EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2017190

105/2017 EBAZPENA, irailaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, udaltzaingoaren oinarrizko eskalako agenteen kategorian sartzeko hautaketa-prozesu bateratuen kudeaketarako Pasaiako Udalarekin sinatutako kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201700105
Xedapenaren data: 2017-09-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201704757
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/08/30rean argitaratutako 2017/08/01eko EBAZPENA [201704235]

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako agenteen kategorian sartzeko hautaketa-prozesu bateratuen kudeaketarako Pasaiako Udalarekin sinatutako kudeaketa materialaren gomendiori buruzko hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 26a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 26KO 105/2017 EBAZPENARENA
KUDEAKETA MATERIALAREN GOMENDIOARI BURUZKO HITZARMENA, PASAIAKO UDALAREN ETA POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ARTEKOA, UDALTZAINGOAREN OINARRIZKO ESKALAKO AGENTE KATEGORIAN SARTZEKO HAUTAKETA PROZESU BATERATUEN KUDEAKETARAKO
Pasaian, 2017ko uztailaren 21ean.
BILDUTAKOAK
Alde batetik, Malentxo Arruabarrena Julián andrea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia, urtarrilaren 8ko (urtarrilaren 16ko EHAA, 11 zk.) 68/2013 Dekretuaren bitartez izendatutakoa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 20. eta 26. artikuluek ematen dizkioten eskumenak erabiliz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Erakunde Autonomoaren izenean eta ordezkaritzan jarduten duena.
Beste aldetik, Izaskun Gómez Cermeño andrea, Pasaiako Udaleko alkatea, udal horren ordezkaritzan.
Bi aldeek, daukaten ordezkaritzaren indarrean, dagozkien atribuzioen jardunean eta aipatutako ordezkaritzatik sortutako elkarren arteko ahalmenen onarpenean, honakoa
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Pasaiako Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (2015eko abenduaren 2ko GAO 231. zk.) 2015eko ekitaldian Lan-eskaintza Publikorako deia argitaratu duela. Horretan, korporazio horretako Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente izateko 3 lanposturako deia egin da.
Bigarrena.– Bi Administrazio jarduleak konturatzen direla toki-mailan sortzen den zailtasuna halako Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko hautaketa prozesuak egiteko, bere kudeaketa materialaren konplexutasunetik eta deia egiten duen erakundeari sortutako gastu ekonomikoetatik eratorria. Hori gutxi balitz, toki-erakunde gehienetan ez dute langile espezializaturik halako prozesuak aurrera eramateko.
Aldi berean, Toki-erakunde desberdinetako azpieskaletan sartzeko hautaketa prozesuen deialdi eta lan publikorako egungo eskaintza ugariek baliabideen sakabanatzea eta gastuen biderketa sortzen dituzte.
Hirugarrena.– Bi aldeak konturatzen dira hautaketa prozesu bateratu bat egiteko jarduteko esparru komuna ezartzearen abantailez eta EAEko toki-erakundeei aplikagarri izan beharko lukeela, borondatez eta beren toki-autonomiaren jardunean kide egiten direla.
Abantailen artean honakoak daude:
– Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalarako hautaketa profil bera aplikatzea.
– Aipatutako hautaketa prozesuen ezaugarriak bateratzea.
– Aldi berean zenbait hautaketa prozesutan parte hartzen duten izangaien ihesetik eratorritako gainerako gastuen arazoak ebaztea.
– Lehen adierazitakoagatik, hautaketa prozesuetan zehar lanpostu hutsen sorrera saihestea.
– Prozesuak egiteagatiko gastua gutxitzea.
Laugarrena.– Eraginkortasun arrazoiak direla-eta, Pasaiako Udalak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eskatzen diola Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko hautaketa prozesuak egiteko beharrezko diren izaera material, tekniko edo zerbitzuetako jarduerak gauzatzea.
Horregatik guztiagatik, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23.1.c eta f artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, behean izenpetzen dutenek kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmen hau sinatzen dute, honako hauekin bat etorriz garatuko dena:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen bitartez, Pasaiako Udalak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari gomendatzen dio (aurrerantzean Akademia), Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko 3 lanposturen hautaketa prozedura burutzeko beharrezko diren izaera material, tekniko edo zerbitzuetako jarduerak gauzatzea.
Eskatutako hautaketa prozedura gauzatzea Akademiak egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko Toki-korporazio desberdinetako beste batzuekin, elkarrekin eta bateratuta.
Bigarrena.– Deitutako lanpostuen deskripzioa.
Hautaketa bateratuaren prozedurak, besteak beste, Pasaiako Udalerako, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente izateko 3 lanposturako eskaintza egiten du, guztiak 2. hizkuntza-eskakizunarekin.
Eskaintzen diren lanpostuek 2. hizkuntza-eskakizuna izango dute derrigortasun-datarekin, derrigortasun-data iraungita baitaukate.
Eskaintzen diren lanpostuak Administrazio Bereziko Taldekoak dira, Zerbitzu Berezietako Azpitaldekoak, udaltzain klasekoak, C Sailkapen Profesionaleko Taldekoak, C1 Azpitaldekoak (C1 ondorio ekonomikoetarako soilik, gainontzean Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Legearen 118. Artikuluak arautzen duena), 2015eko Lan-eskaintza Publikoari dagozkionak.
Hirugarrena.– Kudeaketa gomendioaren norainokoa.
Akademiak egingo ditu hautaketa prozedura gauzatzeko eta garatzeko izaera material edo teknikoko jarduera guztiak, baita ere Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian deialdi bateraturako oinarri espezifikoak argitaratu. Deialdi horiek eskainitako lanpostuen deskripzioaz gain, honako gai hauek izan beharko dituzte:
1.– Pasaiako Udalean, hautaketa prozeduraren garapenean zehar, sortu daitezkeen Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriko lanpostu hutsen arabera deitutako lanpostuen kopurua handitzea, legez ezarritako terminoetan.
2.– Parte hartzeko betekizunak honako hauetan ezarritakoak izango dira: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege-dekretuan eta Euskal Herriko Poliziaren Hautapena eta Prestakuntza Erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoak.
3.– Eskabideak aurkeztu behar diren azken egunerako, ezinbestekoa izango da B gidabaimena egiaztatzea.
4.– Eskabideak egiteko eta aurkezteko Akademiak horretarako jarriko duen prozedura elektronikoa erabili beharko da. Eskabideak aurkezteko epea deialdi bateratua Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita hamabost egun baliodun baino gehiagokoa eta hogeita hamar egun baliodun baino gutxiagokoa izango da.
5.– Akademiak Epaimahai kalifikatzaile bat izendatuko du hautaketa prozedura zehazteaz, garatzeaz eta ebaluatzeaz arduratuko dena; baita ere, parte hartzaileen hautaketaz. Otsailaren 28ko Legean xedatutakoa aplikatuko zaion Epaimahai hori honakoek osatuko dute:
– Akademiak izendatutako mahaiburu bat.
– Eudelek proposaturiko lau bokal. Bokal horiek deialdi bateratuan parte hartzen duten udaletako langileen artekoak izango dira (bi Udaltzain Kidegoetakoak eta beste biak funtzio publikoko edo giza baliabideetako funtzionarioak).
– Idazkaria, ahotsa duena, baina bozkatuko ez duena, Akademiak izendatutakoa.
6.– Hautaketa sistema oposizio-lehiaketa ireki bitartez izango da, Euskal Herriko Poliziari buruzko Hautapen eta Prestakuntza Erregelamendua onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
7.– Proba teorikoak ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretuan ezarritakoari lotuko zaizkio, Toki Administrazioko funtzionarioen hautaketa prozedura lotu beharreko oinarrizko arauak eta gutxiengo programak ezartzen ditueneko Errege Dekretuan ezarritakoari.
8.– Merituen lehiaketa-fasean Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente gisa Udaltzain Kidegoetan egindako zerbitzuak baloratuko dira. Zerbitzu horiek oposizio fasean lor daitekeen puntuazio handienetik gutxienez % 25arekin baloratuko dira eta gehienez % 30arekin.
9.– Euskararen jakite-maila agiri bitartez egiazta daiteke edo prozesuak dirauen bitartean egingo diren proben bitartez. Euskara probak egiteko Akademiak HAEEko lankidetza izango du. Lehentasuna izango dute Hizkuntza-eskakizuna derrigortasun datarekin duten lanpostuak betetzerakoan. Horrexegatik izango dira lehen esleituak. Euskara betekizun bat ez den lanpostuetarako honakoetan agertzen denarekin bat etorriz baloratuko da: uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 11. artikuluarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan araututakoarekin bat etorriz.
10.– Epaimahaiak oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrenda eta hautatutako pertsonen zerrenda argitaratu beharko ditu.
11.– Hautaketa prozesuari buruzko argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean jarriko dira. Informazio ondorioetarako Erakunde Autonomoaren web orrialdean ere argitaratuko dira eta deialdi bateratuan parte hartzen duten Toki-korporazioei ere igorriko zaizkie. Epeen ondorioetarako erabakigarriak izango dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean argitaratzen direneko datak.
12.– Eskumena duen Udalak behin baldintzak betetzen direla ziurtatuta, hautatutako pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko dira.
13.– Ezinbestean eta baztertzeko izaerarekin prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egin beharko dira, bakoitza bere aldetik, eta horiek gainditu ezean, hautagaia hautaketa prozesutik kanpo geratuko da, eta deialdi honi dagokion Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko eskubideak galduko ditu. Ezin izango dira batera egin, eta iraupena ez da 30 hilabetekoa baino gehiagokoa izango.
14.– Prestakuntza-ikastaroa ikastaro akademiko bat izango da, nahitaezkoa eta baztertzailea, eta edukia, ebaluatzeko eta gainditzeko moduak, eta iraupena Ikasketa Planean eta arau aplikagarrietan zehaztuko dira. Prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko ditu zortzigarren puntuan aurreikusitako moduan. Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebatziko du ikastaroa gainditzen ez dutenak baztertzea.
15.– Prestakuntza-ikastaroa gainditzen dutenek praktikaldia egingo dute dagozkien Udaltzain Kidegoetan. Praktikaldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, honako hauek ezarriko dituena: praktikaldiaren iraupena, hura baloratzeko eta gainditzeko sistemak eta prozedurak, eta praktikarako destinoak eta horietan hasteko data. Praktikaldian, hautagaiek Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriari dagozkion egitekoak betetzean erakusten duten eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak jakinaraziko ditu praktikaldiko kalifikazioak. Eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebatziko du, halaber, praktikaldia gainditzen ez dutenak baztertzea.
16.– Praktikaldia bukatu ondoko bi hilabeteko epean, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren proposamenez, dagokion Udaleko Alkatetzak karrerako funtzionario izendatuko ditu hautaketa prozedura gainditu duten hautagaiak. Izendapena Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente gisa egingo da.
17.– Praktiketako funtzionarioek Udal bakoitzari dagokion araudian zehazturiko lansariak jasoko dituzte. Halaber, dagokien Udalak eman beharko dizkie beren praktiketako funtzionarioei armak, dokumentazioa eta ekipamendua.
18.– Praktiketako funtzionarioei Barne Araudiko Erregelamendua eta Akademiako barne araudia aplikatuko zaizkie. Halaber, diziplina-araubidearen arabera irakaskuntza arloko diziplina-hutsegite hutsak ez diren egoeretan Euskal Herriko Polizia Kidegoen diziplina-araubidearen arauak aplikatuko dira. Arau-hauste larria edo oso larria egiteagatik zigor bat jasotzea arrazoi espezifikoa izango da hautaketa prozeduratik kanpo geratzeko, lehen aipatutako arauekin bat etorriz, eta Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko eskubideak prozesu horretatik eratorriak galtzeko.
19.– Prestakuntza-ikastaroari aplikatu ahal zaizkion ebaluazio-irizpideekin bat etorriz, Ikasketa Planean bildutako ikasgaien ebaluazio partzialetik ondorioztatzen bada hautagairen batek prestakuntza-ikastaroa gainditzeko ezintasun materiala duela, dagokion Udaleko Alkatetzak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren proposamenez, prozesutik kanpo utzi dezake, betiere kasuan kasuko praktiketako funtzionarioari entzun ondoren.
20.– Prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian hautaketa prozeduratik baztertutako pertsonek dagokien Udalari bueltatu beharko dizkiote armak, dokumentazioa edo emandako edozein ekipo.
21.– Hautaketa prozedura gainditzen duten pertsonak, dagokion Udaleko Alkatetzak karrerako funtzionario izendatuko ditu Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente gisa.
Laugarrena.– Gomendioaren terminoak.
Pasaiako Udalak:
a) Eskumenen titulartasuna mantenduko du. Eskumen horiek betetzea kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmen honen bitartez egitea gomendatzen da.
b) Hautaketa prozesuari dagokion Lan-eskaintza Publikoa onetsiko eta argitaratuko du. Hori deialdi bateratua argitaratu baino lehen egin beharko du.
c) Akademiari bidali beharko dio beharrezko informazioa eta prozesuaren garapen zuzenerako beharrezko materialaren lankidetza emango dio.
d) Behin hautaketa fasea amaituta deitutako lanpostuetara esleituta dauden pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko ditu eta hautaketa prozesua amaituta karrerako funtzionario izendatuko ditu.
e) Deialditik sortutako gastuen finantzaketan lagunduko du, bosgarren klausulan ezarritakoaren arabera.
Akademiak, hirugarren klausulako terminoetan gomendatutako jarduerez gain, honako hauek izango ditu bere kargura:
a) Ariketen garapen materialerako beharrezko operatiboa kudeatuko du: tokien kontratazioaren kudeaketa; hautaketa probak egiteko tokiak hornitzea; hautaketa prozesurako zaintzaileak kontratatzeko kudeaketa; oposizio-proben itzulpena eta erreprodukzioa; Proba-egunean probak banatzea eta biltzea; halako jendetzak parte hartzen ditueneko hautaketa prozesu bat zuzentasunez gauzatzeko beharrezko diren jarduerak egitea: aparteko beharrizanak dituzten pertsonen zainketa-lana eta laguntza, etab.
b) Hautaketa prozesuak eraginkortasunez eta berdintasun, meritu, ahalmen eta publizitate printzipioak zorrotz errespetatuz prozesuak ondo gauzatzeko baliabideak bideratuko ditu, aldi berean, izaera pertsonaleko datuei buruzko indarrean dagoen araudia errespetatuz.
Bosgarrena.– Finantziazioa.
Akademiak ordainduko ditu kudeaketa gomendiotik sortutako gastuak.
Pasaiako Udalak ordainduko die oposizio fasea gaindituta destinoa aukeratu duten praktiketako agente izendatutako pertsonei, udalak daukan aplikazio-araudiarekin bat etorriz, prestakuntzak eta praktikak iraun bitartean. Aldi berean, armak, dokumentazioa eta beharrezko ekipoak eman beharko dizkie.
Seigarrena.– Ebazpena.
Kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmen hau bi aldeek ebatzi ahal izango dute aldez aurretik beste aldeari gutxienez sei hilabete lehenago jakinarazten bazaio, eta ebazpena ematen den momentuan martxan dauden jarduerak edozein kasutan ere jarraitu egin beharko dutela bermatuko da. Ebazpena jakinarazten denetik hasita hamabost egunetara indarrean sartuko da, bestelako akordiorik izan ezean.
Honako hauek izango dira kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmen honen ebazpenaren kausak:
A) Edozeinetako bi aldeen salaketa.
B) Hitzarmen honen klausulak ez betetzea.
C) Bi aldeen elkarren arteko adostasuna.
Zazpigarrena.– Iraupena.
Kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmen hau sinatzen denetik hasita indarrean izango da urte baterako. Hori bai, urte bateko epe hori amaitu baino lehen, bi aldeek erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea eskainitako lanpostuak beteko dituzten pertsonak karrerako funtzionario izendatu arte.
Zortzigarrena.– Izaera eta jurisdikzioa.
Kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmen honek administrazio-izaera du eta, bere interpretaziotik eta betetzetik sor daitezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzien ordenaren eskumenarekin bat etorriz ebatziko dira.
Kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmen hau bi aldeek irakurri ondoren eta hitzarmenean agertzen denarekin adostasuna eman ondoren, ale bikoiztuan sinatzen dute, goian azaltzen den tokian eta datan, eta honetan agertzen diren klausulekin bat etorriz.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.
Pasaiako alkatea,
IZASKUN GÓMEZ CERMEÑO.