EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2017194

108/2017 EBAZPENA, irailaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, praktika medikoko aldaketen eta osasun-ondorioen ikerketa-lerroan arreta bereziko datuen oinarriko multzoa erabiltzeko Osasun Zientzien Aragoiko Institutuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201700108
Xedapenaren data: 2017-09-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201704844
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Praktika medikoko aldaketen eta osasun-ondorioen ikerketa-lerroan arreta bereziko datuen oinarriko multzoa erabiltzeko Osasun Zientzien Aragoiko Institutuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 26a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 26KO 108/2017 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN SAILAREN ETA OSASUN ZIENTZIEN ARAGOIKO INSTITUTUAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, OSASUN ZIENTZIEN ARAGOIKO INSTITUTUAK KUDEATUTAKO PRAKTIKA MEDIKOKO ALDAKETEN ETA OSASUN-ONDORIOEN IKERKETA-LERROAN ARRETA BEREZIKO DATUEN OINARRIKO MULTZOA ERABILTZEKO
Tokia eta data: Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 27a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ignacio Berraondo Zabalegui jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 7.1.b) artikuluan aitortzen zaion eskumena betez, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2017ko ekainaren 20ko baimenarekin ari dena, hitzarmen hau sinatzeko.
Eta bestetik, Sandra García Armesto, Aragoiko Osasun Zientzien Institutuko zuzendari-kudeatzailea, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, Aragoiko Osasunari buruzko apirilaren 15eko 6/2002 Legearen 70. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
ADIERAZTEN DUTE:
1.– Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren bidez, haren funtzioen artean, osasunaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zerbitzuak planifikatzeko eta ebaluatzeko baliagarriak izango diren azterketak egiteko ardura du.
2.– Aipatutako funtzio horiek betetzeko, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, besteak beste, «Ospitaletako Alten Erregistroa (dgom)» izaera pertsonaleko fitxategiaren ardura du. Fitxategia Osasun eta Kontsumo Saileko eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen 2011ko abenduaren 22ko Aginduko I. eranskinaren bidez sortu eta arautu zen, Osasun Sailaren esparruan (2014ko ekainaren 2ko Aginduak eta 2015eko ekainaren 8ko Aginduak aldatua). Fitxategi horren helburua honako hau da: Ospitaleratutako pertsonen ezaugarri demografiko eta klinikoak ezagutzea, baita egindako prozedurenak eta ospitaleratze-episodio guztien emaitzak ere. Ospitale-maiztasun eta -erabilerari buruzko informazio epidemiologiko esanguratsua lortzea da helburua, plangintza eta ebaluazio sanitarioa egiteko.
Zentzu horretan, 2015eko urriaren 13ko Aginduak (Ospitaleetako Alta Datuen Gutxieneko Oinarrizko Multzoan aldagai berriak sartzekoa eta aldagai horiek Osasun Arreta Espezializatuko jardueretan sartzeko egutegia finkatzekoa), 5. artikuluan, Ospitaleetako Alta Datuen Gutxieneko Oinarrizko Multzoan egon behar duten aldagai berriak gehitzen ditu, izen berri batekin, zehazki, Euskadiko Arreta Espezializatuari buruzko Datuen Gutxieneko Oinarrizko Multzoa (aurrerantzean, AE-DGOM) izenarekin.
3.– Aragoiko Osasun Zientzien Institutuak (aurrerantzean, IACS), osasun-arloan ardura duen Sailari atxikitako entitateak, garapenerako estrategia-ildoen artean du Praktika Medikoaren Aldakortasunaren eta Osasuneko Emaitzen analisia. 2001ean abiarazitako ildo hori ikerketa konpetitiboari edo erakunde publikoen agindupeko ikerketari dagozkion proiektuetan zehaztuta dago, direla nazionalak direla nazioartekoak. Proiektu horietan, autonomia-erkidego bakoitzak egindako arreta espezializatuko DGOMa erabiltzen da informazioa lortzeko oinarrizko iturri gisa.
4.– Proiektuak, haien interes zientifikoaz gain, Osasun Saileko eskumenen arloan, osasuneko politiken berri emateko erabilgarriak dira, bereziki zerbitzuen jarduerari dagozkionak.
Bi aldeek ikerketa-ildo horretan elkarlanean aritzeko interesa dutela, eta aldi berean, izaera pertsonaleko datu automatizatuen babesean xedatutakoa beteko dela ziurtatuta, honako lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dute, honako klausulekin bat etorriz:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Lankidetza-hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua IACSi beharrezko datuak lagatzea da, Osasun Sailak kudeatzen duen AE-DGOMen jasotzen direnen artetik, Praktika Medikoaren Aldakortasunaren eta Osasuneko Emaitzen ikerketa-ildoko proiektuetan ezarritako helburuak lortzeko.
Datuak lagatzean, honako hauek hartuko dira kontuan: DBLOren 11.2.f) artikulua; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 10.3 artikulua; 41/2002 Legearen 7.1 eta 16.3 artikulua; eta martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuaren (historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa) 16. artikulua.
Bigarrena.– Osasun Sailaren konpromisoak.
a) Osasun Sailak IACSi gehigarrian zehaztutako aldagaiak bidaliko dizkio, euskarri magnetikoan. Eskuarki, bidalketak urte zehatz bateko atalak hartuko ditu, salbu eta azterketa espezifikoetarako direnak; horietan hainbat urtetako atalak izan daitezke.
b) Dena dela, azterketen metodologiak hala eskatuz gero, gehigarrian adierazitako aldagaiez gain, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren, hura garatzeko araudiaren eta aplikatzeko gainerako araudien arabera izaera pertsonaleko datutzat hartzen ez diren beste aldagai batzuk sartu ahal izango dira.
c) Azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen (pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen ditu) 16.3 artikuluan, eta martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuaren (historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa) 16. artikuluan xedatutakoa betez, datu-basea anonimizatuta egongo da.
Hirugarrena.– IACSen konpromisoak.
a) IACSek konpromisoa hartzen du izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko indarrean dagoen araudia betetzeko; informazioa biltegiratzeko sistema egokiak erabili beharko ditu eta horretan jardungo duten langile guztiak sekretua gordetzera behartuta egongo dira.
b) IACSek konpromisoa hartzen du hari bidalitako datuak hitzarmen honek hartzen dituen proiektuetarako bakarrik erabiltzeko, eta horiek hirugarrenei ez lagatzekoa, hirugarrengotzat ulertuta GIEEko kide ez diren pertsonak.
c) IACSek konpromisoa hartzen du emandako datuetan oinarritutako txosten guztietan ezinezkoa izateko pertsonak edo ospitaleak identifikatzea.
d) IACSek, GIEEren bidez, txostenaren zirriborro bat bidaliko dio Osasun Sailari; bertan, azterketaren emaitzak agertuko dira, baina horiek ezin izango dira publikoki erabili azken artikulua edo txostena argitaratu arte.
e) IACSek konpromisoa hartzen du ondorioz egingo diren argitalpenetan Osasun Saileko Minbiziaren Erregistroari zuzendutako aintzatespen-ohar bat sartzeko.
Laugarrena.– Hitzarmenaren jarraipena.
Hitzarmen honen garapen optimoa lortzeko jarraipen-batzorde bat sortuko da; honako hauek osatuko dute:
– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako bi ordezkari, haren zuzendariak berak izendatuta; horietako batek batzordeburu jardungo du.
– IACSeko bi ordezkari, haren zuzendari-kudeatzaileak izendatuta.
Hauek izango dira batzordearen oinarrizko zereginak:
1) IACSek, UISSen arduradunaren bidez, egin nahi dituen azterketa espezifikoak hitzarmen honetan erregulatutakoaren barruan sar daitezkeen baloratzea, eta hala badagokio, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari horiek onartzeko dagokion eskaera egiteko beharrezko kudeaketa egitea.
2) Hitzarmen hau ulertzean edo gauzatzean sor litekeen edozein desadostasun edo eztabaida aztertzea.
Bosgarrena.– Segurtasun-baldintzak informazioa transmititzean. Sekretu estatistikoa.
AE-DGOM fitxategiak IACSi bidaltzea Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta horiek garatzeko araudian xedatutakoaren arabera egingo da.
Kasu bakoitzean, aldeak ados jarriko dira ezarri beharreko segurtasun informatikoaren neurriei buruz, zehaztutako transmisio-moduaren arabera.
Seigarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honek ez du berekin ekarriko bien arteko inongo motako finantzazio edo kontraprestazio ekonomiko edo finantzario galdagarririk.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau indarrean egongo da hura sinatzen den datatik aurrera, 2017ko abenduaren 31ra arte. Data horren ondoren, urtez urte luzatuko da automatikoki, gehienez lau urtera arte, salbu eta jarraipen-batzordearen irizpen negatiboa edo aldeetako edozeinen ukoa egonez gero, aldi bakoitza bukatu baino hiru hilabete lehenago.
Zortzigarrena.– Aldeetako bakoitzak bere egindako betebeharrak eta konpromisoak bete ezean aplikatu beharreko ondorioak.
Aldeetako bakoitzak hitzarmen honen bidez bere egindako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea hura indargabetzeko kausa izan daiteke.
Hitzarmenaren ez-betetze bat hautematen baldin bada, ez-betetzea egin duen aldeari jakinaraziko zaio, hartu izanaren agiria daraman gutun ziurtatu bat bidalita, jarraipen-batzordeko buruari bidalitako kopia batekin. Gutun hori jaso ondorengo hamabost egunetan, zuzendu egin beharko da egoera, edo, halakorik gertatzen ez baldin bada, hitzarmena behar bezala betetzeko ezintasuna dakarten arrazoiak eta kausak adieraziko ditu hura urratu duen aldeak, eta lehendakariak jarraipen-batzordea deituko du hortaz eztabaidatzeko. Bi aldeak gogobeteko dituen adostasunik lortu ezean, hitzarmena indargabetuta geratuko da.
Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau formalizatuko dute bi aletan, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Osasuneko sailburuordea,
IGNACIO JESÚS BERRAONDO ZABALEGUI.
Aragoiko Osasun Zientzien Institutuko zuzendari-kudeatzailea,
SANDRA GARCÍA ARMESTO.
IACSI PMAEN IKERKETA-ILDORAKO EMATEA AURREIKUSITA DAGOEN OSPITALETAKO ALTEN ERREGISTROAREN (DGOM) DATU GARRANTZITSUENAK