EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2017194

AGINDUA, 2017ko irailaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira epaiketetako ordezkaritza eta defentsa kontzeptuetarako zerbitzu-sariak eta kostuen tasazio-proposamenak prestatzeko eredua eta aplika daitezkeen irizpideak.

Xedapenaren data: 2017-09-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201704840
Maila: Agindua
Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak 13. artikuluan ezartzen ditu beharrezkoak diren arauak Eusko Jaurlaritzak, bere Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuen bitartez, kostuak ingresatzeko, dena delako jurisdikzioan izandako prozesuetan kontrako auzilaria kostuak ordaintzera kondenatzen badute.
Kontu horri lotuta, 13. artikuluko 2. paragrafoan zehazten da Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiko abokatuek edo, bestela, horretarako berariaz gaitutako langileek dagozkien zerbitzu-sariak eta kostuen tasazio-proposamenak prestatuko dituztela; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiko zuzendaritza-organoek zehaztutako irizpideak eta eredua erabiliko dituzte, eta defentsa- eta ordezkaritza-zerbitzuengatiko ordaina jasoko dute beti.
Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen erregelamendu exekutiboa onartu zen.
Erregelamendu-arauaren 23. artikuluak erreproduzitu egiten ditu legearen 13. artikulua prozesuetako kostu eta gastuei dagokionez, eta honako hau ezartzen du lehenengo bi paragrafoetan:
1.– Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak ezarriko du zer eredu eta irizpide erabil daitezkeen zerbitzu-sariak eta kostuen tasazio-proposamenak egiteko, epaiketetako ordezkaritza eta defentsa kontzeptuetarako.
2.– Irizpide horiek jendaurrean jarriko dira, eta, horietarako, oinarritzat hartuko dira kostuen tasazioen ondorioetarako erabiltzen diren abokatutzaren eta prokuradoretzaren lanbide-jarduneko zerbitzu-sariei buruzko gida-arauak.
Horiek horrela, organo eskudunek aginduzko txostenak egin ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1.– artikulua. Xedea.
Agindu honen xedea da, dena delako jurisdikzioan izandako prozesuetan, epaiketetako ordezkaritza eta defentsa kontzeptuetarako zerbitzu-sariak eta kostuen tasazio-proposamenak egiteko eredua eta aplika daitezkeen irizpideak ezartzea.
2.– artikulua. Zerbitzu-sarien eta kostuen tasazio-proposamenen eredua.
Gorabehera berezirik ezean, zerbitzu-sariak eta kostuen tasazio-proposamenak, oro har, elektronikoki sortuko dira Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren araubide juridikoko espedienteak izapidetzeko aplikazioan eta aplikazio informatiko horretan ezarritako ereduaren arabera egingo dira.
3.– artikulua. Zerbitzu-sariak eta kontrako auzilariari ezarritako kostuen tasazio-proposamenak prestatzeko aplika daitezkeen irizpideak.
1.– Izapide edo prozesu baten kostuak kontrako auzilariari ezartzen badizkio ebazpen judizial batek eta kantitate finko batera mugatzen baditu, prestatuko diren zerbitzu-sariak eta kostuen tasazio-proposamenak kantitate finko horri lotuta zehaztuko dira.
2.– Izapide edo prozesu baten kostuak kontrako auzilariari ezartzen badizkio ebazpen judizial batek eta gehieneko kantitate batera mugatzen baditu, prestatuko diren zerbitzu-sarien eta kostuen tasazio-proposamenen kopurua irizpide hauen arabera zehaztuko da: auziaren zenbatekoa edo oinarri ekonomikoa, eztabaidatutako auzien konplexutasuna, gaiari emandako arduraldia eta denbora, espezializazio-maila eta ondorengo jarduera judizialak edo administrazio-jarduerak saihestea. Ebazpen judizialean finkatutako gehieneko zenbatekora iritsi ahal izango da, baina gainditu ez.
3.– Izapide edo prozesu baten kostuen guztizko ezarpena adierazten badu ebazpen judizial batek, prestatuko diren zerbitzu-sarien eta kostuen tasazio-proposamenen kopurua finkatzeko oinarritzat hartuko dira kostuen tasazioen ondorioetarako erabiltzen diren abokatutzaren eta prokuradoretzaren lanbide-jarduneko zerbitzu-sariei buruzko gida-arauak.
Azken xedapen bakarra.– Eragina.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 26a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.