EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2017193

AGINDUA, 2017ko urriaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, ikertzaile doktoreentzako mugikortasun-programarako deialdia egiteko dena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-09-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201704824
Maila: Agindua
Hezkuntza Sailaren ustez, ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokia dira komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko, bai eta unibertsitateko irakasleen ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu eta perfekzionatzeko ere.
Kontuan hartu da Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua (2017ko apirilaren 21eko EHAA), dekretu horrek aldatu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua.
Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena.
Aintzat hartu da, orobat, diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.
Oinarri hartu da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da dedikazio esklusiboarekin ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko laguntzetarako deialdia egitea, norgehiagoka-erregimenean, bi helburu hauek betetzeko: batetik, I+G+b zentro eta erakundeetako ikertzaileen eta unibertsitateko irakasleen mugikortasun geografikoa bultzatzea, eta, bestetik, ikertzaile-taldeen lehiakortasuna eta gaitasuna hobetzea.
Egonaldian zehar, ikertzaileek ikerketa-proiektu bat garatu beharko dute, zeina talde hartzailearen lan-ildoan integraturik egongo baita, edo, bestela, goi-mailako lotura eta elkartrukeak ezartzera bideratutako jarduerak burutu beharko dituzte.
2. artikulua.– Egin beharreko proiektuak.
1.– Mugikortasun-egonaldietan egin beharreko proiektuak deialdi honetan adierazitako helburuari egokitu behar zaizkio.
2.– Honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte proiektuek:
a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako baldintzak.
b) Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira jatorria giza-enbrionarioetan duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.
c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.
d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa (53/2013 Errege Dekretua, Esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen dituena).
e) Genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, Genetikoki eraldatutako organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.
f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hori garatzen duten errege-dekretuetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.
g) Material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena; Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.
3. artikulua.– Destinoko zentroak.
1.– Honako hauek izan daitezke destinoko zentro: laguntza-eskabideak aurkeztutako proiektu zientifikoaren arloan, prestigio akademikoa eta ikerketakoa aitortua izanik ikerketa-funtzioak esleiturik dituztenak, halako moldez ezen, berme baitira perfekzionamendu profesionala eta proiektuko helburu zientifikoak lortzeko.
2.– Destinoko zentroek, betiere, eskatzen dute hautagaiak bizileku finkoa aldatzea mugikortasun-aldi osoan zehar.
3.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egon beharko dute destinoko zentroek.
4. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.
Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 120.000 euro bideratuko dira.
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Laguntza hauen onuradun honako hauek izan daitezke: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, haien agente-kategoria edozein delarik ere, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 2. artikuluarekin bat etorriz (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 133. zk.).
Edozelan ere, honako hau hartuko da erakunde onuraduntzat: ikertzaileak integratzen dituena, entitate horrek nortasun juridiko propioa badauka, betiere.
Eskabidean eta deialdiaren ebazpenean izendaturik agertzen diren ikertzaileentzako eta jardueretarako soilik erabiliko dituzte laguntzak erakunde onuradunek.
2.– Ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak edo erakundeak:
a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan badira, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak (salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen menpe daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.
c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badira, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik ez izatea indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.
g) Ordaindu gabe izatea diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Ebazpen irmo baten bidez galdurik izatea diru-laguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.
i) Diru-laguntzak jasotzeko galerazpenek honako enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke –eraldaketa, bategitea edo ondorengotzaren ondorioz– beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eta horietan ere pertsona edo inguruabar haiek izan badira.
3.– Ezingo dira inolaz ere arau honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debeku-egoeraren baten eraginpean dauden elkarteak.
Era berean, ezingo dira onuradun izan elkartearen eraketan administrazio-prozedura eten bazaie ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalik aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, ebazpen judiziala ematen ez den bitartean; izan ere, dagokion erregistroan egin daiteke inskripzioa haren bidez.
6. artikulua.– Egonaldien eta hautagaien ezaugarriak eta laguntzen zenbatekoak.
1.– Egonaldien ezaugarriak eta baldintzak.
a) Egonaldiak 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasiko dira.
b) Egonaldiak gutxienez bi hilabetekoak izango dira, eta gehienez ere seikoak.
c) Emate-ebazpenean zehaztutako egunetan hasi beharko da egonaldia. Salbuespenez, eta egonaldia hasi baino lehen, hasteko eguna atzeratzeko eskatu ahal izango da, behar bezala arrazoitutako idazki baten bidez. Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du egonaldi hori atzeratu daitekeen, eta, justifikaturik dagoenean, baimena eman ahal izango du. Ikertzaileak ezinbestean 2018ko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko du destinoko zentroan.
d) Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.
e) Proiektua destinoko zentro bakarrean egingo da.
2.– Egonaldietako absentziak, aldaketak eta etenak.
a) Zentro hartzaileko egonaldiak etenik gabe gauzatu beharko dira. Proiektutik datozen zioen ondoriozko absentziak talde hartzaileko arduradunaren adostasunarekin egin beharko dira, eta erakunde onuradunak Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio, kanpoan zein egunetan egon den eta hartarako arrazoia zein izan den zehaztuaz.
b) Justifikatutako zioak direla eta, aldi baterako etena baimendu ahal izango da, gehienez ere bi hilabeterako, eta, betiere, egonaldiaren guztizko denbora ez bada gutxienez ezarritakoaren azpitikoa.
Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta talde hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna izan beharko du. Edonola ere, etendako epealdia berreskuraezina izango da.
c) Egonaldiez baliatzeko epeetan nahiz diru-laguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa orok izan beharko du Ikerketa Zuzendaritzaren baimena.
Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta zentro hartzailearen adostasuna izan beharko du. Edonola ere, egoki arrazoituak izan beharko dute eskabideek, eta, beharrezkoa bada, dokumentatuak. Proposamen egokia egitearren, egoki iritzitako txostenak eskatu ahal izango ditu Ikerketa Zuzendaritzak. Aldaketek ez dituzte funtsean aldatuko laguntza emateko izan ziren baldintzak, hasteko epeei, egonaldiaren izariari, proiektuari edo zentro hartzaileari dagokienez, salbu eta hartarako kausak behar bezala egiaztatuak direnean.
3.– Ikertzaileak.
Ikertzaile hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte:
a) Egiaztatutako lan-loturari dagokionez zerbitzu aktiboan izatea. Hautagaiak erakunde eskatzailearekiko duen lan-loturak egonaldia amaitu arte iraun beharko du.
b) Doktore izatea.
c) Erakundearen lanpostu-zerrendan kontratu mugagabea izatea, bi urteko antzinatasunarekin. Irakasle laguntzaileen lotura duten ikertzaileen eskabideak onartuko dira, betiere irakasle agregatu edo titular gisa egiaztatuta badaude eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean.
d) Laguntzarik ez jaso izana ez programa honen aurreko deialdietatik ez antzeko ezaugarriak dituen beste edozeinetatik, 2016 edo 2017an ikerketa-egonaldi bat egitea ekarri dutenak.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, laguntza-eskabidean jakinarazi gabeko ikerketa-egonaldi bat egiten badu ikertzaileak edo halako bat esleitzen bazaio, horren berri eman beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari.
e) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako ikertzaileek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, betiere ikerketa-talderen batean badaude eta talde horrek jaso eta indarrean badu «A» edo «B» taldea delako errekonozimendua, EAEko unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzeko deialdiaren gaineko ebazpen bidez.
f) Eskabidea egiteko unean, baldintza guztiak beteta izan beharko dira, 3.a) salbu, eta hala eutsi beharko zaie egonaldia hasten den egunetik egonaldia amaitu arte.
4.– Laguntzen zenbatekoa.
a) Hileko 1.500 eurotik 2.400 eurora bitartekoa izango da ostaturako eta mantenurako laguntza. Destinoko herrialdeko baldintza ekonomiko eta sozialen arabera finkatuko da zuzkidura, eskabideak aurkezteko epea amaitzean, Nazioarteko Diru Funtsaren datu hau kontuan izanik: herrialdeen Barne Produktu Gordina (BPG per capita, $ ppp).
NDF-Nazioarteko Diru Funtsak emandako xede herrialdeen per capita errentako ($ ppc) zifretatik abiatuz zehaztuko dira laguntzaren hileko zenbatekoak. Espainiako per capita errenta gisa 100 hartuz kalkulatzen da herrialde bakoitzaren errenta-indizea. 100 indizea edo txikiagoa duten herrialdeek hileko 1500 euroko ordainsaria izango dute; gainerakoei, kalkulatutako indizearekiko proportzioan igoko zaie dagokien esleipena, 2400 euro arte gehienez.
b) Laguntza gehigarria emango da destinoko zentrorako joan-etorriko bidaia bakarra guztiz edo partez ordaintzeko. Honako taula hau hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko:
Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.
Oro har, taldekako garraiobide publikoetan egingo dira joan-etorriak; hala ere, kasu bakoitzeko inguruabarren arabera, norbere ibilgailua erabiltzeko baimena eman dezake organo eskudunak.
Norbere ibilgailua erabiltzeko baimena emango da soilik frogatzen denean helmugara ezin dela garraiobide publikoen bidez heldu.
Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.
Joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.
c) Deialdi honen bidez finantzatutako jardueretan parte hartzen duten erakunde onuradunek bidaian laguntzeko aseguru bat izanen dute, baldin eta egonaldiak atzerrian egiten badira; eta, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere baliatu dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarri izango da, hala direla frogatuz gero ordenamendu juridikoan onartutako edozein probaren bidez. Laguntzaileen egonaldiaren datek bat egin beharko dute ikertzailearen egonaldiaren datekin.
7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabideak egiteko, inprimaki bat bete beharko da, bide telematikoz eskuratu ahal izango dena Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoan, honako webgune honetan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/ikermugikortasuna/y22-izapide/eus/). Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).
Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoaren bidez (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzaren bidez. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.
2.– Behin eskabidea osorik beteta, eta 8. artikuluan zehaztutako agiri erantsiak aplikaziora sartutakoan, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. zenbakian adierazitakoarekin bat etorriaz; eta orduantxe bakarrik geratuko da erregistraturik eskabidea.
3.– Nolanahi ere, eskabideak Erantzukizunpeko Adierazpena barne hartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. zenbakian xedatu bezala (atal hori EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutakoa da). Adierazpenean, betebehar hauek betetzen direla egiaztatuko da:
– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik eskatu dion beste administrazio edo erakunde publikoren bati, eta halakorik eskuratu duen.
– Erakunde eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.
– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik duen, edo horretarako desgaitzen duen legezko debekurik duen.
– Erakunde eskatzaileak Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste debekuren bat duen.
– Erakunde eskatzaileak baimena ematen dion organo kudeatzaileari, egiazta dezan betetzen dituela uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Erakunde eskatzaileak onuradun izateko baldintza guztiak betetzen dituela.
– Erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen duela Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazteko diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.
– Eskabideko datuak egiazkoak direla eta erakunde eskatzaileak bere gain hartuko dituela datuen zehaztasun-ezak ekar litzakeen erantzukizunak.
4.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta aplikazio telematikoan sartu:
a) Egonaldian zehar egingo den ikerketa-proiektuari buruzko memoria. Egonaldiak hautagaiari eta erakunde onuradunari ekar diezazkiokeen onurak jasoko ditu. Gehienez hiru orri.
b) Hautagaiaren curriculum vitaea, inprimaki normalizatuan edo baliokidean, zeinean jasoko baitira ikerketa-jardunean izandako azken sei urteetako merezimenduak.
c) Zerbitzu-orria edo enpresa-ziurtagiria, zeinean jasoko baitira antzinatasuna, eta hautagaiaren eta erakunde eskatzailearen arteko kontratu-harremana.
d) Irakasle laguntzaileentzat, irakasle agregatu edo titular gisa egiaztatzeko kopia.
e) Ikerketa-jardueraren aldi baterako etena justifikatzen duten egiaztagiriak, 11.2.b artikuluan jasotako kasuen arabera.
f) Talde hartzailearen historia zientifikoa eta akademikoa, zeinean jasoko baita ikertzaile-talde hartzaileko arduradunaren curriculum vitaea, azken sei urteetakoa.
g) Laguntza jasoz gero, ikertzaile-taldeko arduradunaren konpromisoa, hautagaia bere taldean onartzekoa eskatutako epealdian zehar. Egonaldiaren helburuari eta garatuko diren jarduerei buruzko deskripzioa jaso beharko du agiriak.
h) Hautagaiari lizentzia ematea edo emateko konpromisoa; erakunde eskatzaileko organo eskudunak eman beharko du lizentzia hori. Egingo den egonaldiaren helburua eta datak jaso beharko ditu agiriak.
i) Hautagaiaren ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioan eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.
j) Ikertzaile-talde hartzaileko arduradunari dagokionez, ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioan eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.
k) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik egiten badu, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.
9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Ikerketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Baldin eta agindu honen 8. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da Administrazio Publikoen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan.
Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena, 13. artikuluko 2. zenbakian ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.
11. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel (lehendakaria izango da); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria, Arantza Elgarresta. Azken horrek jardungo du batzorde idazkari-lanetan.
Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eska diezazkieke hautagaiak diharduten arloetan itzal handia eta ebaluazioan esperientzia duten ikertzaileei.
Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena.
2.– Laguntzen esleipendunak hautatzeko, eskabideak balioesteari dagokionez, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
a) Egingo den proiektuaren edo jardueraren bideragarritasuna eta interes zientifikoa, betiere kontuan izanik destinoko zentroa eta proposatutako egutegia (10 puntu).
Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:
1) Helburuen definizio-maila, berritasuna eta garrantzia (2 puntu)
2) Lortzea espero diren emaitzak eta erakunde eskatzailearentzat ekar lezakeen onura (3 puntu)
3) Eskatzailearen eta talde hartzailearen gaitasuna proposatutako helburuak burutzeko (2 puntu)
4) Metodologiari egokitzea, lan-plana eta aurreikusitako kronograma (3 puntu)
b) Azken sei urteetan hautagaiak ikerketa-jardunean lortu dituen merezimendu zientifikoak, akademikoak eta kudeaketakoak (25 puntu).
Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:
1) Ibilbide zientifikoa eta argitalpenen kalitatea (7 puntu)
2) Proiektuetako edo ikerketa-jardueretako erantzukizuna (7 puntu)
3) Doktoretza-tesien zuzendaritza (5 puntu)
4) Patenteak (2 puntu).
5) Beste talde edo erakunde batzuekiko lankidetzak (2 puntu)
6) Hitzaldi gomitatuak nazioarteko kongresu garrantzitsuetan (2 puntu)
Puntu honetan, kontuan hartuko da hautagairen baten kasuan ikerketa-lana eten den egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera, edo liberazioa, honako kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak.
c) Azken sei urteetan, talde hartzaileko ikertzaile arduradunak lortu dituen merezimendu zientifikoak eta akademikoak (15 puntu).
Puntu honetan, azpi-irizpide hauek baloratuko dira, honela:
1) Ibilbide zientifikoa eta argitalpenen kalitatea (4,5 puntu)
2) Proiektuetako edo ikerketa-jardueretako erantzukizuna (4,5 puntu)
3) Doktoretza-tesien zuzendaritza (3 puntu)
4) Patenteak (puntu 1).
5) Beste talde edo erakunde batzuekiko lankidetzak (puntu 1)
6) Hitzaldi gomitatuak nazioarteko kongresu garrantzitsuetan (1 puntu)
b) eta c) letretan, alderdi horien balorazioa 8 artikuluko i) eta j) letretan adierazitako agirietan barne hartutako datuetatik abiatuz egingo da, eta eskuratutako CVetan egiaztatu beharko da. Aurkeztutako ebidentziak bakarrik balioetsiko dira.
12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira laguntza-eskabideak. Hartarako, deialdi bakoitzean aurkeztu eta onartu diren eskariak alderatuko dira, haien artean hurrenkera bat ezartzeko, 11. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideei jarraikiz; eta guztizko puntuazioaren % 50 gainditu eta balorazio handiena lortu dutenak bakarrik esleituko dira, hain justu ere agindu honetan 4. artikuluan kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko, sexu ezberdineko ikertzaileen artean lortutako puntuazioan berdinketa egonez gero, ikertzaile emakumearen aldeko ebazpena emango da.
Sexu bereko ikertzaileen arteko berdinketak eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakiaren arabera ebatziko dira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da.
13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, balorazio-batzordeak proposamena egingo du, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bat emango, betiere sei hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratzen denetik hasita.
Proposamenak hauek jasoko ditu: erakunde onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta, erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz laguntzarik jaso ez duten erreserben zerrenda. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
Ebazpenak hauek jasoko ditu: espedientearen erreferentzia-zenbakia, erakunde onuraduna, laguntzaz baliatuko den ikertzailearen NANa, egonaldiaren hasiera- eta amaiera-datak, egonaldia egingo den zentroa eta herrialdea, eta zuzkidura ekonomiko xehatua (ordainsariak, bidaiak eta bisa).
2.– Jakinarazpena egiteko, aipatu ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus).
3.– Alde batera utzi gabe aurreko 2. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
4.– Uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak, dagokion ebazpenaren bidez, baldin eta uko-egite horiek emate-ebazpen hau argitaratu eta hurrengo 10 egunetan egiten badira. Laguntza horiek emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie.
Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emate-ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.
5.– Baldin eta artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.
14. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak konplitu beharko dituzte, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Izan ere, diru-laguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena egiten denetik hamar egun igaro badira, eta onuradunak berariaz uko egin ez badio laguntzari, onartu duela ulertuko da.
b) Diru-laguntza zein helburutarako eman zen, hartarako erabiltzea.
c) Egonaldia osorik betetzea.
d) Tokialdatutako ikertzaileari emandako zenbatekoak ordaintzea. Erakunde onuradunak, ikertzailearengandik destinoko zentroan hasiko delako jakinarazpena jasotakoan eta organo emailetik laguntzaren % 75eko ordainketa aurreratua jasotakoan, tokialdatutako ikertzaileari ordainduko dio zenbateko hori. Behin jarduera amaitu eta laguntza likidatzean, erakunde onuradunak likidazio horren ondoriozko zenbatekoa helaraziko dio ikertzaileari.
e) Gauzatzen direnetik harako 15 eguneko gehieneko epean, honako hauek jakinaraztea: destinoko zentroan altak, jarduerak etetea, aldi bateko kanpoan izateak, uko egiteak eta gainontzeko gorabeherak; guztia ere, honako helburu hauekin, batetik, Ikerketa Zuzendaritza guzti horretaz jakitun izan dadin, eta, bestetik, beharrezko bada, berariazko baimena eman dezan.
f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen barruan deialdi honen karietara jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazio guztia ematea.
g) Programa honen babespean egindako jarduerek dakartzaten emaitzak argitaratu edo zabaldu behar izanez gero, honako erreferentzia berariazko hau egitea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Ikertzaile Doktoreentzako Mugikortasun Programaren finantzaketa duela.
15. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko-egiteak Ikerketako zuzendariari jakinaraziko zaizkio, erakunde onuradunak eta laguntzaren ikertzaile onuradunak sinatutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori, aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun lehenago. Horren berri, halaber, posta elektronikoz ere eman beharko da huisibas@euskadi.eus helbidera bidalita, uko-egitearen ondorioak hasten diren eguna baino lehenago.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko dira.
Uko-egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira haren ondorio ekonomikoak. Hala ere, bidegabeko ordainketak gauzatu badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira, deialdiaren baldintzen gutxienekoak betetzen badira, betiere.
16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Erakunde onuradunari laguntzari dagokion ordainketa egingo zaio.
2.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordain-aginduren bidez.
Haietarik lehenengoa, emandako laguntzaren % 75ekoa, zentro hartzailean hasi izanari buruzko egiaztagiria erakunde onuradunak Ikerketa Zuzendaritzan aurkeztu ostean eginen da.
Bigarren zatia, berriz, 2019. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean, betiere.
3.– Irailaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen. Bada, lege haren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz: diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
17. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta haien segimendua.
1.– Jarduera burutu dutela justifikatu beharko dute agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek, finantzaketaren helburua horixe baita; hartarako, Ikerketa Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, hilabeteko epean, jarduera bukatzen denetik hasita:
a) Egindako egonaldiaren gainean, ikertzaile-talde hartzaileko arduradunak emandako egiaztagiria, zeinean berariaz zehaztuko baitira hasiera- eta bukaera-egunak.
b) Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne hartuz. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia jaso beharko du agiriak.
c) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria. Ostatu-gastuei, bidai-gastuei eta bisa-izapidetzeari –halakorik balego– dagozkien fakturak edo agiri baliokideak sartuko dira. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da agiri hori.
d) Erakunde onuradunak ikertzaileari egindako ordainketen egiaztagiria.
2.– Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira eta ez-betetzerik ez badago, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.
3.– Egoki iritziz gero, Ikerketa Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horrez gain, emandako laguntzaren segimendua egiteko ardura emango dio zuzendaritza horri atxikitako pertsona bati edo batzuei, laguntza zertan erabili den ikusteko.
4.– Erakunde onuradunak eskatu zaion agiri guztiak aurkeztuko ditu, aplikazio informatikoaren bidez.
18. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.
Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen den beste edozein laguntzarekin.
19. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), erakunde onuradunak ezin izango du laguntzaren ordainketa eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, batetik, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta, bestetik, laguntza ordaindu zenetik aurrera sortzen diren legezko korrituak eskatuko dira, baldin eta honakorik gertatzen bada:
a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.
b) Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.
c) Proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat ez datorren jarduera burutzen badituzte, Ikerketa Zuzendaritzaren baimenik gabe.
d) Ikerketa Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, egiaztatzen badu gastua ez datorrela bat proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin.
2.– Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok berekin ekar dezake hura emateko ebazpena aldatzea, baldin eta onuradun izateko deialdi honen 1. artikuluan eta 6. artikuluaren 1., 2., eta 3. zenbakietan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, betiere.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bidez (1992ko otsailaren 7ko EHAA), honako hauek arautzen dira: diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala dagokionean, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien legezko interesak itzuli beharra. Bada, dekretu horretako bigarren tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenez egingo da goiko guzti horretarako deklarazioa, dagozkion prozedura-izapideak gauzatu ondoren; hargatik eragotzi gabe gainerako ekintza bidezkoak.
4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.
Aplikatzekoak dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
20. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Halaber, datuak «Bekadunen laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututakoa (2010eko azaroaren 5eko EHAA). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Ikerketa Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 3a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.