehendakariak, 09:30ean, Hauteskunde Mahaiaren eraketa-akta egingo du, eta berak, ondokoek eta, halakorik bada, ikuskatzaileek izenpetuko dute.
5.– Aktan honako hauek jasoko dira, ezinbestean: Hauteskunde Mahaia osatzen duten pertsonak, ikuskatzaileen zerrenda (halakorik egonez gero), eta ze hautagai-zerrenda ordezkatzen duten.
6.– Mahaiko lehendakariak, bozketa egiten den lekuan, aginte-ahalmen osoa izango du ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea betetzen dela ziurtatzeko.
14. atala.– Agiriak.
1.– Hauek dira Hauteskunde Mahaiak bete behar dituen eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dizkion agiriak:
– Mahaia eratzeko akta.
– Ikuskatzaileen zerrenda.
– Boto-zenbaketaren akta.
2.– Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo mahaiko ikuskatzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak egingo ditu.
3.– Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Mahaiari, lehendakariak izenpetutako jaso-agiriaren truke. Halaber, hautagai-zerrenden ordezkariei emango zaizkie, dagozkien erroldetan inskribatutako hautesleen kopuru proportzionalarekin bat etorriaz.
4.– Boto-paperak eta gutun-azalak Hauteskunde Batzordeak zehaztutako koloreetan egingo dira, eta horien ezaugarriak II. eranskinean adierazita daude.
15. artikulua.– Bozketa.
1.– Mahaiaren eratze-akta emanda, 10:00etan hasiko da bozketa, honako aldi hauetan: 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 20:00etara.
2.– Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, edo, hasita badago, bertan behera uzteko; horren erantzulea mahaiko lehendakaria izango da, zeinak, idazki arrazoitu baten bidez, horri buruzko ebazpena emango baitu. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, erantzukizunak eska ditzan. Aipatutako idazkiaren kopia lehendakariaren esku geratuko da.
3.– Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontutan hartuko, ezta zenbatuko ere. Lehendakariak hautestontzietako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.
4.– Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egon dadin eta bere nortasuna agiriaren edo pasaportearen bidez froga dezan.
5.– Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin inolako hautagai-zerrendaren alde.
6.– Bozketa egiten den lekuan, Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bi hautestontzi jarriko dira: bat, Mahastien Erregistroaren Erroldan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko, eta, bestea, Upeltegi Elaboratzaileen eta Botilaratzaileen Erregistroan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko. Bi erroldetan, inskribatutako bakoitzari boto bakarra dagokio.
7.– Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta mahaiburuak emango dio hasiera, honako hau esanda: «bozketa hasten da». Hautesleak banan-banan inguratuko dira mahaira, eta ondokoek eta ikuskatzaileek hautesle-erroldak aztertu eta boto-emailearen izena han ageri dela, eta, bere nortasuna benetakoa dela egiaztatu ondoren, botoa ematera joan dela idatziko dute. Ondoren, hautesleak eskutik eskura emango dio botoa lehendakariari, gutun-azal batean sartuta. Lehendakariak, hauteslearen izena ahoskatutakoan, «botoa ematen du» esan, eta hautestontzian sartuko du boto-papera.
8.– 20:00etan, mahaiburuak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du, eta ez dio inori bozketa-tokira sartzen utziko. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, lehendakariak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.
Ondoren, lehendakariak, mahaikideek eta –egonez gero– kontu-hartzaileek emango dute botoa. Eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.
9.– Mahaiko lehendakariak jasotako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua halako bi izan behar du.
10.– Kontseilu Arautzailearen barruko errolda bakoitzari bokal-kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez ere, beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.
16. artikulua.– Zenbaketa.
1.– Bozketa bukatutakoan, mahaiko lehendakariak bozketa itxita dagoela adieraziko du, eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautestontzietatik, eta ozenki irakurriko dira hautatutako hautagaien izenak. Lehendakariak boto-paperak irakurriko dizkie ondokoei eta ikuskatzaileei; jarraian, boto-paperak erakutsiko dizkie; eta, azkenean, egiaztatuko da boto-paperen kopurua eta zenbatutako hautesleena bat ote datozen.
2.– Hauek izango dira boto baliogabeak:
a) Ofiziala ez den boto-paperean emandako botoa.
b) Edozein arrazoi dela-eta, hautatutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion bokal-kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.
3.– Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.
4.– Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, lehendakariak galdetuko du proposamenik ote dagoen boto-zenbaketaren aurka. Proposamenik egiten ez bada, edo egindakoak mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, lehendakariak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeko boto-paperena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.
5.– Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautestontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, baliogabeko bototzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, beti ere mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita.
6.– Zeregin guztiak amaituta, lehendakariak, ondokoek eta ikuskatzaileek (halakorik egonez gero) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan, honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto-paper baliodunena, boto-paper baliogabeena, boto-paper zuriena eta aldarrikatutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, honako hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo kexak, Mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik egonez gero), gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita, betiere (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).
7.– Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da eta bozketa egin den egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, baita bozketaren eraketako akta, eta baliogabeko boto-paperak eta erreklamazioa izan dutenak ere.
V. KAPITULUA
BOKAL HAUTETSI TITULARRAK ETA ORDEZKOAK ALDARRIKATZEA, ETA KONTSEILU ARAUTZAILEKO LEHENDAKARIA ETA LEHENDAKARIORDEA HAUTATZEKO PROZEDURA
17. artikulua.– Bokal hautetsi titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea.
1.– Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak bokal-karguak esleituko ditu, honako irizpide hauen arabera:
a) Errolda edo azpierrolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiei esleituko zaizkie bokal-karguak, eta ordezkoen postuak, berriz, boto-paperetan ordezko agertzen direnei.
b) Berdinketarik egonez gero, zozketaren bidez egingo da hautatutako karguen esleipena.
2.– Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak Kontseilu Arautzaileko bokal hautetsiak aldarrikatuko ditu lehendakariaren bidez, hargatik eragotzi gabe 10.4 artikuluan xedatutakoa.
3.– Aldarrikatutako bokalen aurkako errekurtsoak I. eranskineko egutegiari egokituko zaizkio.
4.– Bokal kondizioaz baliatzen diren pertsonak aldarrikatutakoan, bokal hautetsiei behar diren agiriak bidaliko zaizkie, I. eranskinean ezarritako datekin bat etorriaz, betiere.
18. artikulua.– Kontseilu Arautzaileko lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko prozedura.
1.– Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du. Bilkura horretan, bokal hautetsiak karguaz jabetuko dira, eta hala egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko titularrak zein Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak izendatutakoek ere.
2.– Segidan, eta bilkura berean, bokalek lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte Osoko Bilkurako bokal hautetsien bi herenaren gehiengoz. Bokal hautatu hauetako bat edo beste pertsona bat hauta daiteke kargurako. Horren berri eman beharko zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, honek izendatu dezan. Hautagaiek lortutako botoak jasoko dira.
3.– Karguetako bat bokalen artetik hautatuz gero, ez da bokalaren tokia beteko, parekidetasuna ez galtzeko. Kasu horretan, gainera, lehendakariak kalitateko botoa galduko du.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Egungo Kontseilu Arautzailearen gobernu-organoen agintaldia luzatzen da, eta hauteskunde-deialdi honen arabera hautatutako bokal berriek karguak hartzean amaituko dituzte gobernu-organo horiek haien egitekoak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Arau hau ezartzean zalantzarik sortuz gero, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera ebatziko da.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Baldin eta, bokalen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honetan xedatu legez hautatutako pertsonaren batek ordezkatzen duen enpresarekiko lotura hausten badu edo hautagai proposatu duen erakundekoa izateari uzten badio, orduan baja hartuko du bokal moduan, eta dagokion ordezkoak hartuko du bere tokia. Irizpide bera erabiliko da baldin eta bokalen bat a) bere egitekoetatik baztertzen badu Kontseilu Arautzaileak agintaldian zehar, jatorri-deituren arloko arau-hauste larria egin duelako, dela berak zuzenean, dela bera partaide den izen edo sinadura sozialak, edo b) agintaldian zehar hiltzen bada edo berak ordezkatutako izen edo sinadura soziala desagertzen bada.
AZKEN XEDAPENETAtIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzietako salan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 20a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
«BIZKAIKO TXAKOLINA/TXAKOLI DE BIZKAIA/CHACOLÍ DE BIZKAIA» JATORRI-DEITURAREN KONTSEILU ARAUTZAILERAKO HAUTESKUNDEAK
HAUTESKUNDE-EGUTEGIA
0.– Hauteskunde-deialdiaren agindua indarrean jartzea (agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean).
0 + 15.– «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordea eratzea.
15 + 5.– Erroldak ikusgai jartzea, 7.1 artikuluan zehaztutako tokietan.
20 + 10.– Behin-behineko errolden aurkako erreklamazioak aurkeztea Hauteskunde Batzordeari.
30 + 4.– Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea.
34 + 3.– Behin betiko erroldak ikusgai jartzea.
37 + 3.– Behin betiko errolden aurkako errekurtsoak aurkeztea, Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren aurrean.
40 + 5.– Errolden gaineko errekurtsoak ebaztea, Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak.
45 + 3.– Errolda irmoak ikusgai jartzea.
48 + 4.– Kontseilu Arautzaileko bokal izateko hautagaiak aurkeztea Hauteskunde Batzordeari.
52 + 4.– Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeak hautagaiak aldarrikatzea.
56 + 4.– Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari hautagaien aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztea.
60 + 5.– Aurreko errekurtsoak ebaztea.
65 + 3.– Hautagaien behin betiko zerrendak ikusgai jartzea.
68 + 4.– Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiko kideak izendatzea, zozketa bidez, eta interesdunei jakinaraztea.
72 + 3.– Hauteskunde Mahaiko kideen izendapenaren inguruko desenkusak aurkeztea Hauteskunde Batzordeari.
75 + 4.– Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebaztea.
79 + 6.– Hauteskunde Mahaia eratu eta bozketa egitea.
85 + 2.– Hauteskunde Mahaiak bilkura eratzeko akta bidaltzea Hauteskunde Batzordeari, eta, bertan, boto-paper baliogabeen edo erreklamazioa eragin dutenen kopurua adieraztea. Orobat, boto-zenbaketako jatorrizko akta ere igorriko dio.
87 + 5.– Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeak bokalak aldarrikatzea.
92 + 4.– Bokalen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztea, Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari.
96 + 3.– Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeak lehengo errekurtsoak ebatzi eta bokal-karguak esleitzea.
99 + 5.– Bokal hautetsiei dagozkien kredentzialak bidaltzea.
104 + 6.– «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen osoko bilkura egitea, bokal hautetsiak karguaz jabetzea, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko titularrari lehendakari eta lehendakariorde izateko proposatuko zaizkion pertsonak hautatzea.
110 + 6.– Lehendakari eta lehendakariorde izateko proposatutako pertsonak jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko titularrari.
II. ERANSKINA
BOTO-PAPER OFIZIALAREN EREDUA
«Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak hautatzeko hauteskundeak, ekoizleen (mahastizainak) eta elaboratzaileen (Upeltegi Elaboratzaileak eta Botilaratzaileak) sektorearen ordezkaritzan.
SEKTOREA (1)
AZPIERROLDA (2)
Honako hautagai hauei ematen diet botoa (3):
Titularra:
Ordezkoa:
(Adierazi nori ematen diozun botoa)
– (1) Ekoizleen edo elaboratzaileen sektorea:
– (2) Azpierrolda:
V-1.– Mahastizainak, 3,5 hektareatik beherako azalera inskribatuta dutenak.
V-2.– Mahastizainak, 3,5 hektarea edo gehiago eta 15 hektarea baino gutxiago inskribatuta dutenak.
V-3.– Mahastizainak, 15 hektarea edo gehiago inskribatuta dutenak.
(1) Elaboratzaileen eta botileratzaileen sektorea:
– (2) Azpierrolda:
B-1.– Upeltegiak, 50.000 litrotik behera ekoizten dutenak.
B-2.– Upeltegiak, 50.000 litro edo gehiago eta 150.000 litro baino gutxiago ekoizten dutenak.
B-3.– Upeltegiak, 150.000 litro edo gehiago ekoizten dutenak.
(3) Hautagai bakoitzaren izen-abizenen ondoan, parentesi artean, bakoitzaren hautagai-zerrendaren izena agertuko da.
III. ERANSKINA
ZENBAKETA-AKTAREN EREDUA
Behean akta hau izenpetzen dutenek, hau da, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak aukeratzeko Hauteskunde Mahaia osatzen duten lehendakariak, ondokoek eta ikuskatzaileek (halakorik egonez gero), honako hau
EGIAZTATZEN DUTE: Gaurko egunez Hauteskunde Mahai honetan egiaztatutako boto-paperen zenbaketa eginda, hau da emaitza:
Hautesleak:
Bozkatu duten hautesleak:
Boto-paper baliodunak:
Boto-paper baliogabeak:
Boto-paper zuriak:
Boto baliodunak honela banatzen dira:
Jauna/andrea:
(Hautagai-zerrenda):
Azpierrolda
(Letraz):
(Zenbakiz):
Jauna/andrea:
(Hautagai-zerrenda):
Azpierrolda
(Letraz):
(Zenbakiz):
Jauna/andrea:
(Hautagai-zerrenda):
Azpierrolda
(Letraz):
(Zenbakiz):
Jauna/andrea:
(Hautagai-zerrenda):
Azpierrolda
(Letraz):
(Zenbakiz):
Jauna/andrea:
(Hautagai-zerrenda):
Azpierrolda
(Letraz):
(Zenbakiz):
Jauna/andrea:
(Hautagai-zerrenda):
Azpierrolda
(Letraz):
(Zenbakiz):
Eta hau dagokion lekuan ager dadin izenpetzen dugu, Leioan,.......ko....................ren.............n.