EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2017192

EBAZPENA, 2017ko irailaren 25ekoa, Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez baimentzen baita «Pobes iparraldea transformazio-zentroa» izeneko instalazioa, 30 kV-ko elikadura-linea, eta «Puentelarrá-Jundiz Cto2» 30 kV-ko linea aldatzea 127 eta 128 zenbakiko euskarrien artean, Pobesen, Erriberagoitiako udal-mugartean (Araba), onartzen baita egikaritze-proiektua eta deklaratzen baita instalazioa onura publikokoa dela.

Xedapenaren data: 2017-09-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201704798
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/07/18an argitaratutako 2017/07/04ko IRAGARPENA [201703635]

Erref.: 18257 / Esp.: 01-AT-D-2017-00009 eta 12370 / Esp.: 01-AT-I-2017-00008
Espedientea ebazterakoan beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:
AURREKARIAK
Bat.– Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk (aurrerantzean, Iberdrola), 2017ko ekainaren 7an, hauek eskatu zituen: «Pobes iparraldea transformazio-zentroa» proiekturako –30 kV-ko elikadura-linea– administrazio-baimena ematea, onura publikokoa dela deklaratzea eta exekuzio-proiektua onartzea, eta «Puentelarrá-Jundiz Cto2» 30 kV-ko linea aldatzea 127 eta 128 zenbakiko euskarrien artean, Pobesen, Erriberagoitiako udal-mugartean (Araba).
Bi.– Jendaurrean erakusgai jarri dira, hogei egunez, delako proiektua eta aipatu enpresaren arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen bana-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua; 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak; eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua.
Hiru.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia argitara eman zen Erriberagoitiako Udalaren iragarki-taulan, 2017ko uztailaren 10etik abuztuaren 10era, 2017ko abuztuaren 7ko ALHAOn, 2017ko uztailaren 16ko EHAAn eta 2017ko uztailaren 16ko «Diario de Noticias de Álava» egunkarian.
Lau.– Informazio publikoaren izapidetzearekin batera, dagozkien txostenak eskatu dizkie sail honek honako hauei: Erriberagoitiako Udala, zeinak bere alegazioak aurkeztu baitzituen 2017ko abuztuaren 9an; Ura-Uraren Euskal Agentzia, zeinak bere alegazioak aurkeztu baitzituen 2017ko abuztuaren 16an, eta Arabako Foru Aldundiko Mendien Zerbitzua, zeinak bere alegazioak aurkeztu baitzituen 2017ko uztailaren 28an.
Bost.– Bestalde, José Antonio Zubillaga Bardeci, Iñaki Grisaleña Hernández eta Alfonso José Corral Martos jaunen alegazioak ere jaso dira 2017ko uztailaren 28an, eta Pobesko Administrazio Batzordearenak 2017ko uztailaren 20an.
Sei.– Alegazio guztiak eskatzaileri bidali zitzaizkion, zeinak Arabako Foru Aldundiaren, Ura-Uraren Euskal Agentziaren eta Erriberagoitiako Udalaren alegazioak onartu baitzituen.
Zazpi.– Pobesko Administrazio Batzordearen alegazioak ezetsi dira; izan ere, batetik, ez-bideragarri egiten zituzten akatsak zituzten hark proposatutako ordezko aukerek, eta, bestetik, enpresa banatzaileak emandako informazioaren arabera, transformazio-zentro berri bat ezartzea beharrezkoa da inguruneko instalazio elektrikoa hobetzeko.
Zortzi.– José Antonio Zubillaga Bardeci, Iñaki Grisaleña Hernández eta Alfonso José Corral Martos jaunek aurkeztutako alegazioak ezetsi dira, aurkeztutako ordezko aukera eragin txikienekoa baita barne hartutako eragile-multzo osoarentzat.
ZUZENBIDEZKO OINARRIAK
Bat.– Arabako lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006-12-26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.
Bi.– Sektore elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa banatzeko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, aldez aurretik administrazioaren baimena beharko da.
Hiru.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bidez, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen dira: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioak, baita kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.
Lau.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan ezartzen da onura publikokoak direla energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko instalazio elektrikoak, hain zuzen ere horiek ezartzeko beharrezko diren ondasunen eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen eta bide-zortasunaren ezarpen eta erabileraren ondorioetarako. Halaber, lege horren beraren 56. artikuluan ezartzen denez, onura publikoko deklarazioak berekin dakar, betiere, ondasunak okupatu beharra edo eraginpean hartutako eskubideak eskuratu beharra, eta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako, okupazioa lehenbailehen egin beharra.
Bost.– Espedientea bideratzean, administrazio-prozedurari buruzko arauetan zein arestian aipatutako legerian aurreikusitako prozedura-baldintzak eta izapideak kontuan hartu eta bete dira.
Sei.– Proiektuak betetzen ditu aplikagarriak diren segurtasun-araudietan biltzen diren eskakizun teknikoak.
Aurreko legezko arauak eta aplikatu beharreko gainerako xedapen orokorrak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri «Pobes iparraldea transformazio-zentroa» proiektuari dagozkion instalazioetarako, 30 kV-ko elikadura-linea, eta «Puentelarrá-Jundiz Cto2» 30 kV-ko linea aldatzea 127 eta 128 zenbakiko euskarrien artean, Pobesen, Erriberagoitiako udal-mugartean (Araba), eta exekuzio-proiektua onartzea. Hona linearen ezaugarri nagusiak:
Lekua: Erriberagoitiako udal-mugartea.
Aurrekontua: 31.664,16 euro.
Xedea: zonaldean energia elektrikoaren horniduraren kalitatea hobetzea.
Aireko-lurpeko linea berria.
Zerbitzuko tentsioa: 30 kV.
Zirkuitu-kopurua: 1.
Eroale-kopurua: 3.
Aireko tartea:
– Eroaleak: 100-AL1/17-ST1A.
– Luzera: 67 m.
– Jatorria: «Puentelarrá-Jundiz CTO 2» 30 kV-ko linearen T2 euskarri berria (erreferentzia: 12370)
– Amaiera: T3 euskarria.
Lurpeko tartea:
– Eroaleak: HEPRZ1 18/30 kV; 50 mm
– Luzera: 20 m.
– Jatorria: T3 euskarria.
– Amaiera: CTIC Pobes Iparraldea.
Transformazio-zentro berria.
Mota: CTIC.
Transformadorea: potentzia, 250 kVA; eta transformazio-erlazioa, 30000/420-242V.
«Puentelarrá-Jundiz» aireko linearen 2. zirkuitua aldatzea (erref.: 12370)
Zerbitzuko tentsioa: 30 kV.
– Eroalea: 147-Al1/34-ST1A (dagoena)
– Luzera: 361 m.
– Jatorria: 127 zenbakiko euskarria.
– Jatorria: 128 zenbakiko euskarria.
Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, eta deklarazioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Beherago zehaztutako baldintza orokorrekin eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriaz ematen da ebazpen hau.
1.– Onartutako proiektuarekin bat egin beharko dira obrak, eta, halakorik bada, eskatzen eta baimentzen diren aldakuntzekin bat.
2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera.
3.– Obrak bukatzen direnean, horren berri emango dio Arabako Lurralde Ordezkaritzari instalazioen titularrak, hain zuzen ere, behin betiko errekonozimenduaren ondorioetarako eta martxan jartzeko akta egiteko.
4.– Ebazpen hau eman dugu udalek eta probintziek eman beharreko lizentzia eta baimenei eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoei ezer kendu gabe eta horietatik aparte, eta eskatzaileak beharrezkoak izango ditu horiek ere. Halaber, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe ematen da, eta jabetza eskubidea salbu utziz.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Zerbitzu zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 25a.
Arabako lurralde-ordezkaria,
SABIN ZUGADI BARRÓN.